Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2017-10-02)

– Prentsaurrekoa. IGIren agendaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia eta IGIko lehendakaria, eta Gorka Belamendia, Atariaren koordinatzailea.

Eguna: astelehena, urriak 2.

Ordua: 10.30.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————

– Aingeru Zaindarien eguneko ospakizuna.

Parte-hartzaileak: Carlos Zapatero, Herritarren Segurtasunaren zinegotzia; udal talde politikoen, administrazio publikoen eta segurtasun indar eta kidegoen ordezkariak, eta beste agintari batzuk.

Eguna: astelehena, urriak 2.

Ordua: 11.00.

Lekua: Agirrelandako instalazioak.

—————————————————————-

– Abetxukuko zubi zaharraren egokitze hidrauliko eta arkitektonikoaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea; Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, eta  Ernesto Martínez de Cabredo, URA-Uraren Euskal Agentziaren zuzendaria.

Eguna: astelehena, urriak 2.

Ordua: 11.30.

Lekua: Abetxukuko zubi zaharra (Zadorra hiribidea).

———————————————————————–

– Prentsaurrekoa. Urban Commerce 2017 jardunaldiaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosa.

Eguna: astelehena, urriak 2.

Ordua: 12:00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

 ——————————————————————-

Udalaren harrera Lituania, Italia, Errumania eta Turkiatik etorritako zenbait ikasleri, Erasmus+KA2 proiektuaren barruan EHUko Ingeniaritza Eskolan ari baitira.Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Hezkuntzako zinegotzia, : Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosa eta proiektuan parte hartzen duten ikasle eta irakasleak.
Eguna: astelehena, urriak 2.
Ordua: 18.30.
Lekua: udaletxeko harrera aretoa.

——————————————————————

– Udal Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiak eta Juanjo Menaren hitzaldia.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea; Estíbaliz Canto zinegotzia, Musika Eskolaren lehendakaria, eta Juanjo Mena, orkestra zuzendaria.

Ordua: 19.00:  Ángel López Luzuriagaren “25. urteurrena ilustratzen” lanaren aurkezpena; 19.30: “¿Cómo surge una persona creativa en la sociedad actual?”, Juanjo Menaren hitzaldia.

Lekua:  Luis Aramburu Udal Musika Eskola.

 

 

Share

Astebururako aurreikuspenak

Irailak 29, ostirala

-Peio López de Munain, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzia, La Fundación-en “Todos contra el Bullying” XV. Bizikidetza sarien banaketan izango da, 18:00etan, Europa biltzar jauregian.

Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia, Gasteiz On pasarelako Moda Sortzaile Gazteen topaketako bilduma onenarentzako sarien banaketan izango da, 20:30ean, Artiumen.

 Irailak 30, larunbata

 Nerea Melgosa, Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzia, Arabako Zeliakoen Elkarteak antolatuko Zeliako Bidaiarien IV. Jardunaldietan izango da; 10:30etik aurrera, Europa biltzar jauregian.

 Urriak 1, igandea

Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Aurrera eta Alavés Gloriosas emakume-taldeek jokatuko duten futbol-partidan izango da, Olaranben, 11:00etan; Bigarren Mailako ligako partida da.

– Carlos Zapatero, Herritarren Segurtasunaren zinegotzia, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko jardueretan izango da, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak turismorako estrategia berria zehaztuko du, sektorearen, talde politikoen eta hirian ekitaldien kudeaketan diharduten profesionalen laguntzarekin

2018-2020rako Turismo Gida Planak aurretik landutako diagnostikoaren berrikuspena eta ekarpenak eta proposamenak jasoko  ditu

 Gasteizek proiektu turistikoak planifikatuz eta eraginkortasunez garatzea da helburua

Nerea Melgosa zinegotziak iragarri duenez, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak  2018-2020rako Turismo Gida Plana lantzeko lehiaketara deitu du, datozen urteetan hiria promozionatzeko estrategia eta ekintzak zehaztearren.

Turismo Plan berria sektoreko entitateekin batera —Turismo Mahaian ordezkatutakoak— landuko da, udal talde politikoen laguntzarekin eta hiriko ekitaldien udal kudeaketarekin lotutako hainbat teknikariren ekarpenekin.

“2015-2017rako plan estrategikoaren ebaluazioaren ondorioak, Sailak egindako diagnostikoa zein hiriko agenteekin izandako bileretan jasotako iritziak kontuan hartuz, arloa antolatu nahi dugu, eta jarraitu beharreko estrategiak lehenetsi, hiriak  dituen erronka berriei eraginkortasunez eta planifikatuz erantzuteko. Gasteiz erreferentea da turismo-helmuga arduratsu gisa, eta ildo horretatik hobetu beharra dugu, aldi berean beste balio erantsi batzuetan eta alderdi indartsuetan bermatuz: kultura-ondarea, kirol ekitaldiak hartzeko ahalmena, hiri inklusiboaren eredua eta biltzar jardueren aldeko apustua”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Turismo Gida Plana hiru forotan landuko da: politikoen lan-taldea, sektoreko entitateekiko lan-taldea, eta hiriko ekitaldien kudeaketari buruzko lan-talde teknikoa.

Plana hiru fasetan garatuko da: landutako turismo diagnostikoa berrikustea, ekarpenak eta proposamenak jaso eta lehenestea, eta plana itxi eta taxutzea, hiru foroen lana batuz.

Proiektua kontratatzeko aurrekontua 21.500 euro da, eta 4 hilabeteko epea emango da gauzatzeko, kontratua esleitzen denetik.

 

Share

Udalak jolaslekuak moldatu eta berriak sortuko ditu nekazaritza-eremuan, 72.152 euro inbertituz

Gasteizko Udalak 72.152,13 euro inbertituko ditu nekazaritza-eremuan jolaslekuak moldatu eta berriak sortzeko. Zehazki, herri hauetan: Oreitia, Jungitu, Ilarratza, Martioda, Otobarren eta Berroztegieta. “Kontzejuek Nekazaritza Eremuko Kontseiluan eskatutako neurria zen”, azaldu du Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Azken urteetan, herri batzuetako jolaslekuak hondatu egin dira. Otobarren, Ilarratza eta Berroztegietan, esaterako, kendu behar izan dituzte hori dela kausa.  Martiodan, berriz, ez zegoen umeentzako jolaslekurik. Esku-hartze honen bidez, Udalak herriekiko konpromisoa berresten du.

Gainera, Udalak 16.384 euro jarriko ditu Gometxan herriko sarbidea eta bide-segurtasuna hobetzeko, Arabako Foru Aldundiak horretarako eman duen diru-laguntza baten osagarri. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du lan horiei guztiei ekiteko behar den partidaren aldakuntza.

Share

Gasteizek Juan José Poyo maisuaren liburutegiko 23.300 aletik gora jaso ditu dohaintzan

Tokiko Gobernu Batzarrak Juan José Poyo Gonzálezen liburutegiaren legatua onetsi du, Gasteizko Udalari utzi baitzion oinordetzan, eta maisuaren eskuzabaltasuna eskertu du, bizitzan zehar bildu zituen letra, zientzia eta arte alorretako 23.175 aleak udal erakundearen eskuetan geratuko baitira. Joan den martxoaren 8an hil zen maisua, 85 zituelarik, eta testamentuan Gasteizko Udal Artxiboari dohaintzan utzi zion liburutegia; orain ofizialdu da dohaintza hori. Bereziki gomendagarria da espezialistek kontsultatzeko, kultura unibertsaleko gai ugariri buruzko bibliografia zabala eskaintzen baitu.

Testamenduaren arabera, bilduma 600.000 euroan balioetsi da, eta lurraldeko liburutegi pribatuen arteko handiena dela jotzen da; 20 sekziotan banatuta dago, eta besteak beste, entziklopedia britainarrak, italiarrak eta alemanak barne hartzen ditu, jatorrizko hizkuntzetan, eta Diderot zein D’Alambert-en facsimile-edizioak.

Alfaron (Errioxa) jaioa, Juan José Poyok 25 urtez eman zituen klaseak —gehien bat Hizkuntzakoak— Araneko Ignacio Aldecoa ikastetxean, erretiroa hartu zuen arte.

Share

Urarteko baratze ekologikoak erabiltzeko deialdia onartu da

 

Udalak onetsi egin du gaur pertsona fisikoei Urarteko (Abetxuku) aisialdiko udalaren hiri-baratzak erabiltzeko baimena emateko deialdi publikoa. Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman dio halako ekimenari, hiri-baratzeak Natura hirian bertakotzeko oinarrizko elementu direlakoan, baita pixkanaka autoekoizpen-estrategiak eta iraunkortasunaren inguruko sentsibilizazioa garatzen joateko ere. “Mota horretako ekimenei esker da posible neurri handi batean gure gizartean oinarrizko kontzeptuak zabaltzea, besteak beste, elikadura-burujabetza, tokiko produktuak, elikadura osasungarria eta osasunerako hezkuntza”, Iñaki Prusilla Ingurumen zinegotziaren ustez.

Abetxukuko udalaren aisialdiko baratzeek 225 lur-zati dituzte partikularrek denbora baterako baimena emanda erabil ditzaten. Deialdiaren oinarriak eskuragarri daude udalaren web-gunean, eta baratzak gozatzeko interesa dutenek deialdiaren xehetasunen berri izan dezakete 010ean eta San Martineko udal bulego

Share

Udalak 180.000 euro inbertituko ditu Mendozako Taldearen kalean, Biasteriko Taldearen kalean eta Etxezarra kalean zoladura hobetzeko

 Gasteizko Udalak 180.000 eurotik gora inbertituko ditu Mendozako Taldearen kalean eta Biasteriko Taldearen kalean zoladura eraberritzeko, baita Etxezarra kalean ere, Fontetxako Gazteluaren kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen artean. Gobernu Batzarrak bi kontratazio-dosier onetsi ditu gaur goizean lan horiei ekiteko. Lehenak Mendozako Taldearen kalea eta Biasteriko Taldearen kalea (Mendozako Taldearen kalearen eta Aguraingo Taldearen kalearen artean) barne hartzen ditu, eta 83.779,77 euroko aurrekontua du. Bigarrena Etxezarra kaleari dagokio, eta 96.335,15 euroko aurrekontua du.

Batean zein bestean, hautatutako enpresek hilabeteko epea izango dute lanak gauzatzeko. Lan hauek egin beharko  dituzte: oraingo zoladura kendu, bigunguneetan asfaltozko aglomeratu beroa bota, egoera txarrean dauden zintarriak konpondu eta seinale berriak jarri. Etxezarra kalean 4.690 metro koadro hartuko dute lanek.  Mendozako Taldearen kalean eta Biasteriko Taldearen kalean, berriz, 4.545 metro koadro hartuko dute orotara.

“Lan txikiak izan arren eragin handia dute esku hartuko dugun inguruetako auzokoen eguneroko bizitzan. Izan ere, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren helburua da Gasteizek kale erakargarri, eroso eta modernoak edukitzea. Inguru horietan bizi diren pertsonek behin baino gehiagotan eskatu dute esku hartzeko, eta orain haien eskaerei erantzungo diegu”, nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

 

Share

Enplegua sortzeko hiru ekimenek udal gobernuaren oniritzia lortu dute

Urtaranen gobernuak hiru ekimen onetsi ditu pertsona tituludunen enplegagarritasuna sustatzeko eta esperientziarik ez duten gazteak lan-munduan txertatzeko. Zehazki, “Empleo-Araba 2017-18” eta “Hazia 23” programak garatzeko hitzarmenak onetsi ditu, baita “Genera 30” programa martxan jartzeko behar den finantzaketa ere.

Azkenari dagokionez, Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko ekitaldirako 338.800 euroko konpromiso-kreditu bat sortzea onetsi du, gazteak lan-munduan txertatzeko proiektu berria, “Genera 30” izenekoa, abiarazteko. Ekimen horren bitartez, langabezian dauden 30 urtetik beherako 75 gazte lan-merkatuan sartu nahi dira, ikasketarik eta lan esperientziarik ez duten eta oinarrizko prestakuntzan gabeziak dituzten emakumeei lehentasuna emanez. Horretarako ibilbide osoa diseinatu da, diagnostiko pertsonalarekin hasten dena, eta orientazio, prestakuntza eta praktika profesionalak barne hartzen dituena. “Genera 30” programak Europar Batasunaren 325.000 euroko diru-laguntza du (aurrekontu osoaren % 92).

Bestetik, ADSIS fundazioa,Vital fundazioa, Egibide eta Gasteizko Elizbarruko Cáritas barne hartzen dituen lankidetza-hitzarmena onetsi da, kualifikaziorik gabeko gazteei laneratzeko prestakuntza eta lehen lan-esperientzia eskaintzeko “Haziak 23” programa garatzeko. Iaz jarri zen martxan lehen aldiz programa, eta horrek aukera ematen du parte hartzen duten entitateek aurrera daramatzaten gazte-enplegurako politika aktibo guztiak koordinatzeko, xede duen taldearen benetako beharrei erantzun hurbilagoa eskaintzearren. Bigarren edizioan, “Hazia 23” programak 10.000 euro gehiago izango ditu aurrekontuan, hots, 80.000 eurotik 90.000 eurora handituko da; Vital fundazioak 40.000 euro jarriko ditu, eta Udalak, gainerakoa. Abiatu ondorengo lehenengo seihilekoan, “Hazia 23” programak 23 urtetik beherako 24 gazteri eman zien prestakuntza eta enplegua.

Azkenik, “EmpleoAraba 2017-2018” programarekin lotutako hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Horren bidez, Gasteizko Udalak bat egiten du Vital fundazioaren eta SEA Arabako Enpresarien elkartearen ekimenarekin, lan-merkatuaren oraingo eskaerei erantzuten dien prestakuntza programa bateratua garatzeko. Lankidetza horri esker, SEAk jasotzen dituen enplegu eskaeren artetik hautatutako ia 400 pertsonarekin lan egin ahalko da; pertsona horiei zail gertatzen zaie tokiko enpresek dituzten enplegu beharrak asetzea, ez dutelako prestakuntza egokirik, edo enpresek eskatzen duten esperientzia profesionala. Udalak 72.400 euro jarriko ditu ekimen hori garatzen laguntzeko.

Share

Urtaranen gobernuak Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleetatik abiaraziko ditu industrialdeak biziberritzeko obrak

Tokiko Gobernu Batzarrak Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak eraberritzeko kontratazio dosierrak onetsi ditu, hots, Ehari-Gobeuko industrialdea egituratzen duten bi kaleak. Bi jarduerek batuta milioi erdi eurotik gorako aurrekontua dute, eta horien bidez martxan jarriko dira industrialdeak biziberritzeko obrak, zeinen finantzaketa joan den uztailean onetsi baitzen GILSA sozietatearen Kontseiluan. Lanak gauzatzeko hilabeteko epea aurreikusi da, eta orotara 15.521 metro koadroko azalera baten itxura aldatuko da.

Industrialdeak biziberritzeko lehen lan horiek enpresek berek egindako eskabideei erantzun nahi  diete, zeinak Industria Mahaian eta industrialdeen berariazko eskabideak bideratzeko sortu zen Industria Postontzian azaldu baitira. Eskabideak jaso ondoren, zona ezberdinetan esku hartzeko zeuden beharrak aztertu eta lehenetsi dira, eta erabaki da Bitorialanda eta Bitoriabideari 1. mailako lehentasuna ematea.

“Horrelako inbertsioak funtsezkoak dira industriarentzat, Gasteiz hiriaren eboluzioan eta etorkizunean sektore gakoa baita. Industrialdeak biziberritu eta erakargarriagoak bihurtzeaz gain, jarduera gehiago etor dadin, Ehari-Gobeuren kasuan urte askotan hobekuntzarik izan ez duen industrialde batean esku hartuko dugu”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

Lanei esker, bi kale horien zoladura berrituko da, oso hondatuta zegoelarik zati batzuk arriskugarriak baitziren ibilgailuen trafikorako. Bitorialandan 2.068 tona asfalto berrituko dira gutxi gorabehera, 258.348 euroko aurrekontuaz. Bitoriabidean 1.984 tona asfalto berritu behar direla kalkulatu da, eta aurrekontua 247.689 euro da. Oraingo zoladura kendu, asfaltozko aglomeratua bota eta seinaleztapen horizontala berriro margotzeaz gain, egoera txarrean dauden zintarriak eta pasaguneak konponduko dira.

Aipatzekoa da bi obra-kontratu horiek klausula sozialak aplikatuz egingo direla, alegia, enpresek gizarteratze eta laneratzearen alorreko eta/edo ingurumen alorreko baldintza bereziak betetzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Ehari-Gobeuko industrialdean 300 enpresa inguru daude; Mercedes-Benz-en lantegiaren ondoan askotariko lantegi txikiak daude Alibarra eta Bitorialanda kaleen arteko etxadietan.

Share

Kirol Zerbitzuak ASPACE eta Autismo Arabarekiko hitzarmena onetsi du, haien ekintza helburuei laguntzearren

Tenis eta padel zerbitzuen kontratua ere esleitu du

Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Kirol Zerbitzuak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak bi lankidetza-hitzarmen onetsi ditu: lehena, ASPACE Araba elkartearekin, garun paralisia duten pertsonentzako jarduera fisikoak eta kirol jarduerak garatu eta sendotzeko; bigarrena, Autismo Araba elkartearekin, garapen arazo orokorrak dituzten pertsonentzako jarduera fisikoak eta kirol jarduerak garatu eta sendotzeko.

Gasteizko Udalak, Kirol Zerbitzuaren bitartez, arreta berezia eskaintzen dio dibertsitate funtzionala duten kolektiboei bereziki zuzendutako jarduera fisikorako programak sustatu eta garatzeari. Garun paralisia eta antzeko gaixotasunak dituztenen elkartea (ARABAKO ASPACE) eta Autismo Araba elkartea irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, eta horrelako jarduerak garatzen dituzte Gasteizen.

Horren haritik, Udalak 24.587,71 euro emango dizkio ASPACEri harekin sinatu duen hitzarmenaren bidez, eta 14.442,01 euro Autismo Araba elkarteari.

Tenis eta padel zerbitzuak esleitzea

Bestetik, Gobernu Batzarrak tenis eta padel zerbitzuen kontratua Sportmadness Eventos SL enpresari esleitu dio, 75.703,45 euroan, zerbitzua 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitartean eman dezan.

Share