Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-12-03)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, abenduak 3

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. 2021eko Gabonetako Nazioarteko Gimnasia Gala aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val; Vital Fundazioetako zuzendari exekutibo Axier Urresti; eta Arabako Gimnasia Federazioko presidente Antonio Estebánez

Eguna. Ostirala, abenduak 3

Ordua. 11:00

Tokia. Arabako Kirol Federazioen bilera aretoa, Mendizorrotza futbol zelaiko beheko aretoetan.

———————————————–

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta erakunde adierazpena irakurtzea eta gazte literaturaren alorreko itzulpen hoberenen Vitoria-Gasteiz sarien banaketa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta udalbatzako talde politikoetako ordezkariak

Eguna. Ostirala, abenduak 3

Ordua. 12:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

Share

Saharar herriarekin senidetutako hirien topaketa egin da Gasteizen

 

“Saharar herriarekin senidetutako hirien konferentzia” topaketa egin da gaur Goiuri jauregian, Euskadiko Saharar Ordezkaritzak eta Euskal Fondoak antolatuta. Ekitaldia Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernández de Landak, Euskal Fondoaren presidente Ernesto Sainzek eta Euskadiko saharar ordezkari Limam Mohamed Alik aurkeztu dute.

Topaketan Euskadiko hainbat udaletako ordezkariek eta Saharako agintariek hartu dute parte.  Euskal Fondoa, Tokiko Euskal Erakunde Kooperanteen Elkartea, ia 100 euskal udalek eta Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek osatutako elkartea da.

 

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Fatma Mehdi SEADeko Lankidetzarako ministroak eta Saharako hainbat agintarik parte hartu dute Goiuri jauregiko jardunaldian.

Jardunaldiari amaiera emateko ekitaldian Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez, “Udalak saharar herriaren alde egiten jarraituko du. Instituzioen aldetik, bake akordioak errespetatzea eta saharar herriak bere etorkizuna askatasunez erabaki ahal izatea eskatzen dugu. Gainera, gizarte-eremutik, garapenerako lankidetzako laguntzak sustatzen jarraituko dugu, eta haurrak Oporrak bakean programan hartuko ditugu”.

 Ebazpena

Share

Zulueta jauregia egokitzeko eta erabiltzeko moduan jartzeko obrak esleitu dira

21 Zabalgunearen kontseiluak Zulueta jauregia erabiltzeko moduan jartzeko egokitze-lanak kontratatzeko dosierra onetsi du gaur egindako bilkuran.

ZIKOTZ SA eta SLK LAGUNKETA SAU-CLIMA VITORIA enpresek aurkeztu dituzte eskaintzak deitutako lehiaketa publikora, eta lehenengoari esleitu zaizkio.

ZIKOTZek 1.392.930,59 euroko (BEZik gabe) eskaintza ekonomikoa egin du, hau da lehia-sarian aurreikusitakoa baino % 12 gutxiago. Enpresa horrek lanak 5 hilabete eta erdiko epean egiteko konpromisoa hartu du.

21 Zabalgunea udal hirigintza-sozietateak bere zereginetarako gune bat behar izateak eragin ditu jauregia egokitzeko lan hauek, bereziki hiriko etxebizitzak birgaitzearekin lotutako gaien inguruan herritarrei arreta emateko, egun Frai Francisco ibilbideko Gure Txokoa eraikinean duen egoitza besterendu baita.

Sozietate horrek higiezinaren espazio erabilgarriaren erdia hartuko du gutxi gorabehera, eta, beraz, udalak azalera handi bat izango du hiriarentzat interesgarriak diren beste erabilera batzuetarako.

Zulueta jauregia eta eraikin erantsiak egokitzeko eta erabilera emateko lan horiek Fernando Bajo eta Víctor de Blas arkitektoek idatzitako proiektuari jarraiki egingo dira. Alde horretatik, gogorarazi behar da Gasteizko HAPOren arabera egitura kontserbatu beharreko eraikintzat katalogatuta daudela, eta proiektuak kontuan hartu dituela Zaharberritze Zerbitzuaren gogoetak.

 

 

 

 

 

 

Share

Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak Gabonetako programazio oparoa berreskuratuko du aurten

Saltoki eta ikastetxeentzako jarduerak ere antolatu dira

  

Pandemiak markatutako urte baten ondoren, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak Eguberrietako programazio zabala berreskuratuko du. Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuak eta elkarteko kide Alfonso Ruiz de Arcautek aurkeztu dute programazioa.

Herritar guztiak jaiotzen tradizio liluragarriaz gozatzera gonbidatu nahi nituzke, Gabonetan Gasteizera itzultzen den ekitaldi klasikoa izan arren horien originaltasuna eta sormena gero eta garrantzitsuagoak baitira”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuaren ustez, “Jaiotzen ibilbidearen berezitasunetako bat da Gasteizko leku berezi eta historikoetan egin eta gozatu ahal izatea. Aurten, berriz ere, Vital Fundazioa ibilbide horretan sartuta egongo da, gure egoitzan, Kordoi Etxean, pieza bat baitago ikusgai, eta herritarrak gonbidatzen ditugu bertara etor daitezen”.

Abenduaren 8tik (asteazkena) urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai Arabako Jaiotzen XXXII. Erakusketa Karmengo elizan. Orobat, Jaiotzen Eskola Lehiaketan parte hartu duten jaiotzen hautaketa bat jarriko da bertan; lehiaketan hiriko hainbat ikastetxek parte hartu dute.

Txema Blasco aktore gasteiztarrak irakurriko du Jaiotzazaleen Elkartearen Eguberrietako Pregoia, abenduaren 16an, Karmengo elizan, Udaberria gospel abesbatzak lagunduta.

Abenduan zehar Jaiotzen Ibilbidea osatzen duten lekuak bisitatu ahalko dira: Santa Maria Katedrala, Kordoi Etxea, Osmako San Pedro kapera, etab. Farolen Museoan ere jarriko da jaiotza-erakusketa.

Aurten, gainera, elkarteak jaiotzak instalatuko ditu Gasteizko 50 merkataritza-establezimendutako erakusleihoetan, Gasteiz On merkatarien elkartearen lankidetzari esker.

Jarduera horien osagarri, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak Jaiotzaren Gaua antolatu du datorren ostegunerako, hilak 30; hainbat jarduera izango dira Floridako jaiotza monumentalean, Gurutze Santuaren komentuan eta Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen egoitzan bertan, une horretako osasun-egoerara egokituta.

 

 

 

 

 

 

Share

Atxilotua errekisitoria judizial batengatik pintada batzuk egitera zihoala

Udaltzainek atzo Gasteizko epaitegi bateko errekisitoria judiziala zuen 23 urteko gazte bat atxilotu zuten. Errekisitoria gizonezkoa bilatzeko, atxilotzeko eta Gasteizko epaitegi batera eramateko zen.

Betoñu industrialdean identifikatu zuen patruila batek esprai bat zeramala ikusi eta kartelak kentzen ari ziren horman pintadak egitera zihoala susmatu ostean.

Gazteak eskuak zikinduta zituen eta graffitiak egiteko materiala zeraman, eta pintada batzuk egin zituela onartu zuen. Nortasuna egiaztatu zutenean, udaltzainek ikusi zuten agindu judiziala zuela eta, ondorioz, gauzatu egin zuten.

Share