Prentsa Oharren banner

Omenaldia frankismoaren diktadurak Araban zigortuei

Arabako Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien ekimenez frankismoaren diktadurak Araban zigortuei egin zaien omenaldian izan da Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Udalbatzako beste kide batzuekin batera. Probintzia plazako ‘In memoriam’ monolitoaren ondoan izan da ekitaldia, 19:00etan. Lore-eskaintza batekin parte hartu du Udalak.

Share

Prentsa-deialdiak (2017-09-19)

“Avanzando en el Empleo Ordinario en Euskadi” jardunaldiari hasiera ematea, EHLABE elkartearen 30. urteurrena hizpide hartuta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkateorde Itziar Gonzalo

Eguna. Asteartea, irailak 19

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

————————–

Prentsaurrekoa. ‘Lurra, Ardoa, Dantza’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Euskara, Kultura eta Kirol zuzendari Joseba Koldo Pérez de Heredia; Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu; aktore nagusi Juanjo Monago; Mulixka taldeko zuzendari eta koreografo Josu Sánchez; eta musika zuzendari eta konpositore Iñaki Palacios

Eguna. Asteartea, irailak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Gizarte Kontseiluak 2018ko ordenantza fiskalen proiektuaren gainean egindako txostenaren balorazio positiboa egin du Urtaranen gobernuak

Itziar Gonzalo Ogasuneko zinegotziak oso modu positiboan baloratu du Gizarte Kontseiluak 2018ko ordenantza fiskalen proiektuaren gainean egindako txostena, gaur goizean Ogasun Batzordean aurkeztu dena. Dokumentu horretan, gobernu-taldeak egindako proposamenen aldeko balorazioak egiten dira hainbat gaitan, hala nola Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren hobariei dagokienez, edo Udalaren kirol-instalazioen abonamenduan gazteentzako tarte murriztu bat ezartzeari dagokionez, eta orobat jotzen da justifikagarritzat zabor-tasa eguneratzeko proposamena. Gizarte Kontseiluak ordenantza fiskalen proiektuaren gaineko iritzia eman ahal izan duen lehenengo aldia da.

 

Gizarte Kontseiluaren txostenean eskatzen denaren ildotik, gertuagoko informazioa, gardenagoa, emate aldera komunikazio-kanalak hobetzearen aldeko apustua egin du Gonzalok —udal-finantzaketaren inguruko informazioa, ematen diren zerbitzuen benetako kostuaren ingurukoa, zergen bitartez jasotzen denaren ingurukoa, eta zerga, tasa eta prezio publikoen ordainketan hobariak jasotzeko aukeren ingurukoa—. “Gizarte Kontseiluak eskatzen duenari erantzuteko aukera emango diguten tresnak garatzen ari gara, eta herritarrei informazio argiagoa eta ulergarriagoa helarazteko”, gehitu du Ogasuneko zinegotziak.

 

Gizarte-etxeetako jardueren prezio publikoak eguneratzeko orduan interes sozialaren araberako irizpide berezituak aplikatzeko aukerei dagokienez, Itziar Bilbaok gogorarazi du gizarte-zerbitzuak lanean ari direla lehendik ere kolektibo ahulenei jarduera horietara sarbidea emate aldera. Horri gehitu behar zaio Udalak gizarte-etxeetan ematen diren ikastaro eta lantegiengatik jasotzen duen diruaren eta horien benetako kostuaren arteko desoreka handia (% 22), kudeaketa arduratsua egitera behartzen baitu horrek, programazioaren iraunkortasuna ahalbidetze aldera.

Share

Santa Barbara plazako obrak esleitu ditu Urtaranen gobernuak

Santa Barbara plaza eta ingurua eraberritzeko obrak esleitu ditu Urtaranen gobernuak gaur goizean.  Bost Enparantza proiektu zabalaren barruan sartzen da ekimen hori. Ferrovial Agruman eta Onaindia enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztutako eskaintza aukeratu du Tokiko Gobernu Batzarrak —% 30,50 egin du behera, eta 6.713.591,27 euroko prezioa eskaini, BEZ barne—.

“Hainbat hilabetez lanean aritu ondoren, aurkeztu diren eskaintzak aztertu digularik, asmo handiko esku-hartze hori egiteko lanak esleitu ditugu gaur. Seguru nago berrikuntza horri esker Gasteizko erdialdeko jarduera eta ekonomia berreskuratzen laguntzea lortuko dugula. Izan ere, hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko ‘erdialdeko masterplana’ delakoaren funtsezko ekintzetako bat da. Santa Barbara plaza jendearentzako espazio berri bat izango da, gasteiztarrentzako leku bat”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Esku-hartzearen diseinua lantzeko prozesua luzea izan da; Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak hainbat bilera egin dituzte inplikatutako talde eta eragileekin —auzokoak, merkatariak, Gasteiz On, ostegun eta larunbatetako azokako ekoizleak, Azoka plaza—, proiektuaren berri emateko, eta alderdi guztiei entzun ondoren zehaztu da.

Urtaranen gobernuaren helburu nagusia espazio publiko bat, Santa Barbara plaza, hiriarentzat berreskuratzea da, zati batean oinezkoentzat izango den super-etxadi moderno, funtzional eta atseginagoa sortuz. Gainera, inguruan trafikoa hobetzeko neurriak hartuko dira, eta alderdi osoa biziberrituko da, ekonomia- eta merkataritza-berpizteari bultzada ematearren. Santa Barbara plazaren irudi berriaren alderdi deigarrienetako bat Posta kaleko aldean jartzekoa den pergola da: 80 metro luze izango den egitura funtzionala, 48 saltoki jartzeko lekuarekin.

Gaur egun plazak labirinto itxura du, espazio txiki ugari eta oso zatikatuak baititu, parterreak direla eta. Horretaz gain, ingurunetik isolatuta dago eta irisgarritasun zailekoa da, diseinuaren eraginez. Hori dela eta, “espazioa duintzea” bilatu da, “oinezkoen igarobidea errazteko, parterreak kenduz eta oraingoa baino espazio zabalagoa sortuz, eta aldi berean, landare gehienak utzita.

 

Hiru pieza berde

Zehazki, Posta kalea —Santa Barbara plazaren inguruan— oinezkoentzako bihurtuko du Udalak, Urriaren Hamabia kalearen espaloia zabalduko du, eta parterre gehienak kenduko, berdegune erakargarriagoak jartzeko. Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean, pasabide goratua eraikiko da, eta Bake kaletik Posta kaleraino doan zatia erdi oinezkoentzat izango da.

Plazaren azken diseinuan hiru pieza berde handi ere izango dira, eta berritu egingo da zoladura. Mendebaldean, El Corte Inglésetik hurbilen dagoen aldean, landare mediterraneoen zerrendak izango dituen berdegune bat sortuko da, orain dauden parterretako bi batuz. Eserleku luze bat ere jarriko da, ur-zurrustez hornitua.

Ekialdean ere eserleku luzea duen beste berdegune bat osatuko da, eta haurrentzako jolasak jarriko dira, kautxuzko zoru baten gainean. Berdegune horretan landare atlantikoak (mahastiak eta fruta-arbolak barne) aldatuko dira, eta landare tapizatzaileen zerrendak ere txertatuko dira; barrutik oinezkoentzako bidea utziko da. Bi alderdi horiek elkarren ondoan egongo dira. Hirugarren berdegunea, berriz, Azoka plazatik gertueneko eremuan jarriko da.

Lanen ondoren, Posta kaleko aldea oinezkoentzako ibilbidea bihurtuko da, kale horrek Bake kaletik Foru kalerainoko zatian duen zabalera berekoa. Leku horretan pergola handi bat instalatuko da, 10 metro zabal eta 80 luze izango dena. Metalezko zutoinez eta toldo gisako olana zuriz osatutako egitura horrek gutxi gorabehera lau metroko altuera izango du. Zutoietan faroak erantsiko dira. Posta kalean jartzekoa den pergolak merkataritza ardatz hori dinamizatzeko xedea du, Azoka plazaren aldea orekatzeko. Jolastokian dabiltzan haurrak babesteko aukera ere eman dezake. Bestetik, funtsezkoa da aparkalekuaren eremutik kanpo jartzea, azpiegitura horren gainean jartzeak arazo teknikoak sortzen baititu, behar dituen ainguratzeak eta lasta direla kausa.

Azoka plazaren aldean, Santa Barbara plazara ematen duen irteera berria egokituko da, eskailerez eta arrapalaz osatua, eta horrek mahaitxoak jartzeko aukera emango die gastrotabernei. Orobat, plazaren aurreko hiru parterreak kenduko dira, eta horrela espazio zabal bat libre geratuko da. Plazaren hegoaldetik ekialderaino doan parterrea, ordea, bere horretan utziko da. Leizaola Lehendakariaren plazan, berriz, altzariak aldatuko dira, Santa Barbara plazatik gertuen dagoen parterrea kenduko eta txorkoak berrituko.

 

Aparkalekua, argiztapena eta saneamendua

Aparkalekuari dagokionez, Udalak osorik eraberritzeko asmoa du, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren betekizunei egokitzearren, eta airea kanporatzeko sistemak berritu eta suteen kontrako segurtasuna hobetuko dira. Aparkalekuaren irisgarritasuna ere hobetuko da. Ibilgailuak Bake kalera aterako dira, Posta kalean barrena. Erabiltzaileen sarbideei dagokienez, orain dauden bi sarbideen ordez (batek igogailua du), lau sarbide jarriko dira (eta bitan izango da igogailua). Aparkalekura sartu eta bertatik irteteko “etxola” horiek aireztatzeko eta airea kanporatzeko ere balioko dute.

Gasteizen egiten ari diren beste obra garrantzitsuetan bezala, Udalak inguruneko argiztapena hobetzeko baliatuko du aukera, oraingo argien ordez led teknologia instalatuz, eta AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere berrituko ditu.

 

Share

60 proiektu bozkatuko dira “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programaren baitan

 

 

 

 

 

Proiektuak onesteko Bozketa urriaren 9tik 22ra bitartean egingo da, 3 milioiko kopurura iritsi arte, eta horiek kontuan hartuko dira 2018 eta 2019ko aurrekontuetan

20170918 Proyectos

 

Aurten bigarren ediziora iritsi den Vitoria-Gasteiz Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileen proiektuaren baitan 60 proiektu bozkatuko dituzte herritarrek –guztira 170 aurkeztu dira–, urriaren 9tik 22ra bitartean herritarrek egingo duten bozketan.

72 proposamen jo izan dira egingarritzat (aurkeztutako guztien arteko % 42,3; iaz % 33 izan ziren), baina 60tanm bildu zian dira, zenbaiten edukia berbera edo elkar osatzeakoa delako (% 35,2).

Horixe jakinarazi du gaur Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek: “Balorazio positiboa egin behar da; izan ere, areagotzen ari gara proiektuen bideragarritasun-maila, eta, gainera, proiektuen erdia eta bat, lehentasunezkoak dira, hau da, herritarren bizikidetza sustatzen duten proiektuak dira”.

Bozketaren bitartez hautatuko dira 2018 eta 2019ko aurrekontuetan aintzat hartuko diren proiektuak, guztira 3 milioi euroko kopurua osatu urte, 1,5 milioi euro ekitaldi bakoitzeko.

Iaz bezala, eta proiektuak antolatzeko eta horien ulermena errazteko, bost arlotan bereizi dira, gaika, edukiaren arabera:

  • VITORIA-GASTEIZ GREEN : 11 proiektu
  • AISIALDI ETA TOPAKETARAKO GUNEAK: 14 proiektu
  • GASTEIZ HIRI SEGURUAGOA: 15 proiektu
  • HEZKUNTZA ETA SENTSIBILIZAZIOA: 9 proiektu
  • GASTEIZ ETENGABE ARI DA ERABERRITZEN: 11 proiektu

Herritar bakoitzak hiru proiekturi eman diezaioke botoa, baina aurtengoan 60etako edozeini. Hots, gaikako arloek ez dute ulermena errazteko beste asmorik.

 

Erakusketa Europa jauregian

Irailaren 28, 29 eta 30ean eta urriaren 1ean, lehen eskutik ezagutu ahal izango dira proiektuak Europa biltzar jauregiko Olarizu aretoan, dela egun horietan han paratuko den erakusketaren bitartez, dela proiektuen proposatzaileek –horrela nahi izatera– egingo dituzten aurkezpenen bitartez. Aurkezpen horiek grabatu egingo dira, Udalaren webgunean ere kontsultatu ahal izateko.

Horrez gain, urriaren 5, 6 eta 7an proiektuen berri emango da hiriko kaletan.

 

Bozketa

Bozketa urriaren 9tik 22ra arte egingo da, bi bide baliatuz: online, urriaren 22ko 23:59a arte, eta aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoen lan-ordutegian (09:30 – 20:00), horretarako propio prestatutako aplikazioa baten bidez.

Webgunean, Herritarren Udal Txartela edo ziurtagiri digitala baliatu beharko da norberaren burua identifikatzeko, eta aurrez aurrekoan, NANa, pasaportea edo identifikazio pertsonala egiteko beste modu ofizial eta orijinala baliatuz.

Bozkatzeko, bozketa-epea amaitu baino lehen 16 urte baino gehiago izan eta Gasteizen erroldatuta egon beharra dago.

 

 

 

 

 

 

2016ko “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz”  programaren burutzapena:

Honela daude gaur egun 2016an hautatu ostean 2017ko aurrekontuetan sartu ziren 15 proiektuak:

  • Proiektuetatik 2 gauzatzen ari dira dagoeneko:
    •  Txakurrentzako espazioa
    • Emakumeentzako etxe inklusiboa
  • Beste 5 proiektu lehiaketara atera dira, eta esleitzeko fasean daude:
    • Jolasguneak Borinbizkarra eta Elexalden
    • Konstituzio plaza irisgarriagoa egitea
    • Bizikleta-gordelekua
    • Parkour parkea
    • Artista amateurren ikuskizunak sustatzeko deialdia
  • Beste 5 proiektu lehiaketarako baldintza-agiriak prestatu dira, eta lizitazio fasean daude:
    • Errota kalea birmoldatzea
    • Bidegorriak erdialdean
    • Hiri baratzeak
    • Honduras kaleko bizikleta-trafikoa arautzea
    • Eraztun Berdearen irisgarritasuna hobetzea
  • 2 proiektu hasierako fasean daude, baldintza-agiriak prestatzeko edo horiek aztertzekoan:
    • Latinoamerikako biribilgunea lurperatzea
    • Adurtzako frontoia estaltzea

“Iraganeko ezerezaren eta gaurko kritiken aurrean, nabarmendu behar da Gobernu hau hitza betetzen ari dela, urtero engaiatzen duelako bete eta exekutatu dezakeela dakien diru-kopurua. Eta, bistan da, ekitaldi bakar batean burutu egin ditugu aurreko urtean hautatutako 15 proiektuak”, amaitu du Martínezek.

 

Share

Hezkuntza arloko zinegotzi ordezkari Estíbaliz Cantok ongietorria egin die Arabako unibertsitate-campuseko ikasle atzerritarrei

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok ongietorria egin die Arabako unibertsitate-campuseko ikasle atzerritarrei gaur goizean Letren Fakultateko areto nagusian. Ekitaldian parte hartu dute, era berean, Iván Igartua campuseko erretoreordeak eta Marta Barandiaran Nazioarteko Koordinazio eta Harremanen errektoreordeak.

Zinegotziak, bere mintzaldian, Arabako hiriburuaren historia eta kultura ezagutzera animatu ditu zinegotziak, eta orobat bertako jendea, ingurumen zaindua, kultur jardueren eskaintza zabala, kirol instalazioak edo gastronomia aberatsa, besteak beste.

“Gasteizen egingo duzuen egonaldia aberasgarri gertatzea nahi nuke, positiboa, ez unibertsitatean ikasiko duzuenagatik bakarrik, baizik eta baita gure hiriarekin eta bertan ezagutuko dituzuen pertsonekin izango dituzuen harremanengatik ere. Balora ezazue gure bestelakotasunen aberastasuna, ikasteko eta baloratzeko funtsean, pertsonak garen aldetik, denak berdinak garela”, esan du Estíbaliz Cantok.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Share

Ostiralean proiektatuko da El profesor de violín Ibaiondon

Irailaren 22an, ostiralean, ikusi ahal izango da Ibaiondo gizarte-etxearen aurreko plazan, aire zabalean, ekainaren 24an proiektatu ezin izan zen –arazo teknikoak tarteko– El profesor de violín filma.

Filmak talentu handiko biolin-jotzaile handi baten historia kontatzen du: ez duelarik lortu Estatuko Orkestra Sinfoniko ospetsuak hartzea, musika-eskolak ematen hasiko da São Pauloko egoera txarreko inguru batean. Esperientzia horrek irakaslearen eta ikasleen bizitza aldatuko du. Filmak Silvio Baccarelliren benetako bizitza du oinarri, zeinak 90eko hamarkadan São Pauloko favela handienetako bateko gazteen gizarteratzea eta integrazio kulturala sustatu zuen.

Share