Prentsa Oharren banner

Iradier Arenak Azkena Rock Special Edition 2021 jaialdia hartuko du gaurtik urriaren 3ra bitartean

Besteak beste, Loquillo, El Drogas, Carolina Durante, Lendakaris Muertos, M Clan, Kaotiko, Ray Collins Hot Club, Los Estanques eta Liher arituko dira

Gaur goizean aurkeztu dute Azkena Rock Special Edition jaialdia prentsaurrekoan, eta bertan parte hartu dute Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek, Kutxabankeko Red Araba-ko zuzendari Jose Luis Bastarricak eta jaialdiko zuzendari Alfonso Santiagok.

Gaurtik, irailak 22, urriaren 3ra arte egingo da Azkena Rock Special Edition, Iradier Arenako Kultur Bizia gunean. Orotara 21 artista arituko dira, hamar rock gautan: besteak beste, Loquillo, El Drogas, Carolina Durante, Lendakaris Muertos, M Clan, Kaotiko, Ray Collins Hot Club, Los Estanques eta Liher.

“Osasun krisialdiko 18 hilabete hauek gauza ugari irakatsi dizkigute, maila guztietan. Horien artean, kultura segurua dela. Horregatik, rockaren jaiarekin bat egitera animatzen ditugu gasteiztarrak. Aurten, Iradier Arenan”, adierazi du Estíbaliz Cantok.

Cantok eta Del Valek nabarmendu dute udal ekipamendu hori segurua dela kulturarako, Kultura Bizia proiektuak erakutsi duen bezala. “Horren alde egitean asmatu dugula frogatu da, eta proiektua hilabete batzuk luzatzea erabakitzean ere asmatu dugulakoan nago, kultura programatzen jarrai dezan eta Kultura Biziak testuinguru jakin honetan eskaintzen dituen aukeren beharra duten eragileek ere horretan jarraitzerik izan dezaten“, azpimarratu du Ana del Valek.

Alfonso Santiagok, bestalde, Azkena Rock Special Edition-en programazioa aletu du; kontzertuak 19:30ean hasiko dira, eta oraindik bada sarrerarik emanaldi batzuetarako.

Lendakaris Muertos eta Ezpalak taldeek inauguratuko dute Iradier Arenako agertokia, gaur arratsaldean. Ondoren, Los Enemigos eta Liher (osteguna, hilak 23), El Drogas eta The Lizards (ostirala, hilak 24), Carolina Durante eta Biznaga (larunbata, hilak 25) eta Johnny Burning eta The soul Jacket (igandea, hilak 26) igoko dira agertokira.

Azkena Rock Special Edition-en emanaldien bigarren multzoa irailaren 29an (asteazkena) hasiko da, Kaotiko, Puraposse eta The Wax taldeekin; ostegunean, hilak 30, Ray Collins Hot Club eta Micky & The Buzz taldeek joko dute; ostiralean, urriak 1, Loquillok eta Sedak; larunbatean, urriak 2, Los Cigarros eta Los Estanques taldeek, eta igandean, urriak 3, M Clan eta Razkinek.

Kontzertuen edukiera indarrean dagoen araudiaren arabera kontrolatuko da, eta COVID-19aren aurreko prebentzio-neurri guztiak beteko dira.

Informazio gehiago

 

Share