Principal Antzokiko etxadiko bizilagunek hura birgaitzeko proposamenak identifikatu eta diseinatuko dituzte

  •  Zabalgune 21k auzo-lantegi bat deitu du, ideiak proposatzeko eta espazio horretan ezartzeko egokiak ote diren baloratzeko

 

KARTELA_A2_TALLER 01_V2

Gasteizko Udalak (21 Zabalgunea udal-hirigintza sozietatea bitarte), Naiderrek (Tokiko eta Lurralde Garapenerako Elkarlaneko Laborategia) eta Paisaje Transversalek partaidetza-prozesu batera deitu ditu Gasteizko herritarrak eta eragile publiko zein pribatuak, Gasteizko XIX. mendeko Zabalguneko etxadietan birgaitze energetikorako eta hiri-berroneratzerako azterlana gaitzat hartuta, “Zabalgunea, eko-barruti ekintzailea” proiektuaren barruan.

Prozesu horrek gure hiriaren erdigunearen etorkizuna moldekatzen lagunduko du, eta datozen hilabeteetan egingo diren hainbat ekintzaren bidez garatuko da.

Lehenengo jarduera urtarrilaren 29an (asteazkena), izango da, 17:30ean, San Prudentzio kaleko Opera eraikinean, AUZO-LANTEGI bat egingo baita leku, egun eta ordu horretan.

Saioan zehar proiektua aurkeztuko da, eta pertsona zein eragile partaideei aukera emango zaie ideiak proposatzeko, bai eta etxadiak izan ditzakeen ekimenei buruz duten ikuspegia adierazteko.

Lanaren helburua da, alde batetik, hiri-kogobernantza eredu bat garatzea, halako moduan non komunitatearen zentzua eta etxadi barrua ekimenak sortzeko baliatuko baita; eta, bestetik, birgaitzeari aplika dakizkiokeen soluzio teknikoen katalogo bat osatzea, materialen zirkulartasunean, energia-eraginkortasunean eta bizi-zikloaren analisian oinarritutako ikuspegiarekin.

Zabalguneko gainerako etxadietan erreplikatu nahi da, gerora, Principal Antzokiko etxadirako ekimena.

21 Zabalgunek, Naiderrek eta Paisaje Transversalek gasteiztar guztiak animatu nahi dituzte, baita duten eragile interesdunak ere, prozesuan parte hartzera, eta, hartara, Zabalgunearen etorkizunean laguntzera.

Ekimen hau ‘Zabalgunea, eko-barruti ekintzailea’ izeneko udal-proiektuaren baitakoa da, eta Gizarte Eskubideetako, Kontsumoko eta 2030 Agendako Ministerioaren dirulaguntza du, baita Gasteizko Udalaren finantzaketa ere.

Proiektua indarrean egongo da 2025eko martxora arte, eta helburu du hiriaren erdialdeko barrutia (XIX. mendeko zabalgunea) sozioekonomikoki eta urbanistikoki suspertzea, eta eko-diseinuari eta eko-berrikuntzari lotutako jardueren ezarpena bultzatzea, halako moldean non hiri-bilbea birgaitzeko eta berroneratzeko agertoki bihurtuko baita.

Share

Principal Antzokia berritzeko lanek aurrera jarraitzen dute desmuntaketa-fasearekin eta martxoan hasiko dituzte indusketa-lanak

 

  • Alkateak, Maider Etxebarriak; Lehendakariak, Imanol Pradalesek; eta ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzálezek, San Prudentzio kalean dagoen eta berriro 2027an irekiko duten ekipamenduko obrak bisitatu dituzte 
  • Lanen lehen asteetan, altzariak, besaulkiak barne, ehungintzako elementuak eta dorre eszenikoa desmuntatu dituzte

 

Vitoria-Gasteizko Principal Antzokia zaharberritzeko lanek aurrera jarraitzen dute eta orain instalazioak desmuntatzen ari dira. Gero, martxoan, indusketen eta eraisketen faseari ekingo diote urtearen amaierara arte. Azaroaren amaieran erreforma-lanak hasi zituzten enpresek desmuntatu dituzte altzariak (1992ko erreforman jarritako besaulkiak barne), ehungintzako elementuak eta dorre eszenikoa. Alkateak, Maider Etxebarriak; Lehendakariak, Imanol Pradalesek, eta Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzálezek, gaur bisitatu dituzte obrak horiez arduratzen ari diren enpresetako (Tecsa eta Ocisa) eta proiektua idatzi duen IDOM ingeniaritza-enpresako ordezkariekin batera.

Barruti kulturala berritzeko lanek 30 hilabeteko epea izango dute eta, erosotasunarekin eta irisgarritasunarekin lotutako araudiaren araberako antzokia eratuko da. Hala, eraikinaren sarrerako halla berrituko da, besaulkien arteko tartea handiagoa izango da, lau konfiguraziotarako aukera eskainiko duen agertokia izango du eta musikarientzako pezoia handituko da. Gainera, inguratzaile termikoa hobetu, dorre eszenikoa goratu eta kamerino berriak jarriko dira. Gainera, San Prudentzio kalean dagoen ekipamendu horrek erabilera anitzeko areto berria izango du gaur egun bulegoak dauden tokian eta azken horiek ondoko lokal batera eramango dira. Gainera, edaritegia prentsa-areto eta ekitaldietarako gela bihurtuko da. Bestalde, airea berritzeko eta aireztatzeko sistema berriak jarriko dira.

Maider Etxebarria alkateak nabarmendu duenez, “deigarria da Gasteizko erdigunean dagoen gure altxor kultural hau, gure antzoki maiteena, ‘biluzik’ eta makinen zain ikustea. Horiei esker, antzokia ekipamendu moderno, irisgarri, eroso, seguru eta energetikoki eraginkor bihurtuko da. Hitz gutxitan esanda, gaur egungo beharren araberako antzokia izango da, baina haren espiritua galdu gabe; izan ere, Italiako estilodun antzokiaren konfigurazioari eutsiko dio”. Alkateak gehitu duenez, “ahalegina mereziko du. Denok dakigu hau ez dela edozein antzoki; nahi dugun tokia da, baina beharrezkoa da XXI. mendeko instalazio batek eskatzen dituen parametro teknikoetara, erosotasunekoetara eta segurtasunekoetara egokitzea. Gainera, Gasteizko erdigunean jarduera eta bizitza sortuko dituen motor kultural bihurtzea nahi dugu”.

Imanol Pradales lehendakariak ziurtatu duenez, “Gasteizko benetako ikur kulturalak diren antzoki batean eta kale batean gaude, San Prudentzio kalean, alegia. Kale honetan bertan proiektatu zen Gasteizen film bat lehen aldiz, noiz, eta XIX. mendearen amaieran. Orain, 2025ean, ondare horri eusten diogu, eta abangoardiako kultur azpiegitura batekin jantziko dugu gure hiriburua“. Pradales gehitu duenez, “Kulturak munduaren gure ikuspegia aberasten du, eta gainerakoekin zein geure buruarekin konektatzen gaitu. Horretarako, kultur sorkuntza sustatu eta babestu behar dugu, modalitate guztietan, eta sorkuntza hori ezagutu eta gozatzeko aukera bermatu behar diegu herritarrei. Horrek azpiegitura modernoak, irisgarriak eta erabilera askotarikoak eskatzen ditu, esaterako Gasteizek behar eta merezi duen antzoki hau».

Bestalde, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, “duela urte eta erdi Eusko Jaurlaritzarekin eta Gasteizko Udalarekin batera sinatutako akordioak helburu bera du: gurea bezala sentitzen dugun antzoki honen historia eta ondare-balioa babestea, eta, aldi berean, haren berrikuntza bultzatzea, garai berrietara egokitutako eskakizun teknikoak eta erosotasunekoak bete ditzan”. Nabarmendu duenez, “Gasteizko Principal Antzokia gasteiztarren eta arabarren belaunaldiek alboan izan duten kultura-sinboloa da eta, proiektu honi esker, erreferente izaten jarraituko dugu, Arabako Foru Aldundiak lurraldean kultura modernizatzeko eta sustatzeko duen konpromisoa indartzen duen bitartean”.

Erotasun handiagoa

Lanak amaitzean, antzokiko guztizko edukiera 842 tokikoa izango da (azken hamarkadetakoa 972koa izan da) egindako hobekuntzak direla eta (besaulkien arteko tarte handiagoa, adibidez). Horiei esker, ikusleek erosotasun handiagoa izango dute.

Egingo dituzten hobekuntzen artean, honako hau azpimarratu behar da: mugikortasun urriko pertsonek lehen zamalanetarako kaia erabili behar zuten sartzeko eta beheko solairuko alboetako palkoetan bakarrik jar zitezkeen. Lanak amaitzean, ordea, hall nagusitik sartu ahal izango dira antzokira, eta besaulki patioan jarri.

Erreforma-lanen ostean, eraikina izango da EnerPhit Passivhaus ziurtagiria (energia-eraginkortasuneko bikaintasuneko nazioarteko katalogazioa) lortu duen erreformatutako lehen udal-ekipamendua.

 

Share

Reutilizagunek Principal Antzokiko objektuen erakusketa egingo du eta dohaintza ekonomikoaren bidez horiek erosteko aukera egongo da

  • Azaroaren 30ean egongo dira ikusgai Kultura Sailak dohaintzan emandako palkoetako aulkiak, kartelak eta edaritegiko besaulkiak
  • Emandako dirua, beste hainbat proiektu solidarioren artean, Valentzian jasandako goialdeko borraskaren eraginak jasan dituztenei bideratuko zaie

 

Reutilizaguneren udal-zerbitzuak larunbatean, azaroaren 30ean, Principal Antzokiko objektu esanguratsuenetako batzuk eskuratzeko aukera eskainiko du Antzokian eraldaketa sakona egin aurretik. Lan horiei esker, barrutia askoz ere modernoagoa, erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izango da.

Azken asteotan, Reutilizaguneko langileek hainbat tokitatik aulkiak, besaulkiak, kartelak eta beste material batzuk kendu dituzte (palkoetatik, barneko korridoreetatik eta edaritegitik). Elementu horiek guztiak Kultura Sailak dohaintzan eman ditu.

Objektu horiek Antzokiaren historiaren eta memoriaren zati dira eta bigarren bizitza bat eman nahi diegu. Hau da,  gasteiztarren bizitzaren zati izaten jarraitzeko aukera eman nahi diegu”, azaldu du Maider Etxebarriak, Vitoria-Gasteizko alkateak.

 

Dohaintza solidarioa

Elementu horietako bakoitzak 20 eta 50 euro arteko prezio sinbolikoa izango du. Dohaintza hori, gero, Reutilizagunek hainbat proiektu solidariotara bideratuko du (besteak beste, Valentzian jasandako goialdeko borraskaren kaltetuak izan direnei laguntzera). Alkatearen hitzetan, era horretara, “gure Antzokiaren historiaren zati bat bere azken emanaldia izango den kausa solidarioaren zerbitzura jarriko dugu”.

Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak, azaldu duenez, “Principal Antzokia Gasteizko historiaren zati da 1918tik. Beste nolabait esanda, komediaz, dramaz, musikaz, dantzaz… betetako 100 urte baino gehiago izan dira. Herritar asko bildu ditu urtez urte, hutsik egin gabe, agertoki honekin egindako hitzorduak. Hori dela eta, eraikinak eta bertako edukiak balio sentimental handia dute zaletu askorentzat eta ezin genuen besterik gabe baztertu. Era honetara, herritarrek etxera eraman ahal izango dute Principal” Antzoki maitearen oroigarri bat.

Hala, Principal Antzokitik jaso eta Reutilizagunera eramandako elementuei esker, Benito Gineko 6. zenbakian dagoen udal-zerbitzu hau ehun urte baino gehiago dituen antzokiko besaulki-aretoaren birsorkuntza txiki bihurtu da.

Azaroaren 30ean, larunbatean, goizeko 10.00etatik aurrera, ateak zabalduko ditu nahi duten guztiek gero helburu solidarioak izango dituen dohaintzaren bidez etxera oroigarri berezi bat eramateko aukera izan dezaten.

Horren bidez, gainera, Reutilizagunek bere zereginaren helburu nagusia beteko du: eguneroko objektuen bizitza erabilgarria luzatzea eta, hala, kontsumoaren ingurumen-aztarna gutxitzea.

 

Share

‘El novio de España’-k irekiko du Andre Maria Zuriaren antzokia abuztuaren 4an eta 5ean

  • Komedia musikal hau 3 saiotan eskainiko da Principal Antzokian: igandean 22:00etan eta astelehenean 19:30ean eta 22:00etan

Jai hauetako lehen antzerki aukera ‘El novio de España’ komedia musikala da. Vitoria-Gasteizera 3 saiotan iritsiko da: 22:00etan, igandean, hilaren 4an, eta 19:30ean eta 22:00etan, astelehenean, hilaren 5ean.

100 bat minutuz, frankismoaren garaiko erbesteari eta maitasunean eta sentimenduetan askatasun politiko faltari buruzko hausnarketara gonbidatuko gara. Hori guztia tangoen, kupleen, opereten, zarzuelen, music hallen, koplen eta abarren bidez“, azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Izan ere, Juan Carlos Rubio, egile eta zuzendaria, komedia musikal honekin itzuli da, 1936ko Espainia errepublikarrari buruzko trilogiaren bigarren zatia, non gerra zibilaren eztandak Concha Piquer, Rafael de Leon eta Federico Garcia Lorca ezustean harrapatu zituen.

Bigarren kapitulu honek, ‘En tierra extraña’ lehen lanaren ondorengoak, elementu errealak eta historikoak asmatutako egoerekin nahasten ditu. Ekintza 1952an garatu zen, eta Luis Mariano euskal abeslariak Carmen Sevillari ezkontzeko eskatu ziola kontatzen du, baina bere motiboa ez da maitasun erromantikoa; nahiz eta maitasun handia dagoen obra honetan eta, batez ere, adiskidetasuna.

Sarrerak salgai daude Principal Antzokiko webgunean.

Txostena (pdf)

Share

‘El tiempo entre costuras’ izango da obrak direla eta itxi aurretik Principal Antzokian ikusgai izango den formatu handiko azken musikala

  • Formatu handiko ikuskizun hori Gasteizen izango da ekainaren 27tik 30era
  • Musikala Maria Dueñasen eleberri arrakastatsuan oinarrituta dago eta Lorenzo Caprile da Sira Quiroga protagonistaren jantzien diseinatzailea
  • Aktoreetako bat da Patricia Carlos de Vergara gasteiztarra, Jamilaren rolean

‘El tiempo entre costuras’ formatu handiko musikala aste honetan iritsiko da Vitoria-Gasteizera. Izan ere, Principal Antzokian izango da ikusgai ekainaren 27tik 30era, eta obrak egiteko Principal Antzokia itxi aurretik bertako agertokian ikusgai izango den azken musikala izango da.

Aurretik hainbat tokitan egon da musikala ikusgai: Málaga, Cádiz, Bartzelona, Jaén, Kanariar Uharteak, Huelva, Kordoba, Palma Mallorcakoa, Bilbo, Donostia, Alacant, Valentzia, Madril eta Zaragoza. Málagan itxiko du bira.

Gasteiz da ikusleen eta kritikaren aldetik arrakasta handia izan duen musikal honetaz gozatu ahal izateko agertoki handietako bat; izan ere, azken urteotan, sari gehien jaso duen lanetako bat izan da: 10 Broadway World Spain sari eta Arte Eszenikoen Akademiak emandako Jantzirik Onenaren Talia saria jaso ditu besteak beste.

‘El tiempo entre costuras’ musikala lan originalen eta propioen aldeko apustua da. Musika-konposizioa Iván Macíasek egin du, eta libretoaren egokitzapena Félix Amadorrek. Egindako lanari esker, ikuslea María Dueñasek sortutako eszenario horietako bakoitzera garraiatuko dute. Gainera, aipatu beharrekoa da egile horrek ere rol esanguratsua izan duela sorkuntza-prozesu osoan aholkulari gisa. Bestalde, Lorenzo Caprile da Sira Quiroga protagonistaren jantzien diseinatzailea.

Musikalak 21 antzezle ditu eta horietako bat gasteiztarra da: Patricia Carlos de Vergara, Jamilaren rola egiten duena. Alba Cuartero aktoreak betetzen du Sira Quiroga protagonistaren rola. Bere azken lanetako batzuk dira ekoiztetxe berak sortutako ‘La historia interminable, el musical’ edo ‘El médico, el musical’ musikalak. Cristina Picosek txandaka betetzen du Siraren rola, eta Jan Forrellatek Marcus da; Teresa Alba Candelaria da; Gema Bastante Rosalinda Fox; Paco Arrojo Da Silva; Rodrigo Blanco Ramiro; Noemy Mazoy Dolores; Alberto Vázquez Gonzalo Alvarado y Beigbeder; Gustavo Rodríguez, Félix Aranda; Aurora Frías Doña Manuela eta Julio Morales Claudio komisarioa. Aktoreen zerrenda osatzen duten gainerakoak honako hauek dira: Pedro Estrada, Pablo Abad, Esther Santaella, Camila Puelma, Guillermo Pareja, Fran León, Rocío Margón eta Noelia Cano.

Sorkuntza-taldea

Sorkuntza-taldea ekoizpen-lan garrantzitsuetan ibilbide luzea duten antzerki musikaleko profesionalek osatzen dute. Horien artean, hauek azpimarratu behar dira: Federico Barrios Fierro zuzendaritza artistikoan –‘West Side Story’,‘Sonrisas y Lágrimas’ edo ‘Cabaret’; Ricardo S. Cuerda ikuskizunaren eszenografo gisa (Europako eszenografo onenetako bat da); Lorenzo Caprile, Siraren jantzien diseinuaren sortzailea (gainerako jantziak Marietta Calderónek egin ditu). Argiztapenaren diseinua, berriz, Felipe Ramosek egin du, eta soinuarena Javier Isequillak. Sorkuntza-taldea María José Santosek (zuzendaritza artistikoa eta bokala), Aarón Domínguezek (karakterizazio eta ile-apainketa zuzendaritzan) eta Pablo Santosek (ekoizpena) ere osatzen dute.

Sinopsia

Sira Quiroga jostun gazteak Madril utzi zuen gerra zibila hasi aurreko hilabeteetan, ia ezagutzen ez zuen gizon batenganako maitasunak eramanda. Elkarrekin Tangerren bizitzen jarri ziren. Tanger hiri mundutar, exotiko eta dardaratia zen ordu hartan, pentsaezina zen guztia errealitate bihurtu ahal izateko modukoa. Baina traizioa eta abandonua ere azaltzen dira lanean.

Hala, bakarrik eta beste batzuen zorrek bultzatuta, Sira Tetuanera, Espainiako Protektoratuak Marokon zuen hiriburura, joan zen. Ezkutuko amarruak eta ezbaiko erreputazioa zuten lagunen laguntzarekin, nortasun berria eratu eta atelier dotorea martxan jartzea lortu zuen. Bertan, urrutiko jatorria eta ustekabeko orainaldia zuten bezeroei arreta eskaintzen zien.

Ordutik aurrera, Espainiako gerra amaitu berria eta Europakoa hastear zegoen garaian, protagonistaren patua pertsonaia historiko batzuei lotuta geratu zen. Horien artean, honako hauek dira aipagarrienak: Juan Luis Beigbeder —lehen frankismoko Kanpo Arazoetako ministro misteriotsu eta ez oso ezaguna—, haren maitalea, Rosalinda Fox xelebrea, eta Alan Hillgarth ontzigintzako agregatua, bigarren mundu-gerran Britainia Handiko inteligentzia-burua Espainian. Horien guztien artean, konpromiso arriskutsu baterantz bultzatu zuten. Bertan, bere lanbidean ohikoak diren oihalak, puntadak eta patroiak askoz ere ilunagoa eta arriskutsuagoa den zerbaiten ageriko fatxada bihurtu ziren.

Sarrerak hemen daude eskuragarri: www.eltiempoentrecosturaselmusical.com

 

 

 

Share

Gobernu Batzordeak Principal Antzokia zaharberritzeko eskaintzarik onena aukeratu du

  • Tecsa-Ocisa ABEEaren proposamenak lortu du udal-teknikarien artean puntuaziorik altuena 
  • Lizitazio prezioa % 0,70 jaitsi du eta 11.225.333 eurotan finkatu du; lanek 30 hilabeteko iraupena izango dute

Gobernu Batzordeak Tecsa-Ocisaren proposamena aukeratu du Principal Antzokia zaharberritzeko lanak gauzatzeko eskaintzen artean. “Ehun urte baino gehiago dituen barrutia berrituta, gaur egun jarduera artistikoak planteatzen dituen eskakizunetara egokituago dagoen, eta erosoagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa den instalazioa izango dugu”, azaldu du Maider Etxebarriak, Gasteizko alkateak.

Lizitazioan parte hartu duten lau proposamenetatik, puntuaziorik eta baloraziorik onena Tecsa eta Ocisa enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari (ABEE) egokitu zaio.

Lizitazioaren prezioa % 0,70 jaistea eta lanak 11.225.333,75 euroren truke (BEZa barne) egitea proposatu du, 30 hilabeteko tartean.

Tecsa-Ocisaren eskaintzan planteatutako alderdiak aztertzerakoan, teknikariek modu positiboan baloratu dituzte lanekin lotutako alderdi hauek: lanak egiteko beharrezko zerbitzuak (bulegoak, aldagelak edo komunak) obraren barruan jartzea, adibidez. Izan ere, horri esker, San Prudentzio kalean ez litzateke instalazio osagarririk jarriko. Kale hori une jakin batzuetan baino ez da beteko, materialez hornitzeko.

Gainera, eskaintzarik onena egin duen enpresak ez du planteatzen dorre-garabi bat jartzea, horrela, hirugarren batzuen lurrak eta jabetzak okupatzea saihestuko litzateke. “Ildo horretan, haren proposamena da inguruko merkataritza-jardueren ohiko bilakaeran aldaketa gutxien eragingo duena”, adierazi dute udal-teknikariek.

ABEEak obraren azken lanen eta proiektua gauzatzeko azken 4 hilabeteen artean ekipamendu eszenikoa instalatzeko lanak koordinatzea ere jaso du.

Baldintza-pleguak jasotakoaren arabera, enpresek komunikazio-plana garatu behar zuten inguruko bizilagunei eta saltokiei informazioa emateko. Gainera, enpresa esleipenduneko pertsona batek zuzeneko bitartekaritza izan beharko luke bizilagun-komunitateekin eta merkatariekin.

Kalitatearen eta prezioaren arteko eskaintzarik onena biltzen duen proposamena aukeratzea izan da kontratuaren esleipena egin arte eman beharreko beste pauso bat. Esleipena laster egingo da Gobernu Batzordeak egindako bileran.

Share

Principal Antzokiak 10 proposameneko uda-denboraldiaren ondoren ateak itxiko ditu erreforma-lanei ekiteko

  • Udako programazioak Andre Maria Zuriaren jaien aurreko eta jaietako eskaintza jasotzen du
  • Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 49. edizioak bi ikuskizun hitzartu ditu Felix Petite antzokian eta bertan izango dira Juan Diego Botto eta Malena Alterio, besteak beste

Principal Antzokiak udako bere denboraldi bereziena aurkeztu du; izan ere, horren ondoren, ateak itxiko ditu berritze-lanei ekiteko. 1918an sortutako eraikin honek behin-behinekoz agur esango du irisgarriagoa, modernoagoa eta seguruagoa den, baina egungo estetika mantenduko duen instalazio gisa itzultzeko.

“Uda-denboraldirako prestatu dugun programazioak umorea, era guztietako musika, antzerkia eta askoz ere gehiago biltzen ditu, baina guztia bikaintasun artistikoaren premisatik abiatuta”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Hala, ekainaren 27tik abuztuaren 9ra bitarte 24 saiotan eskainiko dituzten 10 lan oso ezberdin prestatu dituzte. Proposamen horietako batzuk dira ‘El tiempo entre costuras’en eskutik iritsiko den musikala (ekainak 27-30) eta Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdiaren 47. edizioko ‘Jazz en el teatro’ zikloari esker uztailaren 15etik 20ra bitarte iritsiko den jazz musika, adibidez.

Musika klasikoa maite dutenentzat, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) uztailaren 22an Txaikovskiren, Musorgskiren eta Ravelen programa proposatuko du. Gainera, bertan izango da Seohyun Kim biolin-jotzaile korear gaztea.

Andre Maria Zuriaren jaien aurrekoa eta jaiak

Gasteizko uda Andre Maria Zuriaren jaiekin hertsiki lotua dago. Hori dela eta, jaien aurreko egunetarako eta jaietarako eskaintza berezia prestatu dute. Lehenengoetan, uztailaren 26tik abuztuaren 1era bitarte, honako artista hauek etorriko dira: Paula Mattheus konpositore getxotarra, freskuraz betetako bere musika berritzailearekin; eta bi umoregile: Ángel Martín, ‘Punto para los locos’ ikuskizunarekin eta El Monaguillo, ‘Efectiviwonder’ lanarekin.

Egun horietan, gainera, denboraldiko proposamen berezienetako bat iritsiko da: Fernando Velázquez musikari eta konpositoreak eskainiko duen ‘Udako Oroimenak’, esate baterako. Baina ez da bakarrik egongo; izan ere, lau solista izango ditu alboan: ETSko Iñigo Etxezarreta; Idoia Asurmendi; Josune Arakistain, Süneren arima; eta Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta.

Festetan barneratu ondoren, abuztuaren 4tik 9ra bitarte, Madrilgo eta Bartzelonako antzokietan sekulako arrakasta izan duten eta Euskadiko antzoki garrantzitsuenetara bira egingo duten komediak iritsiko dira. Horietan, entzute handiko zuzendariak eta aktoreak elkartuko dira.

Abuztuaren 4 eta 5ean, Txalo Produkzioak euskal ekoiztetxeak sortutako ‘El novio de España’ ikuskizuna iritsiko da. Zuzendaria Juan Carlos Rubio da eta  Christian Escudera eta Marta Valverde izango dira protagonistak.

Hilaren 6 eta 7an, berriz, agertokian komedia munduko bi izen handi elkartuko dira: Paco Mir (Tricicle) eta Pepe Viyuela. Aristófanesen ‘Las nubes’ lana aurkeztuko dute; antzerki munduaren isilpeko kontuak azaltzen dituen lan klasiko honen bertsio bihurri eta barregarria.

Jaietako programazioari amaiera emateko, urtean zehar arrakasta handiena izan duen antzerkiko komedietako bat iritsiko da. Aitziber Garmendia da horren protagonista eta Mireia Gabilondok, Tanttaka Teatro antzerki-konpainiakoak, zuzendu du: ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon/Nunca he estado en Dublin’, gaztelaniaz eta euskaraz ikusgai egongo den komedia garratz eta zentzugabea.

Uda-garaiko proposamenerako sarrerak (jai aurreko zein jaietarakoak) ekainaren 19ko 10:00etan jarriko dira salgai ohiko bideetan: leihatilan, telefonoz eta online.

Gasteizko 49. Antzerki Jaialdiaren aurrerapena

Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 49. edizioa ohikoa baino egun batzuk geroago hasiko da eta irailean emango dute horri buruzko informazio guztia. Dena den, bi izen handi biltzen dituzten bi proposamen itxi dituzte dagoeneko:

  • Azaroaren 2an eta 3an, publikoak gehien maite eta ezagutzen duen aktore, zuzendari eta idazleetako bat etorriko da Felix Petitera Walt Whitman olerkari iparramerikar bikainari omenaldia egitera: Juan Diego Botto. Harekin batera, Nur Levi eta Alejandro Pelayo (pianoan) etorriko dira Gasteizera eta poesiaz betetako bi gau-ekitaldi oparituko dituzte: ‘Sobre las hojas de hierba’.
  • Bestalde, azaroaren 8an, honako hauek osatutako beste talde eszeniko bikain bat iritsiko da Felix Petite Antzokira: Malena Alterio, David Lorente eta Daniel Veronese zuzendaria. Oraingoan, Madrilgo antzokietako ikuskizunen zerrendan estreinatu berria duten eta arrakasta handia lortu duen  ‘Los amigos de ellos’ lana antzeztuko du.

Udako aldizkaria (pdf)

Share

38 hitzordu izango dira udaberri honetan Antzokien Udal Sarean

  • Denboraldiak antzerki-, musika- eta dantza-proposamenak eskainiko ditu besteak beste
  • Programazioak Kontzertu Handien XIX. Zikloa biltzen du eta gonbidatuen artean izango da Ainhoa Arteta
  • Sarrerak martxoaren 21ean jarriko dira salgai leihatilan, telefonoz eta online

Antzokien Udal Sareko Udaberriko Denboraldia apirilaren 11n hasiko da eta 38 proposamen eskainiko dizkie gasteiztarrei ekainaren 30era arte. Hiru hilabete horietan, besteak beste, antzerkiaz, musikaz, dantzaz eta zirkoaz gozatzeko aukera izango da. “Era guztietako proposamen eszenikoak ikusteko aukera izango dugu formatuari, diziplinei eta helburu diren ikusleei dagokienez, baina denek ezaugarri komuna izango dute: kalitate dramatiko eta artistiko bikaina izango dugu. Ez dugu ahaztu behar gure misioa dela herritar guztiei kalitatezko kultura eszenikorako sarbidea bermatzea”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Antzerkiari dagokionez, adibidez, Teatro Kamikazek eta Teatro Españolek ‘Vania x Vania’ lana aurkeztuko dute. Estilo eta ikuspegi desberdinak dituzten bi lanek osatzen duten, baina testu berari bizitza ematen dioten proposamen originala da. Lana Pablo Remónek idatzi zuen eta bera da zuzendaria, eta maiatzaren 10ean eta 11n Javier Cámara buru duen antzezle-zerrenda igoko da agertokira.

Bestalde, Vitoria-Gasteizen izango da Lolita Flores maiatzaren 17an ‘Poncia’ antzerki-lanarekin. Federico García Lorcaren La Casa de Bernarda Alba liburua oinarritzat hartuta Luis Luquek idatzitako testua da.

‘Belleza y perdón’ lanak izen handiko antzezle baten ahotsa eta antzezpena ditu: Asier Etxeandiarena. Aktoreak maiatzaren 31n aurkeztuko du bere album eta ikuskizun berria zuzenean Enrico Bárbarorekin, elkarrekin Mastodonte taldea osatzen duten bikotearekin, batera. Baina antzerki-abonamendu barruan izen handiko beste batzuk ere izango dira: Carlos Hipólito eta José Luis Sacristán, adibidez.

Dantza Hofesh Shechter II Companyren eskutik iritsiko da eta ekainaren 21ean, ‘From England with love’ lana aurkeztuko du. Ingalaterrari egindako oda moduko bat da, harrotasunez eta paradoxaz betetako mugimenduarekin egindakoa. Ederra bezain konplexua den herrialde haren bihotzera eta arimara egindako begirada da. Gainera, Gasteizko La Intrusa konpainiaren azken lana estreinatuko da denboraldian. Maiatzaren 9an izango da, Moonshotekin.

Denboraldi honetako beste bloke nagusietako bat izango da musikarena. Hala, era askotako aukerak eskainiko dira: Niño de Elchek, adibidez, flamenko garaikidea ekarriko du Principal Antzokira apirilaren 12an. Euskadiko Orkestrak, aldiz, udaberrirako lau ikuskizun proposatuko ditu. Gainera, Principal Antzokian aspalditik ezagutzen duten Gasteizko Udal Musika Bandak itxiko du abonamendua hilabete hauetako azken bi kontzertuekin.

Amaitzeko, Antzokien Udal Sareko programazio guztietan gertatu ohi den moduan, familientzako aukerak eta euskaraz eskainitakoak ere izango dira. Familiei zuzendutakoen artean, adibidez, apirilaren 21ean ‘Nuye’, zirkoko eta koreografiako ikuskizuna, iritsiko da. Ikuskizunak oreka akrobatikoak, bankinak eta jolas ikarioak eskaintzen ditu. Bestalde, euskarazko eskaintzari dagokionez, apirilaren 23an ‘Neomak’ iritsiko da trikitixa eta panderoa elektronikarekin bateratzen dituen azken lanarekin. Bestalde, Teatro Arriaga antzerki-konpainiaren ‘Festen’ lanak euskaraz lantzen du gerora ‘Celebración’ filma bultzatu zuen Thomas Vinterbergen testu bat. Hain zuzen ere, egileak zinemaren munduan iraultza eragin zuen lan horrekin 1988an. Proiektuaren zuzendaria María Goiricelaya izan da eta Lucía Astigarragarekin batera egin du egokitzapena.

Kontzertu Handien XIX. zikloa

Bestalde, ezin dugu ahaztu Kontzertu Handien XIX. zikloa. Egitasmoa 2006an sortu zen Gasteizen musika klasikoaren hedapena bultzatzeko asmoz. Hala, urtero, herritarren esku jartzen ditu Estatuko eta nazioarteko interprete eta orkestra nagusien kontzertuak eta, aurtengo edizioan, hiru hitzordu izango dira.

Lehenengoa apirilaren 17an izango da Borodin Quartet hari-laukotearen eta Varvara piano-jotzailearen emanaldiarekin. Ondoren, maiatzaren 30ean, Edgar Moreau & Jérémie Moreau iritsiko dira biolontxeloarekin eta pianoarekin hurrenez hurren. Amaitzeko, ekainaren 22an, Ainhoa Arteta sopranoak itxiko du zikloa Puccini eta Fauré omenduz.

Abonamenduen salmenta martxoaren 14an hasiko da. Aldiz, sarrerak martxoaren 21ean jarriko dira salgai leihatilan, 945 16 10 45 telefono-zenbakian edo, 10:00etatik aurrera, baita Principal Antzokiko webgunean ere.

Eskaintza osoa eta zehatza Antzokien Udal Sareko Udaberriko Programazioko aldizkarian dago dagoeneko eskuragarri.

Share

Florian Zeller-ek idatzitako eta Aitana Sánchez-Gijón protagonista duen ‘La madre’ Gasteizen estreinatuko da

  • Bi saio egingo dituzte Principal Antzokian: larunbatean eta igandean, 19:30ean

Asteburu honetan, ‘La madre’ antzezlana egongo da ikusgai Principal Antzokian. Barco Pirata konpainiaren eta Producciones Rokamboleskasen komedia beltza da eta honako hauek dira protagonistak: Aitana Sánchez-Gijón, Juan Carlos Vellido, Álex Villazán eta Júlia Roch. Antzerki-lan horren estreinaldi absolutua egiteko Vitoria-Gasteiz aukeratu dute eta bi saio eskainiko dituzte: larunbatean eta igandean, 19:30ean.

90 minutuz ‘La madre’ antzezlanak ikusleak harrapatu eta hunkituko ditu bakardadearen, hutsunearen eta zentzutasunaren mugen inguruko gogoeta pizten duen bitartean. Posible al da ama batek gehiegi maitatzea? Ba al dago maitasun horrentzako mugarik? Zer gertatzen da seme-alabak hazi eta joaten direnean? Horiek dira lan honek zalantzan jartzen dituen galderetako batzuk.

Ikuskizunaren egilea Oscar, Tony eta Molière sariak eskuratu dituen Florian Zeller da. Gainera, familia-trilogia osatzeko, egile berak ‘El padre’ eta ‘El hijo’ ere sortu ditu. “Florian Zellerren (zenbaitek “modan dagoen egilea” izena jarri izan dio) dramaturgia biltzen du ‘La madre’k. Hain zuzen ere, haren beste lan bat, ‘El padre’, ikusteko aukera izan dugu orain gutxi hemen, Gasteizen, Josep María Pouren eskutik. Gainera, Juan Carlos Fisher da zuzendaria eta haren kasuan ere ez da agertoki honetara igotzen den lehen aldia. Izan ere, azaroan Vicky Luengorekin egindako lan bikainaz gozatzeko aukera izan genuen: ‘Prima Facie’”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Sarrerak salgai daude Principal Antzokiaren webgunean

Txostena (pdf)

Share

Europa Jauregiak kamerinoak estreinatuko ditu asteburu honetan musika-ikuskizun batekin

  • Maria de Maeztu auditorioan formatu txikiko kultur ekitaldiak antolatu ahal izango dira Principal Antzokiaren alternatiba gisa

Europa Kongresu Jauregian dagoen Maria de Maeztu auditorioak igandean 4 kamerino estreinatuko ditu. Hala, formatu txikiko kultur ikuskizunak egin ahal izango dira bertan, ehun urte baino gehiago dituen Principal Antzokiko eraikina zaharberritzeko lanek irauten duten bitartean alternatiba bihur dadin.

Maider Etxebarria alkateak gaur bisitatu ditu instalazio berriak. Kongresu-aretoaren azpian dagoen sotoko eremua da eta, 140.000 euroko inbertsioaren ostean, banakako bi aldagela eta beste bi kamerino kolektibo jasotzeko egokitu dute. Guztiek dituzte auditorioko agertokian gertatzen denean zuzenean ikusi ahal izateko telebista-pantailak eta apain-mahaiak.

Kamerinoak diseinatzeko fasean, Principal Antzokiko teknikariek emandako argibideak kontuan hartu zituzten. Hori dela eta, Maria de Maeztu aretoak (721 besaulki ditu eta orain arte kongresuak egin izan dira bertan) formatu txikiko kultur jarduerak jaso ahal izango ditu hemendik aurrera. Hain zuzen ere, alkateak azaldu duenez, “horixe zen Europa Jauregiak konpondu gabe zuen arazoetako bat”.

Jendaurreko aurkezpena igande honetan izango da eta ETB1ek eskaintzen duen ‘Go!azen’ telesail entzutetsuko 2 saiorekin egingo da. Haurrei eta gazteei zuzenduta dago, eta hainbat ikuskizunekin hamargarren urteurrena ospatzen ari da. Zehazki, Gasteizkoa Araba Euskarazen eskutik iritsiko da.

Principal Antzokia

Instalazioetara egindako bisitan, Maider Etxebarria alkateak Principal Antzokia zaharberritzeko lanen inguruko xehetasun batzuk aurreratu ditu. Gaur egun kontratazio-fasean dago eta uda ondoren hasiko dituzte barruko elementuak kentzeko eta eraisteko lehen lanak (3 hilabete inguru iraungo dute lan horiek).

Antzokiak ‘kontserbazio estrukturaleko eraikinari’ dagokion kalifikazioa duelako zaharberritze-lan horiek “oso sentsibleak” izango dira. Ondorioz, birgaitze-fasean, estaldura historikoak zaharberritzeko talde bat egongo da. Antzeko lanetan 5 urte baino gehiagoko esperientzia duten eta ondarearen kontserbazioan espezialistak diren langileek osatuko dute talde hori.

Gainera, saltokiei eta bizilagun-komunitateei eragindako eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen, lanak 08:00etatik 20:00ak bitarteko ohiko ordutegira mugatu beharko dira, baina 18:00etarako, San Prudentzio kaleak garbi eta irekita egon beharko du. Horixe izango da enpresa esleipendunak bete beharreko baldintzetako bat. Gainera, bizilagun eta merkatariei arreta eta informazioa emateaz arduratuko den pertsona bat izendatu beharko du enpresak. Horretarako, eguneko 12 orduz arreta emateko telefonoa eta posta elektronikoko helbidea izan beharko ditu.

Share