Osoko bilkurak hasierako onarpena eman dio 2024ko udal-aurrekontuari

  • EH Bildurekin adostutako zuzenketak, 6 milioi eurokoak, jaso ditu

Gasteizko Udalak 2024rako aurrekontu-proiektua onartu du gaur PSE-EE/EAJ gobernuak EH Bildu taldearekin adostutako akordioaren ostean. Azken talde horrek 6 milioi euroko balioa duten zuzenketak gehitu ditu Udalaren kontuetara.

Dokumentu ekonomiko berriak 458,9 milioi euroko aurrekontua jasotzen du; hau da, aurreko ekitaldikoak baino 24,3 milioi euro gehiago. Ondorioz, hiriaren historiako aurrekontu handiena izango da, 60 milioi euro baino gehiagoko errekorreko inbertsioarekin.

Ogasuneko zinegotzi eta alkateorde Jon Armentiak adierazi duenez, gaurkoa “egun handia” da Gasteizentzat. Izan ere, kontu berriei esker, “lortu nahi dugun hiria eraikitzen eta diseinatzen aurrera egin ahal izango dugu. Hiri lehiakorra, dinamikoa, auzoen inguruan lan egiten duena, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen dituena eta pertsonen ongizatea bermatzea oinarri duena lortu nahi dugu eta, bereziki, adinekoena eta zaurgarritasun-egoeran daudenena”.

Bestalde, Armentiak azpimarratu du onartutako aurrekontu-proiektuak “egonkortasuna eta konfiantza” ekarriko dituela hori ahalbidetu duten “gogoak batu” izanari esker. Horrekin lotuta, balioa ez dela zifratara mugatzen adierazi du. Izan ere, “herritarrei bideratu nahi diegun mezua ere aintzat hartu behar da: gure arteko desberdintasunak gainditzeko eta guztion mesedetan itunak adosteko gai gara”.

2024ko aurrekontua Osoko bilkuran hasiera batez onartu ostean, laster argitaratuko dute ofizialki. Jarraian, alegazioen fasea irekiko da eta Kontuak martxoaren erdialdean indarrean sar daitezen, alegazio horiek ebatzi beharko dira.

Share

Udal-gobernuak adierazi duenez, 2024rako aurrekontu-akordioak hiriari “egonkortasuna” eta errekorreko inbertsioa emango dizkio

Udal-gobernuak balorazio ona egin du Gasteizek legealdiko lehen urtean aurrekontu berria izatearen inguruan. Izan ere, EH Bilduren udal-taldeak Etxebarriaren kabineteak aurkeztutako proiektu ekonomikoa babestuko duela iragarri du 6 milioi euroko balioa duten zuzenketa batzuk onartu ostean.

Maider Etxebarria alkateak jendaurreko agerraldia egin du Beatriz Artolazabal alkateordearekin batera eta akordioak “egonkortasuna eta konfiantza” eskainiko dituela iragarri du. Izan ere, horixe izango da hiriko historiako aurrekontu handiena, 458,9 milioi eurorekin eta 60,4 miloi euroko errekorreko inbertsioa ekarriko du. Alkateak gogorarazi duenez, “Gobernu honek beti esan izan du atsedenik gabe, diskrezioz eta azken minutura arte egin behar zuela lan Gasteizek luzapena ekidin eta agintaldiko lehen urtean aurrekontu arrunta izan zezan, legealdiko ildo nagusi batzuk zehazteko oso garrantzitsua baita”.

Etxebarriak, gainera, hitzarmena adosteko testuingurua “berezia” izan dela aipatu du. “Aurrekontuak atera ahal izango genituela aurreikusteko ez ziren aurrekari onak izan beste erakunde batzuetan aurrekontuari dagokionez akordiorik adostu ez izana eta Euskadin bizi dugun hauteskunde aurreko giroa, guztia gaiztotzen duena. Askok jakintzat ematen zuten luzapena gertatuko zela. Baina aurreikuspenak ez dira betetzen”, adierazi du alkateak. Gainera, pozik agertu da Gasteizek kontu berriekin aurrera egin ahal izango duelako eta, hala, hiri lehiakor, bizi, dinamiko eta zaintzaile gisa “kontsolidatuko” delako. Bere hitzetan, “Gobernua legealdia abian jartzeko unean herritarrekin bere gain hartutako 100 konpromisoak betetzeko dena ematen ari da”.

Bestetik, alkateorde eta EAJ-PNVren bozeramaile Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, EH Bilduk gobernu-taldeak ezarritako lehentasunekin bat egin duelako gauzatu ahal izan da akordioa. “Gure aurrekontu-proiektuak norabide argia zuen, ondo markatutako helburuak, eta EH Bildu bat zetorren horiekin. Planteamenduen bat-etortzeak erraztu egin du gaurko albiste ona. Hiru taldeok eskuzabaltasunez jokatzen jakin dugu, guztiaren gainetik interes orokorra eta hiri-ikuspegia jarriz. Pertsonak eta haien premiak lehenetsiz alderdikerien aurretik”.

Artolazabalek eskerrak eman dizkio koalizio abertzaleari haren jarreragatik eta adierazitako erantzukizunagatik; “izan ere, gauza askok bereizten bagaituzte ere, erabakigarriena partekatzen dugu: gure hiriaren eta bertako bizilagunen aldeko lana“. Alkateordearen hitzetan, akordio honek agintaldiaren gainerako zatirako bidea markatzea nahi luke, eta ituna eta lankidetza konfrontazioari gailentzea. “Gobernu-talde honek agintaldiko lehenengo aurrekontua izango du. Nahiko genuke hauxe izatea dinamika agintaldiko lau urteetan”.

Izapidetzea

Udal-aurrekontuak bihar, ostirala, ekingo dio berriro ere izapidetze-egutegiari proiektura aurkeztutako zuzenketak batzordeak eztabaidatuta. Gero, hasierako onarpenerako osoko bilkura urtarrilaren 30ean, asteartean, egingo da.

Share

Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak 11 milioi euro inbertituko ditu hiriko lan berrietarako, eta 19 milioi mantentze-lanetara bideratuko ditu

  • Sailaren aurrekontua 2023koa baino % 6,9 handiagoa izango da
  • Herrandarren kalearen eta Legutianoko Atearen eraberritze integrala, Zaramagaren berroneratzea eta Zabalgunea hobetzeko lanak izango dira esku-hartze nagusiak
  • Auzoen Gida Planak 4 milioi euro baino gehiago izango ditu lehen urtean

Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateorde Beatriz Artolazabalen adierazpenak (mp3)

Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateorde Beatriz Artolazabalek gaur aurkeztu ditu 2024rako bere Sailaren aurrekontuak. Horien helburua izango da ondo zaindutako hiria eta auzoak, erakargarriak, modernoak eta zerbitzu publiko sendoak dituztenak lortzea. “Elkarbizitzarako eta integraziorako espazio publikoak izan ditzagun lan egingo dugu. Hiri kohesionatua eta berdinzalea nahi dugu. Naturarekin konektatuta dagoena eta planetaren erronka nagusiekiko arduratsua dena. Diseinu funtzionala eta kalitatezkoa duena, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eginda”, adierazi du.

Lanak

Zinegotziak bere proiektuko kontu-sail esanguratsuenak zehaztu ditu. Horien zenbatekoa 33.061.383 eurokoa izango da; hau da, aurtengo ekitaldikoa baino % 6,9 handiagoa. Artolazabalen hitzetan, kontuak erabat inbertitzaileak dira eta, horrekin lotuta, inbertsiora bideratuko den 11 milioi euroko zenbatekoa eta auzoak mantentzeko izango diren 19 milioi euroak azpimarratu nahi izan ditu. 2024a “jarduera handiko urtea izango da eta esku-hartze ugari bideratuko dira berdeguneak eta espazio publikoa berroneratzera, arboladia hobetzera, bidegorri-sarea bultzatzera eta eskola-ingurune osasungarriak sortzera”. Alde batetik, aurrez ikusitako lanak egingo dira: Herrandarren kaleko, Maria Sarmiento plazako eta Martin Ttipia plazetako erreforma, Olarizuko Landare Labirintoa, Valladolid kaleko eta Salburua Bulebarreko bidegorriak edo Corazonistas ikastetxean eta Armentiako eta Abendañoko ikastoletako lanak, adibidez. Eta, bestetik, lan berriak ere jarriko dituzte abian: Legutianoko Ateok erreforma integrala (bi milioi euroko aurrekontua izango du eta aurrez San Ignacio kalean eta San Anton plazan aurrez egindako beste lan batzuk osatuko ditu) izango da horietako bat. Artolazabalek, gainera, beste lan batzuk ere aipatu ditu: Loma Jeneralaren plazakoak, Gamarra Teknologia Parkearekin lotuko duen bidegorria, Virgen Niña eta Luis Elejalde eskoletan ingurune seguruak edo bizikletetarako aparkaleku seguruak zabaltzeko lanak. Gainera, 1.700.000 euroko kontu-saila aurrez ikusi da etorkizunean tranbia Zabalganaraino hedatzeko, eta 150.000 euroko beste bat eremu ilunetan argiztapen hobea izateko eta landarediaren presentzia handiegia delako gune arriskutsuak desagerrarazteko.

Jarduera multzo hori Zaramaga auzoaren berroneratze-planean sartutakoei gehitu behar zaie. Horien helburua da espazio publikoa, azpiegitura berdea eta elektromugikortasuna hobetzea. 2 milioi euroko kontu-saila izango dute lan horietarako.

2024rako aurrez ikusitako lan horiek guztiak eta legealdian zehar aurrera eramatekoak diren gainerakoak Auzoetako Gida Planean jasoko dira lehentasunez. Datorren urteko lehen seihilekoan emango da Planaren berri eta Saila buru-belarri ari da horren inguruan lanean. Lehen urte horretarako, Auzoen Hiria Planak 4.175.000 euro izango ditu.

Zabalgunea

Obrekin lotuta, gainera, alkateordeak balioa eman nahi izan dio Gasteizko Zabalgunean egingo dituzten lanei. Dato kalean, argi-puntuak bikoiztu egingo dituzte, adibidez, “bizilagunek eta merkataritzak eta ostalaritzak egindako eskaerari erantzuna emateko. Izan ere, gure kale nagusietarako argi gehiago eskatzen zuten. Hau da, erdigune osoko bizitza dinamizatzeko argi gehiago eta, bereziki, erreferentziazko bide nagusi horretan”. Argiteria hobetzeko, 200.000 euroko inbertsioa egingo dute. Bestalde, Artolazabalek aurreratu du erdiguneko beste bi kale berritzeko ideia-lehiaketa deitzeko asmoa dutela: Jesusen Zerbitzariak eta Posta. “Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren laguntza jaso nahi dugu ahalik eta erreforma onena bultzatzeko eta hiriko gune honi distira berria emateko”, adierazi du.

Lehiaketa horren emaitza aurrera eramanda eta Loma Jeneralaren plazarako aurrez ikusitako berrikuntza-lanari esker, gure hiriaren bihotzak irudi erakargarriagoa izango du bizilagunentzat zein bertako merkataritzako eta ostalaritzako jarduera handiaz gozatzera joaten diren pertsonentzat”.

Berdeguneekin lotuta, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak hiriko zuhaiztiaren kudeaketa-plana garatzen eta hiriko azpiegitura berdearen sarea handitzen eta hobetzen jarraituko du. Horretarako aurrez ikusitako inbertsioa 375.000 €-koa izango da.

Bestalde, aurrekontuak klima-aldaketaren aurkako borrokarako neurriak jasotzen ditu. Horren baitan, errendimendu baxuko luminariak LED lanparekin ordezkatuko dituzte eta, hala, “hiriko argiteria publikoan ingurumena hobetu eta aurrezki ekonomikoa lortuko da. 1.400.000 euro bideratuko ditugu zaharkituta geratu diren koadro elektrikoak eta luminariak ordezkatzera”, azaldu du.

Egindako agerraldian, Artolazabalek milioi bat euroko inbertsioa aurreratu du bi hilerrien egoera hobetzeko. Hala, horma-hilobi eta kolunbario berriak eraikiko dira. Bestalde, autobus-geltokian segurtasuna eta garbitasuna indartzeko kontu-saila % 20 handituko da.

Landatar eremua

Gasteiz udalerria osatzen duten herriek 275.000 euroko inbertsioa jasoko dute Udalarengandik Sail horretako zinegotziak, Miren Fernández de Landak, iragarri duenez. Gure udalerria osatzen duten 63 herrietako biztanleak ere beren sustraiez harro sentitzea nahi dugu. Toki atseginetan, kalitatezko zerbitzuak, berdeguneak eta aisialdirako alternatibak (bestek beste) dituzten tokietan, bizitzea nahi dugu. Horretarako, bi milioi eta erdiko inbertsioa egingo dugu landatar mugikortasuneko konexioak hobetzeko, hondakinak biltzeko eta garbiketako zerbitzu berria abian jartzeko kontrata berri batekin, eta lorategietan mantentze-lanak egiteko beste hainbat lanez gain”.

Deia oposizioari

Agerraldiaren bukaeran, alkateordeak oposizioari dei egin nahi izan dio “oinarri eraikitzailetik eta elkarlanetik abiatuta”, beren zuzenketekin proiektua hobe dezaten. Amaitzeko, “gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko helburu bera badugu, elkarrekin eskutik helduta lan egin beharra dugu” adierazi du.

Share

Principal Antzokia, Iradier Arenarako alternatibak, Plan Estrategiko bat eta jaietarako 70.000 euro gehiago dira 2024rako Kultura eta Hezkuntza Sailaren inbertsio nagusiak

  • Sail horrentzako aurrekontu-proiektuak 13.442.646 euro ditu, aurreko urtean baino % 2,7 gehiago

Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak, gaur aurkeztu du bere Sailaren aurrekontu-proiektua. Aurrekontua 13.442.646 eurokoa izango da; hau da, aurreko urtekoa baino % 2,7 handiagoa eta honako hauek izango dira bere helburu nagusiak: “kultura loratu eta hiriko bizitzan funtsezko oinarri bihur dadin beharrezko baldintzak eta babesa ematea”  eta “eskola-sistema inklusiboa eta elkarrekin hezten duena eraikitzea, neska-mutilen artean ekitatea eta berdintasuna bermatuz”.

Zinegotziaren hitzetan, “proiektu kontinuista da, baina proposamen berri eta hobekuntza batzuk ere jasotzen ditu. Aurrekontuaren zati handiena ekimen eta programa kulturalen eta programa hezitzaileen garapenarekin lotuta dago. % 66,25 biltzen dute. Aurrekontuaren % 28,93 hitzarmen eta dirulaguntzetara bideratuta dago, eta % 4,28 inbertsioetara”, azaldu du Díaz de Corcuerak.

Instalazioak, jarduera eta etorkizuna

Kultura arloan, banaketa ekonomikoak 3 oinarri nagusi izango ditu: azpiegiturak, jarduera eta etorkizuna.

Lehenengoa Gasteizko bi ekipamendu bereziri lotuta dago: Principal Antzokia eta Iradier Arena. Principal Antzokia zaharberritzeko lanek eta bertako jarduerak osatzen du 2024rako Kultura Zerbitzuaren erronka nagusietako bat eta horretarako inbertsioa 1.490.000 eurokoa da. Bestalde, Iradier Arena izango da beste erronka nagusietako bat; hiri mailan, kokapen estrategikoa du hiriburuko bizitza kulturalerako, baina erabilera anitzeko areto bihurtzeko oinarrizko gai batzuk falta zaizkio. Horregatik, egoera eta alternatiben proposamena jorratuko dituen azterlana egiteko aurrekontua jaso dute. Horren guztiaren balioa de 39.000 eurokoa izango da.

Jarduerari dagokionez, hirirako proposamen kulturaletan egindako inbertsioa jaso da. Horietako bat izango da, adibidez, ‘Gora gu!’ ekimena. Euskal kultura sustatzera bideratutako proiektua da (arlo tradizionaletik abiatu eta gaur egungora arte) eta 50.000 euro erreserbatu dira horretara. Bestalde, Sailaren erreferente batzuk sendotuko dira: Andre Maria Zuriaren jaiak (970.000 euro aurrez ikusi dira horretarako, 2023an baino 70.000 euro gehiago) edo Eguberriak (240.000 euro edo aurreko ekitaldian baino 50.000 euro gehiago).

Amaitzeko, etorkizunerako begirada Plan Estrategikoarekin eta haren ezarpenarekin iritsiko da. Horrek finkatuko du hurrengo urteotarako Kultura Zerbitzuaren ibilbide-orria eta 90.000 euro bideratuko dira horretara.

Hezkuntza Udal barruan eta kanpoan

Hezkuntza Udal barruan eta kanpoan bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, Hezkuntzaren Zerbitzuak bi kontu-sail nagusi onartu ditu: Hezkuntza Programak eta Oporren Programa. Bi horien arteko zenbatekoa 658.406 eurokoa da.

Bestalde, dirulaguntzekin lotuta, zerbitzuak 4 lerro planteatu ditu eta horien balioa 406.000 eurokoa izango da.

Share

Zaramaga planak kapitalizatuko du Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailaren aurrekontuaren igoera

  • Ikerketa batek gizarte-etxeen sareak enplegua sortzen, ohitura osasungarriak, kirol arlokoak eta kulturalekoak sustatzen, komunitate-proiektuak garatzen eta kohesio soziala lortzen betetzen duen inpaktu soziala aztertuko du

Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailak aurtengoa baino % 12 handiagoa den aurrekontua izango du tokiko gobernuak aurkeztutako proiektua aurrera ateratzen bada. Zaramagako biziberritze sozialerako planak kapitalizatuko du igoera hori. Bestalde, gizarte-etxeetako ludokluben eta ludoteken eskaintza ere indartu egingo da, herritarren partaidetzak formatu berriak izango ditu eta herritarren arretarako bideek hobekuntzak izango dituzte.

Miren Fernández de Landak, sail horretako zinegotziak, kontu-sail guztiak azaldu dituzte. Guztira, 2024an, 6 milioi euroko aurrekontua izango du Sailak. “Argi dugu pertsonen esanetara egon behar dugula eta, horrenbestez, Sailaren helburua haien bizi-kalitatea hobetzea da. Babes soziala eta zerbitzu publikoak indartu nahi ditugu aukera-berdintasuna eskainiz. Horixe da gure ibilbide-orria”, adierazi du. “Zerbitzuak hobetzera eta kohesio soziala oinarritzat hartuta lan egitera bideratutako aurrekontua da”.

Sailaren kontuen zati handi bat Zaramagako ekintzetara bideratuko da. Hala, auzoaren kohesio soziala lortzeko, haren nortasuna indartzeko, eta auzoa dinamizatzeko gizarte, kultura eta kirol arloko jarduerak bideratuko dira. Ia 600.000 euro bideratuko dira zahartuta dagoen auzoko bizitza bultzatzera. Bertan, belaunaldien arteko ekintzak egitearen aldeko apustua egin da. “Zaramagako lana 2023an jarri dugu abian berrikuntza lortu ahal izateko egindako prozesu-parte-hartzailearekin, baina 2024an eta 2025ean, inbertsio eta hobekuntza handiak egingo dira maila guztietan bertan”, adierazi du zinegotziak.

Gizarte-etxeei dagokienez, datu bat azpimarratu behar da: sareak funtziona dezan, Udalak urtero 33 milioi euro bideratzen ditu. Gainera, hurrengo ekitaldian, instalazio batzuetan hobekuntzak egiteko inbertsioak aurrez ikusi dituzte. Aurrekontuak izango duen berritasunetako bat izango da enplegua sortzen, ohitura osasungarriak, kirol arlokoak eta kulturalak sustatzen, komunitate-proiektuak garatzen, kohesio soziala lortzen, familia-kontziliazioan eta abarretan gizarte-etxeen sareak duen inpaktu soziala neurtuko duen azterketa egitea. Hala, gizarte-etxeek berrikuntza eraldatzailerako ekosistema gisa duten ikuspegiaren baitan, 45.000 euro bideratuko dira Deustuko Unibertsitatearekin bi urterako sinatutako hitzarmenari esker.

Bestalde, aisialdiko eta denbora libreko eskaintza indartuko da gizarte-etxeetan (ia 2,2 milioi eurokoa izango da). Ludoteketan eta ludoklubetan, 0 eta 12 urte arteko neska-mutilentzako zerbitzua hobetuko da. Opor-programak ere sendotu egingo dituzte. Bestalde, inguruko beste talde batzuekin batera lanean jarraituko dute eta horretara 75.000 euro bideratuko dituzte. Lanketa horren helburua da inguruko kolektiboekin batera auzoetan kohesio soziala sortzea komunitate-programen bidez. Auzotako beste alderdi garrantzitsu bat jaiekin lotutakoa izaten da. Hala, Sailak auzoekin batera lanean jarraituko du eta, agertokiak alokatzeko eta muntatzeko gastuak bere gain hartuta, 60.000 euro bideratuko ditu horretara.

Herritarren parte-hartzea eta arreta

Datorren urtean ere, herritarren parte-hartzearekin lotutako elementu nagusia ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ izango da. Aurrekontu parte-hartzaileak adosteko estimazio handia duen tresna da. Aurten 3 milioi euro bideratu dira horretara eta datorren urtean, 2024an, 1,4 milioi euroko inbertsioa egitea aurrez ikusi da. Herritartasunerako Eskola Irekiarekin, HEIrekin, lotutako aurrekontu-erreserba ere mantendu egingo da eta partaidetzarako formatu berri bat jarriko da abian: herritarren batzarrak izenekoa. Metodo horren bidez, parte-hartze heterogeneoagoa lor daiteke, partaideak zozketa bidez aukeratzen direlako, gizartea ordezkatzen duten profil jakin batzuen arabera.

Bizilagun-elkarteen bidezko partaidetzak ere jasoko du Udalaren ekarpena: 240.000 euro. Kontu-sail horren bidez, kolektibo horiek funtzionatzeko maila egokia lortuko dute, auzoak dinamizatzeko eta kohesio soziala sortzen laguntzeko.

Bestalde, herritarren arretarako bideak hobetzeko 635.000 euroko inbertsioa egingo da. “Herritarrekiko harremanari dagokionez eraginkorra den tokiko administrazioa lortu nahi badugu, arreta modu arinean eta administrazioko izapidetze gutxiagorekin hobetzen jarraitzeko gai izan behar dugu”, azaldu du Fernández de Landak. Horretarako, omnikanalitate-proiektua garatuko dute. Horrek era askotako arreta jasotzen du: aurrez aurrekoa (hitzorduarekin eta gabe), 010 zenbakian telefono bidezkoa, telematikoa, autoizapidetzeko makinen bidezkoa, arreta emateko bideoen bidezkoa…

Share

Gizarte Politiken Sailaren aurrekontua % 10 igo da, Etxerako Laguntza Zerbitzua indartu egin da eta BIZAN Judimendiko proiektua egitea aurrez ikusi dute

  • Gainera, Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak etxegabetzeen aurkako bulegoa eta Zaramagan adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua martxan jarriko dituztela nabarmendu du

2024a albiste onekin iritsiko da Gizarte Politiken Udal Sailarentzat. Hasteko, aurrekontua % 10 igoko da eta Etxerako Laguntza Zerbitzua, zehazki, % 17 haziko da. Gainera, horretarako lokal egokia topatzean, BIZAN Judimendiko proiektua egiteko kontu-saila erreserbatu dute. Zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok, nabarmendu duenez, desjabetzeen aurkako bulegoa eta Sailak Zaramaga auzorako prestatu dituen bi proiektuak jarriko dituzte abian: BIZANen erreforma eta Eguneko Arreta Zerbitzua eraikitzea.

Gizarte Politiken Sailaren 2024ko aurrekontu-proiektuaren helburua da pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Ruiz de Escuderok adierazitakoaren arabera, “horixe izango da agintaldi osoan gure iparrorratza. Gure helburua da sumatutako beharrei erantzuna ematea, baina, aldi berean, etorkizuneko premien inguruko plangintza egiteko garaian aurrea hartzea helburu handiekin. Horren guztiaren bidez, gorabehera horiek sortzen dituzten arrazoietan esku hartu eta prebenitu egin nahi dugu”. Erronka horiek lortzeko, adostasuna eta oposizioaren ekarpenak eskatu nahi izan ditu.

Datorren urterako Gizarte Politiken Sailaren aurrekontua ia 52,7 milioi eurokoa izango da; hau da, aurtengoa baino % 10 handiagoa. Sail hori izango da Udaleko aurrekontu handiena duenetako bat; izan ere, erakundearen aurrekontu osoaren % 11,5 izango du. Horrek agerian uzten du udal-gobernuak pertsonen ongizatearekin lotuta bere gain hartutako konpromisoa eta, bereziki, behar gehien dutenen eta adinekoen babesarekin eta sustapen sozialarekin lotuta.

Zainketetan oinarritutako arreta sozialeko eredu publikoa eta komunitarioa nabarmena da 2024ko kontuetan. Izan ere, zainketekin lotutako alderdi guztietarako (inklusioa, elikadura, garraioa, adinekoak eta haurrak) ia 42 milioi euro bideratuko dira (Sailaren aurrekontuaren % 79). Ekitaldi honetan baino % 16 gehiago (36 milioi euro). “Horrek agerian uzten du honako hauekin lotutako gure konpromisoa: pertsonen babesa eta indarkeria matxistaren eta haurren babesgabetasunaren aurkako borroka, eta jardunbide egokien sustapena”, azpimarratu du zinegotziak.

Etxerako laguntza-zerbitzua

Bestalde, Etxerako Laguntza Zerbitzurako (ELZ) ia 18,5 milioi euro bideratuko dira; hau da, gaur egun baino % 17 gehiago. Hitzarmen kolektiboak hobetu direlako eta, horrez gain, mendekotasun-sistemaren gomendioen ondorioz, zerbitzuaren intentsitatea eta koordinazioa ere hobetu direlako gertatu da gorakada hori. Benetan, ordea, 12 hilabeteko kostua 24 milioi euro baino gehiagokoa izango dela eta hazten jarraituko duela uste dute. Dena den, plegua 2024ko lehen hilabeteetan itxiko denez, aurrekontuan jasotako zenbatekoa txikiagoa da.

Inklusio-programek % 5 egingo dute batez beste eta, horietan, nabarmendu beharrekoak dira hauek: Larrialdietako Udal Zerbitzua, Aterpe eta tutoretzapeko pisuak. Elikadura-gastuak, aldiz, % 30 egingo du gora. Igoera ia milioi erdi bat eurokoa izango da eta honako hauek eragingo dute: inflazioa, elikagaien kalitatea mantentzea eta zerbitzu berriak. Gainera, dieta berezietarako 40.000 euroko beste kontu-sail bat izango da.

Adinekoak eta haurrak

Adinekoen arloari dagokion aurrekontuak % 7 egingo du gora. Besteak beste atal hauetarako zenbatekoak handituko dira: egoitzetako animazioa, farmazia-zerbitzua, familia zaintzaileentzako babesa eta tutoretzapeko apartamentuetan bizi direnentzako laguntza, eguneko arreta-zerbitzuen kudeaketa eta abar. Horrekin lotuta, arreta berezia merezi du BIZAN Judimendiko proiektuak, auzoan lokal handiago bat topatu zain baitaude. 100.000 euro erreserbatu dira urteak zain eman ondoren kokapen-aldaketarako prozesua hasteko. Horren bidez, jarduerak modu malguagoan egin nahi dituzte. Horrez gain, BIZAN Zaramaga zaharberritu eta auzo horretan bertan Eguneko Arreta Zerbitzua eraikiko dute.

Bestalde, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuan handitu egingo dira gurasotasun positiboko programetara, emozioen tailerretara eta HANUPera bideratuko diren kontu-sailak, besteak beste.

Amaitzeko, Gizarte Politiken Sailak energia-txirotasunaren aurkako borroka ere indartuko du eta Arabako Elikagaien Bankuarekin Gasteizko Udalak sinatutako hitzarmena 24.000 eurokoa izatetik 29.000 eurokoa izatera igaroko da.

Share

Administrazioaren Modernizazioak 2 milioi euro baino gehiago bideratu ditu informatika-sistemak hobetzera

  • Aurrekontu-proiektuaren guztizko zenbatekoa 31,7 milioi eurokoa da; hau da, 2023koa baino % 1,1 handiagoa

Administrazioaren Modernizazio Sailak 31,7 milioi euroko aurrekontua izango du (2013koa baino % 1,1 handiagoa). “Proiektu kontinuista diseinatu da eta zenbateko handienak Udaleko egunerokotasunera bideratuko dira. Aplikazio informatikoak mantentzera, adibidez, 2.180.000 euro bideratuko dira, eta Udalaren eraikinak, makinak eta instalazioak mantentzera, 5.742.000 euro, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera zinegotziak.

Informazioaren teknologiekin lotuta, gainera, 890.000 euro bideratuko dira funtzionamendua eta segurtasuna bermatzeko komunikazio-sistemak, ekipoak eta ordenagailuak mantentzera. Izan ere, Sailaren beste erronka nagusietako bat zibersegurtasunarekin lotutakoa da eta 320.000 euro bideratu dira horretara. Segurtasuneko Eskema Nazionala betetzeko funtsezko alderdia da hori, informazioaren sistemetarako sarbide segurua eta eskuragarritasuna bermatu behar baitira. Horrekin lotuta, 200.000 euroan baloratuta dagoen planarekin iruzur fiskalaren aurka borroka egingo da.

Inbertsioei dagokienez, 2023an egindako proiektuekin aurrera eginda, telelana bultzatzeko garapen teknologikoak sustatuko dira.

Administrazioaren Modernizaziorako Saila sinergia ugariko saila da eta sinergia horietako baten ondorioz, 2024an bideratu nahi den proiektu esanguratsuenetako bat sortu da: Udaltzaingoarentzako kudeaketa-sistema integrala erosi nahi da (segurtasuneko kidegoak erabiltzen dituen zerbitzu guztiak bateratuko dituen tresna). Gainera, administrazio elektronikoaren hedapenarekin aurrera eginda, Gasteizko Udalaren Ahalduntze Erregistroa martxan jartzeko prozesua hastea aurrez ikusi dute. Hala, herritarraren karpeta garatzeko proiektua jarriko dute abian herritarrak administrazioarekin duen harremanean erabiltzen dituen izapidetze eta informazio guztia bilduko dituen puntu bateratu gisa.

Mantentze-lana

Mantentze-lanetarako bideratuko den aurrekontuan, aldiz, bi multzo nagusi azpimarratu behar ditugu: Udalaren eraikinetan egindako inbertsioak, eta mantentze-lanen kontratu handiak. Haietako lehenengoa aurrez ikusi gabeko gastu posibleetarako erreserbatutako kontu-sailena da eta 1.655.000 eurokoa da.

Bigarrena kontratu handiekin lotutakoa da eta milioi askoko kontu-sailak daude: energia elektrikoa erostera bideratuko dena eta energia-eraginkortasunekoa. Bi horien zenbatekoa, batera, 10 milioi euro baino gehiagokoa da.

“Inbertsio eta hobekuntzekin lotutako albiste onak eman nahiko nizkizueke, baina mantentzea hori baino ez da: mantentzea. Zerbitzu honen lehen helburua da Udalak egunero pertsianak ireki ahal izatea eta mantentze-lanen arloak funtzionatuko ez balu, hori ez litzateke posible izango”, adierazi du Mantentze-lanetako zinegotzi César Fernández de Landak.

Zaramaga plana

Administrazioaren Modernizazio Sailak Zaramaga auzoko hiri-berroneratze lanen proiekturako bi kontu-sail erreserbatu ditu eta horien zenbatekoa 689.441 eurokoa da. Zehatzago esanda, udal-eraikinak digitalizatzeko eta Zaramagako BIZAN zentroa egokitzeko izango dira inbertsio horiek.

Share

Udalak 8.500.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du 2024an enpleguan eta prestakuntzan, eta arreta berezia jarriko du egoera ahulenean dauden kolektiboetan

  • Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren aurrekontua 14.650.000 eurokoa izango da

Maria Nanclaresek, Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, 2024rako bere Sailaren aurrekontuak aurkeztu ditu. Horien bidez, Sailak Gasteizko enpresen eta pertsonen oparotasun ekonomikoa sustatzeko konpromisoa hartu du bere gain.

Zinegotziak bere proposameneko kontu-sail aipagarrienak zehaztu ditu. Aurrekontuaren guztizko zenbatekoa 14.659.174,31 eurokoa izango da. “Gure ahalegin nagusiak gure ikur nagusia den atalera, Enplegu eta Prestakuntza Zerbitzura, bideratuko ditugu eta horretarako 8.535.674,31 euro zuzenduko ditugu. Hau da, aurreko urteko ekitaldiarekin alderatuta, % 3,48 handituko da. Sozialistok bereziki kezkatzen gaituzte kolektibo zaurgarriek eta, bistakoa denez, haiengan jarriko dugu arreta nagusia”, adierazi du Nanclaresek.

Gasteizko Udalak Euskal Enplegu Zerbitzuarekin (Lanbide) batera egingo du lan modu aktiboan kontratazio egonkorra sustatzearekin eta enplegurako prestakuntza-programekin lotutako hainbat lerrotan. Horietarako inbertsioa sei milioi eta euro erdi ingurukoa izango da.

“Horren inguruko ekintza interesgarrienetako bat da ‘Zaramaga auzoaren hiri-berroneratze integraleko’ makroporiektuari lotutako Enplegu-Prestakuntza Proiektua. Horri esker, lan-munduratzeko zailtasunak dituzten pertsonak hainbat ofiziotan trebatuko ditugu eta, gero, beharrezko ezagutzak eskuratu ostean, gure hiriko urrezko auzoetako bat birgaitzen lagunduko dute. 2024an, 470.000 euro izango ditugu ekimen horretarako”, azpimarratu du.

Prestakuntzari dagokionez, Udalak 100.000 euroan handituko du 2024ako aurrekontua eta 400.000 eurokoa izatetik, 500.000 eurokoa izatera igaroko da.

Nanclaresek interesa agertu du enpresek dituzten beharren aurrean adi egoteko, CETIC prestakuntza-zentroetan eta Ignacio Ellacurían eskaintzen duten prestakuntza egokitzeko. “Gure lurraldeak egoera estrategiko pribilegiatua du eta, horri esker, logistikari dagokionez Estatuko iparraldeko merkatu garrantzitsuenetako bat da. Horregatik, sektore horretako profesionalen enplegu-eskari handia detektatu dugu eta, horri erantzuna eman ahal izateko, 200.000 euro bideratuko ditugu Ignacio Ellacuríaren instalazioak egokitzera gero logistika arloko kalitatezko prestakuntza eskaintzeko. Ondorioz, 2023an baino 25.000 euro gehiago izango dira”, azpimarratu du.

Enpresentzako laguntza

Bestalde, Enpresen Zerbitzuak 2.375.800 euro izango ditu datorren urterako diseinatutako ekintzak garratzeko. “Sail honekin lotutako kontu-sailei dagokienez, bereziki nabarmendu nahiko nuke 213.600 euro inbertituko ditugula ekintzaileei babesa ematera eta dei berezia egingo diegula beren kontura jartzea erabakitzen duten emakumeei”, zehaztu du zinegotziak.

Udalak, gainera, 150.000 euroko ekarpena egingo du gure lurraldean garapen ikusgarria izaten ari diren sorkuntzako eta ikus-entzunezkoen industriei babesa emateko. “Gure hirian talentu handia dago, Goya sarietarako izendapenetan agerian geratu den moduan. Hiru gasteiztar ditugu sari hori eskuratzeko borrokan: Sonia Estévez animazioko zuzendaria, Patricia López Arnáiz aktorea eta Izaskun Urquijo arte-zuzendaria”, adierazi du.

Horrekin lotuta, María Nanclaresek balioa eman nahi izan dio Film Officek betetako rolari, eta ikus-entzunezkoen munduarekin lotutako ekimenak babesten jarraitzeko interesa adierazi du. Horietako bat izango da FesTVal jaialdia eta Udalak emandako 190.000 euro jasoko ditu 2024ko edizioa antolatzeko.

Bestalde, zinegotzi sozialistak 85.000 euro bideratuko ditu Arabako hiriburuan ekonomia zirkularra sustatzera (haietako 40.000 euro ekintzailetzarekin lotuta). “Klima-aldaketa gure sistema ezbaian jartzen ari da eta beharrezkoa da gure planetarako etorkizun hobea bermatuko duten alternatiba jasangarriak bilatzea”, ohartarazi du.

Tokiko merkataritza sustatzea

Gaur egindako agerraldian Maria Nanclaresek iragarri duenez, Merkataritzaren Zerbitzura 1.666.800 euro bideratuko dituzte datorren urtean. “Eskuz esku egingo dugu lan sektorearekin batera tokiko merkataritza sustatzeko haren kalitatea, gertutasuna eta jasangarritasun handiagoa direlako”.

Horrekin lotuta, Sail horrek jasotako kontu-sail aipagarriena da ‘Merkatarientzako laguntzak’ izenekoa da eta 560.000 euro izango ditu negozioak modernizatzeko eta, hala, sektoreak bizi duen iraultza teknologikoarekin bat egiteko.

Gainera, “200.000 euro bideratuko ditugu dinamizazio komertzialera eta horietatik 30.000 hirian erabilgarri dauden lokalak aktibatzeko ‘Igo pertsianak’ egitasmora joango dira. Sozialistok legealdi honetan beteko dugun konpromisoa da, hain zuzen hori”, azpimarratu du.

Hala, bere Sailak mantendu egingo ditu merkatarien elkarteekin sinatutako hitzarmenak hirian zein gure hiriko auzoetan antolatutako jarduerak eta ekimenak finantzatzeko, Lankidetza horien guztien zenbatekoa 437.800 eurokoa da. Ekintza horietako bat da, hain zuzen ere, bihar inauguratuko duten Ardoaraba egitasmo enogastronomikoa. “Ekimen horrek gure lurreko produktuei balioa ematen die: Arabako Errioxako ardoari, Arabako txakolinari eta neurri handi batean 0km-ko lehengaiarekin egindako pintxoei. Ez ezazue aukera galdu”, animatu du.

Turismoaren ‘booma’

Kongresuen eta Turismoaren Zerbitzuarekin lotuta, zinegotziak iragarri du 1.456.300 euro jasoko dituela aisialdia edo lana dela eta Arabako hiriburura iristen direnen beharrei erantzuna emateko. “741.300 euro bideratuko ditugu turismora. Gure hiria moda-modan dagoela aprobetxatuz, ‘I Love Vitoria-Gasteiz’ kanpaina jarri dugu abian. Horren bidez, bisitan datozenak maitemindu nahi ditugu, berriro itzultzeko gogoz joan daitezen”, adierazi du.

Datorren urtean, Udalak 450.000 euro inbertituko ditu turismo arloko sustapeneko eta dinamizazioko ekintzetarako, kanpaina hori Estatu mailan eta nazioartean zabaltzeko. “Izan ere, aireko konexioen dibertsifikazioari esker, nabarmen ugaritu dira Gasteizek eskaintzen duena ezagutu nahi duten atzerritarrak. Natura ikusgarria, ondare harrigarria eta punta-puntako gastronomia eskaintzen ditugu eta, hain zuzen ere, azken horrekin lotuta, laster, Dato kalearen erdian, Michelin izar bat izango dugu. Zorionekoak gara”, adierazi du Nanclaresek.

Gainera, Udalak beste egitasmo batzuk babesten ere jarraituko du: Arabako Pintxo astea eta Miniature Pintxos Congress, adibidez. Bi hitzordu horiek ezaugarri komun bat dute: miniaturan egindako sukaldaritzan. 27.000 euroko inbertsioa jasoko dute. “Eta berrikuntza gustuko dugunez, 2024an hirian egitasmo berri bat antolatuko dugu: Loreen Jaialdia. 40.000 euro bideratuko ditugu bertara. Horrekin, Gasteizko kaleak kolorez beteko dira txikien eta helduen gozamenerako”, iragarri du.

Ongietorria arte eszenikoei

Kongresuen arloari dagokionez, Nanclaresek 715.000 euro bideratuko ditu ‘Vitoria-Gasteiz Convention Bureau’ bultzatzen jarraitzeko kongresuak eta ekimenak erakartzeko programa berriekin. “Negozioen turismoa gure hirian hazten ari den beste aktiboetako bat da”.

Zinegotziak balioa eman nahi izan dio lehen mailako diziplina anitzeko espazio gisa Europa Kongresu Jauregiari. “Principal Antzokiko lanak hasten direnean, Gasteizko programazio kulturalaren zati handi bat jasoko duen barruti eszenikoa izango da. Bertako instalazioetan aldagelak egokitu izanari esker lortu dugu hori. Arte eszenikoak eta kongresu arloko ekimenak batera egingo dituzte bertan eta, hala, gure hiriko baliabide moderno horren jarduera handitu egingo da. 100.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo dugu bertako eta Goiuri Jauregiko ekipamendua hobetzen”, adierazi du.

Laguntza jasotzeko prest

Zinegotzi sozialistak laguntza eskatu die oposizioko taldeei 2024rako aurrekontu-proposamen hau babes dezaten. Bere hitzetan, “Gasteiz birsortzen ari da. Egoera traumatikoa gainditzen ari gara eta, horretarako, elkarrekin egin behar dugu arraun. Beste behin, Udaleko talde ugarietako lankideak gonbidatu nahi ditut proiektua babestera eta, hala, Gasteizek aurrera egin dezan elkarrekin lan egitera. Izan ere, denok dugu gure hiria eta, horrenbestez, gasteiztarren bizitza hobetzeko helburua. Egin dezagun hori guztia elkarrekin”, gehitu du.

Share

Udalak % 16 handituko du 2024an Berdintasunerako aurrekontua indarkeria matxistaren prebentzioa azpimarratzeko eta Emakumeen Etxeari balioa emateko

  • Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak 511.100 euro izango ditu Gasteiz diskriminaziorik gabeko hiri bihurtzeko

Berdintasuneko zinegotziak, Ana López de Uraldek, 2024rako bere Sailaren aurrekontuak aurkeztu ditu. Sailak ezarritako helburu nagusietako batzuk dira indarkeria matxista prebenitzea eta Emakumeen Etxeari balioa ematea.

“Sozialistok pertsona guztiek aukera berberak dituzten Gasteizen aldeko apustua egin dugu. Gasteiz feminista nahi dugu, emakumeek esparru guztietan lidergo-gaitasuna izango dutena. Horrekin lotutako mugarri bat da honako hau: historian lehen aldiz, gure hiriak emakumezko bat du alkate, gure lankide Maider Etxebarria”, gogorarazi du zinegotziak.

López de Uraldek adierazi duenez, hori udal-aurrekontuan ere islatu da eta, zehatzago esanda, Berdintasunari bideratutakoan. Izan ere, aurreko urteko aurrekontuarekin alderatuta, % 16 igo da eta, ondorioz, 2024rako 687.000 euro izango ditu.

Igoera hori, batez ere, indarkeria matxistaren sentsibilizazioko eta prebentzioko ekintzak bultzatzera bideratuko da, 100.000 euroko inbertsioarekin. “Indarkeria matxista detektatzeko funtsezkoak izan daitezkeen sektoreei zuzendutako prestakuntza-programak ugarituko ditugu. 2022an, hiriko merkataritzari eta ostalaritzari zuzendutako prestakuntza-programa hasi genuen eta Menina saria jaso berri dugu hori dela eta. Orain, gaueko aisialdiko lokaletara, farmazietara eta elkarbizitzarako hiriko beste espazio batzuetara zabalduko dugu”, iragarri du López de Uraldek.

Aurrekontu-igoera hori, gainera, Emakumeen Etxeko jarduera handitzeko ere baliagarria izango da irekiera-ordutegiari zein jarduerari dagokienez. Udal-baliabide honek liburutegi feminista edo etxeko langileentzako eta zaintzaileentzako aholkularitza soziolaborala eskaintzen ditu besteak beste. Gainera, kolektibo eta egitasmo feministek erabil ditzaketen gelak ditu eta hainbat jatorritako amak eta/edo emakumeak elkartzeko espazioak eskaintzen ditu.

“Horrez gain, toki horretan garatzen ditugu Ahalduntze Feministarako Eskolako programazioko ekintza asko. 2023-2024 ikasturtean, guztira 76 jarduera izan dira. 2024an, 245.000 euro izango ditugu ekimen horretarako”, azpimarratu du zinegotziak.

Era berean, López de Uraldek azpimarratu nahi izan du emakumeen elkarteentzako dirulaguntzak 85.000 eurotik 100.000 eurora handituko dituela Gasteizen berdintasunaren aldeko beren proiektu eta jarduerak garatzeko aukera izan dezaten.

Bizikidetza eta dibertsitatea

Bestalde, gaur goizean agerraldia egin du Bizikidetza eta Dibertsitateko zinegotziak, Pascual Borjak, datorren urtean bere sailak izango duen aurrekontuaren berri emateko. Aurrekontua 511.000 eurokoa izango da.

“Bizikidetza eta Aniztasuneko II. Udal Planaren helburuetako bat da Gasteiz diskriminaziorik gabeko hiri bihurtzea, eta bertan bizi diren pertsona guztientzat tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzea. Imajina dezakezuen moduan, helburu horrekin erabat konprometituta nago eta, ondorioz, 2024ko aurrekontuko zentimo guztiak ondo zainduko ditut gasteiztarren bizitza hobetzera bidera daitezen”, adierazi du zinegotzi sozialistak.

Helburuetako bat da Bizikidetza Behatokia bultzatzea gatazka-egoerak detektatzeko eta prebenitzeko lagungarria izango den tresna gisa, irisgarritasun unibertsalerako sail arteko mahaia aktibatzea eta memoria historikoaren kulturari balioa ematea etorkizuneko elkarbizitza-eredua eraikitzeko beharrezko erreferentzia gisa.

Gainera, Borjak erlijio-aniztasuna landuko du Gasteizen bizi diren pertsonen jatorrien eta kulturaren aberastasuna erakusteko. “Bide batez, aukera hau aprobetxatu nahiko nuke abenduaren 14an “Giza Eskubideak XXI. mendeko hirian” 4. jardunaldia ospatuko dugula iragartzeko. Bertan, aniztasun erlijiosoaren kudeaketa landuko dugu tokikotasunetik abiatuta”, adierazi du Borjak.

“Jarduera guztiak bertako programen bidez eta sektoreko erakundeen eta elkarteen proiektuak babestuz bideratzen ditugu hitzarmenen eta dirulaguntzen bidez”, gehitu du. Hiriko erakundeekin sinatutako lankidetzetarako inbertsioa 256.000 eurokoa izango da 2024an. Jarduera propioei dagokienez, kontu-sail esanguratsuena Bizikidetza eta Aniztasun Planarekin lotutakoa izango da: 120.000 euro.

Bere agerraldia amaitzeko, Pascual Borjak batasunerako deia egin nahi izan du. “Gasteiz askotarikoaren eta desberdinaren aldeko apustua egin nahi dugu; pertsona guztiei harrera egingo dien eta guztiok gure bizitza lasaitasunez garatzeko aukera izango dugun hiriaren aldekoa. Ibilbide-orri honekin bat egitera gonbidatu nahi zaituztegu”, adierazi die udalbatzako kideei.

Share

Kirola, Osasuna eta Garapenerako Lankidetza Sailak 4,4 milioi euro bideratuko ditu Gasteizko elkarteen jarduera bultzatzeko

  • Sailaren aurrekontu osoa 15 milioi euro ingurukoa izango da 2024ko ekitaldirako
  • Euskara eta Gazteriaren zerbitzuen lehentasunak izango dira Izaskun Arrue Kulturgunea eta Emantzipazio Bulegoa irekitzea

Gasteizko Udaleko Kirola, Osasuna eta Garapenerako Lankidetza Sailak 14.817.914 euroko aurrekontua izango du. Zenbateko horretatik % 30, 4.469.555 euro, Gasteizko elkarteen-sareari zuzendutako hitzarmenak eta dirulaguntzak onartzera bideratuko du. Oraingo ekitaldiarekin alderatuta, igoera 168.525 eurokoa izango da.

Kirolaren, Osasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak, Ana Lopez de Uraldek, “baliabide publikoen eraginkortasun handiena lortzeko” baliagarriak diren kontuen balioa nabarmendu du. Kontu horiek “hiriko kolektiboei ahalik eta bizkorren baliabide handienak izatea ahalbidetuko diete, haien jarduera eta egitasmoak antola ditzaten”.

Bizitza-kalitatea hobetzea

Kirol Zerbitzuak 10.258.884 euro kudeatuko ditu hurrengo ekitaldian eta, horrenbestez, aurten baino 729.718 euro gehiago izango ditu. Aurrekontuen helburua da kirola egitea sustatzea eta gasteiztarren bizi-kalitatea hobetzea eta, horretarako, Udalaren kirol-instalazioetan jarduera fiiskoak egiteko 3 milioi euro bideratuko dira. Atal horretan, gazteei zuzendutako Kirol bidea eta Paseoak naturan 55 urtetik gorakoentzat izeneko programetarako kontu-sailak handitu dituzte.

Hitzarmen eta dirulaguntzetarako, aldiz, 1.095.000 euro bideratuko dira eta, beste nolabait esanda, aurtengo ekitaldiko zenbatekoa 69.000 euroan handituko da. Berritasun gisa, hitzarmen propioa izango duten hiru kirol-egitasmo izango dira: teniseko eta parabadmintoneko nazioarteko txapelketak (15.000 euro hurrenez hurren) eta Martín Fiz Maratoia (32.000 euro).

Kirol-federazio ugarirekin sinatutako hitzarmenak berritu eta minoritarioak diren kirol-modalitateak eta ariketa fisiko integratzailea sustatzearen aldeko apustua indartuko da APDEMA, ASPACE, Autismo Araba eta Zuzenak elkarteekin (241.000 euro guztira). Emakumezkoen kirolarekiko konpromisoa honako elkarte hauekin sinatutako hitzarmenen bidez bideratuko da: Deportivo Alavés Gloriosas -100.000 euro- eta Araski -110.000 euroko kontu-saila, hau da, aurten baino 7.000 euro gehiago-.

Dirulaguntzen deialdiak 370.000 euro izango ditu eta Udalaren kirol-instalazioetako ekipamenduak hobetzeko eta berritzeko materiala erosteko 635.000 euro inbertituko dira.

Osasun publikoa

Osasun Publikoaren Zerbitzuak 1.630.176 euro izango ditu hurrengo ekitaldirako eta bere aurrekontuaren ia % 40 bideratuko du hitzarmen eta dirulaguntzetara. Horretarako, 441.000 euro bideratuko dira osasuna sustatzeko dirulaguntzen deialdirako, eta 144.500 euro elkarte hauekin sinatutako hitzarmenetarako: Aspanafoa, Zuzenak, Asajer eta Jeiki.

Osasun Zerbitzuaren beste oinarrietako bat izango da animalien ongizatearekin lotutakoa. Horretarako, animalien elikadurara 31.629 euro bideratuko dira, eta 30.750 farmaziara.

Udal-gobernuak herritarren osasunarekiko duen konpromisoa agerian geratu da adikzioak prebenitzeko eta adikzioak jasan dituztenak birgizartzeratzeko programetara bideratuko duen 218.000 euroko zenbatekoan.

Gasteizko osasungarritasunari dagokionez, 155.000 euro bideratuko dira arratoi-garbiketara, desinfekziora eta intsektu-hilketara.

Garapenerako lankidetza

Garapenerako lankidetzak 2,9 milioi euroko aurrekontua izango du hurrengo ekitaldirako. Ondorioz, aurtengo ekitaldiarekin alderatuta, igoera 74.549 eurokoa izango da.  Ana López de Uralde zinegotziaren arabera, zifra horri esker, “aurrekontuaren % 0,7 lankidetzara, gure bizilagunen artean elkartasun-kultura sustatzera eta Garapen Jasangarriaren Helburuek mahaiagaineratutako erronkak lehenestera bideratzeko Gasteizek bere gain hartutako konpromisoari eutsiko dio”.

Aurrekontuaren % 94 dirulaguntzetara eta hitzarmenetara bideratuko du (2.745.055 euro). Dirulaguntzen deialdia 1.897.055 eurokoa izango da eta 848.000 euro elkarte hauekin adostutako hitzarmenetara bideratuko du: Afanis, bidezko merkataritza, GGKE-en koordinakundea, Euskal Fondoa, Larrialdietarako Arabako Funtsa, besteak beste.

Euskara eta Gazteria

2024an zabalduko da Izaskun Arrue Kulturgunea. Horixe da, hain zzuen ere, Euskara arloko zinegotziak, Maria Nanclaresek, legealdi honetarako bere gain hartutako konpromisoetako bat. Bere hitzetan, “Zerbitzuak bideratutako 1,9 milioi euroko aurrekontuari esker, Gasteizen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean jasotako ekintzak garatuko ditugu esparru askotan euskara bultzatuz eta sustatuz: merkataritza, ostalaritza, kirola eta aisialdia, besteak beste”.  Bestalde, elkarte eta kolektibo euskaltzaleei emandako babesa mantenduko da udalerrian beren proiektuak bidera ditzaten hitzarmenen eta deialdien bidez.

Gazteriaren Zerbitzuari dagokionez, lehentasun nagusietako bat izango da 2024an Emantzipazio Bulegoa martxan jartzea. Horrez gain, dagoeneko indartuta dauden programak (Gauekoak, adibidez) mantenduko dira, gazteentzako aholkularitzak bultzatuko dira eta ekimen berriak martxan jarriko dituzte: Gazte Gaming edo Labe Gazte Laborategia, adibidez (azken horrek, gainera, etapa berriari ekingo dio). Ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, Gazteriaren Zerbitzuak 813.901 euroko aurrekontua izango du; aurten baino % 9 gehiago.

Share