Olentzero eta Errege Magoen harrera ekitaldietan bidezko merkataritzako gozokiak banatuko zaizkie umeei
Florida parkeko jaiotza monumentala irekitzean abiaraziko da Eguberrietako programazioa, zeinean bereziki familiei zuzendutako jarduera ugari antolatu baita. Ekitaldi nagusietako bat, Ekialdeko Gorentasunek haurrei egiten dieten agurra, udaletxeko balkoi nagusitik egingo da, iaz arrakasta handia lortu baitzuen.
Gabonak, berez, tradizio eta ohitura garaia dira. Olentzeroren etorrerarekin hasita Errege Magoen Desfilera arte, betiko ekitaldiak datoz bata bestearen atzetik, aldatu beharrik ez dutenak.
Hala ere, “Kultur Plangintzaren eta Jaien Zerbitzuak berritasunak sartu ohi ditu Eguberrietako ekitaldietan, era guztietako publikoaren nahiak eta herritarren eskaerak betetzearren”, iragarri du Kultur Plangintzaren eta Jaien kontseilari Encina Serranok.
Florida parkeko jaiotza
Benetako neurrian egindako 200 irudik baino gehiagok osatzen dute jaiotza monumental hori; 1962az geroztik jartzen da Florida parkean. Abenduaren 5ean irekiko da, urtarrilaren 6ra arte. Aurreko urteetan jasotako diruarekin zenbait egitura konpondu eta irudi berria egin da, urketaria, eskaiolaz egindako irudien ordez beira-zuntzezkoak jartzeko ildoari jarraituz. Javier San Miguelen lana da. Aurten jaiotzaren 50. urteurrena betetzen da.
Kale girotzea
Arabatxo Haur Abesbatzen Arabako Elkarteak Gabonetako kontzertu berezia emango du abenduaren 22an, 12:00etan, Foru plazan, garai honetan hain gustagarriak diren kantuak –are gehiago umeek abesturik– eskaintzeko.
Halaber, erdiguneko kaleak eta plazak girotzeko, 8 fanfare oinezkoen alderdian ibiliko dira, abenduaren 21etik urtarrilaren 4ra arte.
Olentzeroren eguna. 2012ko abenduaren 24a.
Abenduaren 24an Olentzero etorriko da gure hirira, ume guztien artean opariak banatzera.
- Olentzerori gutunak bidaltzeko gutun-ontzia abenduaren 10etik 23ra jarriko da, biak barne, Goiuri jauregian. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00 – 21:00; larunbat eta igandeetan: 11:00 – 14:00 eta 16:00 – 21:00. Olentzero baserriko sutondoan eserita irudikatuko da, ohiko osagaiak inguruan dituela.
- Abenduaren 24an, bi galtzagorri lagun dituela, Olentzerok berak hartuko ditu umeak, udaletxean (Espainia plazan), 11:00etatik 14:00etara. Azken urteetan eskaera handituz joan denez, aurten ere goizez egingo da, ume gehiago hartzerik izan dezan. Folklore Akademiako trikitixen musikak alaituko du ekitaldia une oro. Bidezko merkataritzako gozokiak banatuko dira, Setem, Medicus Mundi eta Intermon Oxfam elkarteen laguntzarekin.
- Ohi bezala, Olentzeroren desfilea Iparralde gizarte etxetik aterako da, 18:00etan, eta ibilbide hau egingo du:
Iparralde gizarte etxea, Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, Espainia plaza.
Desfilean parte-hartzaile gehiago sartu dira, bai eta Olentzerorekin zerikusia duten osagai gehiago ere. Erraldoien konpartsak hartuko du parte halaber, baserritarrek zein buruhandiek lagunduta. Gargantua ere joango da desfilean, eta 10 galtzagorriren taldea, zeinak Olentzerori lagunduko baitio Gasteizko ume guztiei opariak banatzen. Guztira 375 pertsonak hartuko du parte desfilean:
Judimendiko Joaldunek irekiko dute desfilea, eta horien atzetik, esnezaleak, ikazkinak, astazainak, itzainak, egurketariak, artzainak, dantzariak… Desfilearen bukaeran, Euskal Herriko basoen kutsua duten bi karroza joango dira.
- 19:00ak aldera, Olentzerok agurra egingo du, udaletxeko balkoi nagusitik, eta bere kanta abestuko du gasteiztar guztiekin batera. Udaleko Folklore Akademiako txalapartari eta albokariek girotuko dute itxaronaldia.
Parte-hartzaileak: Udal Folklore Akademia, Arabako Dantzen Federazioa, Olabide Ikastola, Indarra.
Laguntzailea: Agrolasa
Gasteizko Haur Ikuskizunen IX. Erakustaldia
Abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra arte, milaka haur hurbilduko dira Mendizorrotzeko kiroldegira, beren pertsonaia gustukoenak ikustera. Kalitate handiagoko ikuskizunak eta denboraldian haurrentzat estreinatu diren lan onenak eskaintzea izan da azken urteetako asmoa. Ildo horri jarraituz, aurten 4 ikuskizun antolatu dira, eta guztira 6 emanaldi:
PARCHÍS
Abenduak 26, asteazkena. 19:00
Gaztelaniaz
Iraupena: 80’
Adin egokia: 4 urtetik aurrera.
Ni fitxa gorria naiz; ni, fitxa urdina… Kantu horiek gure herrialdean arrakasta lortu zuten, eta 25 urteren ondoren, Parchís umeentzako talde mitikoa berriro itzuliko da, haurrak eta nagusiak dibertitzera, kide berriekin, noski. Betiko kantuak oraingo neska-mutilentzat.
MAGICAL 2
Abenduak 28, ostirala
Bi emanaldi: 16:30 / 19:30
Gaztelaniaz
Iraupena: 90´
Adin egokia: 7 urtetik aurrera.
Sirenatxoa, Peter Pan, Wendy, Aladino eta Jazmine, Lanparako Jeinua, Mary Poppins eta Tximinia Garbitzailea, Edurne Zuri eta Printzea, Merlin aztia, Pocahontas eta ipuinetako beste pertsonaia asko, magiaz betetako ikuskizun batean. 14 artista agertokian, zuzeneko musikal bizi eta alai batean, familia osoak irribarre egin dezan.
KUKUBILTXO: “TXIRRIKIZ”
Abenduak 30, igandea. 19:00
Euskaraz
Iraupena: 60’
Adin egokia: 3 urtetik aurrera.
Txirrikiz etorkin gaztea ume batzuengana hurbildu da, jolasteko asmoz. Haietako batek, Pelik, baztertu egiten du eta Tirrikizek, adiskide egin nahian, lanpara miragarri bat eskaintzen dio. Peli lanparaz jabetzen da, baina bereari eusten dio, eta argiaren botereek Fantasiaraino eramango dute. Tamaina handiko txotxongiloak eta animazioa baliatzen ditu familia osoarentzako ikuskizun honek.
POXPOLO TA KONPAINIA
Amets ederra
Urtarrilak 2, asteazkena
Bi emanaldi: 16:30 / 19:30
Euskaraz
Iraupena: 70’
Adin egokia: 2 urtetik aurrera.
Poxpolo ta Konpainia pailazoak ikuskizun berriarekin itzuliko dira, berariaz Gabonetarako prestatua; ikuskizun harrigarria da, ume, gazte, heldu zein adinekoentzat.
Magia, kolorea, umorea, “eguberri zuriak”, gabon kantak, adiskidetasuna eta elkartasunezko jolasak. Baina, batez ere, irribarreak eta barreak nagusi.
Iazko prezioei eutsi diegu:
Banakako sarrera: 4 €
Deskontua (ikuskizun eta emanaldi bererako 4 sarrera): 12 €
Aldez aurreko salmenta abenduaren 10ean hasiko da, hiru modutan:
Internetez: www.elcorteingles.es
Telefonoz: 902 400 222
Aurrez aurre: Gasteizko El Corte Inglés saltokia (10:00etatik 22:00etara, astelehenetik larunbatera).
Errege Magoak
Berriro ere Errege Magoak etorrera izango da Eguberrietako egitarauari urrezko amaiera jarriko dion ekitaldia, jendetsuena eta ikusmin handiena pizten duena baita.
Goizeko 11:00etan iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar tren geltokira.
- Iaz bezala, Ekialdeko Gorentasunak antzinako autoetan egingo dute Geltoki plazatik Espainia plazarainoko bidea, errege-postariak, fanfarre batek, opariz beteriko traktore batek eta Bambolea antzerki taldeak lagunduta. Behin Espainia plazara iritsita, Erregeek hiriko haurrak agurtuko dituzte udaletxeko balkoi nagusitik, 11:20an gutxi gorabehera.
- 12:15etik 18:00etara Errege Magoek harrera egingo diete haurrei Goiuri jauregian, Frai Zacarias Martinez kaleko sarreran. Harrera-ekitaldi horretan ere bidezko merkataritzako gozokiak banatuko dira.
- Eta 19:00etan hasiko da ekitaldi miragarriena, denek irrikaz espero dutena: Errege Magoen desfilea.
Azkenaldian ohiko bihurtu den ibilbidea egingo du desfileak:
Bilbo plaza, Frantzia kalea, Bake kalea, Ramon Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea. DESFILEAREN AMAIERA: GASTEIZ HIRIBIDEAREN ETA TXILE KALEAREN ARTEKO BIDEGURUTZEA (gogoan hartu behar da datu hori, desfilea Europa jauregira iristean desegiten baita).
Sei karrozaz osaturik (hiru lehenak fantasiazkoak, horien ostean Errege Magoen hirurak), ikuskizun handia izango da beste behin ere desfilea. 2013ko desfilean antzerki talde hauek hartuko dute parte:
-Madrilgo Bambolea antzerki taldea, 20 pertsonaiaz osatutako “Atlantes” zirku ikuskizunarekin: akrobatak, bihurrikariak, clownak, orekariak, monozikloak, hankaluzeak, malabaristak, dantzariak…
–Planete Vapeur talde frantziarra, formatu handiko “Parada Aquatica” ikuskizun txundigarriarekin: marmokak, arrain erraldoiak eta ustekabe handia bukatzeko.
– Les Lutins Refractaires talde frantziarra, “La Cour des Fées” ikuskizunarekin: txikienak liluratuko ditu, bai eta helduak ere, jantzi zuri argiztatuez.
-Azkenik, Abanderados de Cori talde italiarrak fantasiari eta Erregeei eskainitako bi zatiak lotuko ditu.
Guztira 360 pertsonak hartuko dute parte desfilean.
Parte-hartzaileak: Elkarte Afroamerikarra, Arabako Galiziar Etxea, Abetxukuko Inauterietako Konpartsaren Elkartea, La Esperanza eskaut taldea eta Serezade.
Laguntzaileak: Bi Ondo Motor eta ADIF