Prentsa Oharren banner

Gizarte Politikak 540.800 euro bideratu ditu Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko adinekoentzako gunea kudeatzera

Udalak 540.800 euro bideratuko ditu Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko adinekoentzako zerbitzu-gunera, jantoki zerbitzua, eguneko arreta eta zainpeko apartamentuen urteko kudeaketa egiteko. Sirimiri enpresak egingo ditu lan horiek 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean.

Gizarte Politiken Sailak pertsonengan zentratutako arretan oinarritzen den eredua ezarri du Tomas Zumarraga Dohatsuaren gunean. 30 apartamendu ditu, 40 leku; arreta zerbitzuan eta eguneko arreta zerbitzuan 23 leku; jantokian 48 leku.

“Instalazio hauetan adinekoen autonomia landu eta beren independentzia sustatzen dugu. Bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko beharrezko baldintzak sustatzen ditugu” adierazi du Peio Lopez de Munain zinegotziak.

Ildo horri jarraiki, kudeatzaileak ohiko lanez gain (zuzeneko arreta, zaintza eta mantentzea), erabiltzaileen ongizateari zuzenean eragiten dioten jarduera eta programak gauzatzeaz ere arduratu beharko du. Honakoak, hain zuzen ere:

  • Osasuna zaindu eta sustatzeko programa
  • Girotze soziokulturala
  • Terapia okupazionala
  • Elikadura.
  • Higienea.
  • eta beste.

Lanerako prestakuntzarako gizarte eta hezkuntza zentroa -Oto

Tokiko Gobernu Batzarrak orobat onetsi du Oto hiribideko lanerako prestakuntzarako gizarte eta hezkuntza zentroa kudeatzeko kontratua berritzea. Udalak IRSE- Arabako Bergizarteratze Institutuarekin izenpetua du kontratu hori, eta berak kudeatuko du 2017ko urriaren 4tik 2018ko urriaren 3ra bitartean, 139,062 euroan.

Oto hiribideko lanerako prestakuntzarako gizarte eta hezkuntza zentroa –2000. urtean irekia– Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuari atxikita dago. Familia babesteko programa honek haur eta nerabeen babesgabetasun egoerei heltzen die. Hezitzaileek babesgabetasun egoera arina bizi duen  nerabe talde batekin ematen dituzte hainbat ordu zentroan, gizarteratzen eta laneratzen laguntzea xede. Halaber familiei lagundu eta horiekin lan egiten dute, dagozkien rolak beregana ditzaten. 10 nerabeko taldeak izan daitezke.

Share

Gobernuak esleitu ditu Aterpe eta Etxe irekia hartzen dituen eraikinaren eraberritze-lanak, eta lehiaketa deitu du Los Molinos egoitza hobetzeko lanak esleitzeko

Udal Gobernuak esleitu ditu Aterpeko eta Etxe Irekiko instalazioak eta Osasun Publikoaren Zerbitzua hartzen dituen eraikina eraberritzeko lanak, Goiuri kaleko 3.ean. Proiektuak irisgarritasuna hobetu nahi du, igogailua paratu eta oztopo arkitektonikoak kenduta, 361.937 euro balioko du, eta Vasco Gallega de Construcciones enpresari esleitu zaio, lanak burutzeko epea 300 egunekoa delarik.

Eraikin honetako lanak harrera eta ostatu emateko udal baliabideak egokitu eta optimizatzeko plan orokorraren baitan kokatzen dira. Ildo horretatik, Goiuri kaleko 3.ean egingo diren lanak hobekuntza nabarmena ekarriko diete instalazioei irisgarritasunari, bizigarritasunari eta osasungarritasunari dagokienez.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonei bertara sartzeko aukera emango dien igogailua paratzeaz gain, honako hauek ere egingo dituzte lanen baitan:

  • Ebakuazio bideak hobetzea.
  • Gune batzuk prestatzea biltegirako eta ekipajea eta beste gauza pertsonal batzuk modu seguru eta higienikoan gordetzeko.
  • Animalientzako guneak paratzea.
  • Kutsadura sentsorialaren eragin dezaketen iturriak murriztea, horretarako aldatuaz leiho, ate eta beste isolamendu-elementu batzuk.
  • Energia-iturrien segurtasun-neurriak aldatu, modernizatu eta egokitzea.
  • Eskailera, korridore, eskailera-buru eta barrualdeen egokitze orokorra.

“Eraberritze-proiektuak aintzat hartu izan du uneoro eraikina erabateko irisgarritasun-baldintzez hornitzea. Hartara, Aterperen kasuan, handitu egin da komun-kopurua eta dutxatarako espazioa, erabiltzaileen intimitatearen mesedetan eta      datozenak hobeto artatzeko. Aldiz, Etxe Irekian komun egokitua paratuko da, eta areagotu gainerako prestazioak, hartara sartzeko aukera erraztuz dibertsitate funtzionala dutenei”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Los Molinos egoitza

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarraren azken saioan Los Molinos egoitza eraberritu eta hobetzeko proiektuaren kontratazioaren hasiera onetsi da. Los Molinos egoitzan 41 leku daude, adinekoei ostatu emateko zuzenduak.

Eraberritze-lanen xedea instalazioa Etxebizitza komunitarioen programaren arabera egokitzea da, behin Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta gizarte-zerbitzuen zorroari buruzko dekretuaren eskumenak banatu direlarik eta, horren kariaz, Gizarte Politiken Sailak bere gain hartu duelarik 1. graduko mendekotasuna duten adinekoen ardura.

Los Molinos egoitza eraberritzeko lanen lizitazioa 662.854 aurrekontua du, eta lanak gauzatzeko epea 300 egunekoa izango da.

Share