Trafikoaren mozketa Herrandarren eta Done Jakueren arteko bidegurutzean, apirilaren 22tik 26ra, asfaltatze eta seinaleztapen lanak direla eta

Herrandarren kalea osorik eraberritzeko obren barruan, datorren asteartean, apirilak 22, hasiko dira asfaltatze eta seinaleztapen horizontaleko lanak Done Jakue eta Askatasunaren arteko tartean. Lan horiek behar bezala egiteko, beharrezkoa izango da Herrandarren eta Done Jakueren arteko bidegurutzea erabat moztea, apirilaren 22ko (asteartea) 08:00etatik 25eko (ostirala) 18:00etara.

Mozketa horren garrantzia eta zirkulazioan duen eragina kontuan hartuta, Pazko Astean programatzea erabaki da, hiriko trafikoa nabarmen murrizten den aldian, alegia.

Afekzioak murrizteko eta trafikoaren arintasuna bermatzeko, Udalak, Espazio Publikoko Sailarekin eta Trafiko Zerbitzuarekin koordinatuta, neurri hauek ezarri ditu eragindako ingurunean:

  • Trianako zubia: Herrandarren kalean egingo den mozketaren berri emango da, eta gidariei Florida-Jacinto Benaventetik desbideratzea gomendatuko zaie.
  • Olagibel-Herrandarrak bidegurutzea: bidegurutzearen ekialdean dagoen oinezkoentzako pasabidea kendu egingo da, ibilgailuentzako semaforo berdearen denbora handitzeko.
  • Olagibel-José Mardones bidegurutzea: Olagibelen luzatu egingo da semaforoa berde egongo den denbora, beste mugimendu batzuena murriztuz.
  • Olagibel-Judimendi etorbidea bidegurutzea: Udaltzaingoak oinezkoen pasabidea arautuko du pilaketak egonez gero.
  • Judimendi etorbidea-Done Jakue bidegurutzea: luzatu egingo da semaforoa berde egongo den denbora, beste mugimendu batzuena murriztuz.
  • Done Jakue-José Mardones bidegurutzea: ezkerrera edo eskuinera biratu ahal izango da.
  • Frantzia eta Herrandarren arteko Done Jakue tartea: zaku-hondoan geratuko da Frantziatik.

Lan horien plangintza baldintza meteorologikoen mende egongo da. Asfaltatzea eta seinaleztapena amaitu ondoren, trafikoak gaur egun duen konfigurazioa berreskuratuko du, Done Jakue-Askatasuna tartean espaloiak errazago egiteko.

Behin-behineko ibilbideak hauek izango dira:

  • Iparraldeko noranzkoa: Herrandarrak → Done Jakue (kontran) → José Mardones (kontran), Logroño parean bide berrian sartu arte.
  • Hegoaldeko noranzkoa: José Mardones → Logroño → Judimendi etorbidea → Done Jakue → José Mardones.

Beatriz Artolazabal alkateorde eta zinegotziak ziurtatu duenez, “badakigu mozketa horrek eragozpenak sor ditzakeela, baina Pazko Astean gauzatzea planifikatu dugu, trafikoan duen eragina murrizteko. Gainera, neurri espezifikoak hartu ditugu ingurunean mugikortasuna bermatzeko eta zirkulazioan sor ditzakeen konplikazioak murrizteko. Eskerrak eman nahi ditugu herritarren ulermenarengatik eta esku hartzeko egun hauetan emandako laguntzarengatik.”

Erreforma proiektu horrek 12 milioi euroko inbertsioa du, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioaren (MITECO) babesa du, Europar Batasunak – NextGenerationEUk finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan.

Proiektu honi buruzko informazioa udalaren webgunean aurki daiteke: www.vitoria-gasteiz.org/losherranberria

Share

TUVISA BUX zerbitzuaren aplikazioaren azken hobekuntzak egiten ari da

Izaskun Reyesen adierazpenak (MP3)

Gasteizko hiri-garraioko udal konpainia Eskariaren araberako BUX Garraio Kolektiboko zerbitzuaren aplikazioaren bertsio berria abiarazteko prestatzen ari da. Bertsio horrek 10 bidaiako bonua modu digitalean erosteko aukera emango du. Izaskun Reyes TUVISAko presidenteak eta udal sozietate horretako talde teknikoa Radio Taxiko arduradunekin bildu dira aplikazioaren funtzionamenduaren berri emateko.

Aplikazioa Android eta iOs sistemetan egongo da erabilgarri, eta erabiltzaileek edozein lekutatik erosi ahal izango dute bonua eguneko 24 orduetan. Hala ere, estankoetan eskuragarri egoten jarraituko duen egungo kartoizko bonuarekin batera erabiliko da.

Aplikazio berriaren proben azken fasean, TUVISA aurreprodukzioan ari da sistemaren konfigurazioa aztertzen, eta laster bere webgunean herritarren eskura jarriko duen erabilera eskuliburu bat eta ohiko galderen dokumentu bat idazten.

Egungo aplikazioaren garapen berri hori Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatu dute, 104.700 euroko zuzkidurarekin.

“Laster BUX zerbitzuak 12 urte beteko ditu, eta denbora horretan ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa finkatu da Gasteiz kontzejuekin komunikatzeko. Aplikazio berriarekin erosotasunean eta irisgarritasunean irabaziko dugu, zerbitzu honen erabilerak hazten jarrai dezan”, adierazi du Izaskun Reyes TUVISAko presidenteak.

Iazko urtearen amaieran hilean 1.500 erabilera baino gehiago izan zituen Eskariaren araberako BUX garraio kolektiboko zerbitzuak udal kontzejuetan bizi diren pertsonen eta Arabako hiriburuaren arteko lotura bermatzen du, oinarrizko zerbitzuak eskuratu ahal izateko.

Informazio gehiago: http://vitoria-gasteiz.org/bux

Share

Udalak adimen artifiziala erabiliko du kudeaketa turistikoa optimizatzeko

  • 126.000 euro inbertituko ditu Adimen Turistikoko Sistema martxan jartzeko

Tokiko Gobernu Batzordeak Adimen Turistikoaren Sistema Vitoria-Gasteizen kontratatzeko lanen kontratazio-espedientea onartu du. Proiektu hau Next Generation Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da. Plan hori Espainiako Gobernuak kudeatzen du, eta turismo-kudeaketa optimizatzeko informazio zehatza eta eguneratua sortzea ahalbidetuko du. Horretarako, adimen artifizialean oinarritutako tresna prediktiboak eta analisiak erabiliko ditu.

Adimen Turistikoaren Sistemak hiriko ostatu-eskaintza eta okupazioa, bisitarien jatorria, ekitaldiek hotel-okupazioan duten eragina eta ostatu-gauen batez besteko prezioa ezagutzeko aukera eskainiko du, besteak beste. Era berean, turismoak hirian duen eragin ekonomikoa eta sektore turistikoaren dimentsioa bistaratzeko aukera emango du, enpresa eta pertsona enplegatuen kopuruari, bisitarien profilari eta turistek helmugaren barruan egiten dituzten mugimenduei dagokienez.

“Funtsezko datu turistikoak ezagutuko ditugu, herritarrei eta Arabako hiriburuko bisitariei eskaintzen dizkiegun zerbitzu publikoak hobetzeko ekintza estrategikoak diseinatu ahal izateko”, adierazi du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak gaur goizean emandako prentsaurrekoan.

Kongresuen turismoak ere protagonismoa izango du Adimen Turistikoaren Sisteman. Sistema horrek Kongresu eta Turismo Zerbitzuak kudeatzen dituen espazioetako (Europa Jauregia eta Goiuri) kongresu-jarduerari buruzko informazio garrantzitsuena aztertuko du, hala nola ekitaldien eta bertaratuen kopurua edo antolatzaileen gogobetetze-indizea, besteak beste.

“Sektorearen neurketa- eta jarraipen-gaitasunak hobetzeak aukera emango digu produktu eta esperientzia berriak garatzeko, lehendik daudenak egokitu eta hobetzeko, eta tokiko turismo-eredua jasangarritasunerantz birbideratzeko, ez soilik balio erantsi gisa, baizik eta turismoak gure hirirako garapen ekonomiko eta sozialaren motorra izaten jarraitu ahal izateko baldintza gisa”, azaldu du alkateak.

Bestalde, Adimen Turistikoaren Sistemak web-atari publiko bat izango du datuak argitaratzeko eta kontsultatzeko, eta prestakuntza eskainiko die udal-langileei tresna modu eraginkorrean eta jasangarrian erabil dezaten.

Gasteizko Udalak 126.000 euro (BEZa barne) inbertituko ditu sistema hori martxan jartzeko.

Share

TUVISAk arrakastaz garatu du bere autobusei semaforoetan lehentasuna emateko proiektu pilotua

Izaskun Reyesen adierazpenak (mp3)

TUVISAk bere autobusek semaforoetan lehentasuna izateko proiektu pilotua ezarri du eta emaitza onak izan ditu. Horri esker, ibilbideko puntu kritikoetan zirkulazioa arindu eta bidaia-denborak hobetu nahi izan ditu. Ekimen hau Hiri Konektatuak proiektuaren parte da (Gasteizek eta Estatuko beste bost udalerrik parte hartzen dute), eta 88.935 euroko finantzaketa jaso du Next Generation Europako funtsei esker.

Proiektu pilotua Kapsch TrafficCom enpresarekin lankidetzan garatu da, eta sistema automatizatua du. Horri esker, gidariek errepidean bakarrik jarri behar dute arreta eta teknologiak kudeatzen du semaforo bidezko lehentasuna. Irrati-maiztasuneko sistema da, eta igarotzeari buruzko datu teorikoak autobusaren posizionamenduarekin lotutako datu errealekin konbinatzen ditu. Horri esker, semaforoa irekitzeko aukera ematen du autobusa bere igarotze-denbora teorikoari dagokionez atzeratuta doanean.

BEIk ez bezala (haren lehentasun semaforikoa galtzadan obra publiko bidez jarritako espira magnetikoetan oinarritzen da), proiektu pilotu honen sistemak irrati-maiztasun bidez funtzionatzen du, eta horrek instalatze-lanak minimizatzen ditu. Garraio publikoari arintasun handiagoa eskaintzeaz gain, inplementazio eta mantentze errazagoak ditu.

Gaur egun, proiektua autobus-linea jakin batean jarri da martxan: 5. linean, eta Martxoaren 8aren hiribidearen eta Salburuko bulebarraren arteko bidegurutzean. Sei hilabetez egindako proba horietan egiaztatu dutenez, sistema eraginkorra da. Erabilitako teknologia erabat eskalagarria da, eta horrek bidea errazten du etorkizuneko inplementazioetarako.

“Arrakastaz garatu dugu berrikuntza-proiektu hau, garraio publiko eraginkorragoa eta, beraz, herritarrentzat erakargarriagoa lortzeko. TUVISA flota zein instalazioak modernizatzeko egiten ari den apustuaren beste adibide bat da. Eta bide horretan urratsak ematen jarraitzea espero dugu”, adierazi du Izaskun Reyes TUVISAko presidenteak.

Share

Gasteizek behin betikoz onartu du Emisio Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantza

  • EGE 2025eko irailaren 15ean sartuko da indarrean, ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuentzako murrizketekin eta salbuespenen katalogo zabalarekin
  • Sarbide-kontrola matrikulak irakurriz egingo da, eta hiru hilabeteko egokitzapen-aldia egongo da

Vitoria-Gasteizko Udaleko Osoko Bilkurak behin betikoz onartu du gaur airearen kalitatea hobetzeko, klima-aldaketaren eraginak arintzeko eta Emisio Gutxiko Eremua (EGE) arautzeko Udal Ordenantza. Onarpen hori da prozesu baten azken urratsa da, eta prozesu horretan araudia aldatu egin da, alegazio-prozesuan jasotako ekarpenak eta iradokizunak txertatzeko, bai eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eskakizunei eta SEA Arabako Enpresariak eta Gasteiz On elkarteen eskaerei erantzuteko ere. Gainera, EH Bildurekin lortutako akordioari esker, sendotasuna eman zaio azken testuari.

Ordenantza 2025eko irailaren 15ean jarriko da indarrean. Hain zuzen ere, data hori ezarri du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emisio gutxiko eremuak ezartzeko mugaegun gisa. Une horretatik aurrera, ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuek soilik izango dute gunerako sarbidea; hau da, A etiketa dutenek (2006. urtea baino lehenagoko dieselak eta 2000. urtea baino lehenagoko gasolinak). 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, B etiketa duten ibilgailuek ere mugatuta izango sarbidea, hiri garbiago eta osasungarriago baterantz aurrera egiteko helburua dela eta.

Ordenantza hau behin betikoz onartzea urrats erabakigarria da Gasteizek kutsadura murrizteko eta mugikortasun-eredu jasangarriagorantz aurrera egiteko duen estrategian. Kutsadura atmosferikoa lehen mailako osasun publikoko arazoa da eta Gasteizek, jasangarritasunarekin konprometitutako hiria den aldetik, prozesu hori airearen kalitatea hobetzeko eta gehien kutsatzen duten ibilgailuen emisioak murrizteko aukera gisa hartzen du.

Ordenantza hau ez da soilik zirkulazioa erregulatzeko neurri bat. Hori beharrean, funtsezko tresna da klima-aldaketaren aurkako borrokan eta hiri-ingurunearen hobekuntzan.

Bi fasetan ezartzea

Ordenantzak murrizketak bi fasetan banatuta pixkanaka ezartzea jasotzen du. Lehen fasea 2025eko irailaren 15ean hasiko da, eta Erdi Aroko Hirigunean eta Frantzia, Bake, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Luis Heinz, Magdalena, Vicente Goikoetxea, Zerkabarren, Jesusen Zerbitzariak, Arriagako Atea eta San Ignazio Loiolakoaren kaleek mugatutako Zabalguneko zatian izango du eragina. Hasierako fase honetan, B, C, ECO edo Cero etiketa duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute eremu horretatik, eta ingurumen-bereizgarririk gabeko ibilgailuak, berriz, ezin izango dira sartu. Gaur egun murrizketak dituzten kaleek muga horiek mantenduko dituzte, ibilgailuaren ingurumen-etiketa edozein dela ere.

Bigarren fasea 2027ko irailean jarriko da martxan, eta murrizketa eremua handituko da. Perimetroa Ramiro Maeztu, Domingo Beltran eta Koroatze kaleek mugatuko dute, eta etiketa derrigorrezkoa izango da barnealdeko kaleetan, hala nola Vicente Goikoetxea, Zerkabarren, Aldabe, Magdalena edo Landazuri kaleetan. Handitze horri esker, ibilgailu kutsatzaileen zirkulazioaren gaineko kontrola indartuko da, eta hiria hiri jasangarriagorantz eraldatzeko prozesua sendotu.

Matrikulen irakurketaren bidez egindako kontrola eta egokitzapen-aldia

EGEra sartzeko kontrola matrikulak irakurtzeko sistema automatikoaren bidez egingo da. Sistema hori 30 kamera baino gehiagok osatuko dute, eta ibilgailuak eremura sartzeko ingurumen-baldintzak betetzen dituen egiaztatuko dute. Informazioa DGTren datu-basearekin kontrastatuko da; beraz, ez da beharrezkoa izango ibilgailuek pegatina agerian eramatea.

Araudi berri horretara egokitzeko prozesua errazteko, Udalak hiru hilabeteko abisu-epea ezarriko du ordenantza indarrean jartzen denetik. Epe horretan, murrizketak betetzen ez dituzten pertsonek jakinarazpen informatiboa baino ez dute jasoko. Baina, 2025eko abendutik aurrera, zigorrak aplikatzen hasiko dira. Zigorrak 200 eurokoak izango dira (100 eurokoak, aurretiaz ordaintzen badira).

Salbuespenak eta kasu bereziak

Ordenantzak salbuespenen kapitulu zabala jasotzen du murrizketen aplikazio orekatu eta bidezkoa bermatzeko. Guztira, 12 salbuespen-kategoria aurrez ikusi dira zenbait ibilgailuri ingurumen-etiketarik gabe sartzen uzteko. Salbuespen horien artean daude mugikortasun murriztua edo gaixotasun larriak dituzten pertsonen ibilgailuak, larrialdi-zerbitzuetako ibilgailuak, garabiak, zisternak eta funtsezko beste zerbitzu publiko batzuk, bai eta diru-sarrera txikiak dituzten edo erretirotik gertu dauden pertsonen ibilgailuak ere.

Gainera, eragindako kolektiboekin hitz egiteko prozesuaren ondoren, hiru salbuespen gehigarri sartu dira eta, horiei esker, ibilgailu jakin batzuek baimenduta izango dute behin-behineko sarbidea. EGE barruan dauden saltokiek eta zerbitzuek, aparkalekuetara doazenek (Dendaraba, esaterako) eta inguruan jarduten duten profesionalek eta banatzaileek ingurumen-etiketarik gabe zirkulatu ahal izango dute 2026ko irailera arte. Egun horretatik aurrera, ordea, araudia bete beharko dute.

Egoiliarren kasuan, egokitzeko epea luzeagoa izango da; izan ere, EGEn bizi diren pertsonek ingurumen-etiketarik gabe zirkulatu ahal izango dute 2027ko irailera arte, eta une horretan gainerako ibilgailuen irizpide berberak bete beharko dituzte.

Salbuespenak eskatzeko sistema

Udalak hiru hilabeteko epea irekiko du (2025eko ekaina, uztaila eta abuztua) salbuespen-baldintzak betetzen dituzten pertsonek erregistratzeko denbora izan dezaten. Administrazioak dagoeneko beharrezko informazioa badu (erroldako datuak, ibilgailuen titulartasuna edo errenta mailak), erregistroa automatikoa izango da, eta eragindako pertsonek zuzenean jasoko dute dagokien baimena. Bestela, Udalaren webgunearen bidez modu telematikoan edo herritarrei arreta emateko bulegoetan modu presentzialean erregistroa egiteko kanalak erabili beharko dira.

Hiriko bizi-kalitatea hobetzeko aukera

EGE ezartzeak aldaketa sakona ekarriko du Gasteizko mugikortasun-ereduan. Trafiko pribatua murrizteak oinezkoentzako, bizikletentzako eta garraio publikoarentzako espazio publikoa berreskuratzea ahalbidetuko du. Horren bidez, aldi berean, hiri-ingurunearen kalitatea hobetu eta mugikortasun-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuko da.

Ikerketa zientifikoek frogatu dute hiriguneetan ibilgailu kutsatzaileak murrizteak eragin zuzena duela airearen kalitatea hobetzeko eta arnas aparatuko gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak murrizteko. Ordenantza horrekin, Gasteizek urrats erabakigarria eman du osasun publikoa babesteko eta klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Udalak komunikazio-kanpaina jarriko du abian, araudi berria ulertzen laguntzeko. Hala, informazio-guneak jarriko ditu gizarte-etxeetan, eta, maiatzetik aurrera, aholkularitza-gune bat irekiko da Erdi Aroko Hiriguneko bulegoan (Pintore kalea). Bertan, teknikariek herritarren zalantzak argituko dituzte.

Ordenantza honekin, Gasteizek jasangarritasunarekiko eta bizi-kalitatearekiko duen konpromisoa berretsi du, hiri garbiagoa, bizitzeko atseginagoa eta etorkizunerako hobeto prestatuta dagoena lortzeko asmoz.

Emisio Gutxiko Eremua abian jartzeak Europaren finantzaketa du, Europar Batasunak – NextGenerationEUk finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan.

Share

Gasteizko Udalak bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzu publikoa kontrataziora atera du

  • Sistemak 50 bizikleta elektriko izango ditu hiriko lau puntu estrategikotan banatuta.
  • Proiektua EH Bildurekn adostutako aurrekontu-akordioari esker eraman da aurrera.
  • Lizitazioak 450.000 euroko kontu-saila izango du eta zati bat Europako Next-Generation funtsek finantzatuko dute.

Beatriz Artolazabalen adierazpenak (mp3)

Rocío Viteroren adierazpenak (mp3)

Vitoria-Gasteizko Udalak hiriko bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema publikoa ezartzeko eta kudeatzeko kontratua bihar aterako du lehiaketa publikora. Kontratuak 5 urteko indarraldia izango du eta 50 bizikleta elektriko erostea eta, intermodalitatea errazteko, puntu estrategikoetan kokatuko diren lau karga-estazio instalatzea jasotzen du: Antso Jakitunaren kalea, Leizaola Lehendakariaren plaza, Iparralde gizarte-etxea eta autobus-geltokia.

Proiektuak 450.000 euroko aurrekontua izango du honela banatuta: 300.000 euro EH Bildurekin adostutako aurrekontu-akordiotik jasota, eta Europako Next Generation funtsek finantzatutako 150.000 euro. Enpresa esleipenduna arduratuko da bizikletak erosteaz, estazioak instalatzeaz eta horien funtzionamendurako beharrezkoa den sistema teknologikoa garatzeaz, erregistroak kudeatzeko, ordainketak egiteko eta bizikletak erabilgarri dauden ala ez denbora errealean jakiteko aukera emango duen app mugikor bat barne.

Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoen eta Auzoen zinegotziak azpimarratu du urrats hori oso garrantzitsua dela Gasteizek mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustua sendotzeko: “Proiektu hau aurrerapauso nabarmena da Gasteizen mugikortasun jasangarriarekiko eta bizi-kalitatea hobetzearekiko gure gain hartutako konpromisoari dagokionez. Bizikleta elektrikoen sistema honekin, herritarrentzako garraio garbi eta eraginkorreko alternatiba bat errazteaz gain, aukera berri bat eskaintzen dugu, pertsona gehiagok eguneroko garraiobide gisa bizikletak dituen abantailak ezagut ditzaten. Hiri irisgarriagoa, kutsadura gutxiago duena eta hobeto konektatuta dagoena lortzeko aurrerapausoa da, eta hiriko mugikortasun jasangarrian erreferente gisa dugun posizioa indartuko du”.

Bestalde, EH Bilduko zinegotziak, Rocío Viterok, proiektu honek hiriko mugikortasunean izango duen inpaktu positiboa azpimarratu du: “Proiektu honek mugikortasun segurua, jasangarria eta osasungarria bultzatuko du. Alde batetik, intermodalitatea erraztuko duen bitarteko bat eskainiko dugu modu estrategikoan banatuta egongo diren karga-puntuei esker, eta, bestetik, Gasteiz bizia, garbia eta ekologikoa mantentzen lagunduko dugu. “Bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistema hau martxan jarrita, beste urrats bat egin dugu bizilagunei eguneroko joan-etorriak egiteko aukera berri eta interesgarri bat eskaintzeko”. Gainera, bisitan datozenentzako zerbitzu interesgarria ere izango da”.

Kontratuaren plegu teknikoak ezartzen du sistema gehienez lau hilabeteko epean egongo dela martxan, kontratua sinatzen denetik zenbatzen hasita. Enpresa esleipendunak zerbitzua bat bermatu beharko du egunero 24 orduz, urtean 365 egunez, eta funtzionamenduan dauden bizikleten % 85eko gutxieneko eskuragarritasuna eskaini beharko du. Gainera, kontratuak bi urteko bermea ematen du sistemaren elementu guztientzat, eta bost urtekoa bizikleten koadrorako.

Sistemak teknologia aurreratua izango du, erabiltzaileek erregistratzeko eta bizikleten erabilera App mugikor baten bidez kudeatzeko aukera izango dute. Aplikazioak aukera emango du ordainketa modu seguruan egiteko, ordainketa mota erregistratzeko eta hautatzeko, bizikleten eta estazioen egoera denbora errealean kontsultatzeko eta estazioak geolokalizatzeko.

Gainera, bizikletek GPS teknologia izango dute kokapena eta segurtasuna bermatzeko. Bizikletak modu eraginkorrean banatuko dira estazioen artean uneoro bizikletak eskuragarri izatea bermatzeko (bereziki puntako orduetan).

Proiektuaren helburua da herritarren artean mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzea eta hiria bisitatzen dutenentzako aukera alternatiboa eskaintzea. Sistemak ibilgailu pribatuen erabilera murrizten eta hiriaren ingurumen-kalitatea hobetzen laguntzea espero da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren helburuekin bat etorriz.

Udalak aldizkako ebaluazioak egitea aurrez ikusi du, sistemaren erabilera aztertzeko eta etorkizunean estazioen eta bizikleten kopurua handitzeko aukera aztertzeko, eskariaren eta erabilera-ohituren arabera.

Share

Batzordeak oniritzia eman dio Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua arautzen duen ordenantzari

Espazio Publikoaren, Mugikortasunaren eta Trafikoaren Batzordeak oniritzia eman dio gaur Vitoria-Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua (EGE) arautzen duen ordenantzari eta 2025eko irailaren 15ean indarrean sartuko da. Gobernu-taldeak eta EH Bilduk lortutako akordioari esker onartu ahal izan da ordenantza eta Beatriz Artolazabal zinegotziaren hitzetan, horrek “gure hirian airearen kalitatea eta osasuna hobetzeko funtsezko neurri horren zilegitasuna eta bideragarritasuna indartzen ditu”.

Ordenantza indarrean jartzeko azken urratsa ostiral honetan egingo da, Udalbatzak testua behin betiko onartzeko aurkezten duenean.

Artolazabalek Gasteizek izan nahi duen hiri eredua finkatzeko garaian ordenantzak duen garrantzia azpimarratu du: “hiri jasangarria, aire-kalitate hobea duena eta pertsonentzako leku gehiago duena lortu nahi dugu. Egoera ona dugu abiapuntuan, baina airearen kalitatea eta espazio publikoa ez dira bakarrik mantentzen: konpromisoa, erabaki politikoa eta ekintza eskatzen dute”.

Ordenantza merkatari, gremio, banatzaile eta bizilagunekin etengabe egindako elkarrizketa eraikitzailearen emaitza da. Prozesu horri esker, hasierako testua hiriaren benetako beharren arabera egokitu ahal izan da, hainbat interes eta ikuspegi uztartuz.

EH Bildurekin lortutako akordio politikoa funtsezkoa izan da arau orekatu eta bideragarria finkatzeko. Adostasun horren ondorioz, hainbat aldaketa garrantzitsu gehitu dira:

  • Egoiliarren Lehentasuneko Eremua: Araua martxan jarri eta gehienez urtebeteko epean ezarriko da.
  • Aldi baterako salbuespenak egoiliarrentzat: EGEn bizi diren pertsonek ingurumen-etiketa izateko betebeharra urtebetetik bi urtera luzatu da.
  • Seinaleak euskaraz: Hiriko gainerako lekuetan bezala, EGEko seinaleak elebitan egongo dira.
  • Errenta maila txikietarako salbuespena: hiru urtera luzatu da eta epe hori luzatzeko aukera egongo da baldintzak betez gero.

Ordenantza 2025eko irailaren 15ean sartuko da indarrean, eta honako neurri hauek jasotzen ditu:

  • Ingurumen-etiketarik (A etiketa) gabeko ibilgailuentzako sarbidea mugatzeko araua indarrean jartzen denetik aurrera, eta 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, baita B etiketa duten ibilgailuentzako ere.
  • Hiru hilabeteko ohartarazpen-epea ezarri da egokitzapena errazteko, eta epe horretan arau-hausteak ez dira zehatuko.
  • Sarbide-kontrola matrikulak irakurtzeko sistema automatikoaren bidez egingo da.
  • Salbuetsitako ibilgailuen 12 kategoria eta urtebeteko atzerapena izango duten beste hirukategoria sortu dira: merkataritza-establezimenduak, aparkalekuetarako sarbidea, eta gremio eta banatzaileentzako sarbidea.
  • Udalak erregistratzeko eta salbuespenak eskatzeko prozesua erraztuko du, bai automatikoki, bai online eta aurrez aurreko izapideen bidez.

Alkateorde eta zinegotziak azpimarratu duenez, “badakigu egokitzapen-prozesuak guztion ahalegina eskatuko duela, baina ziur gaude aldaketa hori positiboa izango dela gure hiriarentzat. Informazio argia eta irisgarria emango dugu, mugikortasun jasangarriko alternatibak eskainiko ditugu eta trantsizio horretan inor atzean ez geratzea bermatuko dugu”.

Horretarako, Udalak komunikazio-plana jarriko du abian gizarte-etxeetan informazioa emateko. Horrez gain, aholkularitza-gunea irekiko du Erdi Aroko Hiriguneko bulegoan maiatzaren erdialdetik aurrera.

Ordenantza honen bidez, Gasteizek urrats erabakigarria eman du mugikortasun jasangarriagoa eta pertsona guztientzat bizitzeko atseginagoa den hiria sortzeko.

Emisio Baxuen Eremua abian jartzeak Europaren finantzaketa du, Europar Batasunak – NextGenerationEUk finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan.

Share

Tokiko Gobernu Batzordeak 2025eko irailaren 15ean indarrean sartuko den Emisio Gutxiko Eremuen ordenantza onartu du

Vitoria-Gasteizek beste urrats bat egin du jasangarritasunarekiko eta airearen kalitatea hobetzearekiko duen konpromisoan. Astearte honetan, alegazio-prozesuaren ondoriozko aldaketak sartu ondoren, Tokiko Gobernu Batzordeak behin betikoz onartu du hiriko airearen kalitatea hobetzeko, klima-aldaketa arintzeko eta emisio gutxiko eremuak (EGE) arautzeko udal-ordenantza.

Maider Etxebarria alkateak neurri honen garrantzia azpimarratu du: “EGEari esker, erdigunean airearen kalitate hobeaz gozatzeko aukera izango dugu. Izan ere, gune horrek jasangarria, osasungarria eta segurua izan behar du. Kutsadura ingurumen-arrisku esanguratsua delako eta zirkulazioa kutsaduraren eta hiriko zarataren iturri nagusia ere badelako. Negutegi-efektuko gasen emisioa gutxitzea eta klima-aldaketaren aurka borroka egitea mundu mailako erronka da eta guztion erantzukizuna eskatzen du. Hamarkadak daramatzagu Gasteizen hori defendatzen eta aplikatzen eta horregatik gara ingurumeneko erreferentea”.

Herritarren beharretara egokitutako prozesu parte-hartzailea

Erakusketa publikoaren fasean, 26 pertsona eta erakunderen 87 alegazio jaso ziren guztira. Azterketa xehatua egin ondoren, horietatik 9 onartu dira osorik edo partzialki, eta aldaketak gehitu dira, hala nola ibilgailu isotermoen kasuan, ingurumen-etiketa salbuestea edo egoiliarrak eta salbuetsitako ibilgailuak automatikoki sartzea erregistroan.

“Herritarrei entzun diegu eta lan egin dugu ordenantza hau orekatua izan dadin eta mugikortasun-eredu jasangarriago baterako trantsizio justua berma dezan”, adierazi du Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.

Funtsezko datak eta funtzionamendua

EGE araudia 2025eko irailaren 15ean jarriko da indarrean, eta (A) ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuetarako sarbidea mugatuko du. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, muga B etiketa duten ibilgailuetara ere zabalduko da. Egokitzapena errazteko, zigorrak aplikatu baino hiru hilabete lehenago jakinarazteko epea ezarriko da. Abenduaren erdialdetik aurrera, isunak indarrean izango dira, eta araudia urratuz EGEra sartzen denari 200 euroko isuna jarriko zaio.

Ordenantzak 12 salbuespen iraunkor aurreikusten ditu. Besteak beste, honako hauek biltzen dituzte salbuespenek: mugikortasun urriko pertsonak, garaje-plazen titularrak edo errentariak, errenta maila baxuko pertsonak, erretirotik gertu dauden profesionalak edo larrialdietarako ibilgailuak, ibilgailu historikoak edo funtsezko zerbitzuak.

Salbuespen gisa, 2026ko irailaren 15era arte, ibilgailu-kategoria batzuk salbuetsita egongo dira, hala nola egoiliarrak, merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak, aparkalekuak eta gremioetako profesionalak eta banatzaileak. Lau kategoria horiek urte bete izango dute ingurumen-bereizgarriaren eskakizunera egokitzeko.

Salbuespen horiek eskatzeko, indarrean sartu aurretik, hiru hilabeteko (ekaina, uztaila eta abuztua) tartea egongo da izena emateko eta erregistroa automatikoa edo aldeak eskatuta egin beharrekoa izango da. Udalak beharrezko informazioa izanez gero, pertsonak ofizioz inskribatuko dira eta dagokion baimena lortuko dute. Hau da, ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Administrazioak datu horiek ez baditu, eragindako pertsonek online, Udalaren webgunearen bidez edo herritarren arretarako bulegoetan aurrez aurre egin beharko dute.

Sarbide-kontrola matrikulak irakurtzeko sistema automatiko baten bidez egingo da. Sistema horrek hogeita hamar kamera baino gehiago izango ditu, eta ibilgailua EGEra sar daitekeen ala ez egiaztatuko dute:

Neurri hau ez da soilik zirkulazio-erregulazioa: izan ere; osasun publikoaren aldeko apustu sendoa ere bada. Kutsadura murriztea arnasbideetako gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzea da. Gure familiak babestea eta gure hiriko bizi kalitatea hobetzea da“, adierazi du Artolazabalek.  Era berean, iragarri duenez, “ez da derrigorrezkoa izango pegatina ibilgailuan jarrita eramatea, DGTk informazio hori baitu. Ez dugu exijituko ibilgailuek bereizgarri hori ikusgai izatea “.

Faseak

Hirigunean zirkulazioa murrizteak oinezkoentzako eta garraiobide jasangarrientzat espazioa irabaztea ahalbidetuko du. Horrek, aldi berean, bizitzeko hiri atseginagoa eta osasungarriagoa izaten lagunduko du. Ordenantza bi fasetan ezarriko da: lehena 2025eko irailean jarriko da abian eta Erdi Aroko Hirigunea eta Zabalgunearen zati bat hartuko ditu; bigarrena 2027ko irailetik aurrera jarriko da abian eta Ramiro Maeztu, Domingo Beltran eta Koroatze kaleek mugatzen duten perimetrora zabalduko da.

Alkateak bukaeran aipatu duenez, “Emisio Gutxiko Eremuarekin, kutsadura atmosferiko eta akustikoaren aurka esku hartu, aire-kalitatea hobetu eta osasun publikoa zainduko dugu. Neurri honek hiri hobea, garbiagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzen lagunduko digu”.

Udalak informazioa ematen eta egokitzapen-prozesua errazten jarraituko du, eta arreta presentzialeko eta digitaleko kanalak eskainiko ditu herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.  Hala, gizarte-etxeen sarean eskuragarri egongo den informazioaz gain, maiatzaren erdialdean aholkularitza-zerbitzu espezifiko bat egongo da Erdi Aroko Hiriguneko bulegoan.

Emisio Gutxiko Eremua abian jartzeak Europaren finantzaketa du, Europar Batasunak – NextGenerationEUk finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan.

Aurkezpeneko txostena (PDF)

Share

Aurrera doa Gasteizko Zaramaga auzoko 332 etxebizitzaren birgaitze integrala

  • Gasteizko alkate Maider Etxebarriak azpimarratu du “8 eraikinetan eta gainerakoetan aurreikusitako plangintzaren arabera egingo da. Aurreikuspenen arabera, udarako fatxada berria izango dute Nafarroako Errege-Erreginen 28. eta 44. atarietako eta Zaramaga plazako 9. ataiko eraikinek, ordurako lanak amaituta egongo baitira” 
  • Operazio horretan 22 atarik hartzen dute parte, eta 31,5 milioi euroko inbertsioa egin da funts autonomikoen eta udal-funtsen artean. Gainera, herritarren aurreikusitako ekarpena gehitu beharko litzaieke, gehienez 2,9 milioikoa izango dena.

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok Zaramaga auzoko hiri-berroneratze lanak bisitatu dituzte gaur. Esku-hartze enblematikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak birgaitzeko proiektu handiena da bolumenari dagokionez, guztira 332 etxebizitza hartzen baititu 22 ataritan banatuta. Ikuspegi integral batekin, jarduketen artean daude energia-birgaitzea eta irisgarritasuna eraikinetan, azpiegitura berdea hobetzea eta energia-komunitateak sortzea; horrela, Eusko Jaurlaritzak herritarren ongizatearekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten da.

Obrak joan zen irailean hasi ziren auzoko lau komunitatetan, eta dagoeneko bistan daude Zaramagako 8 eraikinetako fatxadetan jarritako aldamioekin. Hobekuntza horiek 31,5 milioi euroko inbertsioa dakarte funts autonomikoen eta udal-funtsen artean; horietatik 24,9 milioi euro Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, eta gainerako 6,6 milioiak, Gasteizko Udalak. Bi erakundeek inbertitutako guztizkoari auzokideen aurreikusitako ekarpena gehitu beharko litzaioke, gehienez 2,9 milioi eurora iritsiko dena.

Maider Etxebarriak nabarmendu eta eskertu egin du “herritarrek Zaramaga biziberritzeko proiektu honen alde egiteko erakutsi duten inplikazioa”. Gasteizko alkateak azpimarratu duenez, “bizi-kalitatea hobetu egingo da, eta dagoeneko martxan dauden esku-hartzeak baliatuko dira eraikinen energia-efizientzia eta irisgarritasuna % 60 baino gehiago hobetzeko. Eguneroko erosketak egiteko kalera jaistea edo bizilagunekin harremanak izatea bezalako eginkizun sinpleak indartu egingo dira igogailua jarriko duten komunitateetan hobekuntzak eginez”, nabarmendu du.

Alkateak gogora ekarri du “udal-gobernuak Zaramaga auzo horren alde egindako apustua eta iaz jasotako bultzada, atxikitako komunitateei eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei 6,5 milioi euro ordainduta”.

“Obren garapena nabarmena da dagoeneko auzoko 8 eraikinetan, eta gainerakoetan aurreikusitako plangintzaren arabera egingo da. Aurreikuspenen arabera, udarako fatxada berria izango dute Nafarroako Errege-Erreginen 28. eta 44. atarietako eta Zaramaga plazako 9. atariko eraikinek, ordurako lanak amaituta egongo baitira”, adierazi du Etxebarriak.

Bere hitzaldian, Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, “Gasteizko Zaramaga auzoaren berroneratze integralerako operazioa Eusko Jaurlaritza arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-formula horren barruan egiten ari den garrantzi handikoena da; Opengela bulegoen bidez bizilagunei laguntza eta aholkularitza ematea barne hartuta”. Eta azpimarratu duenez, “Zaramaga gure auzoetarako nahi dugunaren adibide bat da: ingurune irisgarriak, jasangarriak eta bertan bizi direnei bizi-kalitatea eskaintzen dietenak”. Sailburuaren arabera, “proiektu honek eraikinak eraldatzeaz gain, bizitzak eraldatzen ditu”. Ildo horretan, obrak bisitatzen ari ziren bitartean, sailburuak adierazi du “Jaurlaritza garen aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko 21 udalerritako 25 auzotan horrelako ekimenen buru izaten jarraitzeko asmoa dugula”. Itxasoren ustez, formula hori Europa osoan erreplika daiteke, eta aurreratu duenez, “Eusko Jaurlaritzak borondatea du Europako erakundeetan azaltzeko, arrakasta-eredu gisa har dezaten, duen kapilaritateagatik, partaidetzagatik eta eraginkortasunagatik”.

Jarduketak Zaramagan: hiri-berroneratze eredu bat

Zaramaga Biziberritzeko Planak auzoaren eta bertako bizilagunen beharrei aurre egiteko diseinatutako funtsezko esku-hartzeak biltzen ditu:

  • Bizitegi-eraikinen birgaitze sakona: 22 atariren hobekuntza integrala egiten ari dira; guztira 332 etxebizitza barne hartzen ditu. Obra horietan irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta suteen aurkako babesa hobetzea barne hartzen da, baita eraikinen eraikuntza-egonkortasuna eta -egokitzapena bermatzea ere.
  • Hurbiltasuneko bulegoa: Opengela ereduan oinarrituta, Hurbiltasuneko Kudeaketarako Bulego Teknikoak bizilagunei laguntza ematen die birgaitze-prozesuan, komunikazio arina eta euskarri tekniko jarraitua bermatuz.
  • Auzoko ekipamenduak: BIZAN Zaramaga zentroa osorik berrituko da eta Diego de Rojas kalean LAR Eguneko Arretarako zerbitzu berri bat eraikiko da, auzoko sare soziala indartzeko helburuarekin.
  • Berrurbanizazioa: Espazio publikoko esku-hartzeen artean daude bizikleta-errei bat sortzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jartzea eta azpiegitura berdea hobetzea, mugikortasun jasangarria eta elkarguneak sustatuz.
  • Energia-komunitateak: Plaka fotovoltaikoak instalatzen ari dira espazio publikotan eta autokontsumorako tokiko komunitateak sustatzen ari dira, energia-trantsizioaren aldeko apustu irmoa eginez.
  • Digitalizazioa: Esku-hartze horren onuradun diren etxebizitzek eta eraikinek airearen kalitatea, energia-kontsumoa eta kudeaketa digitaleko sistemak monitorizatzeko sareak izango dituzte, eta mugarri bat izango dira modernizazio teknologikoan.
  • Kultura eta paisaia: Programa sozialek, kultura-jarduerek eta muralak sortzeak osagai artistiko eta parte-hartzailea osatzen dute auzoa eraldatzeko prozesuan.

Konpromiso politiko eta soziala

“Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuna Zaramaga bezalako auzoetatik igarotzen da, gure gizartearen espiritua sinbolizatzen baitute: lana, komunitatea eta aurrerapena. Gure hirietako auzo guztietan bizitzak hobera egitea nahi dugu, berrikuntza eta jasangarritasuna tradizioaren eta bizikidetzaren eskutik joan daitezen”, adierazi du sailburuak.

Ahalegin hori Eusko Jaurlaritzaren estrategia zabalago baten barruan kokatzen da. Jaurlaritza 24.899.366,64 euro inbertitzen ari da esku-hartze horretan, Gasteizko Udalaren (6.637.178,27 euro) eta auzo-erkidegoen (2.871.184,04 euro) laguntzarekin batera.

Inpaktua eta etorkizuna

Itxasok nabarmendu duenez, “inbertsio horiek ez dira gastua, etorkizunaren aldeko apustua baizik. Urrats sendoak ematen ari gara desparekotasunak murrizteko, bidezko energia-trantsizioa sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidego kohesionatuagoa eraikitzeko “.

Zaramagakoa bezalako proiektuekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko hiriak eta herriak biziberritzeko konpromisoa, jasangarritasuna, inklusioa eta pertsonen bizi-kalitatea uztartzen dituen hiri-garapeneko eredu baterantz aurrera eginez, eta bizilagunak erdigunean jarriz.

21 udalerritako 25 auzotan erreplika daitekeen eredua

Sailburuak gogorarazi du ekimen hori proiektu zabalago baten parte dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 21 udalerritan 25 auzo berroneratzea hartzen duela bere baitan, 170 milioi euro inguruko inbertsio historikoarekin, Next Generation UE funtsak barne. “Ondo diseinatutako politika publiko batek errealitateak eralda ditzakeela, eta zaharkitutako auzoak hobetu eta bizitzea merezi duen leku bihur ditzakeela erakusten ari gara”, adierazi du Itxasok.

Gainera, sailburuak jarduketa horien izaera parte-hartzailea azpimarratu du: “Hiri-berroneratzea ez da kontu tekniko bat bakarrik; pertsonak erdigunean jartzen dituen prozesu bat da. Bizilagunei entzuten diegu, haien proposamenak gehitzen ditugu eta toki-administrazioekin batera lan egiten dugu esku-hartze bakoitzak lurraldearen benetako beharrei erantzuten diela bermatzeko”.

Share

Amaitu dituzte Lamiak etxartea leheneratzeko lanak, eta lau bakarrik geratzen dira egokitzeko

  • Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneak 21 etxarte historiko ditu, eta horietatik San Migel, Sahatsa, Aduana Zaharra eta Borreroa baino ez dira geratzen leheneratzeko
  • Udalaren konpromisoa urtean etxarte bat birgaitzea da, eta 2025erako aurreikusita dago San Migeleko etxartea egokitzea

Vitoria-Gasteizko Udalak amaitu ditu Lamiak etxartea, hiriko Erdi Aroko Hiriguneko gune esanguratsuenetako bat, leheneratzeko lanak. Esku-hartze horrek 213.197 euroko aurrekontua izan du eta Next Generation Europako funtsek finantzatu dute. Lanei esker, txoko historiko horrek garai bateko distira berreskuratu du eta Udalak aurrera egin du ondare-elementu horiek egokitzeko bere gain hartutako konpromisoan.

“Etxarteak leheneratzea da ondarearekin lotuta egiten dugun lanaren apusturik baliotsuenetako bat. Erdi Aroan hustubideak ziren gune horiek, eta barruko lorategi bihurtu dira orain, Erdi Aroko hiriguneko bizilagunek horiez gozatzeko aukera izan dezaten. Lamiak etxartea gure iragana orainaldirako baliabide bizi eta eder nola bihur daitekeen erakusten duen beste adibide bat da”, nabarmendu du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.

Egindako lanen artean, egiturak finkatu, zoruak eta hormak margotu, estolderia konpondu, barandak eta eskailerak instalatu eta ur korronteko sarea jarri dituzte, garbiketa eta ureztaketa errazteko. Aurreko proiektuetan bezala, Udalak hainbat landare-espezie landatu ditu, espazio hori lorategi botaniko txiki bihurtzeko.


Gasteizko Alde Zaharrak 21 etxarte ditu, eta horietatik San Migel, Sahatsa, Aduana Zaharra eta Borreroa baino ez dira geratzen leheneratzeko. Udalaren konpromisoa urtean etxarte bat birgaitzea da, eta 2025ean San Migeleko etxartea egokitzeko lanak aurrekontuan sartu dituzte.

“Balioa eman nahi diot gaur etxarteak elkarbizitzarako eta edertasunerako gune bihur daitezen lagundu duten pertsona guztiek egindako lanari. Bereziki, ezin dut aipatu gabe utzi Gaia talde ekologistak eta Fernando Fernández Arrikagoitiak, Cibelesek, egindako lana, hura izan baita leheneratze-proiektu honen alma materra. Bere ikuspegiari esker, gaur egun gure hiriak Erdi Aroko historiaren funtsezko zati bat berreskuratu du, ondare bizi bihurtuz”, adierazi du Artolazabalek.

Zinegotziak etxarteen jatorria ere gogoratu du. “Bere garaian, Erdi Aroko Hiriguneko bide nagusiekiko (Zapatari edo Errementari kaleak, adibidez) paraleloak ziren barneko kale hauek, eta hustubide eta hondakinak botatzeko toki gisa erabiltzen zituzten. Orain, hamarkada bat baino gehiagoko ahaleginaren ondoren, etxarte horiek hondakinak botatzeko gune izatetik, hiriko altxor txiki izatera igaro dira. Horrela, gure hiriak bere historia mantentzeko konpromisoari eutsi dio, edertzearen eta jasangarritasunaren alde eginda”.

Jarduera horiekin, Udalak berretsi egin du Gasteizko ondare historiko eta kulturala babesteko bere gain hartutako konpromisoa, etxarteak tradizioa, natura eta herritarren gozamena uztartzen dituzten espazio bihurtuta. Lanak Next Generation Europako Funtsen finantzaketa izan du.

Share