Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdia (2017-09-04)

2017ko Nazioarteko Magia galaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Magialdiaren antolakuntzako José Ángel Suárez eta Jon Oskoz

Eguna: astelehena, irailak 4

Ordua: 11.00.

Lekua: Principal antzokia.

 

 

Share

Hedegile kaleko enpresa-zentroko lokalak alokatzeko lehenengo deialdia onetsi du Urtaranen gobernuak

Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak Hedegile kaleko 70.ean dagoen enpresa-zentroko lokalak alokairu-erregimenean esleitzeko lehenengo deialdia. Film Office-k okupatzen zituen lehenago lokal horiek, oso-osorik. Orain, berriz, erabilgarri dagoen espazioaren parte bat banaka erabiltzeko hiri lokal izan daitezen egokitu da —nagusiki ikus-entzunezkoen munduarekin zerikusia duten enpresentzat—. Film Office-k aldaketarik gabe eutsiko dio bere jarduerari.

“Ekimen horren bitartez, sorkuntza-industrien garapena eta, oro har, ekintzaileen lana erraztu nahi dugu Gasteizen. Bultzada bat eman nahi diogu berebizikotzat jotzen dugun sektore horri, gazteentzako kalitateko enplegua sortzen baitu, hirira talentua erakartzeko aukera ematen, eta gizarte bezala aurrera eginarazten baitigu”, azaldu du alkateak.

Otsailera arte 21 Zabalgunearen jabetzakoak ziren instalazio horiek, eta horrek galarazi egiten zuen deialdia egin ahal izatea eta, hartara, diru-laguntza tarteko, lokal horiek alokairuan hartzeko aukera eskaintzea. Orain, Film Office-ren lokalak doan laga zaizkiolarik Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailari, lehenengo deialdi hau egiteko aukera egokitu da.  67,07 euro eta 87,04 euro arteko alokairu-prezioak ezarri dira, diru-laguntza tarteko, lokalen azaleraren arabera, BEZ eta gastu arruntak barne.

Share

Lasarteko atean, Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera bitartean, bidegorri berria egingo dela iragarri du alkateak

 

 

 

 

 

 

 

Udalak Lasarteko atean —Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera bitartean, ia Mendizorrotzeraino— bizikletentzako bide bat eraikitzeko 137.036,59 euro inbertituko dituela iragarri du gaur goizean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratazio-dosierra, eta bi hilabeteko epean egingo dira, esleitzen direnetik. Esku-hartze horren bitartez, bizikletentzako bide jarraitu eta seguruen sarea garatzen segituko du Gasteizko Udalak, eta bizikletaren erabilera sustatzen, hiri-garraiobide iraunkor gisa. Gaur egun, 158 kilometro inguru osatzen dute Arabako hiriburuko bizikletentzako bideek —bidegorriak, pedalak dituzten ibilgailuak ibil daitezkeen espaloiak, pistak, zidorrak eta bizikletek tranbiarekin edo autobusekin nahiz ibilgailu motordunen trafikoarekin eta oinezkoekin partekatzen dituzten bideak batzen direlarik—.

Lasarteko ateko bidegorri berria interes berezikotzat jotzen da, alkateak adierazi duenez;  izan ere, “bizikleta ugari ibili ohi da tarte horretan, eta leku berezia da. Hiriaren iparraldea Mendizorrotzeko igerilekuekin eta Estadioarekin lotzen baitu, eta Mendizorrotzeko futbol-zelaiarekin, Lasarteko institutuarekin, Olabide ikastolarekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin”. Gaur egun, Lasarteko ateko tarte hori, Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera artekoa, estua da, kalearen alde horretan Gure Txokoa eraikinaren lursailaren mugek hautsi egiten baitute lerrokadura, eta etena sortzen, bizikletentzat beste aldean dagoen bidegorri zaharkituan. Bestalde, Sabaterrabiden, Lasarteko atearen eta Amadeo García de Salazar plazaren artean, ez dago bizikletentzako biderik, Mendizorrotzera aldera.

 

 

 

 

 

 

Egoera hori aldatzeko, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak bi noranzko izango dituen bizikletentzako bidea proiektatu du, 2,20 eta 3 metro arteko zabalera aldakorra izango duena, zati bat galtzadan kokatua eta beste bat espaloian, betiere zintarriaren ondoan, zein Gure Txokoaren lursailaren ondotik joango baita. Horretarako, atzera eramango da lursailaren itxitura, eta zolatu egingo da libre geratzen den lekua. Era berean, Lasarteko atearen mendebaldean dagoen aparkaleku-lerroa ekialdera aldatuko da. Bidegorri berria egiteko lekua uzteko aukera emango du horrek. Salbaterrabiden, berriz, aparkaleku batzuk kenduko dira, bizikletentzako bideak modu naturalean jarrai dezan Mendizorrotzeraino. “Galtzadako bidegurutzeak seguruago egiteko ere hainbat neurri hartu dira, hala nola tarteko babeslekuak jartzea, eta bidegurutze horiek oinezkoentzako pasabideen ondotik egitea. Halako pasabide berri bat ere egingo da”. Farolak eta hustubideak ere mugituko dira, oztopoak kentzeko. Era berean, Gure Txokoaren lursaileko hormatxoaren ordez antzeko beste bat jarri beharko da, baina taxuketa berriaren arabera lerrokatua.

Share

Duela hamar urtetik hutsik dagoen Florida kaleko orubea berriro erabiltzeko beste pausu bat eman du Udalak

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko xedapen-aldaketaren proiektua onetsi du udal gobernuak, Erdialdeko Masterplaneko jarduera hori ahalbidetzeko

HAPOren egiturazko xedapen-aldaketaren proiektua onetsi du gaur udal gobernuak, Florida kaleko 53.ean dagoen lursaila bizitegirako kalifikatzeko, ezinbestekoa baita tramite hori duela hamar urtetik hutsik dagoen orube hori berriro erabiltzeko.

Joan den martxoan onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak jabearekin —ISGA Inmuebles enpresa— hitzarmena sinatzea, lursailaren kalifikazioaren aldakuntza tramitatzeko. Orube horretan zainpeko apartamentu batzuk egitea aurreikusi zen garai batean, baina azkenean ez ziren egin, eta orain bizitegi-erabilera eman nahi zaio, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa izateko aukerarekin.

Orubea hutsik dago, duela 10 urte bertan zegoen eraikina eraitsi zutenetik, eta orain duen kalifikazio urbanistikoak ez du erabili ahal izateko aukera handirik ematen. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Plan Orokorraren xedapen-aldaketa egin ondoren, orubearen jabeek gainbalioen % 15ean parte hartzeko eskubidea emango diote Udalari; 301.149,06 euro izango dela kalkulatu da.

Udal gobernuak proposatutako Erdialdeko Masterplanaren barruan integratuta dago jarduera hori. Gasteizko erdigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko 20 ekintzatik gora biltzen ditu Erdialdeko Masterplan horrek; izan ere, 3 B-en filosofian oinarritzen da: espazio publikoak berpiztu, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitu eta  merkataritza eta ostalaritza biziberritu. Erdi Aroko hirigunetik trenbideraino doan hiri-bilbe osoan barrena banatutako jarduera-multzo bat barne hartzen du.

 

Share

Rubén Báez izango da suhiltzaileen buru aurrerantzean

Rubén Báez da, gaurtik, Suhiltzaileen Zerbitzuko burua. Azken sei urteetan lan hori egin duen Fernando González Tapia ordeztu du. Hura, berriz, lehendik zuen kabo lanpostura itzuli da.

Suhiltzaile-ofiziala da Báez. 34 urte ditu, eta 10 urte eginak ditu lehendik suhiltzaile-lanetan: zazpi inspektoreorde gisa, eta azken hirurak, berriz, arduradun operatibo gisa.

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko aginte-katearen egokitzapenaren ondorio da izendapen hori. Izan ere, hainbat hilabete darama udal-gobernuak horretan lanean, Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapateroren bitartez.

 

 

 

 

 

Share

Udal-igerilekuetako sorospen- eta botikin-zerbitzurako kontratu berria esleitu du Udalak

2,9 milioi euro baliatuko ditu horretarako, hurrengo bi denboraldietan

2017ko urriaren 1.etik 2019ko irailaren 30era arteko aldian udal-igerilekuetako sorospen- eta botikin-zerbitzua emateko kontratu berria esleitu du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. BPXPORT Kirol Zerbitzuak enpresa arduratuko da zerbitzu horretaz, 2,9 milioi euro pasatxoko aurrekontuarekin.

Hamabi udal-instalaziotan eskainiko da esleitu den zerbitzua:

  • Mendizorrotzeko eta Gamarrako kirol-esparruetako igerileku eta bokitinetan.
  • Aldabe, Iparralde, Judimendi, Lakua, Hegoalde, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetako igerilekuetan.
  • San Andres eta Abetxukuko kiroldegietako igerilekuetan.

Enpresa esleipendun berriaren zereginen barruan hauek sartzen dira: erabiltzaileen segurtasuna zaintzeaz gain igerilekuen erabilera egokia kontrolatuko duen sorospen-zerbitzua planifikatu, kudeatu, kontrolatu eta ebaluatzea.

Horrez gain, sorosleek artatuko dituzten igerileku estalietako botikinetako material sanitarioa eta hornidura jarri beharko du, eta udako kanpainak iraun bitartean, Erizaintzan graduatutako langileak, Mendizorrotza eta Gamarrako botikinetan.

5 + 11 Fundazioa

Era berean, 5 + 11 Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du Gobernu Batzarrak, kirol sustapenerako jarduerak gara ditzan —bai oinarriko saskibaloia sustatzeko, bai bi sexuetako haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak bideratzeko—.

2016-2017 denboraldirako diru-kopurua 142.700,00 eurokoa izango da.

Bestalde, yoga eta tai-ji programa esleitu zaio Kulturbide Araski Barca aldi baterako enpresa-elkarteari, 2017 eta 2018 urteetarako, 245.098 euroko aurrekontuarekin.

Share

AGLE elkartearekin bi hitzarmen sinatzea onetsi du udal-gobernuak, programa sozialak finantzatzeko

66.000 euro bideratuko ditu Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Arabako Gizarte Laneko Elkartearekin —AGLE— bi hitzarmen sinatzera, Elikagaien Bankuari laguntzeko eta Loremaitea zerbitzua garatzeko.

Loremaitea programak 40.000 euro jasoko ditu. Nahikoa baliabiderik ez duten guraso bakarreko adingabe eta familiei lagundu ahal izango die horrekin AGLEk 2017an, laguntza sozialerako sarerik ez dutenei, edo genero-indarkeriaren biktima direnei.

Lan- eta prestakuntza-ordutegia eta familia-bizitza uztartzea ezinezko zaielako seme-alabak artatzerik ez duten aita edo amen kasuan ematen du laguntza zerbitzu horrek; izan ere, modu negatiboan eragin dezake horrek familia horien gizarte-inklusiorako eta autonomia-gaitasuna hobetzeko lanean.

Doako zerbitzua da Loremaitea, erabiltzen duten familientzat, eta 4 hilabetetik 12 urtera bitarteko haurrak artatzen ditu —astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 8:00etatik 17:00etara—. “Aldi baterako konponbidea eskaintzen die familia horiei, beren autonomia-maila handitu eta egoera ekonomikoa hobetu dezaten, eta denbora bat igaro ondoren laguntza horren beharrik izan ez dezaten”, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Bestalde, 22.000 euro jasoko ditu AGLEk, Arabako Elikagaien Bankura jo lezaketen familien balorazioak egin eta, hartara, entitate horrek egiten duen janari-banaketa modu eraginkor eta profesionalean ordenatzeko 2017ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era egiten ari den lanaren truke. Urritik aurrera, Udalaren gizarte-zerbitzuetako langileak arduratuko dira ebaluazio horiek egiteaz.

Gizarteratze-ikastaro lagunduak

AGLErekiko hitzarmenak onesteaz batera, egoerarik txarrenean dauden pertsonen gizarte-inklusiorako ikastaro lagunduak egiteko bi kontratu esleitu ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Lehenengo ikastaroan garbiketaren sektoreko berariazko ezagutzak irakatsiko zaizkie parte-hartzaileei —243 prestakuntza-ordu—. Garbinguru, Servicios Medioambientales enpresari esleitu zaio.

Bigarren ikastaroa, berriz, eraberritze-lanen ingurukoa izango da, eta eraikuntzaren esparruko nahiz trebetasun sozio-pertsonalen arloko prestakuntza emango du. Beraiki99 enpresa arduratuko emateaz, 75.054 euroko aurrekontuarekin.

 

Share