Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 otsaila 2019 14:16

Martxoaren 1etik 3ra egingo da, Ibaiondoko eta Mendizorrotzako kiroldegietan, eta 150 jokalari inguruk hartuko dute parte

 

 

 

Haur-kategoriako hamahiru taldek, emakumezkoen saskibaloi Dia Ligan parte hartzen duten klubetako harrobietan integratuak, Txiki Koparen beste edizio bati ekingo diote, martxoaren 1etik 3ra bitartean. Ibaiondoko gizarte etxea izango da helburu nagusi emakumezkoen kirola bultzatzea duen lehiaketaren epizentroa. Igandean, Mendizorrotzako kiroldegian jokatuko den final handia izango da amaierako jaialdi nagusia. Partidu guztietarako sarrerak izango dira dohainik.

Aurkezpenean honako hauek hartu dute parte, Txiki Koparen erakunde sustatzaile nagusia den Vital Fundazioaren presidenteak, Jon Urrestik; Germán Mongek, Saskibaloi Euskal Federazioaren presidenteak eta Araski klubaren presidentea den Livia Lópezek, eta eurekin batera izan dira Estíbaliz Cantok, Vitoria-Gasteizko Udalaren Kultura, Hezkuntza eta Kirola zinegotzia, Igone Martínez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol arloko foru diputatua; eta Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritza zuzendaria.

Vitoria-Gasteiz emakumezkoen saskibaloiaren hiriburu bilakatuko da martxoaren lehenengo egunetan. Izan ere, Erreginaren Kopa bertan jokatuko da eta hitzordu garrantzitsuenetako bat da emakumezkoen kirolari dagokionez. Gainera, aldi berean, kirol horren etorkizuna bilduko duen beste lehiaketa bat ere jokatuko da. Txiki Kopa da, Arabako hiriburuan, hamahiru taldetan banatuta, haur-kategoriako 150 jokalari inguru bilduko dituen torneoa.

Lehiaketa

Martxoaren 1ean, ostirala, goizeko 9:00etan, aldi berean jaurtiko da baloia airera Ibaiondoko gizarte etxeko hiru zelaietan. Une horretatik aurrera 23 partidu jokatuko dira kirol-eremu horretan, eta martxoaren 3an, igandea, amaituko da ekitaldia, Mendizorrotzako kiroldegian, Erreginaren Kopako egoitzan, jokatuko den final handiarekin.

Beste alde batetik, joko garbia ere izango da protagonista lehiaketan. Parte hartzen duten talde guztiak atxiki behar zaizkio jokorako eremuetan kirolaren aurkako edozein portaera errotik ateratzearen aldeko konpromisoari, bai jokalariak, bai talde teknikoko kideak, bai bertaratzen diren zaleak ere.

Igandean, behin torneoa amaituta, sariak banatuko dira Mendizorrotzako kiroldegian. Kirol garaikurrez gain (lehiaketa irabazten duen taldeari, jokalari onenari, boskote onenari edo hiru puntuko saskiratze lehiaketa irabazi duen jokalariari), beste bat emango zaio ‘fair play’ taldeari, joko garbiaren eta kirol-legearen baloreak ondoen ordezkatu dituen taldearen lana azpimarratzeko.

 

Share