Prentsa Oharren banner

Adinekoak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programak sei jarduerak eskaintzen ditu, “besteak eta nork bere burua zaintzen ikasteko”

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak adinekoak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programa jarriko du martxan urtarrilaren 18an (osteguna). Peio López de Munain zinegotziak azaldu duenez, datozen hilabeteetan sei jarduera eskainiko  dira, “adineko senideak etxean zaintzen dituztenei laguntzeko. Hobeto zaintzen ikas dezaten nahi dugu: beren burua hobeto zaindu eta berentzat ere denbora hartu ahal izan dezaten, eta beren esperientziak egoera berean dauden pertsonekin partekatu”.

 Ostegunean hasiko dira jarduerak. Lehenengoa mantentze gimnasiako hiruhileko lantegia da, San Andres kiroldegian, zaintzaileen sasoia hobetzeko xedez; martxora arte iraungo du. Norbera osasuntsu badago, hobeto eta aldarte hobeaz egiten dira zaintza-lanak, eta hori arintasuna, indarra eta erresistentzia handitzen laguntzen duten askotariko ariketen bidez lortzen da.

Ostegunean, halaber, dementziari buruzko informazio-hitzaldia izango da. Simone de Beauvoir aretoan, neurologo batek azalduko du zein dementzia mota dagoen, sintomak nola bereiztu, eta gaixoak nola zaindu. 17:00etatik 18:30era iraungo du.

Mantentze gimnasiako lantegian zein hitzaldian parte hartzeko izena eman behar da aurretik, 945 13 56 16 telefonora deituz, 9:00etatik 15:00etara.

Adinekoak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programaren barruan antolatu diren beste jardueretarako ere aldez aurretik eman beharko da izena.

Jantzi praktikoei eta konponketei buruzko lantegia. Mendekotasuna duen pertsonaren jantziak moldatzen ikasteko, aldi berean haren estiloari eutsi  eta eguneroko jarduerak (jantzi, erantzi, jan, komunera joan, oheratu) erosoagoak izan daitezen. Otsailean eta martxoan egingo da. Kuota: 2 €

Tratu onari buruzko hitzaldia: hobeto zaintzeko ideiak eta aholkuak. Apirilaren 11n, Simone de Beauvoir aretoan. Izen ematea doakoa da.

Masajea emateko eta eskuak zaintzeko lantegia. Adinekoei krema naturalak baliatuz masajeak ematen ikasteko lantegia. Zaintzaileak eta zaintzen den adineko pertsonak joan behar dute.  Pilarreko gizarte etxean izango da. Izen ematea doakoa da.

Ekainaren 21ean, azkenik, zaintzaileen udako topaketa egingo da.

Share