Prentsa Oharren banner

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, abenduak 4

Merkataritza eta Enplegu zinegotzi Igor Salazar, eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero Arabako Bonsai Elkartearen VI. Erakusketa-Lehiaketan izango dira 10:00etan, Europa Biltzar jauregia

Share

(Argazkiaz eguneratuta) Abiadura handiari buruzko akordioa historikotzat jo du alkateak, AHTa Gasteizera lur azpitik iristea bermatu eta azkartzen duelako

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

 

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak oso positibotzat jo du Kongresuan Euskal Taldeak eta Espainiako Gobernuak Abiadura Handia Gasteizera iristearen inguruan lortutako akordioa. “Gaur egun historikoa da, Abiadura Handiko Trena gure hirira ahalik eta azkarren iristeko urrats garrantzitsua ematen dugulako. Gainera, trena gure udalerrira lurpean sartzeari buruzko edozein zalantza argitu da. AHTa Gasteizera iritsiko da, ahalik eta lasterren iritsiko da eta lur azpitik egingo du”, esan du Gasteizko alkateak. Gorka Urtaranek lurperatzearen proiektua “estrategikotzat eta funtsezkotzat jo du” Gasteiz eta Euskadiren etorkizunerako. “Abiadura handiak etorkizunarekin eta Europako hiri garrantzitsuenekin lotuko gaitu modu hoberenean”, esan du alkateak.

Akordio honi esker, euskal erakundeak arduratuko dira Abiadura Handiko Trenaren Arabako hiribururako sarbideen obra zibila egiteaz, Arkauteko Loturaz eta tren-geltokia lurperatzeaz kudeaketa-mandatu baten bidez.

“Oso pozik gaude EAJk eta Gobernu Zentralak lortutako akordioarekin. Denbora asko daramagu hau lortzeko lanean, eta azkenean lortu dugu”, adierazi du Gorka Urtaranek. “Gure hiriaren etorkizunerako eta Euskadiren etorkizunerako oinarrizko lorpen handia da. Eta euskal erakundeek AHTa iristeko eta lurperatzeko lanen ardura izatea da proiektua ahalik eta arinen, justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe, aurrera aterako dela bermatzen duen berme handiena”.

Alkateak, gainera, goraipatu du “proiektu honek ez gaituela bakarrik kanpokoekin lotzen”, baizik eta “gure barne konexioak hobetzeko aukera” ematen digula. Izan ere, “tren sarearen lurperatzeak 3,6 km askatuko ditu hirigunean, Gasteizen garapenean estrategiko izango direnak”.

 

Share

Gazte Klik Klak lehiaketan Laura García, José Martínez, Ania Rio eta Patricia Rodríguez saritu dituzte

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gazte Klik Klak lehiaketaren XIII. edizioan, 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzako argazki eta bideo digitalen lehiaketan, 18 pertsona aurkeztu dira. Guztira 21 serie (66 argazki) eta bi bideo aurkeztu dira.

Edizio honetako gaia “Utopia” izan da, hirian, ekologian, giza harremanetan, teknologian…

 

Hauek dira irabazleak:

 

  • Laura García Montero. Serie fotográfica “Naturaleza entre violetas”.
  • José Martínez Sanjurjo. Video “Beauty of Vitoria-Gasteiz”.
  • Ania Rio Taracido. Serie fotográfica “Beste begiradak”
  • Patricia Rodríguez García. Serie fotográfica “Contenido sensible”.

 

 

 

Hauek dira hautatutako pertsonak:.

 

  • Óscar Golpe Manuel. Serie fotográfica “Bizitza kanpoan”.
  • Mario Lezaun Pérez. Serie fotográfica “There is a way to scape”.
  • Beñat Gorostidi Basurto. Serie fotográfica “Ekosistema” y “Orekan dantzan”.
  • Ania Rio Taracido. Serie fotográfica “Argiak ta ilunak”
  • June Aburto Mentxaka. Serie fotográfica “Aukera”.
  • Ane Galindo Gorriti. Fotografía “Familiaren harremanan falta”.
  • Patricia Rodríguez García. Serie fotográfica “Erroa”.
  • Guillermo Quesada Blánquez. Serie fotográfica “Utopias marinas”.

 

 

 

Erakusketa abenduaren 23an inauguratuko da ZAS  lokal berrietan (San Anton plaza).

Share

Nazioarteko kirolari handiek eta 1.000 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute Eguberrietako Nazioarteko Gimnasia-galan

“Txikienentzako festa bat, olinpiar txapeldun batekin, Espainiako txapeldun batekin edo olinpiadetan parte hartu duten kirolariekin aurrez aurre egokitzeko aukera izango baitute.” Horrela deskribatzen du Arabako Gimnasia Federazioak datorren larunbatean, abenduak 11, Mendizorrotzeko kiroldegian izango den 2021eko Eguberrietako Nazioarteko Gala. Osasun-agintariek ematen dituzten jarraibideen mende egongo da ekitaldia, eta beren ikastetxe, kiroldegi edo klubetan hainbat gimnasia-modalitate ––erritmikoa, aerobikoa, emakumezkoen artistikoa eta gizonezkoen artistikoa–– lantzen dituztenak 40 taldetako 1.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute bertan.

Arabako gimnasia-diziplina guztiek izango dute beren lekua, Estatuko eta nazioarteko kirolari handiekin batera, harrobiak aukera izan dezan ––iazko gala egitea ezinezko izan zenez gero––, bere idoloekin une bat partekatzeko. Aurten, berrikuntza gisa, gimnasia egiten duten helduen eskolak ere bertan izango dira, eta orobat aurreikusi da parkour erakustaldia bat.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valek, Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urrestik eta Arabako Gimnasia Federazioko presidente Antonio Estébanezek aurkeztu dute gala. Livia Lópezek bereziki eskertu du federazioak gala hori berreskuratzeko eta gimnasia bezalako tradizio handiko kirol batean eguneroko jarduera bultzatzeko egiten duen lana. “Ekitaldira joatera animatzen ditugu herritarrak, gure gimnastek egiten duten lan ikaragarria ikusteko aukera izango baitugu erakustaldietan. Behar diren segurtasun-neurri guztiak hartuko direla bermatzen delarik, mundu guztia gonbidatzen dugu gure txikiei eta Gasteizera iritsiko diren izar handiei jarraitzera”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotziak.

Parte hartzaileen zerrendan nabarmentzekoa da Victoria Aksenovak eta Kirill Startsevek osatzen duten errusiar bikote mistoa, bi bider gimnasia akrobatikoko munduko txapeldun izana, eta sei bider Europako txapeldun. Beti-Aurrera taldeko Teresa Gorospe ere bertan izango da. Gizonezkoen gimnasia erritmikoko selekzio nazionaletik Nicolau Mir eta Thierno Diallo etorriko dira, biak ere Tokioko 2020ko olinpiadan izandakoak. Emakumezkoen gimnasia artistikoko selekzio nazionaleko ordezkari bat ere izango da, Ana Pérez, lau urtez Espainiako txapelduna, besteak beste. Horrekin batera, gimnasta lokalen ordezkaritza zabala izango da.

Sarrera doakoa eta librea izango da, edukiera bete arte. Ekitaldi hasieran, gorazarre egingo zaie Teresa Gorospe eta Salma Solauni, biak ere aurtengo Munduko Gimnasia Erritmiko Txapelketara deituak izan baitira.

Share

Atzeratu egin da ButaKa Txikia ziklorako eta Iradier Arenako Haur Ikuskizunen Erakustaldirako sarreren salmenta

Sarrerak erosi nahi izanez gero, abenduaren 18an jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera

 

Kultura Zerbitzuak erabaki du atzeratu egingo duela Iradier Arenako ikuskizunetarako eta ‘Butaka Txikia’ programarako sarreren salmenta, Gabonetarako kultur programazioaren barruan antolatuak.

Sarreren salmenta abenduaren 9an eta 11an hasiko zen, baina Eusko Jaurlaritzak osasun-larrialdiko egoera dekretatu duenez, LABIk kultura-ekitaldiei, eta, bereziki, edukierei dagokienez hartzen dituen neurri zehatzak ezagutu arte itxarotea erabaki da.

Ikuskizunetarako sarrerak erosi nahi izanez gero, abenduaren 18an jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera.

 

Programazioa

Haur Ikuskizunen Erakustaldia abenduaren 26an (igandea) hasiko da, Gasteizko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren ‘Botxintxak ere dantzan’ proposamenarekin. Bi emanaldi egingo dituzte, 12:00etan eta 19:00etan. Astelehenean, hilak 27, Tortell Poltrona konpainiaren txanda izango da: ‘¡Qué bestia!’ pailazo-ikuskizuna eskainiko dute, 19:00etan.

Bestetik, Indigo Jazz taldeak kontzertua emango du abenduaren 29an (asteazkena), 19: 00etan, ‘El pequeño país del swing’ izenburuaren pean, eta Ene Kantak-ek ‘Dantzan’ ikuskizuna eskainiko du hilaren 30ean (osteguna), Gasteizko Erraldoien Konpartsaren parte-hartzearekin.  Bi emanaldi egingo dituzte, 12:00etan eta 19:00etan.

Ikuskizunetarako sarrerak abenduaren 18an, 10:00etatik aurrera, jarriko dira salgai udalaren web orrian.

Gainera, Butaka Txikia programak zortzi haur-ikuskizun eskainiko ditu hiriko gizarte-etxeetako antzoki eta aretoetan, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean.  Sarrerak abenduaren 18ko 10:00etatik aurrera erosi ahal izango dira, gizarte etxe edo kirol instalazioetan —pilotalekuetan izan ezik—, baita internetez ere.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

Share

Aiora Jaka eta Miren Agur Meabek haur eta gazte literaturaren itzulpenik hoberenentzako ‘Vitoria-Gasteiz’ sariak jaso dituzte

 

Udalak Euskararen Nazioarteko Egunean eman ditu sariak

Talde Politikoek erakunde adierazpena irakurri dute Oihaneder Euskararen Etxean

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, Udalak sustatutako haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako ‘Vitoria-Gasteiz’ sariak banatu dira, Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldi batean. Aurtengo irabazleak, sarien 18. edizioan, Aiora Jaka eta Miren Agur Meabe izan dira, ‘Onin eta Sorginen Sekretua’ eta ‘Zirkulu Gorrimina’ obrengatik. Bide batez, Udalbatza osatzen duten talde politikoen bozeramaileek Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri dute ekitaldian.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diploma eman die bi itzultzaileei, sari hau aurretik ere irabazitakoak direnak. Ibon Martinen ‘Onin y El Secreto de las Brujas’ liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Aiora Jakak, eta 9.000 euro eskuratuko ditu. Miren Agur Meabek, ordea, César Mallorquíren ‘El Círculo Escarlata’ren itzulpenagatik lortu du saria. 9.000 euro eskuratuko ditu ere.

Aiora Jakaren kasuan ‘Onin eta Sorginen Sekretua’ k oso “hizkuntza landua erabiltzeagatik” eta, besteak beste, “obra osoan zehar erritmo bizia lortzeagatik” jaso du saria. Epaimahaiak “testuaren ahozko literaturarekiko hurbiltasuna ere baloratzen du”, baita Zugarramurdiko artzainen euskarara hurbiltzeko ahalegina ere.

Miren Agur Meaberen ‘Zirkulu gorrimina’, berriz, bere hizkuntzaren naturaltasunagatik nabarmentzen da. Epaimahaiaren arabera, “lanak literatur aipamen ugari ditu, beti ongi ekarriak”. Onomatopeien erabilera ere deigarria eta aproposa da.

Guztira 16 lan aurkeztu dira aurten Vitoria-Gasteiz Sarietara. 10 haur literaturaren kategorian. Hauek izan dira epaimahaikoak Karlos del Olmo Serna, Aintzane Atela Gurrutxaga,  Ainara Ruiz Benito, Miren Ibarluzea Santisteban eta  Karlos Zabala Oiartzabal. Bai Aiora Jaka eta baita Miren Agur Meabe aurreko urteetan ere sarituak izandakoak dira.

 

Adierazpena

‘Vitoria-Gasteiz’ sariak banatzearekin batera, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri da ekitaldian. Alkateaz gain, euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai eta talde politiko guztien ordezkariek hartu dute parte: Igor Salazar (PSE-EE), Xabier Ruiz de Larramendi (EH Bildu), Elisabeth Ochoa de Eribe (PP) eta Gema Zubiaurre (Elkarrekin).

2020KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA

DECLARACIÓN INSTITUCIONAL DÍA INTERNACIONAL DEL EUSKERA

 

 

Share

Udal haur-eskolek “Comer, crecer, disfrutar y aprender” izenburuko hitzaldiak eskainiko dizkiete familiei

Abenduaren 15ean izango dira, eta izena emateko epea hilaren 8ra arte egongo da zabalik

 

Gasteizko udal haur-eskolek “Comer, crecer, disfrutar y aprender” izenburuko hitzaldiak antolatu dituzte horiek erabiltzen dituzten familientzat. Abenduaren 15ean izango dira, 16:30ean Lakuako gizarte etxeko Federico García Lorca antzokian, eta 19: 00etan Aldabeko gizarte etxeko ekitaldi aretoan.

María Manera Bassols dietista-nutrizionistak emango ditu hitzaldiak, eta lehen haurtzarorako elikadurari buruzko gomendioak eskainiko dizkie parte-hartzaileei; Medikuntza Prebentiboari eta Osasun Sustapenari buruzko masterra du, eta haurren elikaduran eta osasun publikoan aditua da.

Udalaren webgunean eman ahalko da izena, abenduaren 8ra arte (asteazkena).

Hezkuntza Zerbitzuak abian jarritako “jantoki ekologikoak” proiektuaren barruko ekintza da.

 

‘Jantoki ekologikoak’

Gasteizko udal haur-eskolek jantoki-zerbitzua dute. Udal langileek egunero prestatzen duten menua eskaintzen da eskoletako sukaldeetan, eta eskoletako hezitzaileek berek eskaintzen diete haurrei.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzua kezkatuta dago egungo elikadura-arazoengatik, esaterako, elikagai findu, azukre eta proteina gehiegi jaten delako eta ez delako fruta, barazki eta zereal integral nahikorik hartzen. Horregatik, haur-eskoletan eskaintzen den menua berritzea pentsatu zuen.

2018-2019 ikasturtean, eskoletan eskainitako menuak eraldatzeari ekin zitzaion, kalitatezko produktuz (ekologikoak, freskoak, sasoikoak) osatutako menua izan zedin, haurrek janariarekin harreman ona izan zezaten eta jantoki-ereduaren iraunkortasuna berma zezan.

“Udal haur-eskoletako jantoki-zerbitzua erabiltzen duten haurrei elikadura osasungarria eta askotarikoa eskaini nahi diegu, ingurumenarekiko errespetuzkoak diren janari nutritiboetara ohitzeko aukera izan dezaten, azken helburua izanik haur horiek bizitza osoan zehar dieta egokia hartzeko aukerak handitzea. Elikagai fresko, ekologiko eta sasoikoak oinarri dituen dieta“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Menu berriak Menjadors Ecologics-ek egin zituen, Hezkuntza Zerbitzuarekin koordinatuta eta nutrizio- eta dietetika-gomendio zientifikoetan oinarrituta, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekiko lankidetzari esker landu ahal izan ziren.

 

Lehengaiak

Menu berri horiek 2019ko irailean ezarri ziren eskoletan. Harrezkero, honako hauek osatzen dute janaria: sasoiko barazkiak (100 gramo egunero, sasoi bakoitzeko hainbat mota sartuz, eta askotariko kolore, testura eta zaporeak dituzten platerak eginez; karbono-hidratoak (pasta integralaz eta patataz gain, beste zereal integral batzuk ere eskainiz, hala nola artatxikia edo artobeltza); animalia-proteina (oilaskoa eta txahalkia, eta arrain freskoa), baina lehen eskaintzen zena baino kantitate txikiagoan, eta landare-proteina (garbantzuak, dilistak eta babarrunak). Menuak egiteko oliba-olio birjina estra baino ez da erabiltzen.

Egitasmoa behar bezala abian jartzeko, prestakuntza eskaini zitzaien ikastetxeetan egunero janaria prestatzen duten sukaldeko langileei eta elikadura-prozesuetan haurrei laguntzen dieten hezitzaileei. Era berean, bi informazio-hitzaldi eskaini ziren udal haur-eskoletan matrikulatutako haurren familientzat.

 

Iraunkortasuna

“Jantoki ekologikoak” proiektua osatzeko eta jantoki-eredua ahalik eta iraunkorrena eta osasungarriena izan dadin, menuetan erabiltzekoak ziren elikagaien hornidura-kontratuaren lizitazioa berrikusi zen, jasangarritasuna kontuan hartzen duten balioespen-irizpideak txertatuz (esaterako, hurbileko produktuak izatea, ontzi berrerabilgarriak baliatzea eta elikagaien garraiorako CO2 gutxiago isurtzea).

Menu berriak eskaintzen hasi zirenetik bi ikasturte igaro direlarik, eta kontuan hartuta gaur egun udal haur-eskolak erabiltzen dituzten familia gehienek ez zituztela lehen hitzaldiak jaso, beste bi hitzaldi emango dira lehen haurtzaroko elikadurari buruz.

Informazio gehiago

comer,crecer,disfrutar,aprender dossier

 

 

 

 

 

Share

Elkarteei materiala mailegatzeko zerbitzuaren kontratua onetsi du Udalak, 142.000 euroan

Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren Sailak eskatuta —Borja Rodríguez da horren buru— 2022an, 2023an eta 2024an hiriko elkarteei materiala mailegatzeko zerbitzua emateko kontratua onartu du Gasteizko Udalak, 142.606,81 euroan, BEZa barne; Prismaglobal Servicios y Proyectos SL enpresa arduratuko da horretaz.

Gasteizko Udalaren Herritar Erakundeen Udal Erregistroan izena emanda dauden elkarteei zuzenduta dago materiala mailegatzeko zerbitzua, eta hainbat material mailega dezakete horiek: ikus-entzunezko ekipoak, ekipamendu informatikoak, sorgailuak eta beste —mahaiak, aulkiak, karpak eta abar— beren jardueretarako.

Zerbitzua erabiltzeko, tramiteak betetzeaz gain, diru-kopuru jakin bat ordaindu behar dute elkarteek mailegatzen duten material bakoitzeko, baita bermea jarri ere.

Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguezek nabarmendu duenez, zerbitzu hori “erabilgarria eta zentzuzkoa da“; izan ere, “hiriko elkarte-ehuna osatzen duten erakundeei jarduerak garatzen laguntzen die, ez dezaten ekipamendu garestietan inbertitu beharrik izan, horiek partekatzeko modua dagoenez gero”.

Datu praktikoak

Rogelia de Álvaro elkarteen etxean dago kokatua materiala mailegatzeko zerbitzua, Gasteizko Panama kalean. Bertan ez ezik, 945 27 15 68 edo 618 42 76 20 telefonora deituz ere egin daiteke eskaria, edo posta elektronikoz: Prestamos.asociaciones@vitoria-gasteiz.org.

Materiala noiz jaso nahi den, gutxienez bi egun lehenago egin behar da erreserba.

 

Share