Gasteizko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok PPren eledun Leticia Comerónen adierazpenei erantzun nahi izan die, zeinak gaur eskatu baitu Gasteizen “familiek beren seme-alaben ikastetxea aukeratzeko askatasuna izan dezaten, zein auzotan bizi diren gorabehera” horrek “hezkuntzaren kalitatea handitzen eta lana eta familia uztartzen lagunduko bailuke”.
“Zonen sistema hobetu daiteke, jakina, baina kentzea akats izugarria litzateke, eta horren emaitzak erraz aurreikus daitezke, hezkuntzaren kalitatearen kontra doazelako” arbuiatu du ideia Cantok, irmotasunez.
Hezkuntzako arduradunak esan duenez, neurria “kaltegarria litzateke, eskola batek ere inguruan bizi den jendea onartzeko betebeharrik ez badu, zehaztugabeko irizpideen arabera, getizazioaren lehen hazia izaten bukatuko baitu, eta horixe eragotzi nahi dugu gure politikekin”.
Hainbat dira hezkuntza sarea antolatu eta planifikatzeko irizpideak gidatu eta inspiratzen dituzten oinarrizko printzipioak, eta planifikazio demokratiko horrek ikasle guztientzat aukera-berdintasuna bermatu nahi du, ekitatearen eta inklusioaren bidez.
Nabarmendu beharra dago hezkuntza eragile guztiek hartzen dutela parte unean uneko beharrizanei egokitzen zaien planifikazio demokratikoan. “Horregatik —zehaztu du Cantok—, ondo legoke Comerón andrea Udaleko Eskola Kontseiluan agertzea, benetako proposamen seriorik badu, hezkuntza eragileekin adostu behar baitira neurri horiek, beraiek ezagutzen baitute ondoen heziketaren egoera. Eta ziur nago irakaskuntza publikoarekin lotutako hezkuntza eragileek ezetsi egingo luketela proposamen hori”.
“Gainera, PPk izan zuen proposamen hori egiteko aukera, bai Hezkuntzaren Plan Estrategikoa idatzi zenean, bai gure Udalak sustatu zuen getizazioaren kontrako mahaian. Eta ez zuen egin —erantsi du Cantok— ziur aski badakielako ez lukeela hezkuntza komunitatearen laguntza izango, hain zuzen ere administrazioak ikastetxeetako lekuen eskaintza eta banaketa harmonizatzeak bermatzen duelako hezkuntza kalitatea, getizazioa eragozten duen ekitatea eta aukera berdintasuna sortzean”.
“Horrenbestez, proposamenaren aurrean bi galdera egin beste aukerarik ez dago —amaitu du—, zein hezkuntza eragilek proposatu dien neurri hori, eta PPk benetan zer nahi duen. Erantzunetan egiatiak balira, barrutiak kenduta hautatzeko askatasunaren argudio itxuraz onuragarrian babestutako proposamena ez litzateke sinestarazi nahi duguten bezain erakargarria”.