Prentsa Oharren banner

Urriaren 2an (ostirala) amaituko da epea coronavirusari aurre egiteko materiala erosteko laguntza berriak eskatzeko

  • Gelak, maskarak eta manparak erosteko deialdi honetan, Udalak malgutu egin ditu betekizunak, saltegi eta enpresa gehiagotara iristearren

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak urriaren 2ra arte (ostirala) izango du zabalik epea saltoki eta enpresek osasun krisialdiak sortutako gastuei aurre egiteko laguntza berriak eskatzeko. Bigarren deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua du babes- eta higiene-materiala eskuratzeko. Programa Ekonomia Suspertzeko Planean sartuta dago, zeinak COVID-19ak tokiko sare ekonomikoan duen eragina arintzeko asmo handiko laguntzak eta ekimenak biltzen baititu.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektuek gutxienez 500 euroko inbertsioa aurreikusi beharko dute saltoki, taberna, jatetxe eta ile-apaindegien kasuan, eta 1.000koa gainerako sektoreetan.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain, elkarteen eskaria aintzat hartuta, malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen.”

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Hala, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, kendu egin da negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa zen).

Share