Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 otsaila 2019 16:32

Udaltzaingoaren Agenteek 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bere bikotekidea jotzeagatik genero-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egile gisa. Emakumeak laguntza eskatu zuen gaueko 11etan, El Pilar auzoko bere etxebizitzatik.

Etxebizitzan biktimak udaltzainei adierazi zien jo egin zutela eztabaida batean, eta haren adierazpenak eta zeuzkan arrastoak kontuan izanik, atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, eta gaur epailearen esku geratuko da.

Emakumeari ospitaleraino lagundu zioten, lesioetatik artatu zezaten.

Handik pixka batera, Udaltzaingoaren agenteek 22 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten, haren gaineko errekisitoria judizial bat zegoelako. Emakume batek poliziaren presentzia eskatu zuen Erdi Aroko Hirigunetik jarraitu zion gizonezko batengatik. Eskainitako deskribapenari esker, patruila batek Santiago hiribidean topatu ahal izan zuen. Hura identifikatzeari ekin ziotenean, ikusi zuten bilatzeko, atxilotzeko eta espetxean sartzeko errekisitoria judizial bat zuela bere gainean, eta horrenbestez, agindu hori bete zuten.

Droga-trafikoa

33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, droga-trafikoaren delitu baten ustezko egile gisa.

Goizeko zortzi eta erdiak inguruan, establezimenduen kontrol bat egiten ari zen patruila batek harrapatu zuen, La Florida pasealekuko ostalaritza-lokal bateko komunetan droga saldu ondoren. Udaltzainek axaleko miaketa bat egin zioten, eta hala, 5 estasi-pilula eta marihuana eta haxixa zeukaten bi zorrotxo aurkitu zizkioten.

Gertaera horiek kontuan izanik, udaltzainek atxilotu egin zuten. Erosleari, berriz, bidezko administrazio-espedientea abiarazi zioten.

35 eta 44 urteko beste bi gizonezko ere atxilotu zituzten atzo, udaltzainen aurkako atentatu-delitu bana egin izanaren ustezko egile gisa.

Poliziaren lehen esku-hartzea goizeko 8:30ak aldera izan zen, 092ra egindako dei batek Koroatze kalean borroka bat gertatzen ari zela jakinarazi ondoren. Erasoa jasan zuen pertsona eta gertaera horien lekuko bat aurkitu zituzten patruilek, baita ustezko erasotzailea ere, esku batean eta aurpegian odol-arrastoak zeuzkala ihes egiten saiatzen ari zela. Udaltzainak hura identifikatzera joan zirenean, haien aurka egin zuen ostikoak eta irainak jaurtiz, eta horren ondorioz atxilotu egin zuten.

Arratsaldean 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, udaltzainen aurkako atentatu-delitu baten ustezko egile gisa, eta horrez gain, bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ere ikertzen ari dira.

Arriagako Atea kalean abiadura handian zihoan ibilgailu batek patruila bat aurreratu zuen, eta horren ondorioz, Zaramaga kalean geldiarazi egin zuten. Gidariak, oso aztoraturik eta alkoholaren eraginpean zegoela erakusten zuten zantzu nabarmenekin, ez zien inolako kasurik egin udaltzainen adierazpenei eta, esku-hartze horretan, udaltzain baten aurka egin eta, horren ondorioz, menderatu eta atxilotu egin zuten. Agirrelandako bulegoetara iritsi zirenean, uko egin zion nahitaezko alkoholemia-proba egiteari, eta horrenbestez, izapideak ireki zizkioten Guardiako Epaitegian bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik, eta gaur epailearen esku geratuko da.

Lau pertsona zauritu dira istripuetan

Bi pertsona, auto bat gidatzen ari zen 48 urteko emakumea eta kamioi bat gidatzen ari zen 39 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu ziren ostiralean gertatutako istripu batean, Bergarako Atea kaletik zihoazela izandako talkaren ondorioz. Talka zela eta, autoa irauli egin zen. Bi gidariak zaurituta geratu ziren, eta emakumea anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

52 urteko emakume bat zauritu zen, Donostia kalean oinezkoen pasabide batean ibilgailu batek harrapatu ondoren. Kolpe horren ondorioz, oinezkoa lurrera erori zen eta, bertara hurbildutako medikuntza-zerbitzuek artatu ondoren, anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Argiketa-talde bat istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da; istripu horretan 36 urteko moto-gidari bat zaurituta geratu zen, Valladolid kaletik zihoala izandako istripuagatik. Moto-gidaria anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Udaltzaingoak beste 19 trafiko-istriputan parte hartu du asteburu honetan, baina ez da inor zauritu eta sei gidari ikertzen ari da (bost gizonezko eta emakumezko bat) bide-segurtasunaren aurkako delituengatik.

Alkoholemiak

36 urteko gidari bat ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, errepidetik irten eta bere ibilgailuak horma baten aurka jo ondoren, Iliada Pasealekua eta Nadine Gordimer kaleen arteko bidegurutzean.

27 urteko gizonezko bat Bruno Villarreal kalean barrena kontrako noranzkoan gidatzen ari zela harrapatu zuten eta, 16 zenbakiaren parean, aparkatuta zegoen ibilgailu baten aurka talka egin zuen; alkoholemia-proban positibo eman zuen.

36 urteko emakume bat arrazoi berarengatik ikertzen ari dira. Atzo Manuel Iradier kalean esku hartzen ari zen patruila batek ikusi zuen emakumezko gidari hori maniobra bitxiak egiten ari zela aparkatzeko eremu batetik zirkulaziora sartzean, eta hori zela eta, alkoholemia-probak eginarazi zizkioten eta emaitza positiboa eman zuen.

Atzo argiketa-patruila batek ikusi zuen Honduras kalean ibilgailu bat mutiloi baten aurka eta beste ibilgailu baten aurka talka egiteko zorian izan zela. Udaltzainek 26 urteko gidariari agindu zioten gelditu zezala ibilgailua eta, harekin esku hartzen hasi zirenean, edari alkoholdunen eraginpean zegoela erakusten zuten zantzu nabarmenak harrapatu zizkioten; alkoholemia-proban positibo eman zuen.

Herritar batek eskainitako informazioari esker, patruila batek ibilgailu bat geldiarazi zuen Domingo Beltran kalean, semaforo bat gorrian saltatu eta zirkulazioarentzat arrisku larria sorrarazi ondoren. Harekin esku hartzen hasi zirenean, udaltzainek argi eta garbi ikusi zuten edari alkoholdunen eraginpean gidatzen ari zela.

Asteburuan alkoholemiako bost prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 80 gidari inguruk egin behar izan dituzte dagozkion probak. Horietatik hiruk positiboa eman dute eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Udaltzainek atzo 44 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 21 jarduera egin zituzten.

Haizeak eragindako gorabeherak

Suhiltzaileek atzo zenbait esku-hartzen egin behar izan zituzten haize-bolada indartsuen ondorioz. Hesiak eta olanak erori ziren, airean joateko arriskuarekin, edo kristal bat bide publikora erori zen; horrelako jardueretan esku hartu behar izan zuten.

Santa Barbara plazan lurrera eroritako tamaina handiko zuhaitz bat erretiratzen ere esku hartu zuten.

Azkenik, Florida kalean bi paper-edukiontzi itzaltzeko esku hartu zuten atzo.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 100 talde baino gehiagotako 900 ikasle inguru lehiatuko dira Europa jauregian Espainiako estatuko finalerako postu baten bila, gero Detroiten 98 herrialderen artean izango den nazioarteko finalerako atariko gisa
  • Sei hilabetez, 1.500 ikasle prestatu dira hezkuntza-programa berrian zientzia-proiektu bat aurkezteko, eta honen bidez, espazioan sortzen diren arazoak konpondu eta premiak asetzeko, robot bat programatzeko eta lehiaketa honen balioak integratzeko
  • FIRST LEGO League erreferentziazko programa da Euskadin, STEAM hezkuntzaren barruan Berrikuntzaren Euskal Agentziak martxan jarria, zientzia eta teknologia euskal gazteengana hurbiltzeko

 

Espazioan urtebetez bizitzea zer izango ote litzatekeen irudikatzea: erronka horri erantzun beharko diote ia 900 ikaslek datorren larunbatean, otsailaren 16an, FIRST Lego League Euskadiko Finalaren hamargarren edizioan; Gasteizko Europa biltzar jauregian izango da Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta.

FIRST LEGO League Euskadik 10 urte betetzen ditu aurtengo edizioan, eta erreferentziazko programa da Euskadin STEAM (ingelesezko siglen arabera, Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) hezkuntzan. Bere helburua zientzia eta teknologia euskal gazteengana hurbiltzea da era dibertigarrian eta zirraragarrian.

Horrela aurkeztu dute hiriko ekitaldi hau Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia, Nerea Melgosak, eta Innobasqueko zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok. Berarekin izan dira Arabako Ekonomia Garapenerako foru-diputatua, Pilar García de Salazar; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendaria, Amaia Eskisabel; eta Legokide taldea, aurreko edizioa irabazi zuen Gasteizko Urkide ikastetxekoa.

Gaur aurkeztu den lehiaketaren hamargarren edizioan EAEko hiru lurraldeetako 44 ikastetxetako 100 talde baino gehiago izango dira eta ia 900 ikasle lehiatuko dira. Parte hartzen duten ikastetxeetako %64 Bizkaikoa da, %20 Arabakoa eta gainerako %16 Gipuzkoakoa.

Guztiek defendatuko dituzte irailetik garatu dituzten zientzia-proiektuak, edizio honetako erronka tematikoari aurre egiteko: INTO ORBIT. 102 taldeetako bakoitzak irudikatu du zer izango ote den espaziora joan eta han urtebetez bizitzea, eta irtenbide berritzaileak proposatu ditu han sortzen diren arazo eta premietarako: nola elikatu, zelan sasoian egon eta nola konpondu espazio-ontziaren arazo tekniko bat, edo zelan entretenitu, Lurrean geratu diren senitartekoekin komunikatu edo espazioan sorturiko zaborra birziklatu. Azken batean, kanpoko espazioan bizirik, osasuntsu eta zoriontsu mantentzen laguntzeko proposamenak egin behar dituzte.

Taldeek robotaren jokoan ere parte hartuko dute, eta LEGO MINDSTORMS robota, zenbait misio osatzeko diseinatu eta programatu dutena, aurkeztuko dute, eta FIRST LEGO League balioen alde egingo dute, proiektuak aurkikuntza, berrikuntza, inklusio eta talde-lan espirituarekin garatu dituztela erakutsiz.

Lehiaketan bi kategoria bereizten dira, parte-hartzaileen adinaren arabera: FIRST LEGO League, 10 eta 16 urte arteko ikasleak lehiatuko dira 58 taldetan; eta FIRST LEGO League Junior, 6 eta 9 urte arteko neska-mutikoentzat, hemen 44 taldek parte hartuko dutelarik.

Finala zabalik dago publiko guztientzat. Egun horretan edonor joan daiteke Europa Jauregira lehiaketa jarraitzeko, junior taldeen erakustaldiez gozatzeko eta doakoak izango diren zientzia- eta teknologia-tailerretan parte hartzeko.

Bertaratzen den jendeak OpenGUNEaz ere gozatu ahal izango du, jarduerak eginez drone eta auto elektrikoekin edo matematikako lehiaketan parte hartuz.

18 sari daude eta lau talde onenak martxoaren 23an eta 24an Tenerifen izango den Espainiako FIRST LEGO League finalerako sailkatuko dira.

Hezkuntza-lehiaketa 98 herrialdetan

FIRST LEGO League nazioarteko hezkuntza-programa bat da, zientzia eta teknologiarekiko gazteen interesa piztea bilatzen duena, baita mundu digitalean beraien gaitasunak garatzea eta balioak (besteak beste, aurkikuntza, berrikuntza, inklusioa eta talde-lana) sustatzea ere. Aurten mundu osoko 98 herrialdetan egingo da milioi-erdi ikasle baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta munduko finala apirilean izango da Estatu Batuetako Detroit hirian.

Hamar urte dira Berrikuntzaren Euskal Agentzia dela nazioarteko programa honen buru eta antolatzaile Euskadin STEAM Hezkuntza bultzatzeko euskal haurren eta gazteen artean. Ikasteko eredu berria da, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren, arteen eta matematikaren irakaskuntzan oinarritua, baina era integratuan eta ez ezagutza-arlo bereizietan, eta diziplinarteko ikuspegi praktikoarekin.

Aurretiko prestakuntza-programa

Innobasquek, Begoñako Andra Mari (BAM) irakasle-eskolarekin lankidetzan, lehiaketa osatu egin du Estatuan berdingabea den prestakuntza-programa bat antolatuta; irailean hasten da eta edizio bakoitzeko erronkaren sektoreari lotutako euskal enpresa- eta industria-sarera hurbiltzen ditu talde parte-hartzaileak. Aurten, ikasleek lehen eskutik ezagutu dituzte sektore aeroespaziala eta honi atxikitako lanbideak, enpresa, ikerketa-zentro eta unibertsitateetan egindako prestakuntza-ekinbideen bidez; hona hemen FIRST LEGO League Euskadiren hamargarren edizio honetan parte hartu dutenak: Aernnova, Athlon, Azti-Tecnalia, BCAM, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa, Mondragon Korporazioa, Neiker-Tecnalia eta Tecnalia; Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Aulaespazioa, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedra, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Farmazia, Medikuntza eta Psikologiako fakultateak, Osakidetza, Basurtoko Ospitalea, eta UPV/EHU.

Boluntarioak

Hamarkada bateko ibilaldiaren ondoren, FIRST LEGO League Euskadi gailendu da Espainiako estatuan egiten diren 31 lehiaketetako handiena izateagatik. Tamaina edo garrantzi honek boluntarioen figura Innobasquek sustaturiko FIRST LEGO League eredu propioaren funtsezko zutabeetako bat bihurtzen du; aurten 200 pertsona izango dira, epaile, arbitro edo taldeen laguntzaile gisa jardungo dutenak. Koordinatzeko Hezkide Eskolaren, Kiribil Sarearen eta Ede Fundazioaren laguntza dute.

Lehenengo Micro FIRST LEGO League

STEAM hezkuntza sustatzeko Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eta Mondragon Korporazioaren arteko hitzarmenaren emaitza gisa, joan zen urtarrilaren 19an lehen aldiz lehiaketa ez-sailkatzaile bat egin zen, microFLL deitua, Mondragon Unibertsitateak Arrasaten duen Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren egoitzan. Hitzorduak esperientziak trukatzeko eta FIRST LEGO League Euskadi finala baino hilabete lehenago entrenamendu bat egiteko aukera eskaini zien 20 talderi.

Laguntzaileak

FIRST LEGO League Euskadin, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean dabiltza Gasteizko Udala,  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta konpainia hauek: Azti-Tecnalia, Iberdrola, Euskaltel Konekta Fundazioa, Mondragon Korporazioa, Petronor Berrikuntza eta Sener.

+INFO: First Lego League azken edizioaren bideoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta Gasteizko Udalak Ariznabarreko muralaren bitartez ospatu dute garapenerako lankidetzarekiko konpromisoaren 30. urteurrena

 

Alkate Gorka Urtaranek, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakari Sofía Marroquínek eta alkate ohi José Angel Cuerdak Ariznabarreko kiroldegian egindako mural berria inauguratu dute, ordezkari politikoekin eta beste erakunde eta elkarteetako ordezkariekin batera; Gasteizek garapenerako lankidetzarekin hartutako konpromisoa gogorarazten du horma-irudiak, hiria aitzindaria izan baitzen alor horretan. Izan ere, 2018an bete zituzten 30 urte bai Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bai Gasteizko Udalaren lankidetzak, 1988an onetsi baitzuen lehen aldiz aurrekontuaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratzea.

Fill in Culture taldeak landu du urteurren bikoitza ospatzeko murala.

Programa eta proiektu askoren bitartez, 30 urte horiek aztarna utzi dute beren bizi-baldintzak eta ahalmenak hobetuta ikusi dituzten pertsonengan eta komunitateetan, giza eskubideen defentsan, eta euskal gizartearen elkartasunean. “Oraindik ere, Gasteizko Udalak lankidetza hirian garatutako elkartasun politiken luzapena  dela uste izaten jarraitzen du ,eta bere egitekoa José Ángel Cuerda alkateak definitutako bera izaten jarraitzen duela: elkartasunaren kultura sustatzea, lankidetzara baliabide ekonomikoak bideratzea, eta erakundearen beraren eta udalerriaren ahalmenak lankidetza-proiektu eta programetarako erabiltzea. 30 urtez, erakundeok zein GGKEak lankidetzan aritzeko modua hobetzen ahalegindu gara. Gasteizko Udalak garrantzitsutzat jo du proiektu puntualetatik jarraipena duten proiektuetara igarotzea, ebaluazioa baliatzea ikasteko tresna gisa, hiriko biztanleen eta taldeen benetako inplikazioa lortzea proiektuetan, eta hegoaldeko erakunde lokalekin batera aritzea, dela Euskal Fondoaren bitartez, dela zuzenean. Pozik gaude, halaber, udal sailek kooperazioan izandako inplikazio teknikoaz, bereziki AMVISAk uraren alorrean egindakoaz, baita beste udal zerbitzu batzuek landutako garapenerako lankidetzaren inguruko hezkuntza-programez ere”, nabarmendu du alkateak.

 

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakari Sofía Marroquínek ere hitz egin du; koordinakundeak nazioarteko lankidetzaren alorrean diharduten 79 GKE batzen ditu, eta horietako 31k badute presentziarik Araban. Zehazki, hau adierazi du: “Geroztik, hiri honek era eredugarrian erakutsi du nola arlo lokaletik, konpromisoa hartuz eta epe luzera begira, gure gizartea aldatzen lagundu daitekeen eta, aldi berean, nola eman dakiekeen sostengu giza eskubideak eta garapen jasangarria aldezteko ekimenei hain gertuko ez diren lekuetan —Afrika, Latinoamerika edo Asia— eta ahultasun handiko egoeretan”.

Haren hitzetan, “mundu interkonektatu batean bizi gara, non leku batean egindakoak eta erabakitakoak eragin zuzena baitu milaka kilometrotara. Mundu globalizatu batean, non milioika pertsonak ezin baitute oraindik bizitza duin batez gozatu. Etengabe kargu hartzen digun mundua da, ez dezagun inor atzean utz. Mundu horretan inoiz baino beharrezkoagoak dira euskal kooperazioaren hogeita hamar urte hauek posible egin dituztenen antzeko pertsona eta ekimenak. Hori guztia dela eta, inoiz baino premiazkoagoak dira lankidetza-politika konprometituak, solidarioak eta koherenteak ”, erantsi du. “Euskadiko elkartasuneko 30 urte hauek  erakusten dute erakundeen, garapenerako GKEen eta gizartearen arteko lankidetza eta adostasunerako borondatea izanez gero posible dela estatuko buru izatea lankidetzaren alorrean. Eskerrik asko elkarteei, herritarrei eta erakundeei lankidetzarekin, giza eskubideekin eta pertsona ororekin erakutsi duzuen konpromisoagatik”, amaitu du Marroquínek.

 

Euskal lankidetza, dirua baino gehiago

Euskal kooperazioak ezaugarri propioak ditu eta ospe handia du estatuan, haren jaiotza goiztiarragatik eta izan duen eboluzioagatik, bideratzen dituen baliabideen ugaritasunagatik, eta esku-hartzeen kalitate eta  eraginagatik. Erreferentea da genero berdintasunaren sustapenean, eta asistentzialismoa saihesten saiatu da, giza eskubideetan oinarritutako lankidetzaren alde eginez, beti eskuzabaltasunez eta doan, diru-transferentzia hutsera mugatu gabe. Epe luzera jokatzen du, Euskadiren eta herrialde pobretuen arteko lanaren bitartez, giza garapen jasangarria eragozten duten oztopoak desagerrarazteko. Izan ere, pobrezia eta ezberdintasunak ez dira berez sortzen, salatu beharreko kausak dituzte atzean, eta horiei aurre egiteko modu bat lankidetza da.

Gainera, euskal herritarrak sentsibilizatzen ditu, haien kontzientzia kritikoa handitzeko eta gure inguru hurbilena eraldatuz aldaketa globalak lortzen laguntzeko.

Lankidetza euroak eta aurrekontuak baino gehiago da; izan ere, herrialde pobretuetan bizi diren eta pobrezia eta desberdinkeria pairatzen dituzten milaka pertsonaren funtsezko eskubideak bermatzen laguntzen du (hezkuntza, osasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, ura eta saneamendua izatea, gosearen aurkako borroka…). Gure ingurune hurbilena eraldatzen ere laguntzen du, maila handiagoko aldaketak lortzearren.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:15

 

Beste entsegu-gela bateko zorua ere berriztatu dute, bai eta argiztapen eta pintura orokorrak ere; guztira, 67.702 euroko inbertsioa egin dute  

Gaur inauguratu dute Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko erabilera anitzeko aretoa. Esku-hartze horrez gain, beste hobetze-lan txikiago batzuk ere egin ditu udal organismo autonomoak azken hileotan, eta 67.602,30 euro inbertitu ditu guztira.

Inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute Kontserbatorioko lehendakari den Estíbaliz Canto zinegotziak eta kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak.

Cantoren esanetan “egiaztatu ahal izan dugu Kontserbatorioak zerbitzu paregabea ematen diela herritarrei, arte eszeniko honetan prestakuntza jasotzen duten haurrei”. Erabilera anitzeko aretoari dagokionez, ordezkariak honakoa azpimarratu du: “aspalditik genuen zorra da, eraiki zenean ez baitzen dantza-aretotzat hartu, beharra egon bazegoen arren”. Jarraian, zera adierazi du: “15 urte geroago, ordea, jarduera horretarako prest dago, eta horrek Udalarentzat bere Kontserbatorioak nolako garrantzia duen erakusten du; izan ere, prestigio handidun organismoa da, eta lanean jarraituko behar dugu hura zaintzeko eta, ahal bada, hazten laguntzeko”

Instalazioei egindako bisitan, Kontserbatorioak dantza klasikoko ekitaldi bat eskaini du. Pieza horretan, Ikasketa Profesionaletako 5. eta 6. mailetako ikasleek hartu dute parte, 6. mailako Elvira Illana gidaritzapean eta Israel Ruiz de Infanteren pianoaren doinura. Cantoren hitzetan “egiaztatu ahal izan dugu berriztapen-lanek onurak ekarri dizkietela ikasleei”.

Horren ondoren,Ilianak berak sortutako Arriskuan koreografia dantzatu dute, lengoaia klasikoa baliatzen duen proposamen garaikidea. Izenak berak dioen bezala, piezak arriskupeko egoerak ditu inspirazio iturri eta, nolabait, ikasleek dantza ikasketak bukatzean bizitzen duten egoera sinbolizatzen du, “ezezagunera salto egiteko unea” heltzean sentitzen dena, alegia.  Proposamen koreografiko horrek balleterako barrak baliatzen ditu arrisku egoera simulatzeko, eta segurtasuna eta amildegia biak ala biak  irudikatzen dituzte barrek.

 

Berriztapenari buruz

Guztira hiru esku-hartze egin dira kontserbatorioan eta 67.702,30 euro inbertitu dira.

Lehen esku-hartzean bi lan nagusi egin dira: erabilera askotariko aretoa dantzarako egokitzeko 150 m2-ko oholtza instalatu da, eta beste dantza-areto batean 105m2-ko oholtza ordezkatu da. 42.665,74 euro guztira.

Bigarrenean, eraikinari pintura-lan orokorrak egin zaizkio, higadura zela eta beharra baitzuen. 17.142,95 euro guztira.

Bukatzeko, argiztapena berriztatu da fluoreszenteen ordez LED argiak jarriz. 7.793,61 euro guztira. LED instalazio horrekin 15.000 kvh aurreztuko dira urtero, eta horrek esan nahi du, gastu energetikoan gertatuko den aurrezpenari esker, bi urtean soilik egindako inbertsio osoa amortizatuko dela.

Share