Prentsa-deialdiak (2018-01-22)

Prentsaurrekoa. Elkarrekin Bizitzen Ikasi programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Astelehena, urtarrilak 22

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Igandea, urtarrilak 21

  • Alkate Gorka Urtaran Alaves-Leganes futbol partida ikusten izango da 12:00etan, Mendizorrotzako estadioan
Share

Gasteizen hirukoiztu egin dira eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak emateko dosierrak

 

2015eko ekainetik 2017ko abendura bitartean, 21 Zabalguneak 6.900.000 euro jarri ditu, eta 10.000 pertsonak baino gehiagok eskatu dituzte laguntzak

Alkateak positibotzat jo ditu laguntzei buruzko arauetan egindako hobekuntzen ondorioak, eta aurten hobetzen jarraituko dutela iragarri du

50 urtetik gorako antzinatasuna duten bizitegi-eraikinen % 35ean eskatu da laguntza Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) egiteko

 

Gorka Urtaran alkateak oso positibotzat jo ditu etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak birgaitzen laguntzeko politiken emaitzak, agintaldi honetan hirukoiztu egin baita kudeatu eta ebatzitako dosierren kopurua. 2015eko ekainetik 2017ko abendura bitartean, 21 Zabalgunea sozietateak 6.900.000 euro jarri ditu birgaitzeko laguntzak emateko; orotara 1.783 dosier aurkeztu dira, eta 10.000 pertsona fisikok baino gehiagok eskatu dituzte laguntzak.

10.000 eskaera baino gehiago hauetatik, 7.789 izapidetu dira. Hauetatik %89ak onartu egin dira eta %11ek kontrako txostena izan dute ez datozelako deialdiaren eskakizunekin bat.

“Nabarmentzekoa da laguntzek bidea egin dutela hirian, eta erritmoa progresiboa dela, 2015eko 342 dosierretatik 2017ko 986ra igaro baikara. Hazkundea hiri osoan nabaritu da: Erdi Aroko hirigunean —48 dosierretik 102ra igaro da—, lehentasunezko alderdietan —90etik  315era— eta hiriko gainerako lekuetan —204 dosierretatik 569ra—. Ez dago gure inguruan etxebizitzen birgaitzeari hainbeste diru inbertitzen duen beste udalerririk”, azaldu du alkateak prentsaurrekoan.

Besteak beste, eraikinen ikuskaritza teknikoa egiteko eskatzen dira laguntzak. 2017ko abendurako, EIT egiteko 782 laguntza-eskabide aurkeztu ziren guztira, eta horiei 2016an egindako 136 eskabideak gehituz gero, orotara 918ra iristen dira, hau da, 50 urtetik gorako antzinatasuna duten bizitegi-eraikinen % 35, gutxi gorabehera; ehuneko horrek beste hirietakoak gainditzen ditu.

 

Birgaitzeko laguntzen eragin ekonomikoa

21 Zabalguneak 2012tik orain arte egin dituen azterketek erakusten dutenez, birgaitzeko laguntzetarako ematen den euro bakoitzeko 6,63 euro sorrarazten du birgaitzeko aurrekontuetan (obra bera, udal lizentziaren gastuak  eta profesionalen ordainsariak barne). Bestela esanda: laguntzetako euro batek 6,63 euro sorrarazten du obraren aurrekontuan. Hori dela eta, txostenak barne hartzen duen garaian udal laguntzek 45,75 milioi euroren obrak eragin dituzte.

 

Begiratokiak eta balkoietarako laguntzak

Beste berrikuntza batzuen artean, iaz laguntzak sortu ziren begiratokiak eta balkoiak birgaitzeko, hiriaren ezaugarria baitira. Oraingoz, 5 dosier tramitatu dira, 23 etxebizitzari dagozkionak. 2017ko abenduaren 31n tramitatzeke zeuden dosierren kopurua kontuan izanik, guztira 20 dosier eta 100 etxebizitza inguru izango direla espero da.

“Birgaitzeko laguntzak ez dira funtsezko elementua bizitegi-eraikin bat birgaitzeari ekiteko, baina prozesuaren dinamizatzaile bihurtu dira, eta kasu batzuetan, erabakigarria, bereziki errenta txiki edo ertainak dituzten pertsonentzat”, azaldu du alkateak.

Share

Gasteizek diziplina anitzeko partzuergo bat sortzea sustatuko du, Larragorri parkearen proiektua lantzeko


Talde horrek egindako lana baliatuko du Urtaranen gobernuak europar finantzaketa bilatzeko

Planaren helburua da naturan oinarritutako irtenbide batez baliatzea Eraztun Berdea hegoaldetik ixteko

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Udalak diziplina anitzeko partzuergo bat sortzea sustatuko du, Larragorri parkearen proiektua lantzeko. Talde horrek egindako lana europar funtsak lortzen saiatzeko baliatuko du udal gobernuak. IGIk, AMVISAk, URA Uraren Euskal Agentziak eta ‘Basque Centre for Climate Change_BC3’ zentroak osatutako talde bat koordinatuko du Udalak, eta “Hiri-ekintza berritzaileen ekimena, 2018” deialdira aurkeztuko da. Laguntza-ildo horrek % 80ko finantzaketa (5 milioiraino) eskaintzen du hautatutako proposamenentzat. “Eragile talde horren bitartez, gida-plan bat idatziko dugu, irtenbide adimenduen multzo bat eta zenbait neurgailu osatuz joateko, aintzat hartzeko moduko izaera berritzaileaz. Horregatik aurkeztuko gara europar ekimen horretara. Jakitun gara zein zaila den kontinente osoko ehunka hirirekin lehiatzea. Eta errealistak gara. Baina proiektu ona dugula uste dugu, eta lehen mailako bazkideak tartean sartzea lortu dugu. Horregatik, ahalik eta ilusio handienaz lan egingo dugu lortzeko”. Agenteek partzuergo bat osatuko dute, eta gida-plan bat landuko dute proiektua aurrera atera ahal izateko, diru-laguntza jaso ala ez. URA Uraren Euskal Agentziak ere finantzatuko du  ekimena.

Larragorri parkea joan den abenduan alkateak aurkeztutako Vitoria-Gasteiz 2025 Estrategiaren barruko proiektuetako bat da. Proiektuak Eraztun Berdea hegoaldetik ixtea aurreikusten du, zenbait lanaren bidez: Abendaño (Batan) eta Zapardiel errekak desbideratzea; berdegune handi bat egokitzea, inguruak duen uholde-arriskuari irtenbide naturala emateko, eta baltsa handi bat sortzea, kirol eta aisialdi jardueretarako. Espazio zabal horrek aisialdirako gune bat eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak har litzake. Orobat, aisialdirako belardiak, lurzoru kutsatuen bioerremediazioarekin lotutako landaketak, nekazaritza parkea eta biodibertsitate fokuak jarriko dira.

Nabarmendu beharra dago Europak ideia berritzaileak sarituko dituela deialdian. Horrenbestez, Gasteizen apustua da asmo handiko proiektu horrek aukera eman dezan “naturan oinarritutako irtenbide adimentsuak” garatzeko, “neurgailuak ezarri eta neurri eta teknika adimendunak aplikatzea ahalbidetzen dutenak“, azaldu du alkateak. Izan ere, herritarrentzat urarekin lotutako kalitateko espazio bizi eta naturalak sortuz hegoaldean uholdeen kudeaketa integrala hobetzeaz gain, Arabako hiriburuaren asmoa da hiriko sistema hidrikoa monitorizatzeko eta klima aldaketari egokitzeko kudeaketa-sistema adimenduna diseinatu eta ezartzea. Gainera, klima-aldaketak sisteman izan dezakeen eragina aurreikusteko ereduak sustatuko ditu. “Neurgailuak eta modelizazio sistemak ezartzea eta monitorizatzeko sistema adimenduna lantzea da helburua, alderdi horiek ere gako izan baitaitezke laguntzak eskuratzeko”, zehaztu du Gorka Urtaranek.

Share

Gasteiz, klik kolpe batez

 

 

 

 

 

 

 

Udalak hiriaren gainetik hegan egitera eta baliabide turistikoen barrualdea bisitatzera gonbidatzen du, programa digital baten bitartez

Nerea Melgosa zinegotziak Gasteizi buruzko 360º-ko lehen airetiko bideoa aurkeztu du FITUR azokan

Udalak hiriko talaia altuenetik hiria ikuskatzeko bide ematen duen programa digital bat aurkeztu gaur goizean FITUR azokan, zeinaren bidez baliabide turistiko nagusien barruan ere sartu ahalko baita: Farolen Museoa; San Bizente, San Pedro eta San Migel elizak; harresia; Goiuri eta Eskoriatza-Eskibel jauregiak, Europa jauregia, etab.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak ordenagailu, tablet eta mugikorretik hirigunearen gainetik “hegan” ibiltzeko eta hainbat baliabide turistikoren barruan sartzeko gonbita egin du.

 Izan ere, Udalak hiriko baliabide nagusiak digitalizatu ditu, eta orain barrutik bisitatu daitezke, “street view” irudien antzekoekin. Orain arte, bakarrik ibilbide turistikoko zenbait leku baino ez zeuden digitalizatuta, hainbat erakundek edo Udalak egindako lanaren bidez. Aurrerantzean, bilduma osoa eskainiko da.

Ordenagailua, telefono adimentsua edo tableta baliatuz edonor hiriko talaia garaienetik “aireratu” eta hirigunearen gainetik hegan ibili ahalko da, hiriko turismo-baliabide nagusiak zehaztuta dituelarik. Hartara, klik bakarra eginez, Farolen Museoan; San Bizente, San Pedro eta San Migel elizetan; harresian; Goiuri eta Eskoriatza-Eskibel jauregietan, Europa jauregian eta beste leku batzuetan sartu ahalko da, baita Salburuko parkeraino iritsi ere.

 

360º-ko lehen airetiko bideoa

Flying Willy deritzon teknika digitalaz Gasteiz gainetik ibiltzeko landu den proposamen horretaz gain, Turismo zinegotziak 360º-ko lehen airetiko bideoa aurkeztu du, edonork hirigunearen gainetik hegan ibiltzerik izan dezan; Gasteizen lehen aldiz erabili da teknika hori.

Gasteiz, klik batean

Share

Udal gobernuak hitzarmenak onetsi ditu Hiesaren aurkako Batzordearekin, Clara Campoamor elkartearekin, IRSErekin eta Elkarte Afroamerikarrarekin

Gizarte Politiken Sailak 2,3 milioi euro emango dizkie talde horiei

Gaur goizeko bileran, Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait hitzarmen sinatzea onetsi du, zehazki, Hiesaren aurkako Batzordearekin, Clara Campoamor elkartearekin, IRSErekin eta Elkarte Afroamerikarrarekin; horien bidez, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 2.314.407 euro jarriko ditu gizarte alorreko zerbitzuak emateko.

Gobernuak ontzat eman ditu Udalak Hiesaren aurkako Herritarren Arabako Batzordearekin dituen lau hitzarmenak, Aterpe gaueko zentroa, Estrada eguneko zentroa, Etxe Irekia harrera egiteko udal zentroa eta udalaren zainpeko etxebizitzak kudeatzeko.

Hiesaren aurkako Batzordeak 1.481.377 euro jasoko ditu orotara aurten, honela banatuta:

  • Aterpe (442.453 €). Etxerrik ez duten pertsonei gauez harrera emateko baliabidea, unean bertan oinarrizko prestazioak eskaintzen dituena: ostatua, gosari eta higienea.
  • Estrada (452.892 €). Eguneko arretako zentroa, bazterkeria egoeran dauden pertsonei laguntzeko. Gizarteratze komunitarioa eta aisialdiaren erabilera sustatzen ditu.
  • Etxe Irekia (314.829 €). Bizitegi-bazterketa kronifikatuan dauden eta gainbehera etorritako pertsonei ostatua eta bizikidetza emateko baliabidea da, iraupen luzeko zerbitzua eskaintzen duena. Ostatu eta mantenu zerbitzuak eskaintzen ditu, laguntzarekin batera.
  • Zainpeko etxebizitzak (271.203 €). Iraupen ertain edo luzeko egonaldietarako etxebizitza kolektiboak, bazterketa egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsona eta familiei ostatua emateko.

Datozen egunetan, Udalak zenbateko horien % 25 ordainduko dio Hiesaren aurkako Batzordeari, lehen hiruhilekoaren ordainketa gisa.

Beste hitzarmen batzuk

Hiesaren aurkako Batzordearekiko hitzarmenaz gain, hitzarmenak onetsi dira Clara Campoamor elkartearekin, IRSErekin eta Elkarte Afroamerikarrarekin, eta haiek ere dagokien zenbatekoaren % 25 jasoko dute laster.

Clara Campoamor elkartea (283.564 €). Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei harrera emateko etxebizitzen programa garatzeko hitzarmena.

IRSE (55.000 €). Zainpeko etxebizitza batean gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko programa bideratzeko hitzarmena, gizarte ahultasun-egoeran dauden pertsonei zuzendua.

Biztanle afroamerikarren Afro elkartea (494.466 €). Zainpeko etxebizitzetan gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko programa bat garatzeko hitzarmena, migratzaileei zuzendua.

 

 

Share