Prentsa Oharren banner

Gasteizek 9.900 eurora arteko laguntzak emango ditu langabeak kontratatzen laguntzeko

Udalak, Lanbiderekin lankidetzan, malgutu egin ditu betekizunak, enpresa gehiagotara iristeko.

 

Langabeak kontratatzen dituzten Gasteizko enpresa edo entitateek 1.500 eurotik 9.00 eurora bitarteko laguntzak eskuratu ahalko dituzte, Gasteizko Udalak eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak bultzatutako laguntzei esker. Dirulaguntzen ildoa enplegu-politika aktiboak bultzatzeko erakundeen arteko lankidetza-estrategiaren baitakoa da, eta Udalak aurten malgutu egin ditu betekizunak, “kontratuak bultzatzea eta kolektibo ahulenei laguntzea xede” adierazi du Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek. Tokiko ehun ekonomikoa “aukera aprobetxatzera” animatu du zinegotziak, eta programaren hiru ezaugarri azpimarratu ditu: Atzeraeraginezko izaera du, iazko udatik egindako kontratuak onartzen ditu eta, zehazki 2020ko uztailaren 1etik aurrerakoak; aurten ez du mugarik enpresa bakoitzerako dirulaguntzen kopuruan –iaz gehienez hiru laguntza ematen ziren–; eta hiru hilabetekoa da kontratuen gutxieneko iraupena –aurreko ekitaldian sei eskatzen ziren–. Eskabideak gizarte-etxeetan, San Martineko udal bulegoetan eta on line –udalaren egoitza elektronikoaren bidez– aurkez daitezke.

Salazarrek gogora ekarri du osasun krisiak “nabarmen kaltetu dituela” lan-merkatuko baldintzak, eta hori dela eta Enplegu Zerbitzua gogor ari dela testuinguru ekonomiko berriari aurre egiten. Lehen pausu handia 2021eko aurrekontua onestea izan zen; bertan, Ekonomia Sustapenerako Sailari esleitutako zenbatekoaren erdia baino gehiago enplegura bideratzen baita. Bigarrena, Lanbiderekin lankidetzan kontratatzeko laguntzak abian jartzea izan da. Laguntzak egoera berrira egokitu dira.

Lanbideko zerrendetan izena emanda dauden langabeen kontratazioa bultzatzeko programa ekonomiko hau jarduera Gasteizen burutzen duten enpresa, autonomo eta elkarteei zuzenduta dago. Kontratuek hiru hilabete iraungo dute, gutxienez, eta % 50eko lanaldia izango, gutxienez. Diruz lagun daitekeen gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Laguntzaren zenbatekoa kontratu motaren eta laneratzeko zailtasunak dituzten taldeengan duten onuraren araberakoa izango da. Hasteko, dirulaguntza 1.500 eurotik 9.000 eurora bitartekoa izango da, kontuan hartuta honakoak kontratatzea baloratuko dela: iraupen luzeko langabeak, 55 urtetik gorakoak, 35 urtetik gorakoak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak lanaldi osoz kontratatzea. Berrikuntza gisa, zenbateko horiek % 10 handituko dira emakumeak kontratatzen badira. “Hori funtsezkoa da guretzat, izan ere krisiak eragin handiagoa izan du emakumeengan, eta aukera berriak sortuko dituzten politika publikoak behar dituzte eta” adierazi du zinegotziak. Beraz, enpresa batek gutxienez sei hilabetez lanaldi osoan lan egiteko emakume bat kontratatzen badu, gehieneko laguntza jasoko du: 9.900 euro.

Salazarrek adierazi duenez, hiriko 7000 enpresa eta entitatek ezagutzen dituzte jada laguntza hauen oinarriak Ekonomia Sustapenerako Sailaren buletinen bitartez, eta gogorarazi du Gasteizek Lanbideren 3,4 milioi erabili ahalko dituela laguntza horiek ordaintzeko; aurreko ekitaldietan baino gehiago, eta horrek “ziurgabetasun egoera batean eskabideei erantzutea bermatzen digu”. 2020ko uztailaren 1etik 2021eko apirilaren 1era bitartean egindako kontratazioak lagunduko dira, baina diruz laguntzekoa den epea ekainaren 30ean amaituko da. Aurreko planean (2019-2020), Udalak 121 kontratazio erregistratu zituen, eta 861.000 euro eman zen laguntzetan.

Share