Prentsa Oharren banner

Udalaren Folklore Akademiak aurretik izena emateko epea irekiko du ikasle berrientzat, maiatzaren 11n

. Vitoria-Gasteiz, fotografia Rafa Gutierrez

 

Matrikulatu nahi dutenek internetez egin ahalko dute lehen aldiz

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalaren Hezkuntza eta Kultura Sailak maiatzaren 11n (astelehena) irekiko du epea 2020-2021 ikasturtean Udalaren Folklore Akademian ikasi nahi duten ikasle berriek aurretik izena eman dezaten. Osasun krisia dela eta, epea astebete atzeratu behar izan da; horrenbestez, interesdunek bi aste izango dituzte matrikulatzeko. Maiatzaren 24an amaituko da epea.

Lehenengo aldiz, matrikula internetez egin ahalko da, www.vitoria-gasteiz.org webgunean Folklore Akademiari eskainitako espazioan; aurrez aurre ere egin ahalko da, ohi bezala, Musika Etxeko idazkaritzan (San Antonio kalea, 14), astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

“Osasun krisia dela eta, internetez matrikulatzeko sistema berria sortu dugu, herritarren joan-etorriak ahalik eta gehien eragoztearren. Gure herriko musika tradizionala ezagutzeko interes berezia duten pertsonak erakargarrien gertatzen zaizkien ikasgaietan izena ematera animatzen ditugu“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ikasle berriek tresna hauek jotzen ikasi ahalko dute: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak: euskal dantzak ikasteko, 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoa izatea; musika hastapenetarako, 2013an jaiotakoa, eta abesbatzarako, 18 urtetik gorakoa izatea. Gainerako ikasgaietan, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek eman ahalko dute izena.

Dagoeneko eskolako ikasle direnen matrikula automatikoki berrituko da, zentroak ezarritako aplikazio baten bidez.

Jardunean

Udal Folklore Akademia erreferentea da dantza eta musika tresna tradizionalei dagokienez. Ez da soilik hezkuntzara mugatzen; horrez gain, musika taldeak osatzen ditu, eta Gasteizen euskal doinu eta dantzak ezagutzera eman dituzten jarduerak antolatzen ditu.

Koronabirusa dela eta aurrez aurreko eskolak bertan behera utzi behar izan ondoren, Musika Etxeko akademiak prestakuntza-programa zabala eskaini du online, itxialdian zehar ikasleen eskaerari erantzuteko.

Batetik, irakasleek banakako lana proposatzen dute tresnak lantzeko (alboka, gaita, panderoa, perkusioa, trikitixa, txalaparta, txirula eta txistua); bestetik, taldekakoa musikaren lengoaia, musika hastapenak, abesbatza eta dantza lantzeko.

Gainera, musikaren lengoaiari dagokionez, Akademiak kontu bat aktibatu du Aulavirtualmusica plataforman (https://aulavirtualmusica.com/inicio/es), ikasleei kalitateko materialak eskaintzearren.

Era berean, Youtubeko bideoekiko estekak proposatu dizkiete ikasleei, ikasgaiak era intuitibo eta sortzaileagoan lantzerik izan dezaten. Esaterako, Musikarma bloga (http://mousikarma.blogspot.com), etxeko txikiek musika oso era dibertigarrian ikasteko bide ematen duena.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org / gufa@vitoria-gasteiz.org / Telefonoa: 945 16 26 02

 

 

 

Share