Prentsa Oharren banner

Turismo Bulegoak gaikako 225 bisita gidatu eskainiko ditu aurtengo udan

Uztailean kanpaina bati ekingo dio, bi bisita baten prezioan erosi ahal izateko

Hiriko hegaztiak behatzeko bisita berri batek Arriagako eta Iparraldeko parkeak hartuko ditu barne

 

Gasteizko Turismo Bulegoak gaikako 225 bisita gidatu eskainiko ditu aurtengo udan; bi ibilbide berri eta bisitak sustatzeko zein bertako gidari-enpresei laguntzeko kanpaina bat ere sortu ditu.

Aurten hainbat gairi buruzko 225 bisita gidatu antolatu dira, mota ezberdinetako publikoari zuzenduta, bereziki iraunkortasuna, natura eta aire zabaleko ariketa fisikoa azpimarratuz. Ildo horretatik, eta berritasun gisa, hiri barruan hegaztiak behatzeko ibilbideak eskainiko dira (birding urbanoa). Hartara, zirkuitu turistikoetan lehen sartzen ez ziren Gasteizko inguruak ezagutu ahalko dira, Iparraldeko eta Arriagako parkeak, esaterako, eta leku horietako biodibertsitatearen balioa nabarmendu.

Gasteiz hiri berdea ibilbidea ere estreinatuko da: horren bidez, Gasteizen garapenean iraunkortasunak izan duen eta duen garrantzia azalduko da, eta zergatik bihurtu den hiria turismo iraunkorreko helmuga nagusietako bat.

Naturari eskainitako eskaintzak Florida parkea ezagutzeko ohiko bisita ere hartzen du barne, eta etxarteak eta hilerria ezagutzeko bisitak egiten jarraituko da aire zabaleko eskaintzaren barruan, baita bizikletaz eta lasterka aritzeko ibilbideak ere. Horretaz gain, umore ibilbideak, muralen ibilbidea eta eskulturena egin ahalko dira kanpoaldean, modu seguruan.

Bestetik, Turismo Bulegoak —Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren mende dago, zeinaren buru Maider Etxebarria lehen alkateorde baita— bisitaldi gidatuak sustatzeko kanpaina bat egingo du uztailean. Zehazki, bi bisita gidatu eskainiko dira baten prezioan, 1.000 plaza agortu arte. Uztailaren 1eko 12:00etatik erreserbatu ahalko dira, txartelak zuzenean www.vitoria- gasteiz.org/turismo web-orrian erosiz.

Maider Etxebarria: “Gasteizko Turismo Bulegoak duen bisita gidatu profesionalen eskaintza zabala ikusarazi nahi dugu, eta haren balioa nabarmendu. Une garrantzitsu honetan gure hirian turismo segurua berpizteko beste urrats bat da hau”.

Share

Gasteizek ‘Best of the World 2021’ izendapena txertatu du marketin turistikoko estrategian

Turismo Bulegoko binilo berrian National Geographic-en zigilua nabarmentzen da, eta kanpoko seinaleztapena ere hobetu da bertan

 

Gasteizko Udalak turismo informaziorako guneen seinaleztapena hobetu du, kanpo-komunikaziorako osagai berriak erabiliz. Ekintza nagusiak Turismo Bulegoaren seinaleztapena nabarmentzera bideratu dira. Zehazki, biniloak jarri dira udaletxeko arkupeetan dagoen lokaleko ate-leihoak apaintzeko. Horietako batean ‘Travel Best Of The World 2021’ zigilua ageri da, Nacional Geographic aldizkari amerikar ospetsuak aurten bisitatzeko 25 helmuga onenen artean sartu baitu gure hiria. Ilustrazio geometrikoz osatutako diseinua dute biniloek, zeinek elementu ezaguterraz eta sinbolikoak irudikatzen baitituzte, hala nola Erdi Aroko hirigunea eta Hiriburu Berdea; ordutegiei buruzko argibideak ere txertatu dira, eta merchandising produktuen erakusleihoa berritu da.

Hartara, Gasteiz ‘Best of the World 2021’ helmuga izendatu izana hiriaren marketin turistikoko estrategian txertatu da. Turismo Bulegoan ez ezik, udalaren turismo web-orriko irudi guztietan ageri da bereizgarria; urtean zehar, hedabideetan txertatutako iragarki eta edukietan nabarmenduko da, baita hiriko informazio-euskarrietan eta Biltzar eta Turismo Zerbitzuaren buletin digitalean ere.

Udalak arlo horretan sustatutako jardueren arteko ikusgarriena Turismo Bulegoaren aurreko farolan zegoen banderolaren ordez errotulu kubiko bat jartzea izan da: lau aldetan informazio turistikoaren nazioarteko sinboloa darama kuboak, eta gauez argiztatu egiten da, hobeto ikus dadin. Udaletxeko fatxadan kanpoko seinaleztapena ere berritu da: informazioaren “i” sinboloaren errotulu gorpuzdunak jarri dira, tipografia korporatibo baliatuz, eta bulegoko atearen gainean ‘Turismoa / Turismo’ testua ipini da lehen zegoen ‘Información / Informazioa’ testuaren ordez.

Azkenik, aldatu egin dira Ogasun Sailaren egoitza izandako eraikinaren inguruko errotuluak, Dato kalearen eta Alaba Jeneralaren kalearen arteko bidegurutzean. 2017ko Saskibaloiko Errege Kopa zela eta zerrenda bat itsatsi zuten bertan, baina oso hondatuta zegoen, eta haren ordez beste bat paratu da, ‘Vive en Verde-Bizi Berdea’ kanpainaren irudi eta lemekin.

Turismoko zinegotzi Maider Etxebarriak azpimarratu du seinaleztapen berria “argia eta ikusten eta identifikatzen erraza izateagatik nabarmentzen” dela, “eta udalaren irizpide korporatiboei jarraituz diseinua homogeneizatzea lortzen duten proposamenak aukeratzeagatik”.

 

 

Share

Gasteizek bisita gidatu berriak izango ditu uda honetan, Florida parkearen bigarren mendeurrena dela eta

  • Normaltasun berrira egokitutako programazioak bisita historiko-artistiko gehiago eskaintzen ditu elizetara, baita eta Europa jauregiko terrazara ere, eta askotariko bisita tematikoak
  • Udalak bisita gidatuen arloan diharduten hiriko enpresa guztiak gonbidatu ditu proposamenak aurkeztera, sektore turistikoa suspertzen laguntzeko

Uda honetan, Gasteizek bisita gidatu ugari izango ditu hiriko txokoetara, bisitariei zein bertakoei zuzenduta. Berrikuntzen artean, Florida parkeko bisita gidatuak daude, parkearen bigarren mendeurrena dela eta antolatuak, eta Arabako hiriburuko eliza monumentalenetara bisita historiko-kulturalak egiteko ordutegi zabalagoa ere. Era berean, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak, Maider Etxebarria zinegotziaren gidaritzapean, bisita gidatuen arloan diharduten hiriko enpresa guztiak gonbidatu ditu beren proposamenak eskaintzera, tokiko turismoaren sektorea suspertzen laguntzeko.

“Bisita gidatuak funtsezko zutabea dira Gasteizko turismo-eskaintzan, eta aurten bereziki indartu ditugu. Helburua da ondare historiko-kultural guztia, ingurune natural paregabea eta bertakoentzako eta bisitarientzako familia-turismoaren eskaintza agerraraztea sektoreko tokiko enpresen eskutik, horiek suspertzeko beharra baitute “, adierazi du Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak.

Floridako parkearen 200. urteurrena ospatzeko bisitak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin batera diseinatu dira. Gasteizko parkerik esanguratsuena ezagutzeko balioko dute; 1820an diseinatu zen, lorategi botaniko gisa, eta zuhaitz exotiko ugari ditu. Ibilbide gidatu berriek musika kioskoa, errege godoen estatuak eta Uraren Ezkutuko Lorategia ere nabarmenduko dituzte. Pertsonako prezioa 6 euro izango da eta elkargunea, Turismo Bulegoa; bertan egin daitezke erreserbak. Uztailaren 18tik irailaren amaierara arte egingo dira bisitak, larunbatetan, 10: 30ean (gaztelaniaz) eta 11: 45ean (euskaraz).

Hilabete honetatik aurrera, orobat, bisita gidatuak ugarituko dira interes handieneko ondarea duten tenpluetara. Gasteizko Gotzaindegia (Ondare Historiko-Artistikoaren Ordezkaritza) duela lau urte hasi zen Katedral Berrirako lehen bisitak antolatzen, eta urte berezi honetan, zabalkundea sustatu nahi izan da, San Pedro, San Migel eta zaharberritu berri den San Bizenteko dorrea gehituz, turismo-enpresen lana suspertzearren. San Bizente elizako dorre neobizantziarra XIX. mendearen amaieran eraiki zen. Bisita honek eskaileretara sartzea ahalbidetzen du, ondoren nabeen gainean dagoen zurezko armazoiaren zati bat zeharkatzeko. Gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dira bisitak, uztailaren 18tik irailaren 13ra. San Migel Arkanjeluaren eliza hiriko zaindaria den Andre Maria Zuriaren gurtzaren egoitza dugu; uztailaren 20tik 24ra eta abuztuaren 10etik irailaren 12ra irekiko da bisita gidatuak egiteko. Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralak (Katedral Berria) bi motatako bisita gidatuak eskainiko ditu uda honetan: goizetan, bisita orokorrak, kriptara bisita egiteko eta ikuspegi ikusgarriak dituen terrazara igotzeko, eta, arratsaldeetan, bisita tematikoak beirate guztietara. Azkenik, San Pedro Apostoluaren parrokia ere bisitatu ahalko da hilabete hauetan zehar.

Gasteizko skylinearen ikuspegiaz gozatu nahi dutenei eskainitako beste bisita Europa biltzar jauregiko lorategi bertikalak eta terraza ikusteko ibilbidea da. Ibilbide hori 2019ko irailean inauguratu zen, eraikinaren 30. urteurrenean, eta berriro eskainiko da, erreserba egin beharrik gabe, uztailaren 23, 24, 30 eta 31n, eta irailaren 3, 4, 10 eta 11n, 11:30etik 13:30era, 20 minutuko tarteetan.

Historia- eta kultura-ondarearen bisitak

Udaleko Turismo Bulegoak ohiko bisitak eskainiko ditu — alarma-egoeran etenda egon ziren—, prebentzio-neurri berriak hartuta. Adibidez, Goiuri jauregira bisita, errenazimenduko arkitekturaren adibide onenetako bat baita Gasteizen. Edo haurrentzako bisita Erdi Aroko hirigunera, “Txikientzako Gasteiz” izena duena: umeentzat bereziki diseinatutako familia-ibilaldi entretenigarri eta didaktikoa da, almendrako txokorik ederrenetako batzuk deskubritzeko. Proposamenen artean, besteak beste, Erdi Aroko etxarteetako ibilbideak, muralen ibilbidea edo Eva García Saénz de Urturi idazle gasteiztarraren ‘El silencio de la ciudad blanca’ eleberri arrakastatsua gertatzen den agertokietan oinarritutako bisita literarioak daude. Edo Santa Maria Katedrala eta harresia ezagutzeko bisitak, ‘Obretan eta irekita’ programaren bitartez bisitariei denboran zeharreko bidaia egiteko aukera ematen dietenak.

Bisita tematikoen artean dago, halaber, Marta Extramianaren “El caso de los amores proscritos” suspense eleberrian oinarritutako ibilbide turistiko literarioa. Era berean, historiak eta ezagutzak liluratzen dituen pertsona guztientzat, Donejakue Bidean girotutako ibilbidea dugu, hiria ezagutzeko beste bide bat, Erdi Aroko hirigunea, Zabalgune neoklasikoa eta Senda ingurua zeharkatzen dituena.

Gaikako eta naturako bisitak

Uda honetan berriz hasten diren bisitetako asko naturarekin lotuta daude, edo naturan egiten dira. Adibidez, haurrentzako bisita Estibalizera: “Harburuen misterioa” izenpean, santutegiaren eta inguruaren sekretuak erakusten dizkie familiei. Era berean, eta Gasteiz bizikletaz ibiltzeko Espainiako bigarren hiririk onentzat jotzen denez, pedalez egiteko ibilbide bat proposatzen da. Ildo beretik, Gasteiz eta kirola bereizezinak direnez eta lasterka egitea ohikoenetako bat denez, zapatilei buruzko beste ibilbide bat proposatzen da. Azkenik, eta zentzumen guztiak pizteko, bada “bisita biomimetikoa” izenekoa, hiriaren erdi-erdian hasten dena, natura behatu eta hiri-berrikuntzarako inspirazio-iturria dela egiaztatzeko bide ematen duena.

Share

Gasteizko turismo bulegoak asteartean irekiko ditu ateak berriro

Gasteizko turismo bulegoak asteartean ekingo dio berriro jendaurreko arreta emateari, hiriko museoak eta interpretazio-zentroak irekitzearekin batera. Ordutegi hau izango du: astelehenetik larunbatera,10.00etatik 19.00etara; igande eta jaiegunetan: 11.00etatik 14.00etara.

Bulegoan telefonoz erantzun diete kontsultei alarma egoera dekretatu zenetik; orain kontingentzia plan bat landu dute zerbitzua ematean segurtasuna bermatu ahal izateko, bai bisitarientzat bai bulegoko langileentzat.

Besteak beste, nahitaezkoa izango da maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea, segurtasun distantzia gordetzea eta edukiera kontrolatzea. Orobat, segurtasun-arrazoiak direla eta, ezingo dira erabili bulegoko autozerbitzu eta autokontsultarako guneak.

Share