Prentsa Oharren banner

Gaur hasiko da 2021-2022 ikasturterako matrikulazio-epea Gasteizko ikastetxeetan

Herritarrei laguntzeko bulegoetan emango zaie prozesuari buruzko informazioa familiei

Gaur hasiko da 2021-2022 ikasturterako matrikulazio-kanpaina Gasteizko zein Euskal Autonomia Erkidego osoko ikastetxeetan, direla publiko direla pribatu hitzartuak; Haur Hezkuntzan (2 urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatu ahalko dira ikasleak.

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indartu egin zuten elkarren arteko lankidetza 2019. urtean, bizikidetza eta hezkuntza-ekitateari buruzko hitzarmen bat sinatuta. “Lankidetza horri esker, aurreko bi urteetan bezala, Udalak laguntza emango dio Hezkuntza Sailari matrikulazio-prozesuari buruzko informazio lanetan, herritarrei laguntzeko bulegoen bitartez”, azpimarratu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Horretarako, Vitoria-Gasteizko herritarren eskura jartzen du gizarte-etxeetan dauden Herritarrei Laguntzeko 11 bulegoren sarea, eta baita San Antonio kaleko 10. zenbakian den bulegoa ere. Familiek leku horietan jaso ahalko dute euren seme-alabak matrikulatzeko behar duten informazio guztia. “COVID-19ak sortutako osasun-egoera dela eta, aurrez aurreko arreta aurretiko hitzorduarekin emango da”, ohartarazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Informazio osoa ikastetxeetan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren IKASGUNEA atarian (https://ikasgunea.euskadi.eus) ere lortu ahalko da. Azken horretan, informazio zabala ematen da “Ohiko galderak” atalean.

Eskabidea eta dokumentazioa ikaslearen amak, aitak edo erakunde tutoreak aurkeztuko ditu. Bi era daude eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko:

Aurrez aurre, familiek lehen tokian aukeratutako ikastetxearen idazkaritzan, urtarrilaren 18tik 29ra bitartean, bi egunak barne.

Online, IKASGUNEA atariaren (https://ikasgunea.euskadi.eus) bitartez, urtarrilaren 18tik hasi eta 29aren 24:00ak arte. Une horretatik aurrera aplikazioa ez da aktibo egongo.

Soilik inskripzio-eskabide bat aurkeztu ahalko da. Eskabidean 12 ikastetxetarako eska daiteke, gehienez, eta familiek lehentasunezko hurrenkeran adieraziko dituzte.

Ikastetxeen zonifikazioaren mapa osoa honako toki hauetan egongo da kontsultatzeko: gizarte-zentroetan diren Herritarrei Laguntzeko Udal Bulegoak, San Antonio kaleko 10. zenbakian den Herritarrei Laguntzeko Udal Bulegoa, Hezkuntzaren Lurralde Ordezkaritza (San Prudentzio kalea, 18 zk), eta Eusko Jaurlaritzaren Hiritarren Arretarako “Zuzenean” Zerbitzua (Ramiro de Maeztu kalea, 10 zk), hor ere aurretiko txandarekin.

Plaza esleitzeko behin-behineko zerrendak martxoaren 9an argitaratuko dira, eta erreklamazio-epe bat zabalduko da martxoaren 16ra arte. Behin betiko zerrendak martxoaren 23an argitaratuko dira. Bai behin-behineko zerrendak bai behin betikoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikasgunea atarian kontsultatu ahalko dira. Ikastetxeek ez dituzte jarriko zerrenda horiek jendaurrean, baina banaka ikusteko aukera eskainiko diete hala eskatzen dutenei.

IKASGUNEA ataria.

Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzua ZUZENEAN.

Vitoria-Gasteizko Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoen Sarea.

Matrikulazio-prozesuari buruzko informazioa.

 

 

Share

Luis Aranburu eskolak ikasle berrientzako preskripzio-epea irekiko du datorren astelehenean, ekainak 8

Lehenengo aldiz, izapidea internetez egin ahalko da

 Luis Aranburu musika eskolak ikasle berriek 2020-2021 ikasturterako aurretiaz izena emateko epea irekiko du datorren astelehenean, ekainak 8. Eskolak eskaintzen duen musika prestakuntza jaso nahi dutenek internetez eman ahalko dute izena lehenengo aldiz, udalaren webgunean (www.vitoria-gasteiz.org). Ekainaren 18an amaituko da epea.

“Aurten ikasgai berria sortu dugu, Eskolania. Hartara, abesbatza kantua ikasi eta landu nahi duten umeek, gure lurrean oso sustraitua dagoen tradizioa baita, hirian eskaera gehien duten zentroetako batean egin ahalko dute, Luis Aranburu musika eskolan“, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Eskola Arabako hiriburuko hirigune historikoaren erdian dago, eta adin orotako zaleei prestakuntza musikal praktikoa eskaintzea du helburu nagusitzat, baita aparteko bokazioa eta gaitasuna erakusten dutenei ikasketa profesionaletarako orientabidea eta prestakuntza ematea ere.

2020-2021 ikasturtean, gasteiztarrek hainbat musika-tresna jotzen ikasi ahalko dute: eskusoinua, baxu elektrikoa, klarinetea, klabezina, kontrabaxua, fagota, zeharkako txirula, gitarra, oboea, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba, biolina, biola eta biolontxeloa.

Beste ikasgai batzuk ere eskaintzen ditu eskolak: Musika Hastapenak (I. maila), Musikaren Lengoaia, Harmonia Modernoa, Talde Korala, Instrumentu Taldeak, Konboak, Bakarlaria, Eskolania eta Perkusioa.

Epeak

Izena emateko epea amaitutakoan zozketa egingo da lekuak aukeratzeko hurrenkera zehazteko, ekainaren 26an. Ondoren, ekainaren 29tik uztailaren 10era arte jarriko dira ikusgai zerrendak eskolako atondoan.

Irailaren 1etik 7ra esleituko dira lekuak, eta irailaren 1etik 11ra formalizatuko da matrikula, osasun egoerak ahalbidetzen badu.

Argibide gehiago nahi izanez gero, deitu 945 16 88 telefonora.

 

 

 

 

Share

Maiatzaren 28an hasiko da haur-eskoletarako matrikulazio-aldia

Internetez  egin ahalko da izapidea, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, hitzordua hartuta

 

Gasteizko haur-eskola publikoetan 2020-2021 ikasturterako matrikulatzeko epea maiatzaren 28an hasiko da.

Orotara 25 eskolak osatzen dute sarea, eta 1.433 plaza eskaintzen dituzte. Horietako bost Gasteizko Udalak kudeatzen ditu, zeinetan 0-3 urte bitarteko haurrak hartzen baitira; gainerako hogeiak Haurreskolak partzuergoak kudeatzen ditu, eta 0-2 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eskaintzen dute.

“Partzuergoarekin elkarlanean ari gara, Gasteizko herritarrei “leihatila bakarreko zerbitzua” eskaintzeko; hartara, matrikulazio-prozesua bakarra eta bera da, familiek zein eskola aukeratzen duten gorabehera”, azaldu du Gasteizko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

2018an, 2019an eta 2020ko maiatzaren 20ra arte jaiotako haurrak matrikulatu ahalko dira, 2020ko maiatzaren 28tik ekainaren 8ra arte. “COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, eskabideak internetez aurkeztu ahalko dira lehenengo aldiz, udalaren webgunean. Izapidea aurrez aurre ere egin ahalko da, gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta”, azaldu du zinegotziak.

2020ko maiatzaren 18tik aurrera (egun hori barne) jaiotako umeen eskabideak behin betiko zerrendak argitaratu ondoren hasiko dira kudeatzen, eskolaratzea urritik aurrera hasi ahal izateko, hau da, 16 aste beteta dituztela, betiere leku hutsik bada.

Hezkuntza premia bereziak dituzten umeei dagokienez, eskabideak eta agiriak Udaleko Hezkuntza Zerbitzuan (Frai Zacarias Martinez kalea, 3) aurkeztuko dira, 08:30etik 14:00etara, familiei informazioa eta orientazioa ematearren. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

2020ko irailean eskolan hasteko matrikulazio prozesu arruntak epe hauek izango ditu:

  • Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea: maiatzaren 28tik ekainaren 8ra.
  • Behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak argitaratzea: ekainaren 25ean.
  • Erreklamazioak aurkezteko epea: ekainaren 25etik 28ra.
  • Behin betiko zerrendak argitaratzea: uztailaren 9an.

Argibide gehiago nahi izanez gero, komunikazio-kanal hauek jarri ditu Hezkuntza Zerbitzuak:

Hezkuntzarekin lotutako webgunea: www.vitoria-gasteiz.org/hezkuntza

E-posta: hezkuntza@vitoria-gasteiz.org

Telefonoa: 945 16 12 30

 

Haur eskolak

Udalaren haur eskolen sareak bost zentro ditu: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana.

Hezkuntzan eta funtzio ludikoan oinarritutako hezkuntza-proiektu baten aldeko apustua egiten dugu, haurren funtsezko eskubideak diren aldetik. Haurren behar fisiko, afektibo eta emozionalak berariaz betetzeko beharra hartzen da abiapuntutzat, eta familiekiko lankidetza estuaren bitartez, umeen nortasunaren bilakaera harmonikoa lortzen lagundu nahi dugu, dela ikuspegi afektibotik, intelektualetik, sozialetik nahiz kulturaletik”, adierazi du Cantok.

Haurreskolak partzuergoko haur eskolek 0-2 urte bitarteko umeentzako gelak eskaintzen dituzte; Arabako hiriburuan 20 dira. Udalaren haur eskoletan, berriz, 0-3 urte bitarteko umeentzako gelak dituzte. Zehazki, 288 leku 0 urtekoentzat, 1.001 leku urtebetekoentzat, eta 144 leku 2 urtekoentzat, hau da, 1.433 leku orotara. Bi ordutegi aukera dago: 5 ordu edo 8 ordu egunean.

“Udalaren haur eskoletan, 8 orduko ordutegian jantoki zerbitzua eskaintzen da, eta udaleko sukaldariek eskoletan bertan prestatzen dute janaria, sasoiko elikagaiak erabiliz —gehienak, ziurtagiri ekologikoa dutenak—”, azpimarratu du zinegotzi sozialistak.

Informazio gehiago

 

 

Share

Udalaren Folklore Akademiak aurretik izena emateko epea irekiko du ikasle berrientzat, maiatzaren 11n

. Vitoria-Gasteiz, fotografia Rafa Gutierrez

 

Matrikulatu nahi dutenek internetez egin ahalko dute lehen aldiz

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalaren Hezkuntza eta Kultura Sailak maiatzaren 11n (astelehena) irekiko du epea 2020-2021 ikasturtean Udalaren Folklore Akademian ikasi nahi duten ikasle berriek aurretik izena eman dezaten. Osasun krisia dela eta, epea astebete atzeratu behar izan da; horrenbestez, interesdunek bi aste izango dituzte matrikulatzeko. Maiatzaren 24an amaituko da epea.

Lehenengo aldiz, matrikula internetez egin ahalko da, www.vitoria-gasteiz.org webgunean Folklore Akademiari eskainitako espazioan; aurrez aurre ere egin ahalko da, ohi bezala, Musika Etxeko idazkaritzan (San Antonio kalea, 14), astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

“Osasun krisia dela eta, internetez matrikulatzeko sistema berria sortu dugu, herritarren joan-etorriak ahalik eta gehien eragoztearren. Gure herriko musika tradizionala ezagutzeko interes berezia duten pertsonak erakargarrien gertatzen zaizkien ikasgaietan izena ematera animatzen ditugu“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ikasle berriek tresna hauek jotzen ikasi ahalko dute: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak: euskal dantzak ikasteko, 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoa izatea; musika hastapenetarako, 2013an jaiotakoa, eta abesbatzarako, 18 urtetik gorakoa izatea. Gainerako ikasgaietan, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek eman ahalko dute izena.

Dagoeneko eskolako ikasle direnen matrikula automatikoki berrituko da, zentroak ezarritako aplikazio baten bidez.

Jardunean

Udal Folklore Akademia erreferentea da dantza eta musika tresna tradizionalei dagokienez. Ez da soilik hezkuntzara mugatzen; horrez gain, musika taldeak osatzen ditu, eta Gasteizen euskal doinu eta dantzak ezagutzera eman dituzten jarduerak antolatzen ditu.

Koronabirusa dela eta aurrez aurreko eskolak bertan behera utzi behar izan ondoren, Musika Etxeko akademiak prestakuntza-programa zabala eskaini du online, itxialdian zehar ikasleen eskaerari erantzuteko.

Batetik, irakasleek banakako lana proposatzen dute tresnak lantzeko (alboka, gaita, panderoa, perkusioa, trikitixa, txalaparta, txirula eta txistua); bestetik, taldekakoa musikaren lengoaia, musika hastapenak, abesbatza eta dantza lantzeko.

Gainera, musikaren lengoaiari dagokionez, Akademiak kontu bat aktibatu du Aulavirtualmusica plataforman (https://aulavirtualmusica.com/inicio/es), ikasleei kalitateko materialak eskaintzearren.

Era berean, Youtubeko bideoekiko estekak proposatu dizkiete ikasleei, ikasgaiak era intuitibo eta sortzaileagoan lantzerik izan dezaten. Esaterako, Musikarma bloga (http://mousikarma.blogspot.com), etxeko txikiek musika oso era dibertigarrian ikasteko bide ematen duena.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org / gufa@vitoria-gasteiz.org / Telefonoa: 945 16 26 02

 

 

 

Share