Prentsa Oharren banner

Udalak kanpaina bat abiarazi du mirotz urdinaren habiak salbatzeko Gasteizko udalerrian

Gasteizko Udalak aurten ere abiarazi du mirotz urdina salbatzeko kanpaina bat, espeziea oso gainbehera kezkagarrian baitago. Azken urteotan, oso nabaria izan da gainbehera, eta kalkulatzen da 2006 eta 2017 bitartean zeuden bikoteen % 35 galdu dela Araban; gaur egun, 29-36 bikote ugaltzaile baino ez da geratzen.

Datozen asteetan, ahalegina egingo da harrapari hauek zereal-soroetan egin dituzten habiak aurkitzeko, haien bilakaeraren jarraipena egiteko, eta nekazariekin adostuta esku hartu, eta uzta jasotzen hastean oraindik garatzen amaitu gabe dauden txitak salbatzen saiatzeko.

Hala, zenbat denbora falta zaien hegal egiten hasteko, hainbat neurri har daitezke: uzta jasotzeko hurrenkera aldatu, lurzati horretan egun batzuk geroago jaso dadin uzta; habiaren inguruan eremu batzuetan uzta jaso gabe uztea, edo, muturreko kasuetan, txitak erreskatatu, eta Martiodako Animaliak Babesteko Zentrora eroatea, han amai dezaten hazkuntza.

Zerealen garatze-zikloak gero eta laburragoak dira, barietateak zein laborantza-teknikak hobetzearen ondorioz, eta horrek berekin ekarri du mirotz urdinaren txita askok ez izatea behar adinako denbora euren garapena amaitzeko, uzta biltzeko makinek harrapatuta hiltzen baitira.

Mehatxu horri beste zenbait arrisku gehitzen zaizkio (azkenean haiei ere eragiten dieten saguen kontrako pozoiak, labore-moten aldaketa, eta abar), eta, ondorioz, espezie mehatxatutzat jotzen da estatuan zein autonomia-erkidegoan, “Kaltebera” kategorian, hau da, “Galzoriko espeziearen” aurreko mailan.

José Antonio Lagier Martín

 

2020ko kanpaina

Gasteizko Udalaren Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak 2020an ekin zion lan horri, eta 4 habiatan esku hartzea lortu zuen;guztiak, udalerriaren ipar-mendebaldean.

Horri esker, zazpi txitak egin zuten aurrera modu naturalean, eta horietako hiru markatu ziren eraztunekin. Tokietako batean, txitak kendu behar izan ziren (lau, guztira), eta Martiodako Animaliak Babesteko Zentrora eraman; han, euren garapena amaitu, eta azkenean askatu zituzten, abuztuaren bukaera aldean.

2021ean eta hurrengo urteetan jarraitzekoa da mirotz urdina kontserbatzeko lana, harrapari hori baita gure natura-ondarearen bitxietako bat, eta gure laguntzaren beharra baitu gainbeherako egoera hobetzeko.

Habiak antzemateko eta haien jarraipena egiteko landa-lanean, Arturo Rodríguez ornitologoak eta Gasteizko Udalaren Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalak aholkatu eta laguntzen dute, eta udal-basozainek ere parte hartzen dute.

Oso garrantzitsua da, halaber, nekazariak informatzeko eta kontzientziatzeko lana, haiek inplikatzeak balio izugarria baitu kontserbazio-programak aurrera egin dezan.

Mirotz urdina eremu zabaletan espezializatuta dagoen hegazti harrapari ederra da. Karraskari eta ornodun txikiz elikatzen da; horrenbestez, zeregin ekologiko oso baliagarria du gure soroetan halako espezieak kontrolatzeko.

Segail-segaila, eta oso hegaldi ederrekoa; altuera txikitik ikuskatzen du lurzorua, harrapakinen mugimenduei adi. Hegazti migratzailea da: Saharaz hegoaldean ematen du negua, eta udaberrian, gure latitudeetara itzultzen da. Orduan, parekatu, eta habia zoruan egiten du: alor landuetan, gehienetan, eta, batez ere, zereal-soroetan.

 

Share

Udalak kanpaina bat sortu du Gasteizko ostalariak egoera berrira egokitzeko egiten ari diren ahaleginari keinu bat egiteko eta herritarrak eramateko ontziak birziklatzera animatzeko

 

“Yo me comprometo. Har eta egin on” kanpainaren bidez ontzi konpostagarrien birziklatzea sustatu nahi da, azken asteetan ugaritu egin baita horien erabilera.

 

Osasun neurriak direla eta, ostalaritza sektoreak egoera berrira moldatu behar izan du, eta ugaritu egin dira “eramateko” zerbitzuak; horrek, berriz, herritarren ohiturak aldatzea ekarri du.

Udalak hiriko ostalaritza-establezimenduen ahalegina eta konpromisoa aitortu nahi izan du, baita aldaketetara egokitzeko ahalmena ere, baina beharrezkotzat jo du herritarrak sentsibilizatzea, kafea edo janaria eramateko ontziak zuzen birziklatzen ikas dezaten, egoki ez diren paperontzi edo edukiontzietara bota ordez. Horretarako, “Yo me comprometo. Har eta egin on” kanpaina jarri dute martxan. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak eta Hondakinen Kudeaketarako Ataleko buru Joseba Sánchezek azaldu dituzte gaur goizean kanpainaren helburu nagusiak; kanpaina “oso puntuala da, eta guztiontzat berria den garai honetan sortutako behar berrien ondorio.

Udalak argi dauka zein ahalegin handia egiten ari diren hiriko establezimenduak osasun-larrialdira egokitzeko.  Horren erakusgarri, gero eta ohikoagoa da ontzi konpostagarriak erabiltzea, eragin txikiagoa dutenak eta birziklatzen errazagoak, baina herritarrek material horiek bereizten ikasi behar dute, eta gai organikoak biltzeko edukiontzi marroietara bota. Bestetik, birziklatzeari dagokionez Gasteizko gizartea heldua bada ere, oraindik bada salbuespenik, eta horiexek  nabarmentzen dira gehien; izan ere, kafe edalontziz edo eramateko janarirako ontziz gainezka dauden paperontziak ikus daitezke hiriko leku batzuetan. Ezin dugu atzerapausorik eman, eta kanpaina honen bidez ontzi horiek dagokien edukiontzira botatzeko beharra azpimarratu nahi dugu”.

Ikusizko kanpaina da, sare sozialen bidez zabaltzeko pentsatua. Ostalarien eta herritarren arteko elkarrizketa irudikatzen dute mezuek, konpromisoa hartzera gonbit eginez, “on egitera”, ostalariek berek egiten duten bezala: “Ni moldatu egin naiz, zure ondoan jarraitzeko… eta ni, birziklatzen jarraitzeko”; “Nire jatetxe kuttuna ontzi konpostagarrietara pasatu da… eta nik ontzi horiek birziklatzen ikasi dut”; “Nik kompromisoa hartzen dut tokian-tokikoarekin… Eta haiek konpromisoa hartzen dute bizikletaz egindako bidalketekin”.

Igor Salazarrek, berriz, pandemiak ostalaritza bete-betean jo duela nabarmendu du, “behin eta berriro egokitu behar izan duelako higiene eta osasun betebeharrei. Hala ere, sektoreak bidegabeki seinalatu dute, eta gure laguntza guztia behar du. Horregatik berresten dugu konfiantza izan behar dugula taberna eta jatetxeetako langileen profesionaltasunean, eta bezeroei erantzukizunez joka dezaten eskatzen diegu”. Merkataritza zinegotziak adierazi duenez, “sen oneko kontua da: maskara jantzi eta distantzia gordetzen dugun bezala, hondakinekin ere zuzen jokatu behar dugu”. Salazarrek gogorarazi du Ekonomia Sustapenaren Sailak datorren astean argitaratuko dituela ostalarientzako laguntzak, 600 euro lokal bakoitzeko.

“Yo me comprometo. Har eta egin on” (pdf)

 

 

 

 

Share