Prentsa Oharren banner

Maiatzaren 28an hasiko da haur-eskoletarako matrikulazio-aldia

Internetez  egin ahalko da izapidea, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, hitzordua hartuta

 

Gasteizko haur-eskola publikoetan 2020-2021 ikasturterako matrikulatzeko epea maiatzaren 28an hasiko da.

Orotara 25 eskolak osatzen dute sarea, eta 1.433 plaza eskaintzen dituzte. Horietako bost Gasteizko Udalak kudeatzen ditu, zeinetan 0-3 urte bitarteko haurrak hartzen baitira; gainerako hogeiak Haurreskolak partzuergoak kudeatzen ditu, eta 0-2 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eskaintzen dute.

“Partzuergoarekin elkarlanean ari gara, Gasteizko herritarrei “leihatila bakarreko zerbitzua” eskaintzeko; hartara, matrikulazio-prozesua bakarra eta bera da, familiek zein eskola aukeratzen duten gorabehera”, azaldu du Gasteizko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

2018an, 2019an eta 2020ko maiatzaren 20ra arte jaiotako haurrak matrikulatu ahalko dira, 2020ko maiatzaren 28tik ekainaren 8ra arte. “COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, eskabideak internetez aurkeztu ahalko dira lehenengo aldiz, udalaren webgunean. Izapidea aurrez aurre ere egin ahalko da, gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta”, azaldu du zinegotziak.

2020ko maiatzaren 18tik aurrera (egun hori barne) jaiotako umeen eskabideak behin betiko zerrendak argitaratu ondoren hasiko dira kudeatzen, eskolaratzea urritik aurrera hasi ahal izateko, hau da, 16 aste beteta dituztela, betiere leku hutsik bada.

Hezkuntza premia bereziak dituzten umeei dagokienez, eskabideak eta agiriak Udaleko Hezkuntza Zerbitzuan (Frai Zacarias Martinez kalea, 3) aurkeztuko dira, 08:30etik 14:00etara, familiei informazioa eta orientazioa ematearren. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

2020ko irailean eskolan hasteko matrikulazio prozesu arruntak epe hauek izango ditu:

  • Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea: maiatzaren 28tik ekainaren 8ra.
  • Behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak argitaratzea: ekainaren 25ean.
  • Erreklamazioak aurkezteko epea: ekainaren 25etik 28ra.
  • Behin betiko zerrendak argitaratzea: uztailaren 9an.

Argibide gehiago nahi izanez gero, komunikazio-kanal hauek jarri ditu Hezkuntza Zerbitzuak:

Hezkuntzarekin lotutako webgunea: www.vitoria-gasteiz.org/hezkuntza

E-posta: hezkuntza@vitoria-gasteiz.org

Telefonoa: 945 16 12 30

 

Haur eskolak

Udalaren haur eskolen sareak bost zentro ditu: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana.

Hezkuntzan eta funtzio ludikoan oinarritutako hezkuntza-proiektu baten aldeko apustua egiten dugu, haurren funtsezko eskubideak diren aldetik. Haurren behar fisiko, afektibo eta emozionalak berariaz betetzeko beharra hartzen da abiapuntutzat, eta familiekiko lankidetza estuaren bitartez, umeen nortasunaren bilakaera harmonikoa lortzen lagundu nahi dugu, dela ikuspegi afektibotik, intelektualetik, sozialetik nahiz kulturaletik”, adierazi du Cantok.

Haurreskolak partzuergoko haur eskolek 0-2 urte bitarteko umeentzako gelak eskaintzen dituzte; Arabako hiriburuan 20 dira. Udalaren haur eskoletan, berriz, 0-3 urte bitarteko umeentzako gelak dituzte. Zehazki, 288 leku 0 urtekoentzat, 1.001 leku urtebetekoentzat, eta 144 leku 2 urtekoentzat, hau da, 1.433 leku orotara. Bi ordutegi aukera dago: 5 ordu edo 8 ordu egunean.

“Udalaren haur eskoletan, 8 orduko ordutegian jantoki zerbitzua eskaintzen da, eta udaleko sukaldariek eskoletan bertan prestatzen dute janaria, sasoiko elikagaiak erabiliz —gehienak, ziurtagiri ekologikoa dutenak—”, azpimarratu du zinegotzi sozialistak.

Informazio gehiago

 

 

Share