Manuel Iradier Txangolari Elkartearen 75. urteurrenari buruzko erakusketa Gasteizko gizarte-etxeetan

Erakusketa ikusgai izango da urtearen amaierara arte Lakuan, Salburuan, Iparralden, Zabalganan, Ibaiondon, Pilarren eta Hegoalden. Elkarteko atalen gaineko informazio-panelen eta grafikoen askotariko lagina jasoko du.

Lakua Gizarte Etxean inauguratu dute gaur Manuel Iradier Txangolari Elkartearen historiari eta jarduerari buruzko erakusketa, haren 75. urteurrena dela eta. Aurkezpenean izan dira Fernando Casi, elkarteko presidentea; Miren Fernández de Landa, Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia; eta Sonia Díaz de Corcuera, Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia. Erakusketaren egutegiaren berri eman dute. Izan ere, urtearen amaierara arte beste gizarte-etxe batzuetan zehar mugituko da.

Guztira zortzi informazio-panelek eta grafikok osatzen dute erakusketa, eta hainbat espaziotan ikusi ahal izango dira, hala nola gizarte-etxeetako sarreretan, korridore nagusietan, kafetegietan edo biltzeko aretoetan. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari, gure urteurrenarekin bat egiteagatik. Urtearen amaierara arte, ikusgai izango da informazio-panelen bilduma bat, irudi historikoekin eta gure ataletako bakoitzaren gaineko aipamen labur batekin; adibidez, dantza, folklorea, ibilaldi neurtuak, mikologia, mendizaletasuna, historia eta etnografia edo espeleologia”, gogoratu du Fernando Casik.

Bestetik, “gure auzoetan zehar erakusketa ibiltari bat antolatzearen garrantzia” nabarmendu du Miren Fernández de Landak. “Gizarte-etxeak izango dira Manuel Iradier Txangolari Elkartearen garrantzia ikustarazi ahal izateko espazio nagusiak”. Sonia Díaz de Corcuerak adierazi duenez, “zorte handia da gure hirian Txangolari Elkartearen gisako elkarte emankorra izatea. Harro egoteko modukoa da gure hiriarentzat, eta gure kulturari lagundu dioten hainbat eta hainbat belaunaldirentzat”. 75. urteurreneko programa koordinatzen duen lantaldea ere ekitaldian izan da. Vital Fundazioa da talde horren partaide nagusia.

Erakusketa ibiltaria gizarte-etxe batetik bestera mugituko da urtearen amaierara arte. Honakoa izango da egutegia:

  • Irailaren 3tik 17ra: Lakua Gizarte Etxea.
  • Irailaren 17tik urriaren 2ra: Salburuako gizarte-etxea
  • Urriaren 2tik 15era. Iparralde Gizarte Etxea
  • Urriaren 15tik 29ra: Zabalgana Gizarte Etxea.
  • Urriaren 29tik azaroaren 12ra: Ibaiondo Gizarte Etxea.
  • Azaroaren 12tik 26ra: Pilar Gizarte Etxea.
  • Azaroak 26tik abenduaren 10era: Hegoalde Gizarte Etxea.

 

 

 

 

Share

Nestor Basterretxea jaio zeneko mendeurrena dela eta, Montehermoson ‘Euskal Serie Kosmogonikoa’ egongo da irailera arte ikusgai

  • XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal eskulturaren multzorik ezagunenetako bat da
  • Erakusketa Ur Biltegi Zaharrean egongo da ikusgai eta bihar inauguratuko dute
  • Gorka Basterretxea eta Habemus Estudio izan dira komisarioak

XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal eskulturaren multzorik ezagunenetako baten erakusketa egingo du Montehermoso Kulturuneak: Nestor Basterretxearen ‘Euskal Serie Kosmogonikoa’. Bilboko Arte Ederren Museoak, Seriearen jabeak, Montehermosori aldi baterako utzitako lana da.

Bihar, ekainaren 27an, inauguratuko dute, 19:00etan, eta Ur Biltegi Zaharrean egongo da ikusgai irailaren 29ra arte. Erakusketaren komisarioak Gorka Basterretxea eta Habemus Estudio izan dira eta Karraxiz-Koru Poema Coralek girotuko du musikalki. Sara Soto Gabiolak konposatutako diskoa da, Irungo Ametsa abesbatzak Fernando Etxepareren zuzendaritzapean interpretatutakoa. Abesbatza horretan modu aktiboan hartu zuen parte Nestor Basterretxeak bere testuekin eta bere ahotsarekin.

Bi bisita gidatu mota antolatu dira. Lehenengoak erakusketa ezagutzeko Montehermosorako bisita bakarrik jasotzen du. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea eta ostiraletan egingo da, 19:00etan: uztailaren 12an eta 19an; abuztuaren 16an, 23an eta 30ean; eta irailaren 20an eta 27an. Bigarren bisita motak, aldiz, bi geltoki ditu: Lasarteko eliza eta erakusketa. Larunbatetan izango dira, 10:00etan: uztailaren 27an, eta irailaren 14an. Kasu honetan, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea Entradium.com plataforman, hilaren 27tik, ostegunetik, aurrera, edo astelehenetik ostiralera bitarte (10:00-20:00) 945 16 18 30 telefonora deituta.

Aurten, Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014), XX. mendeko euskal artista esanguratsuenetako bat, jaio zeneko mendeurrena ospatzen da. Esparru horretan, kultura arloko hainbat erakundek bat egin dute obra eta Basterretxeak era askotako esparruetan (arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zinematografian eta euskal kulturaren sustapenean) izandako eragin handia goraipatzeko asmoz antolatutako jardueren eta erakusketen egitarauan. Programa Eusko Jaurlaritzak sustatu du artistaren familiarekin elkarlanean eta Nestor Basterretxearen legatuaren zabaltasuna eta sakontasuna, konpromiso soziala eta bere lanak Euskal Herriko imajinario kolektiboan oraindik ere duen indarraldia ekartzen ditu gogora.

Era berean, ‘Euskal Serie Kosmogonikoa’ren inaugurazioarekin batera, Nestor Basterretxearen ‘Askatasuna biribil zabaltzen da’ (Montehermoso kulturunearen kanpoaldean kokatuta dago) eskulturaren lanak amaitu dira. Hiru astez piezaren zaharberritze integrala egin da.

Euskal serie kosmogonikoa

“Antzinako euskal kulturarekiko identifikazioa bilatzea izan da Nestor Basterretxearen esplorazio eskultorikoaren lehentasunetako bat. Hala, Euskal Serie Kosmogonikoan, eskultoreak mitologian bilatu zuen sinesmen eta tradizio herrikoien jatorria, eta formalki jainkoak, jenioak, deabruak, fenomeno kosmikoak, erritoak… definitzen zituzten eskulturak sortu zituen”, azaldu du Zuriñe Elordik, Kultura eta Hezkuntza zuzendariak, erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan.

Serie Kosmogonikoa osatzen duten eta Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian ikusgai egongo diren 18 eskulturak honako hauek dira:

  1. AKELARRE: akerraren belardia da, eta bertan biltzen ziren sorginak astelehen, asteazken eta ostiral gauetan Aker Beltz (ganadua babesten zuen akerra, tradizio paganoa duena) gurtzeko. Basterretxeak multzo osoko konposizio arkaizanteenetako bat egin zuen haritz-enbor bat hustuta.
  2. AKER BELTZ: etxeko animalien izaki babeslea, gurtza-tokiarekin, Akelarrearekin, lotua. Bi dimentsioko garapena du, eta serie osoko piezarik figuratiboenetako bat da.
  3. EIZTARIA: kondairak dioenez, ehiztari bat, gehiegizko zaletasunagatik zigortua, mendietan aurrera eta atzera zebilen atseden hartu gabe, txakurrekin batera. Inpresio geometriko handiko pieza da.
  4. GAUEKO: gaueko jeinua da, behi edo munstro itxura hartzen duena eta haize-boladen bidez suma daitekeena. Lerro estilizatuak dituen konposizioak gizakiaren formak hartzen ditu.
  5. IDITTU: animalia itxurako gaueko jeinua da, gaueko iluntasunean sugar baten itxura hartzen duena. Hustuketaren bidez, Basterretxeak zuloguneak eta erliebeak ireki zituen, eta horiek, mentalki, arrasto organiko handiko moldearen formak ekartzen dituzte gogora.
  6. ILLARGI AMANDREA: ilargia da, jainkotzat hartzen da eta ugalkortasunarekin lotuta dago. Figura femeninoa da, konposizio harmoniatsua eta itxura totemikoa duena.
  7. INTXIXU: kobazuloetan eta jende gutxi bizi den eremuetan bizi den jeinu legendarioa. Eskultura garaikidearen espiritua kultura tradizionalarekin lotzen duen irudi antropomorfiko eta frontala.
  8. AMALAU ZANKO: arima beldurgarria duen izaki bitxia da. Goiko hamalau taulek profil fazetatuak eratzen dituzte, eta erliebe labirintikoak osatuz elkartzen dira; horietan, Basterretxeak irrazionaltasunarekiko zaletasuna txertatu zuen.
  9. ARGIZAIOLA: hildakoak gogoratzeko oholtxoak dira; argizarizko biribilki bat izaten dute, elizan jarraitzen duen etxeko suaren ikur gisa. Hauxe da gaiaren bertsio horizontala. Bertan, Basterretxeak forma bolumetriko beltz eta trinkoa garatu zuen eta bertatik zurezko barnealdea agertzen da. Artistaren arabera, horixe zen serie osoko eskultura arkitektonikoena.
  10. ARGIZAIOLA ZUTA: bertsio honek irudi antropomorfo bat ekartzen du gogora bere bertikaltasunean, Barandiaranek kandela eta giza gorputzaren eta argi eta arimaren artean ezartzen duen sinbologiari erreferentzia argia eginez. Formalki, pieza estilizatua da, aurrez aurre ikusten dena, eta artisau-izaera du, inspirazio-iturri den objektuari zuzenean lotzen zaiona.
  11. BOST HAIZEAK: Basterrexeak forma-ikur oso geometrikoa erabili zuen hemen fenomeno natural bati erreferentzia egiteko. Lauburuaren edo esbastika lerromakurraren sinbologia agertzen da, jatorriz XVI. eta XVII. mendeetatik hilarrietan, etxeen frontisetan edo kutun gisa eta, oraintsuago, euskal kulturaren ikur gisa erabiltzen den ikur aurrekristaua.
  12. EATE: ekaitzaren, suaren, uholdearen, tximistaren eta urakanaren jenioa da. Horizontaltasun handiko eskultura da, oreka asimetriko, trinko eta aldi berean arinean esekitako arkitektura gogora ekartzen duena, artistak egindako brankako irudien eta masten modukoa.
  13. MAIRUAK: Antzina, dolmenak eta cromlechak eraikitzen zituzten paganoak. Hau ere aurretik ikusi beharreko pieza da; marko formako egitura dauka, eta, bertan, ildoz eta sakonunez zulatutako sei bolumen agertzen dira. Hutsunearen presentzia, zalantzarik gabe, Oteizaren lanari lotua dago.
  14. OSTADAR: Basterretxeak, arku bikoitza erabiliz, antzinako munduan magikotzat hartzen zen fenomeno naturala irudikatu zuen. Pieza hau serie osoko brontzezko lan bakarra da, eta zeinu-iruditik hurbil dagoen lanketa-prozesua izan zuen.
  15. TRIKU HARRI: dolmen baten izena da (Euskal Herrian historiaurreko monumentu hauetako asko daude). Eskultura hau, serie osoko txikiena, eskalan egindako eraikuntza arkitektonikoa da eta, barruan, zentauro txiki bat dauka.
  16. MAJUE: Lurpeko jeinu kaltegarria; lurpetik irtetean, Mari emaztearekin elkartzen da, eta txingor-ekaitzak sortzen ditu. Hemen, Basterretxeak hustuketaren kontrako prozedura erabili zuen, pieza arin eta bertikalak sartuz asmo formaleko konposizio batean. Adarren leunketa-prozesua euskal makilaren lan tradizionalaren antzekoa da.
  17. MARI: Leizeetan bizi den emakumezko jeinua. Kondaira herrikoiaren arabera, Mariren kobazuloa Anboto mendiaren aldeetako batean dago, Durangaldean (mendi horretan kobazulo eta haitzarte ugari daude). Leizeek ere eragin handia izan dute euskal artearen imajinarioan, Oteizaren artetik hasita. Serieko piezarik finenetakoa da honako hau.
  18. TORTO: Begi bakarreko jeinu kaltegarri eta antropofagoa. Zenbait teknikarekin (zizelkatzea eta kolatzea) egindako eskultura antropomorfo eta sexuatu honek argi erakusten du Basterretxeak mito barbaro batzuekiko interesa zuela.

Nestor Basterretxea

Nestor Basterretxea, Bermeon jaio zen 1924ko maiatzaren 6an, eta familiak Frantzia estatura erbesteratu behar izan zuen aitaren, Francisco Basterretxea Zaldivarren, jarduera politikoa zela eta. Han bizi izan ziren bost urtez: lehenengo Donibane Lohizunen, eta gero Parisen. 1942an, Europako gerraren egoera zaila zela eta, familiak Argentinara emigratu behar izan zuen. Han egin zituen pinturaren munduan lehen hastapenak, Emilio Pettoruti pintore argentinarraren tailerrean. Handik gutxira, bere trebetasuna aitortu zuten margolari gazteentzako Altamira beka entzutetsuarekin, eta geroago, 1949an, “Premio único a extranjeros” pintura-sariarekin. Garai hartako bere lanetan nabaria da gerraren eta erbestearen inpaktua.

1952an itzuli zen jaioterrira eta Arantzazuko basilika berriko kriptarako horma-irudiak egiteko lana eman zioten. Lan hura, ordea, eten egin behar izan zuen 1982ra arte arazo politikoak zirela eta.

1956an, Tarragonako Universidad Laboraleko horma-irudiak margotu zituen, eta bere obra nazioartean ospea izaten hasi zen. Hala, Europa eta Amerikako hiriburuetan abangoardiako arte-erakusketa mota guztietan parte hartu eta Veneziako Arte Bienalerako eta Sao Pauloko VI Bienalerako aukeratu zuten.

‘Equipo 57’ arte-talde esperimentaleko sortzaileetako bat izan zen eta, urte batzuk geroago, Euskal Eskolako ‘Gaur’ taldean hartu zuen parte beste artista bikain batzuekin batera: Amable Arias, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, José Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta.

Esperimentatzeko eta ikertzeko grina izan ziren bere lanaren oinarriak beti, eta hainbat diziplina estetikotan barneratu zen: pintura, eskultura, zinema, argazkilaritza, diseinu industriala, arkitektura… Zalantzarik gabe, Nestor Basterretxea sortzaile nekaezina eta itzal handikoa izan zen, eta gure inguruan ez ezik, bere legatu kulturala Estatu Batuetan, Argentinan eta beste hainbat tokitan ere utzi zuen.

Kartela (pdf)

Share

‘Euskal kultura’ erakusketa kolektiboa Gasteizera iritsi da

  • Cultura Inquietak Iberdrolarekin batera antolatutako lehiaketako 286 argazki ditu erakusketak.

‘Euskal kultura’ erakusketa kolektiboa Gasteizera iritsi da eta Santa Barbara Plazan ikusgai dago uztailaren 15era arte.

Cultura Inquietak Iberdrolarekin batera antolatutako argazki lehiaketaren amaiera da erakusketa, eta helburua zuen euskal kulturaren aberastasuna, bere folklorea, tradizioa eta nortasuna, paisaiak, kaleak, zaporeak eta ohiturak omentzea.

Erakusketa honetan, 286 argazki ikusi ahal izango dira: Euskal Herriak nortasun propioa duela islatzen duen edozein adierazpen islatu nahi duen argazki sorta.

Argazkiek geldialdia egin zuten Bilbon eta hiriburutik igaro ondoren, Donostiaraino jarraituko dute (Urumea pasealekuan, urriaren 1etik 31ra).

Cultura Inquietaren webgunean daude eskuragarri ‘Euskal kultura’ lehiaketako 100 argazki finalistak eta 10 argazki irabazleak eta aipamen berezi batzuk.

Share

Pablo Toscoren ‘Eskubide Kontua’ argazki-erakusketak irekiko ditu ‘Fokuan’ jardunaldiak

Antso Jakituneko pergolan ikusgai dagoen ‘Eskubide Kontua’ argazki-erakusketak eman dio hasiera Garapenerako Lankidetzaren Udal Zerbitzuak antolatutako ‘Fokuan’ jardunaldietako bosgarren edizioari. Erakusketaren egileak, Pablo Toscok (argazki-bideo bidezko dokumentalista argentinarra da) ekainaren 20ra arte ikusgai egongo den erakusketan zehar bisita gidatua egin du.

Koloretako tamaina handiko 30 argazkiz osatutakoa erakusketak “argazki eta testigantzen bidez, Ukrainan, Sahelen eta Sirian sortu diren krisi humanitarioak arakatzea proposatzen du. Argazkiek Giza Eskubideen urraketari aurre egiten saiatzen direnen eta biziraupenarekin, erresilientziarekin eta lidergoarekin lotutako istorioak erakusten dituzte”, azaldu du egileak, Pablo Toscok.

Bestalde, Ana López de Uralde Garapenerako Lankidetzako zinegotziak herritarrak gonbidatu nahi izan ditu erakusketa bisitatzera eta konferentzietan eta mahai-inguruan parte hartzera. “Bertan, mundu mailan Giza Eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren krisiak eta urraketak izango ditugu aztergai, baita komunitateak eta gizarte zibilak nazioartean gaur egun eta etorkizunean beteko duten zeregina ere”, gogorarazi du.

‘Fokuan’ egitasmoa gaurtik hasi eta ekainaren 6ra, ostegunera arte, egongo da abian ‘Giza Eskubideak: utopia eskuraezin, edo jarraitu beharreko itsasargi?’ gaiaren inguruan. Bestalde, bi konferentziak eta mahai-inguru batek giza eskubideek nazioarteko gaurkotasunean bizi duten egoera aztertuko dute Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 75. Urteurrenarekin lotuta. Doakoak izango dira eta Europa Kongresu Jauregian eskainiko dira 19:00etan.

Informazio gehiago, udal webgunean

Share

‘Laberindo “erakusketak Montehermosoko Jovellanos aretoa ehun-espazio ibiltari bihurtuko du, eta publikoak aukeratuko du nondik ibili nahi duen oinez

  • Viviane Straub margolari gazteak ingurune ia labirintikoa eskainiko du eta bere lanaz nahi den ikuspegitik gozatzeko aukera emango du

Vivane Straub artistaren ‘Laberindo ‘erakusketa ikusgai izango da bihartik ekainaren 23ra bitartean Montehermoso Kulturunean. Erakusketari esker, Jovellanos aretoa ehun-espazio ibiltari bihurtuko da, eta publikoak aukeratuko du nondik ibili nahi duen oinez. Aurkezpen-ekitaldian, Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, nabarmendu du sortzaile gazteak ingurune ia labirintikoa eskaintzen duela, bere obraz bakoitzak nahi duen ikuspegitik gozatzeko.

Aurkezpen-ekitaldian izan dira, halaber, artista; erakusketaren komisarioa, MawatreS (Juan Pablo Ordúñez); eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultateko dekanoa, Ismael Manterola. Izan ere, erakusketa “Montehermoso+UPV/EHU” proiektu artistikoen hedapen programako 2023-24 ikasturteko azkena da (prestakuntza jasotzen ari diren artista gazteei beren lana ezagutarazteko aukera ematen die). Zinegotziak adierazi duenez, “programa hau aukera bikaina da Leioako fakultatean prestakuntza jaso duten artista berrientzat eta, gainera, egungo hezkuntza eta ikerketa artistikoaren panoramaren, alderdi formalen eta gure komunitatearekin planteatzen dituen loturen irudi zehatza eskaintzen du”.

Erakusketaren protagonistak, Viviane Straub pintoreak, Filologia Erromanikoa eta Artearen Historia ikasi zituen Alemania eta Frantziaren artean, eta Arte Ederrak Euskal Herriko Unibertsitatean. Fundazio garrantzitsuen bekak eta hainbat sari jaso ditu (horien artean, Karrera Amaierako sari berezia).

Hainbat erakusketa kolektibotan erakutsi du bere lana eta orain Gasteizera iritsiko da, orain arte bakarka egin duen erakusketa esanguratsuenarekin. Viviane Straubek irudiarekin, ehungintzarekin, ekintzarekin eta idazketarekin lotuta garatzen du bere lana. Paisaia da bere kontzeptu piktoriko eta kultural nagusia. Díaz de Corcuerak azaldu duenez, “‘Laberindo’n, pintura-eszena bat aurkezten digu, mota askotako oihalen eta inprimatu gabeko oihalen gainean. Dekorazioarekin, interiorismoarekin eta ehungintzarekin lotutako ukitua bilatzen du, eraikuntzari erreferentzia argiak eginda. Oraingo honetan, Jovellanos aretoa ibiltzeko moduko ingurune bihurtuko da, ia labirintikoa, eta ikusleak pieza horien artean oinez ibiltzeko eta bide desberdinak aukeratzeko aukera izango du, aurrez aurre horien parean jarri beharrean”.

Bihar, maiatzaren 24an, inauguratuko dute erakusketa, 19:00etan, eta bertan izango da artista.

Katalogoa (pdf)

Share

Montehermosoko Ur Deposituan egongo da ikusgai maiatzaren 26ra arte Mikel Otxotekoren ‘Hondoko planoa’ erakusketa

  • Inaugurazioa gaur arratsaldean egingo dute, 19:00etan, eta egilea bertan izango da

Ur Deposituan egongo da ikusgai gaurtik maiatzaren 26ra arte Mikel Otxotekoren ‘Hondoko planoa’ erakusketa eta gaur inauguratuko du 19:00etan.

Hauxe izango da aurten aurkeztuko diren eta Montehermoso Kulturuneko Proiektu Artistikoen Ekoizpenari Laguntza emateko Deialdi baitan 2023ko edizioan aukeratutako lau proiektuetako hirugarrena. 

‘Hondoko planoa’ da Otxotekoren ikerketa artistikoko azken lana, baina horren jatorria topatzeko, berrogeita hamar ute egin behar dugu atzera. Izan ere, haren amak, Margarita Olazabalek, Ternuako hegoaldean, Saint-Pierre eta Mikelune uhartedian, bizi izandako esperientziatan eta emakumeak hartutako lehen irudi zinematografikoetan du oinarria. Horrez gain, artistak bereziki nabarmendu nahi izan du itsas luzokerra desagertzeko arriskuan. Hain zuzen ere, Asiako merkatuak gero eta gehiago eskatzen duen espeziea da”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Beste era batera esanda, era askotako gaiei buruzko gogoeta da: uharteetako populazioen elikadura-subiranotasuna, biologiaren zientziak ekosistemen suntsiketen aliatu gisa, mugatutako baliabide naturalen gehiegizko ustiatzea… Hori guztia lantzeko erreferentzia gisa espezie hori hartu du, hura harrapatu eta biltzeak dituen inplikazio guztiak (ekologikoak, ekonomikoak eta abar) erakusteko.

Egileari buruz: Mikel Otxoteko

Mikel Otxoteko Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, artista eta ikerlari gisa egiten du lan eta Donostian bizi da. 2014an, nazioarteko aipamena jaso zuen ‘Audiovisual Arts and Neomaterialism’ izeneko doktorego-tesiarekin eta New Yorkeko Pratt Instituteko Arkitektura Sailean ikerlari bisitari gisa gonbidatu zuten. 2019tik, Olazabal Artxiboarekin egiten du lan. Artxiboak argazkiak eta Super-8n filmatutako materiala jasotzen du Saint-Pierre (Ternua) uharteari buruzko dokumentazio grafiko ugariz gain. Hain zuzen ere, horixe da Eusko Jaurlaritzak finantzatutako egonaldia egin duen tokia (Frantziako azken lurralde kolonialetako bat).

Bere proiektu artistikoak eta ikerketakoak ikusgai izan dira Okzitaniako Tolosako Musée d´Art Contemporain Les Abattoirs-en, Londreseko The Rag Factory-n, Valentziako Centre del Carme Cultura Contemporánean eta Donostiako San Telmo Museoan besteak beste. 2020ko urrian, Okzitaniako Tolosako Cinespaña jaialdian ‘Invierno’ lana estreinatu zuen eta gerora Bilboko Zinebi jaialdian ere ikusgai egon zen.

Montehermoso Kulturuneko Proiektu Artistikoen Ekoizpenerako Laguntzen Deialdia

Montehermoso Kulturuneko Proiektu Artistikoen Ekoizpenerako Laguntzen Deialdiaren helburua da tokiko artistek sortutako proiektuen ekoizpena, erakusketa eta hedapena sustatzea. Horien bidez, arte garaikidearen arloan dauden hizkera eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horien inguruan gogoeta egiten da.

Deialdi irekiaren egitura du programak eta, horren arabera, hautatutako lanek ekoizpenerako 6.600 euroko laguntza ekonomikoa (aurreko urteko deialdian baino % 10 gehiago) eta Montehermosoko giza baliabideak eta bitarteko teknikoak jasotzen dituzte.

Aurtengo deialdian, 62 proiektu jaso dira eta aukeraketa-batzordea honako hauek osatu dute: Maria Ptqk, kultura arloko ikerlaria eta arte-komisarioa; Natxo Rodríguez, UPV/EHUko Arte Ederretako fakultateko Arte eta Teknologia Saileko irakaslea; eta Luis M. Pascual, Montehermoso Kulturuneko arduraduna.

Ekimen honen bidez, Montehermoso Kulturuneak beren lanak banaka eta arte eta kultura garaikidea sustatzen duten ekintzen bidez aurkezteko eta herritarrei gerturatzeko aukera ematen dien artistei.

Share

Javier Rodríguez Pérez-Curielek Montehermoson aurkeztu du ‘ADHD’ proiektua

  • Kulturuneko lehen solairuko aretoan egongo da ikusgai bihartik apirilaren 21era bitarte
  • Horixe bera da 2023ko Proiektu Artistikoak Ekoizteko Laguntzen Deialdian aukeratutako lau proiektuetatik bigarrena

Bihartik, otsailaren 16tik, apirilaren 21era bitarte, Montehermoso Kulturuneko lehen solairuko aretoan, Javier Rodríguez Pérez-Curielen ‘ADHD’ erakusketa egongo da ikusgai. Bihar inauguratuko dute erakusketa, 19:00etan, eta aretoan bertan egileak performance bat eskainiko du.

‘ADHD’ dira ingelesezko Atention Deficit Hiperactivity Disorder nahasmenduaren laburdurak (euskaraz, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua –ADHN–). Izan ere, egileak bere lana prozesu esperimental gisa sortzen du. Bertan, ekintzaren ideia bere lana osatzen duen guztiaren, performancearekin lotutako horren, zati testual osoaren eta ikus-entzunezkoaren katalizatzaile gisa erabiltzen du.

Rodríguez Pérez-Curielen lana 2023ko Proiektu Artistikoak Ekoizteko Laguntzen Deialdian (guztira, 62 proposamen jaso ziren) aukeratutako lau proiektuetatik bigarrena da. Aukeratutako lan guztiak urtean zehar aurkeztuko dituzte. Hain zuzen ere, lehen lana, M Benito Pírizen ‘Travieso’ urtarrilean aurkeztu zuten eta oraindik Montehermoson ikusgai dago.

Ekoizteko Laguntzen Deialdiaren helburua da beren obraren erakusketa banaka egin nahi duten bertako artistentzako bultzada edo tranpolina izatea. Denok dakigu artearen mundua zaila dela eta deialdi honen bidez, egileek egin beharreko bide hori erraztu nahi dugu. Hala, aukeratutako lanak 6.600 eurorekin babestu ditugu ekoitzi ahal izateko, eta Montehermosoko giza baliabideak eta bitarteko teknikoak ere erabilgarri izango dituzte”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Javier Rodríguez Pérez-Curiel

Javier Rodríguez Pérez-Curiel, Arte Ederretan lizentziatua da eta Artearen Ikerketako eta Sorkuntzako Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 2019an, Itziar Okarizek eta Jon Mikel Eubak Tabakaleran eskainitako tailerrean hartu zuen parte, eta 2021ean, Jardun Artistikoentzako Institutuan (JAI) izan zen Itziar Okariz, Asier Mendizabal eta Ibon Aramberri tutoreen gidaritzapean, Tabakaleran eta Artiumen. Bestalde, artista egoiliarra izan da Bilbaoarte Fundazioan eta Tabakaleran. 2019an, ekoizpen artistikoa laguntzeko Bizkaiko Foru Aldundiak emandako beka jaso zuen.

Bere lana Ertibilen eta Art Emergent Sabadellen aukeratua izan da, eta gainera, El Brocense arte plastikoen saria ere jaso du. Erakusketa kolektiboetan hartu du parte Galería Carreras Mugica (Bilbo) galerian, Tabakaleran eta MEM jaialdian, adibidez. Gainera, hemen, Montehermoso Kulturunean, ‘Out of the loop’ erakusketa kolektiboan hartu zuen parte 2017an. Modu indibidualean, Bilboko Rekalde aretoan, Bartzelonako Espai 777an eta Asturiaseko Valey zentro kulturalean egin ditu erakusketak. Aldi berean, gainera, jaialdi edo klub ugaritako proiektu musikaletan eta ekitaldietan hartu du parte: Makeo Top, BBKlive, Vocoder, Larraskitu, Bulegoa, Okela, Share, Bapore Atelier eta Caostica, besteak beste.

Irekita dago 2024ko Proiektu Artistikoak Ekoizteko Laguntzen Deialdia

Dagoeneko irekita dago 2024ko Proiektu Artistikoak Ekoizteko Laguntzen Deialdia. Artistek apirilaren 19ra arte proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte eta oinarriak Montehermosoren webgunean eta Gasteizko Udalarenean daude eskuragai. Ekimen honek artistei aukera ematen die beren lana banaka edo taldean aurkezteko eta Montehermoso kulturunean erakusteko.

Share

Ostiraletik aurrera, Europa Jauregian, Estatuko eta nazioarteko kirolarien 200 objektu baino gehiago biltzen dituen ‘Kirol Mitoak’ erakusketa egongo da ikusgai

  • Besteak beste, Vettelek erabilitako 1F, Usain Boltek podium olinpikoan jantzita zuen elastikoa eta 2022an munduko 1. postua lortu zuenean Jon Rahmek zuen putt-a egongo dira ikusgai
  • Erakusketa otsailaren 9tik 25era bitarte egongo da ikusgai eta bertako kirolari bikainen materiala ere jasoko du

Europa Kongresu Jauregiko Green Aretoan egongo da ikusgai otsailaren 9tik 25era bitarte ‘Kirol Mitoak’ erakusketa. Horri esker, bertaratzen direnek, doan, Estatuko eta nazioarteko kirol arloko izarren 200 objektu baino gehiagoz gozatzeko aukera izango dute. Objektu horiek beren ibilbidean arrakastak lortzeko erabili zituztenak dira.

Erakusketa Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatu du Museo del Deporte museoko funtsekin eta era askotako objektuak ikusi ahal izango dira: Ferrariren 1 Formula auto bat, Espainia bisitatu duten hiru zuzi olinpikoak, Miguel Indurainek Frantziako Tourrean erabili zuen Banestoko maillota edo Usain Boltek 2016ko Ríoko Joko Olinpikoetan urrezko domina eskuratzeko erabili zituen zapatilak, besteak beste.

Kiroletako zinegotzia, Ana López de Uralde, “pozik” agertu da “herritarrek kirola eta kultura batzen dituen ekimenaz gozatzeko aukera izango dutelako. Erakusketa dagoeneko Espainiako ia 50 hiritan egon da ikusgai 2016tik”. López de Uralderen ustez, “aukera paregabea da adin guztietako pertsonek tokiko, Estatuko eta nazioarteko kirolaren historiako mugarriak ezagutu eta gogora ekar ditzaten”.

Bestalde, Alfonso Noáinek, Museo del Deporte museoko zuzendariak, aurreratu duenez, erakusketa “kirola jendetza biltzen duen aparteko fenomeno bihurtu duen hori guztia omentzeko, oroitzeko eta goraipatzeko gunea izango da”.

Kirolaren santutegia

17 egunez, Europa Jauregia kirola maite dutenentzako ‘santutegi’ bihurtuko da. Futbolari dagokionez, adibidez, izar handien objektuak bilduko ditu: Alexia Putellas, Leo Messi, Cristiano Ronaldo, Neymar Jr., Mbappe edo Haaland, adibidez. Besteak beste, 1986an Mexikon jokatu zen Mundu Txapelketako Maradonaren kamiseta egongo da ikusgai. Bestalde, Andrés Iniestak Hegoafrikako Mundu Txapelketan jantzi zituen elastikoa eta botetako bat ere ikusgai egongo dira. Hantxe sartu zuen Iniestak Espainia txapeldun bihurtu zuen gola. Bestalde, Espainiak 1983an Maltaren aurka jokatu zuen partidako 12-1 emaitza historikoan Juan Señorrek jantzita izan zituen botetako bat.

Saskibaloiak ere bere tartea izango du eta, besteak beste, jokalari hauen elastikoak, zapatilak eta objektuak ikusi ahal izango dira: Kobe Bryant, Abdul Jabbar, Magic Johnson, Lamar Odon, Pau eta Marc Gasol anaiak eta Amaya Valdemoro.

Motorzaleek, aldiz, Ferrari taldeko 1 Formulako ibilgailu batekin gozatzeko aukera izango dute: Sebastian Vettelen SH70. Hain zuzen ere, horrekin lortu zuen 2017ko Australiako Sari Nagusian garaipena. Bestalde, honako gidari hauen materiala ere izango da bertan: Fernando Alonso, Carlos Sainz, Valentino Rossi, Marc Coma, Toni Bou, ‘Champi’ Herreros, Jorge Martínez Aspar edo Laia Sanz.

Atletismoa izango da erakusketako beste gai nagusietako bat. Izan ere, bertan izango dira 2016ko Ríoko Joko Olinpikoetan Usain Boltek jantzita zituen zapatilak eta luzera-jauziko eta altuera-jauziko Mike Powell eta Javier Sotomayor (hurrenez hurren) errekordunen zapatilak. Estatu mailako izarrei dagokienez, Ruth Beitia, Sandra Myers, Ana Peleteiro, Jesús García Bragado, Abel Antón edo Fermín Cachoren objektuak egongo dira.

Europa Jauregian, gainera, beste kirol batzuek ere tartea izango dute; boxeoak: Mike Tysonen eskularru batzuk izango dira ikusgai; golfak: Jose Maria Olazabalen jaka berde bat  eta Sergio Garcíaren polo bat; tenisak: Rafa Nadalen, Roger Federerren, Novak Djokovicen, Manolo Santanaren eta Garbiñe Muguruzaren materiala; edo badmintonak: Carolina Marínen erraketa bat. Emakumezkoen kirolari dagokionez, gainera, heroitzat har ditzakegun kirolarien materiala egongo da ikusgai: Maria José Rienda eskiatzailearena, Mireia Belmonte igerilariarena, Theresa Zabell estropadalariarena edo Teresa Perales igerilari paralinpikoarena.

Joko Olinpikoek ere tarte berezia izango dute. Hala, Espainiako taldeak 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan jantzita izan zuen podiumeko uniformea eta 70ko hamarkadatik kirolari espainiarrek jantzi dituzten arropak egongo dira ikusgai. Gainera, bertan izango dira historian zehar Espainia bisitatu duten hiru zuzi olinpikoak: Mexikon jokatu zen 1968koa, Atenaseko 2004koa eta Bartzelonako 1992koa.

Bertako kirolariak

Bestalde, ‘Kirol Mitoak’ erakusketan Arabako kirolariek eta taldeek (Baskonia, Deportivo Alavés, Araski eta Badaiotz) egindako balentrientzako ere tokia izango da. Besteak beste, honako hauek erabilitako osagarriak eta lortutako garaikurrak egongo dira ikusgai: Juanito Oiarzabal mendizalea; Almudena Cid, Lorena Guréndez, Paula Oribe eta Salma Solaun gimnastak; Martín Fiz maratoilaria; Konpa zestalaria; Igor González de Galdeano txirrindularia; eta Kickboxing-eko mundu-txapelduna, Sergio ‘Dinamita’ Sánchez, besteak beste.

Erakusketa osatzeko, gainera, argazkiak eta ikus-entzunezko materiala ere egongo dira. Bestalde, bertaratzen direnek kirol arloko balentria handi haiek berriro bizitzeko aukera izango dute kazetari entzutetsuek egindako narrazioak entzun ahal izateko audiogidekin.

Ordutegiak

Erakusketa astelehenetik larunbatera bitarte egongo da ikusgai goizez 10:30etatik 13:30era, eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara. Igandetan, berriz, 10:30etik 13:30era arte egongo da zabalik.

Informazio gehiago

Share

Montehermoso Kulturunean giza eskubideei buruzko erakusketa bat izango da ostegunetik aurrera: ‘Bizi-Toki. Lurraldea, etxebizitza, jabetza, komunitatea’

  • Lankidetzarako Udal Zerbitzuak eta kulturuneak antolatuta, etxebizitza eskuratzearen gaia jorratzen du

Montehermoso Kulturunean ‘Bizi-Toki. Lurraldea, etxebizitza, jabetza, komunitatea’ erakusketa izango da ostegunetik, abenduaren 14tik, urtarrilaren 28ra.

‘Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa 2023’ deialdian hautatutako proiektua da, Garapenerako Lankidetzaren Udal Zerbitzuaren ekimena, Montehermosoren laguntzarekin.

Haaly Pular elkarteak eta Amagoia Murua eta Shu Otero buru dituen lantalde batek diseinatu dute erakusketa, gaur goizean egin den prentsaurrekoan adierazi den bezala.

Bertan, Ana López de Uralde Garapenerako Lankidetzako zinegotziak, Alpha Oumar Diallo Haaly Pular elkarteko arduradunak, Shu Otero erakusketaren koordinatzaileak eta Sofía Velasco artistak parte hartu dute.

‘Bizi-Toki’ ‘Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa’ izeneko deialdiaren emaitza gisa aurkeztuko den hamaikagarren erakusketa da. “Giza Eskubideek munduan duten egungo egoerari buruz hausnartzeko gune bat sortzen du, eta Gasteizko artisten eta kolektiboen arteko lankidetza bultzatzen du, giza eskubideen alde lan egiten baitute, tokian tokiko dimentsiotik globalerantz”, gogorarazi du Ana López de Uralde zinegotziak.

Erakusketak hainbat ikuspuntutatik jorratzen du etxebizitza duina eskuratzearen gaia. Amagoia Muruak eta Shu Oterok koordinatuta, hamar artistak etxebizitzaren eta etxearen kontzeptuei buruzko gogoeta egiten dute, hainbat diziplina artistikoren bidez, hala nola testuak, ilustrazioak eta ikus-entzunezko instalazioak.

Hauek dira artistak: Amagoia Murua, Shu Otero, Sofía Velasco, Amaiur Macías, Petra Muguruza, Styles Osunde, Matixa Otero, Lola Arrayanne, Ritha Thende Mingomba, Mel Ondo, Garaion Sorgingunea eta Soumaya Eddimokrati.

Montehermosoko aretoetako batean, Haaly Pular elkarteko kideek egindako baliabideen gida bat erakutsiko da. Gida horretan, etxebizitzarekin lotutako gatazkak identifikatzeko mapaketa kolektibo bat proposatzen da, hirian erabilgarri dauden baliabide gisa eta arazo horri aurre egiten diotenentzako gune solidario gisa.

Erakusketaren inaugurazioa abenduaren 14an izango da, 19:00etan, performance batekin.

Jarduera osagarriak

Erakusketa-proposamena osatzeko, dokumental bat, hitzaldi bat eta konferentzia bat izango dira.

Ostiralean, abenduaren 22an, 18:30ean, etxebizitzaren inguruko baliabideen gida aurkeztuko du Soumaya Eddimokrati artistak.

Horrez gain, Ortuño aretoan dokumental bat proiektatuko da urtarrilaren 25ean, ostegunean, eta, ondoren, Gineako Pular herrietako hustuketen arazoari buruzko hitzaldia izango da. 18:30ean izango da.

Eta asteazkenean, otsailaren 21ean, arratsaldeko 18:30ean, Moussa Yero Bah kazetari eta emakume eta nesken giza eskubideen defendatzailea izango da, konferentzia batean.

Share

Loli G. Garcíak eta Blanca Olabuenagak ‘Poemarios de natura. Poemas y acuarelas’ erakusketa aurkeztu dute Atarian

  • Bihar, ostirala, artistek erakusketan zehar doako bisita gidatua eskainiko dute 18:00etan

 

Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroak, Ataria, urriaren 22ra arte izango du ikusgai ‘Poemarios de natura. Poemas y acuarelas’ erakusketa. Erakusketaren abiapuntua ‘De natura’ liburua da, natura bere osotasun erakusten duena. Loli G. Garcíaren olerkiak eta testuetan inspiratuta dauden Blanca Olabuenagaren akuarelak azaltzen dira liburu horretan.

Ingurumen Gaietarako Ikastegiak antolatutako erakusketari esker, gasteiztarrek, lehen aldiz, obrako akuarela-lan guztiez eta dagokien olerkiaz gozatzeko aukera izango dute.

Erakusketa osatzeko, bihar, ostirala, irailak 22, Atariak doako bisita gidatua antolatu du 18:00etan. Bisita artista gasteiztarrek eskainiko dute bertaratzen direnekin batera proposatutako lanen inguruan hitz egiten duten bitartean.

Eta ekimenari amaiera bikaina emateko, urriaren 22an, igandean, Loli G. Garcíak bertaratzen direnak poesia-errezitaldi batekin gozaraziko ditu 12:30ean. Alboan, gainera, eskarmentu handiko bi gitarra-jotzaileren musika izango du. 

“Atariako programazio kulturalean jasota dago jarduera hau. Horren helburua da beren lanak sortzeko inspirazio-iturria natura den tokiko artisten lanari balioa ematea”, adierazi du Borja Rodríguez Ingurumen zinegotziak.

 

 

 

 

 

Share