Prentsa Oharren banner

Herritarrek hiria hobetzeko proposatutako 14 ideia gauzatuko dira Hobetuz partaidetza-programari esker

  • Gaur arratsaldean eman du jakitera Udalak zein izan diren hirugarren edizioan boto gehien jaso dituzten proiektuak. 7786 lagunek bozkatu dute

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren Sailak eman du jakitera zein izan diren Gasteiz Hobetuz partaidetza-programaren aurtengo edizioan boto gehien jaso dituzten hiria hobetzeko proposamenak. Azkenik, 14 ideia izango dira udal-gobernuak 2022 eta 2023. urteetan herritarrek proposatutako proiektuak gauzatzeko erreserbatu duen hiru milioi euroko aurrekontuarekin gauzatu ahal izango direnak. 

Guztira, Gasteizen erroldatutako 16 urtetik gorako 7786 hauteslek eman dute botoa, lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Hiruna boto eman dituzte, hau da, guztira 23.000tik gora boto, benetako partaidetza-errekorra lortu baita.

Lehenik eta behin bideragarritasun-iragazkia igaro zuten eta bozkatu ahal izan diren 128 ideietakoren bat aurkeztu zuten pertsona eta kolektiboei eman nahi izan die emaitzaren berri Udalak. Herritarren ekimen hori eskertzeko ekitaldi bat izan da, 18:30ean, Europa biltzar-jauregian, eta bertan, Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguezek hala azpimarratu du: “Gasteizentzat, hiri bezala, benetako arrakasta da partaidetza-prozesu batek halako babesa jasotzea, eta horretatik proiektu-zerrenda bat ateratzea, hainbat auzotan adin guztietako pertsonen bizitzak hobetzera zuzendutako proiektuen zerrenda bat, hainbat premia eta interesi erantzuten diena”. 

Prozesu hori bideratu duen saileko arduradunak orobat nabarmendu nahi izan du aurten auzo bakoitzeko gehienez ere hiru proiektu aukera zitezkeela, “ekitate handiagoa lortze aldera”. Aurreko edizioetan bezala, botoen haztapena egin da, eta, hartara, hainbat balio sendotzen lagunduko duten proposamenak bultzatu dira —genero-berdintasuna, belaunaldien arteko elkarbizitza, kultura-aniztasuna eta aniztasun funtzionala, ingurumenaren babesa, arrakala digitala gainditzea eta kolektibo kaltetuenen gizarte-inklusioa—, Rodríguezek azaldu duenez.

Bideragarritasun teknikoaren iragazkia igaro zuten 128 proposamenak egin zituzten pertsona eta kolektiboak gonbidatuta zeuden ekitaldira (prozesuaren hasieran, 315 proposamen aurkeztu ziren guztira), eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eman dio amaiera. Alkateak Udalak guztion onerako gizarte parte-hartzailearen alde egindako apustu eta lana azaldu du. “Hiri hau dena bada, neurri handi batean, hiria hobetzen inplikatzen diren pertsonengatik da, proposamen positiboak eginez”, adierazi du. Gainera, nabarmendu du “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programaren edizio honetan parte-hartze handia Gasteizko herritarren dinamismoaren erakusgarri ona dela, euskal hiriburuaren aurrerapena ahalbidetzen duten proiektuekin identifikatzen baita. Azkenik, bozketa bidez hautatutako proposamenak errealitate bihurtuko direla zin egin du.

Boto gehien jaso dituzten 14 proiektuak

Bi kategoriatan banatuta daude aukeratutako proiektuak. Alde batetik, bide publikoko jarduera eta inbertsioak, eta, bestetik, bestelako programa eta inbertsioak. Lortutako botoen hurrenkeran ordenatuta, honako hauek dira:

Bide publikoko proiektuak

  1. Elkarbizitzarako hezkuntza-patioa, Zaramagan: Odon Apraiz ikastolako patioa auzorako espazio bihurtu, elkarbizitzarako, partaidetza-prozesu baten bitartez.
  2. Bizikleta-bideen sarea hobetzea: bidegorrien sarea sendotu eta optimizatzea, zentzuz, hiri osoan.
  3. Borinbizkarreko jolas-parkea: aisialdirako hainbat espazio, sektorearen erdiko parkean. Espazio askoz ere irisgarriagoa sortu, kontuan harturik genero-aniztasuna, belaunaldiak, iraunkortasuna eta kultura-aniztasuna eta funtzionala.
  4. Zabalparkeak: aisialdi inklusiboko espazioak: aisialdi-espazio inklusiboen korridore bat, Zabalganetik Mariturriraino, dibertsitate funtzionala ez dadin eragozpena izan, eta auzoko haur eta gazteek baliatzerik izan dezaten.
  5. Komuna publikoak eta paperontziak Eraztun Berdean: komuna publikoak, Eraztun Berdeko, Zabalganeko, Armentiako eta Salburuko parkeetatik gertu. Baita paperontziak ere, horietako ibilbideetan.
  6. Irisgarritasuna, zoladura eta lorategiak hobetzea, Abetxukun: egokitu, hobetu eta irisgarriago egitea Abetxukuko Ibaialde kale osoa.
  7. Argiztapena hobetu, erabilera arduratsua tarteko: mugimendu-sentsoreak jarri faroletan, pertsonak, ibilgailuak edo animaliak igarotzen direlarik argiztapen-intentsitatea areagotu dadin, eta bestela murriztu.
  8. Abetxukuko plaza Nagusiaren erabilera askotarako estalkia: plazari bizia emateko aukera ekarriko duen estalkia instalatzea, erabiltzen dutenek aterpea izan dezaten.
  9. Abetxukuko espaloiak eta oinezkoen pasabideak konpontzea: espaloiak zabaldu eta pasabide gehiago jarri, eta hormen egoera hobetu.

Bestelako programa eta inbertsioak

  1. Animaliak Babesteko Zentroan txakurren egonlekuetan berokuntza-sistema bat instalatzea: egungo txakurrentzako egonlekuetan berokuntza-sistema bat jartzea.
  2. Zaramagako pilotalekua hobetzea: irisgarritasuna hobetu, dibertsitate funtzionala duen pertsonentzat, eta emakumeentzako aldagelak jarri.
  3. Ni ere mugitzen naiz: Zabalganeko institutuko ikasleek proposatutako ideia, produktu lokalen eta kultura-produktuen azoka ibiltari bat sortzeko, tartean direlarik merkataritza lokala eta Zabalgana eta Ariznabarreko zona batzuetako eta besteetako bizilagunak.
  4. Usoen kontrol etikoa, usategi ekologikoen bitartez: gutxienez lau usategi eraikitzea, hiriko usoen populazioaren kontrola begirunez egin dadin.
  5. Auzoko herritar-sareak, genero-indarkeriaren kontra: hiriko auzoetan, laguntza-, harrera-, zaintza- eta gaitzespen-sare bat sortzea, indarkeria mota horri aurre egiteko.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-12-02)

Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Biltzarrari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu; Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González

Eguna. Osteguna, abenduak 2

Ordua. 8:45

Tokia. Europa Jauregia

—————————————-

Prentsaurrekoa. Senidetutako Hirien Konferentzia Saharako Herriarekin

Parte hartzaileak. Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernández de Landa; Euskal Fondoa Elkareteko presidente Ernesto Saiz; Limman Mohamed Ali, Saharako delegatua Euskadin

Eguna. Osteguna, abenduak 2

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. Arabako Jaiotzen Elkartearen Gabonetako programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua; eta Alfonso Ruiz de Arcaute, Arabako Jaiotzen elkarteko ordezkaria

Eguna. Osteguna, abenduak 2

Ordua. 12:00

Tokia. Karmengo eliza

————————————–

Hiri Senidetuen eta Saharako Herriaren arteko konferentziaren amaiera ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, abenduak 2

Ordua. 14:00

Tokia. Goiuri jauregia, Martin de Salinas aretoa

Share

Gasteizek Txagorritxu haur eskolan estreinatu du jolastokiak naturalizatzeko estrategia

Gorka Urtaran alkateak eta Maider Etxebarria alkateordeak ikastetxea bisitatu dute, non asfaltoaren ordez lorate-eremuak jarri baitituzte, zuhaitzak, zuhaixkak eta landare usaintsuak landatu, eta haurren jolasak egokitu

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizek jolastokiak naturalizatzeko estrategia estreinatu du, Txagorritxu haur eskolako jolastokia eraldatu baita; udalerriko hezkuntza-komunitatearen eskaerari erantzunez sustatu du Udalak estrategia, IGIren Hiri Azpiegitura Berdearen proiektuaren ildotik. Lehen esku-hartze hori gidari izango da hiriko beste ikastetxe batzuetan aurreikusitakoentzat, eta IHOBEk eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hautatu eta finantzatutako programa baten barruan kokatzen da, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko proiektuentzako laguntza-ildo baten barruan.

Gaur goizean proiektu pilotu hori bisitatzera joan dira alkate Gorka Urtaran, alkateorde Maider Etxebarria, IHOBEko Klimaren aldeko Ekintzaren zuzendari Mª Mar Alonso, Haurreskolak partzuergoko kudeatzaile Elena Aizpuru eta Txagorritxu haur eskolako koordinatzaile Elena Hernández; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak landu proiektua, eskolako hezkuntza-arduradunekin eta inplikatutako beste eragile batzuekin batera, hala nola Udalek Kultura Saila, Mantentze Saila eta Hiri Paisaiaren Atala.

“Eskola-jolastokiak naturalizatzeko estrategiaren helburua da eskola-komunitateak naturarekin harremana izan dezan ahalbidetu eta sustatzea. Estrategia horrek biodibertsitatea handitzen lagunduko du, eta txoko ekologiko berriak sortzen. Eskola-jolastokien naturalizazioak, gainera, hiriaren barruko zerbitzu ekosistemikoak berreskuratu eta indartzen ditu, udal honek garatutako hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren funtsezko helburua baita“, nabarmendu du alkateak bisitan. Gorka Urtaranek eskerrak eman dizkio eskola-komunitateari hartu duen konpromisoagatik; izan ere, “aintzat hartu eta bere egin du eskola-esparruaren barruan bizi-euskarria eta biodibertsitatea areagotzeko lana, errutinak eta jarduerak ingurune berrira egokituz, eta jolastokiak benetako topagune bihurtu ditu, inklusiboagoak eta berdinzaleagoak eginez“.

275 m2 lorategi-eremu, zuhaitz eta zuhaixkez hornituak

Zehazki, Gasteiz hiribideko haur eskola horretako jolastokiko eremu libreetan esku hartu da, lehendik zeuden asfaltozko zoladuran zein kautxu jarraituzko zoladuran. Egungo zoladura iragazgaitzen zati bat lorategi itxurako landare-azalerekin ordeztu da, eta, ondorioz, lurzoru naturala berreskuratu da. Zehazki, 200 m2 asfalto eta 75 m2 kautxu kendu dira, eta 275 m2 lorategi-azalera irabazi.

Horretaz gain, 17 zuhaitz, 57 zuhaixka eta 38 landare aromatiko landatu dira, eta belardia erein da. Orobat, muino bat sortu da jolastokiaren egungo topografia aberasteko, eta hiru edukiontzi instalatu dira, urarekin, lurrarekin, harriekin eta zurarekin lotutako jarduerak egin ahal izateko. Haurren jolasak ere aldatu eta egokitu dira, eta zegoen hareatzaren ordez berria jarri da.

Proiektuaren inguruko partaidetza-prozesua eta idazketa 2021eko otsailetik maiatzera bitartean egin zen. Obra ekainean esleitu zen, eta 2021eko uztailetik azarora bitartean gauzatu. Esku-hartzearen azken kostua 29.000 euro izan da, BEZa barne.

Grisetik berdera jolastoki guztietan

“Duela zenbait urte mugimendu bat sortu zen hezkuntza-komunitatean, eskola-jolastokiak leku inklusibo, berdinzale, jasangarri eta natural zein topatzeko gune bihurtzearen alde. Saskibaloian, futbolean edo beste kirol batean aritzeko balio izateaz gain, ikasgelaren hedapena bihurtzeko kezka dago, inklusioa, dibertsitatearen errespetua, hezkidetza eta ingurumen-hezkuntza ere lantzeko bertan. Gasteizen, 22 ikastetxek eta bertako guraso-elkarteek manifestu bat sinatu dute horren alde, eta Udalak egungo hezkuntza-irizpideen arabera egoki ez diren jolastokiak dituzten ikastetxeetan esku har dezan eskatu.

Babes horrekin, IGI, Hezkuntza Sailak eta Mantentze Sailak hilabeteak daramatzate eskola jolastokiak eraldatzeko proiektua lantzen, eta joan den astean aurkeztu zuten Ana Oregik eta Estíbaliz Cantok. Proiektu horrek, gainera, Elkarrekin taldearen bultzada du, 2020ko aurrekontu-akordioaren bidez.

Txagorritxuko ekimen pilotuaz gain, Mariturriko haur-eskola izango da hurrengoa grisetik berdera aldatzen; sailen arteko lantaldeak beste lau ikastetxe aukeratuko ditu datorren urtean, zeinetarako 180.000 euroko partida erreserbatuta dagoen orain eztabaidatzen ari den udal-aurrekontuaren proiektuan.

 

 

Share

‘Zure aukerak hemen’ kanpainaren bitartez, kontsumo lokala sustatuko du Udalak gazteen artean

Hiriko gazteen artean kontsumo lokala eta gertukoa sustatzera zuzendutako kanpaina bat jarri du abian Gasteizko Udalak. “Erronka: Gazteak” Gazte Planaren barruan sartzen da Udaleko Gazteria Zerbitzuak bultzatutako ekimen hori. Merkataritza zerbitzuaren laguntza ere izan du.

Irudi gazte eta gertuko bat dela medio, komunikazio-ekintza horren bitartez hirian bertan erostearen alde onak nabarmendu nahi dira, hala nola iraunkortasuna, gertutasuna, ingurumenarekiko begirunea, elkartasuna, justizia eta elkarlana. Bereziki, gazteek gehien erabili ohi dituzten sare sozialen bitartez banatuko da kanpaina.

Gainera, Gasteiz On elkartearekin elkarlanean, zozketa bat egingo da kanpainaren barruan: 50 euroko 15 bale, sustapenean parte hartzen duten 14 urtetik 30era bitarteko gazteen artean. Mezu bat bidali beharko dute, Whatsappez, kanpainako kartela erakusten duten lau erakusleihoren argazkiekin, 629 412 641 telefonora, eta #ZureAukerakHemen traola. Udalaren webguneko Gazteria atalean kontsulta daitezke zozketaren oinarriak.

 

 

 

Share

Gaur irekiko da martxoan Gasteizen egingo den Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen XV. Topaketan izena emateko epea

Aurrez aurre edo birtualki jarraitu ahalko da topaketa

 

Gaur abenduak 1, asteazkena, hasiko da Gasteizen 2022ko martxoaren 17an eta 18an egingo den Hiri Hezitzaileen Estatu mailako Sareko XV. topaketan izena emateko epea.

Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) koordinatzailea da 2020-2022ko aldirako, eta “Hiri Hezitzailea sendotu” izenburuko ekitaldi honekin amaituko du zeregin hori. 

Estatuko hirietako udalen eta eragile sozioedukatiboen artean komunikatzeko eta hausnarketa egiteko espazio bat izango da ekitaldia” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

RECEk 228 hiri eta herri biltzen ditu, horien udalaren bitartez. Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak antolatutako XV. topaketak formatu mistoa izango du: aurrez aurrekoa (gehienez 300 lagun) eta on line, streaming bidez programaren zati batean parte hartzeko aukerarekin

Programak hainbat hitzaldi, elkarrizketa eta aurkezpen biltzen ditu, baita RECEren biltzar nagusia ere.

RECE sareko 91 hirik 2020tik hona lau sare tematikotan egindako lanaren berri emango da topaketan: ‘Hiri inklusiboa, hiri hezitzailea’, ‘Berdintasunezko eta genero indarkeriarik gabeko hiriak’, ‘Lan eredu kooperatiboak: hiri hezitzaile baten ber-ekintza’ y ‘Garapen iraunkorraren helburuak haurrak inplikatuta (II. fasea)’ Horretaz gain, 4 sare horietan  oinarritutako esperientziak azaldu ahalko dituzte RECEko hiriek.

Parte hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte Gasteizko espazioak eta baliabideak – hezkuntza, arte eta kulturaren arlokoak–, bereziki horretarako antolatutako bisita gidatuen bidez.

Informazio gehiago eta izen-emateak

 

 

 

 

 

 

Share