Prentsa Oharren banner

Udalak kanpaina bat sortu du Gasteizko ostalariak egoera berrira egokitzeko egiten ari diren ahaleginari keinu bat egiteko eta herritarrak eramateko ontziak birziklatzera animatzeko

 

“Yo me comprometo. Har eta egin on” kanpainaren bidez ontzi konpostagarrien birziklatzea sustatu nahi da, azken asteetan ugaritu egin baita horien erabilera.

 

Osasun neurriak direla eta, ostalaritza sektoreak egoera berrira moldatu behar izan du, eta ugaritu egin dira “eramateko” zerbitzuak; horrek, berriz, herritarren ohiturak aldatzea ekarri du.

Udalak hiriko ostalaritza-establezimenduen ahalegina eta konpromisoa aitortu nahi izan du, baita aldaketetara egokitzeko ahalmena ere, baina beharrezkotzat jo du herritarrak sentsibilizatzea, kafea edo janaria eramateko ontziak zuzen birziklatzen ikas dezaten, egoki ez diren paperontzi edo edukiontzietara bota ordez. Horretarako, “Yo me comprometo. Har eta egin on” kanpaina jarri dute martxan. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak eta Hondakinen Kudeaketarako Ataleko buru Joseba Sánchezek azaldu dituzte gaur goizean kanpainaren helburu nagusiak; kanpaina “oso puntuala da, eta guztiontzat berria den garai honetan sortutako behar berrien ondorio.

Udalak argi dauka zein ahalegin handia egiten ari diren hiriko establezimenduak osasun-larrialdira egokitzeko.  Horren erakusgarri, gero eta ohikoagoa da ontzi konpostagarriak erabiltzea, eragin txikiagoa dutenak eta birziklatzen errazagoak, baina herritarrek material horiek bereizten ikasi behar dute, eta gai organikoak biltzeko edukiontzi marroietara bota. Bestetik, birziklatzeari dagokionez Gasteizko gizartea heldua bada ere, oraindik bada salbuespenik, eta horiexek  nabarmentzen dira gehien; izan ere, kafe edalontziz edo eramateko janarirako ontziz gainezka dauden paperontziak ikus daitezke hiriko leku batzuetan. Ezin dugu atzerapausorik eman, eta kanpaina honen bidez ontzi horiek dagokien edukiontzira botatzeko beharra azpimarratu nahi dugu”.

Ikusizko kanpaina da, sare sozialen bidez zabaltzeko pentsatua. Ostalarien eta herritarren arteko elkarrizketa irudikatzen dute mezuek, konpromisoa hartzera gonbit eginez, “on egitera”, ostalariek berek egiten duten bezala: “Ni moldatu egin naiz, zure ondoan jarraitzeko… eta ni, birziklatzen jarraitzeko”; “Nire jatetxe kuttuna ontzi konpostagarrietara pasatu da… eta nik ontzi horiek birziklatzen ikasi dut”; “Nik kompromisoa hartzen dut tokian-tokikoarekin… Eta haiek konpromisoa hartzen dute bizikletaz egindako bidalketekin”.

Igor Salazarrek, berriz, pandemiak ostalaritza bete-betean jo duela nabarmendu du, “behin eta berriro egokitu behar izan duelako higiene eta osasun betebeharrei. Hala ere, sektoreak bidegabeki seinalatu dute, eta gure laguntza guztia behar du. Horregatik berresten dugu konfiantza izan behar dugula taberna eta jatetxeetako langileen profesionaltasunean, eta bezeroei erantzukizunez joka dezaten eskatzen diegu”. Merkataritza zinegotziak adierazi duenez, “sen oneko kontua da: maskara jantzi eta distantzia gordetzen dugun bezala, hondakinekin ere zuzen jokatu behar dugu”. Salazarrek gogorarazi du Ekonomia Sustapenaren Sailak datorren astean argitaratuko dituela ostalarientzako laguntzak, 600 euro lokal bakoitzeko.

“Yo me comprometo. Har eta egin on” (pdf)

 

 

 

 

Share