Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 otsaila 2019 17:15

Estibaliz Cantok, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak sarrera-ekitaldia egin du “Hiriaren hezkuntza-egoera. 2009-2017” azterlanaren aurkezpenean, zeina gaur egin baita Europa jauregian.

Azterlana Gasteizko Udaleko Eskola-Kontseiluak enkargatu zuen, helburu bikoitzarekin: batetik, jakitea gaur egun zer egoeratan dagoen hezkuntza gure hirian, eta, bestetik, jarduketak definitzea antzeman diren gabeziak hobetzeko.

Honako hauek dira azterlanaren egileak: Luis Lizasoain Hernández eta Jose Francisco Lukas Mujica, UPV/EHUko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Sailekoak; Elisabete Arrieta Aranguren, UPV/EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailekoa; Pello Aramendi Jauregui, UPV/EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Sailekoa; eta Olaia Jiménez Arrieta, Mondragon Unibertsitateko Berrikuntza eta Esku-Hartzea Hezkuntza Inklusiboan Sailekoa.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Jose Uruñuela dantza kontserbatorioko erabilera askotariko gela inauguratzea

Parte hartzaileak. Dantza Kontserbatorioko presidente eta zinegotzi Estibaliz Canto; eta Dantza Kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenaza

Eguna. Ostirala, otsailak 8

Ordua. 10:00

Tokia. Jose Uruñuela dantza kontserbatorioa

* Bisita amaitu eta gero, kontserbatorioko ikasleek dantza erakustaldi labur bat eskainiko dute

—————————————–

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 8

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————–

Final Four-aren lehen ekitaldia, Kirol Medikuntza eta Traumatologiari buruzko I. Nazioarteko Biltzarra aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez; Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Bingen Zupiria; Baskonia-Alavés taldeko Erakunde eta Nazioarteko Harremanetarako zuzendari Jesús Sánchez; UCA- Unidad de Cirugía y Artorscópica klinikako sortzaile Mikel Sánchez; eta Laubidea klinikako kirol mediku Iñaki Garmilla

Eguna. Ostirala, otsailak 8

Ordua. 12:00

Tokia. Arabako Foru Aldundiko prentsa aretoa

————————————————————-

Prentsaurrekoa. XXI. Mendeko Flamenko Zikloa  aurkeztea

Parte hartzaileak. Paco Cepero, gitarrajotzailea; eta ‘Flamenco de hoy’ ekimeneko zuzendari Antonio Benamargo

Eguna. Ostirala, otsailak 8

Ordua. 12:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————-

Miniature Pintxos Congress inauguratzea

Parte hartzaileak. Gasteizko Biltzar eta Turismo Zerbitzuko buru Delia García; Miniature Pintxos Biltzarreko zuzendari Rubén González; Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo diputatu Cristina González; Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Maider Echevarria; Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu; eta Amstel enpresako ordezkari Ramón Neria

Eguna. Ostirala, otsailak 8

Ordua. 12:00

Tokia. Eusko Jaurlaritzako prentsa aretoa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:48

 

Alkateak ‘Pajaritas Azules’ saria jaso du Madrilen egin den ekitaldian.

 

Gasteiztar bakoitzak 38 kilo birziklatzen ditu urtean, estatu mailako batez bestekoaren bikoitza

 

 

 

Audio Gorka Urtaran

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek “Pajaritas Azules 2019” saria jaso du Madrilen gaur goizean. Programa horrek hirietako paper-kartoien birziklapen-tasa aztertzen du, eta Arabako hiriburuak aitorpen gorena jaso du -‘hiru txoritxo urdin’-. Rafael del Pino Auditorioan egin den ekitaldian Trantsizio Ekologikoko Ministro Teresa Riberak eta Pasta, Paper eta Kartoiaren Espainiako Elkarteko (ASPAPEL) zuzendari Jordi Mercaderrek ere hartu dute parte; han zela, alkateak Gasteizko herritarrak zoriontzeko aprobetxatu du abagunea. “Zorionak! Paper-kartoien birziklatzeari loturiko Estatu mailako sariketa honetan bikaintasuna aitortu baitigute. Horrek agerian uzten du herritarrak kontzientziatuta daudela. Harro egoteko modukoa da eta, gainera, iraunkortasunaren alorrean aurrera egiteko aukera ere ematen du”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

 

Gasteizi egin dioten ebaluazioa 21 adierazlek osatzen dute, eta % 71,5eko puntuazioa lortu du hiriak, sari gorena lortzeko bezain bestekoa. Programan parte hartu duten hiri guztien artetik hamaikak lortu dute ‘hiru  txoritxo urdin’ lortzea. Honako kontu hauek hartu dira aintzat ebaluatzeko garaian: kontainer urdinetan eta bilketa osagarrietan bildutakoa, informazio kanpainak eta hiritarrak kontzientziatzeko ekintzak, kudeaketaren arautzearekin eta antolakuntzarekin lotura duten alderdiak, eta amaierako birziklatzearen emaitzak eta trazabilitatea.

Azken datuen arabera, gasteiztar bakoitzak 38,24 kilo paper eta kartoi birziklatzen ditu urtean. Zifra horrek estatutako batez bestekoa (% 16,1-17,04) bikoizten du. Guztira, 9.445.375 kilo paper-kartoi bildu ziren Arabako hiriburuan 2017an, hiri osoan zehar zabalduta dauden 750 kontainerretan bildutakoa eta enpresa pribatuek egindako bilketa osagarrien bidez jasotakoa bateratuta. Paper-kartoien multzoak hainbat produktu hartzen ditu barne: edukiontzi eta enbalajeetako papera eta kartoia (paper izurtuzko kaxak, poltsak, zakuak…); produktu grafikoak (prentsa, liburu argitaratuak, gutun-azalak, karpetak, koadernoak), etab.

European Paper Recycling Award

 

ASPAPEL-en ‘Pajaritas Azules’ programak European Paper Recycling Award saria jaso zuen 2017an.  Bi urtean behin banatzen den sari prestigiotsu hori European Paper Recycling Council izenekoak antolatzen du, eta programan parte hartzen duten udalen eta herritarren konpromisoa eta lana aintzatestea du helburu. Europa mailako sariketa horretako epaimahaia Simona Bonafè (Italia) eta Inés Ayala (Espainia) europarlamentariek, Ferran Rosak (Zero Waste Europe) eta Rudi Bressa ingurumen kazetariak osatu zuten, Lisa Kretschmann (European Federation of Envelopes Manufacturers) buru zutela. Proiektuari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, http://pajaritasazules.com/el-programa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:03

 

Bideko elementuetara eta hiri-altzarietara moldatuko den  iragazki natural baten garapenean laguntzen ari da Gasteiz; trafikotik hurbil dauden guneetako airearen kalitatea hobetzeko balioko du sistemak. Gaur goizean, “Mossfilt” sistemaren prototipo bat instalatu da Bake kalean. Sistema hori Gasteizko ‘Air Garden’ enpresak ‘Kimubat’ eta ‘Tecnalia’rekin batera osatzen duen partzuergoak diseinatu du, baina badaude horren garapenean lagundu duten beste eragile batzuek ere, besteak beste, Gasteizko Natur Zientzien Museoko Patxi Heras eta Marta Infante biologoak. Prototipo hori Hazitek ‘Mossfilt’ proiektuaren baitan garatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren kofinantzaketa jaso du.

Landare-sarez eginda dago eta bere helburuak hirietan trafikoak sortzen duen kutsadura atmosferikoa murriztea, kutsadura horrek sortzen dituen osasun-arazoak gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea dira. Beste xede bat hirigunea berdetzea da, ekosistemei onura nabarmena ekar diezaiekeen sistema horren bidez. Mossfilt sistemak goroldioa du oinarri landare-iragazkiak sortzeko eta landare-fatxaden antzekoa da. Ibilgailuek isurtzen dituzten partikuletan dauden metal astunak biometatzeko gaitasun handia duelako erabiltzen da goroldioa. Goroldio hori tokiko haztegietatik dator eta, gainera, bideko elementuetara erraz finka eta molda daitezkeen xaflen gainean hazten da.

Proba-fasean dago oraindik sistema eta gaurkoa izan da euskal hiri batean instalatu den lehen aldia. Izan ere, partzuergoaren helburua produktua ezaugarritzea da, gero hura garatzen jarraitzeko. Etorkizunera begira, helburua da bideko edozein elementu edo hiri-altzaritara erraz molda daitekeen produktu malgu bat sortzea, hiri-errepideetatik eta kutsadura sorguneetatik hurbil dagoen edozein eremutan instalatu ahalko dena. Nolanahi ere, produktu horrek kutsadura gutxitzeko zenbaterainoko ahalmena duen eta zer-nolako onurak eskaintzen dituen zehaztu beharko da lehenik. Bestalde, mossfilt instalatzeko gune egokienak zein diren zehazteko gai den tresna bat ere diseinatu da, zeinak hiri- eta gizarte-irizpideak eta irizpide meteorologikoak baliatzen dituen horretarako.

Probak egiteko Gasteiz aukeratu dute 2012an Green Capital titulua lortu zuelako eta azken hogei urteetan hiri-azpiegitura berdeak garatzeko ahalegin handia egin duelako. Izan ere, ahalegin horren erakusgarri diren eta ingurumenean onura handiak izan dituzten proiektu ugari jarri dira martxan azken urteotan, horien artean, Eraztun Berdea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

Udaltzaingoak bi ibilgailu hibrido gehitu dizkio bere flotari. Udaltzaingoak lehenengo aldiz erosi ditu horrelako ibilgailuak, alegia, batetik motor elektrikoa eta bestetik gasolinazkoa dutenak; horrek erregai-aurrezpen handia ekarriko du, eta emisio kutsatzaileen murrizketa.

Udaltzaingorako mota horretako ibilgailuak erostea erabakitzerakoan, Herritarren Segurtasunaren Sailak aintzat hartu ditu horien abantaila ugariak, ingurumenaren aldetik ez ezik baita ekonomiaren eta  zerbitzuaren beraren ikuspuntutik ere.

Erregai tradizionalen ordez energia garbiagoak baliatzearen aldeko apustuaren barruan sartzen dira bi ibilgailu hibrido horiek. ECO kalifikazioa dutenez, gasen emisioa murrizten lagunduko dute, baita kutsadura akustikoa ere.

Mantentzeko eta konpontzeko gastuak ere gasolina edo diesel automobilenak baino txikiagoak izango dira. Zehazki, lehen urtean gastuak % 40 eta 45 artean murriztuko direla kalkulatu da.

Eraginkortasunari dagokionez, motorra ohikoak baino eraginkorragoa eta malguagoa da, eta erantzun azkarra ematen du larrialdietan esku hartu ahal izateko, gasolinazko motorrak ibilgailuaren propultsioari laguntzen baitio.

Hibridoak izanik, ez da beharrezkoa sare elektrikora konektatzea kargatzeko, prozesu hori etengabe eta azkar egiten baitu, galgatzearen energia zinetikoa baliatuz.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapateroren ustez, “bi ibilgailu horiek oso lagungarriak izango dira eguneroko polizia lanetan, eta dituzten prestazioak zehatz-mehatz aztertzeko ere balioko dute, geroago Udaltzaingoaren ibilgailuen parkean horrelako edo antzeko ibilgailu gehiago sartzea komeni den erabakitze aldera”.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

Atzo Udaltzainek esku hartu zuten 16 trafiko-istripuetatik bitan pertsona bana zaurituta geratu zen.

Sutaustegi Zaharreko kalean atzo arratsaldean gertatutako harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bertan, 68 urteko emakume bat zauritu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Atzo gauean 31 urteko moto-gidari bat zauritu zen, Gasteiz hiribidean zihoazen ziklomotor baten eta auto baten arteko talkaren ondorioz izandako istripuan. Talka horren ondorioz, ziklomotorraren gidaria anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Udaltzainek atzo 25 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 12 jarduera egin zituzten.

Legez kanpoko isurketak

Betoñu industrialdean, Gamiz herritik hurbil, aurkitutako legez kanpoko bi hondakindegi ikertzen ari dira Udaltzainak eta Suhiltzaileak. SPEISeko langile-talde bat isurketa horiek ikuskatzera eta beharrezkoak diren txostenak egitera joan zen atzo, bidezkoak diren lege-ekintzak egin ahal izan daitezen.

Suhiltzaileek, gaur goizean, Salburuako sastrakadi-eremu batean sua piztu izanaren abisua jaso dute. Iritsi direnean, autobus-gidari batek kontrolpean zuen sua, su-itzalgailua bertan hustu baitu, eta horrenbestez, SPEISeko langile-taldeak inguru hori freskatu besterik ez du egin behar izan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:31

Gaurtik otsailaren 11ra arte, Gasteiz Film Office Berlingo European Film Market-en izango da; Berlingo Nazioartekoko Zinema Jaialdian, Berlinalen, egiten da ikus-entzunezkoen azoka hori, eta hiria eta lurraldea filmaketen agertoki gisa promozionatzea eta bertako ikus-entzunezkoen industriari bultzada ematea da helburua.

Film Office Film Basque Country markaren babespean joango da ikus-entzunezkoen sektorearen nazioarteko hitzordu horretara, eta jaialdira joaten diren euskal profesionalak bezala, Basque Audiovisual ekimenak ICEX entitate publikoaren pabiloian jarri duen standaz baliatuko da eskualdean interesatuta dauden atzerriko profesionalekin biltzeko, eta harreman sarea zabaltzeko.

“European Film Market urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat da ikus-entzunezkoen industriarentzat, eta Film Office ere ekitaldi horretan egotea nahi dugu, bertako sektoreak egindako azken lanak promozionatzen, Gasteiz eta Araba era guztietako ekoizpenak egiteko agertoki gisa kokatu eta ezagutarazten, eta lurraldean filmatzeak dituen abantailen berri ematen. Azken bi urteak oso positiboak izan dira gure ikus-entzunezkoen industriarentzat, eta joera sendotzeko honelako hitzorduetara joan beharra dugu, sektoreko eragile gakoekin harremanetan jartzeko balioko baitu“, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

Datozen egunetan, Film Office-k hainbat herrialderen arteko networking ekitaldietan hartuko du parte, estatuko zein nazioarteko ekoiztetxeekin sareak eta topaketa profesionalak garatzen laguntzearren. Horien artean Zineuskadik antolatutakoa nabarmendu beharra dago; izan ere, aurten lehen aldiz egingo da, euskal zinema Berlinaleko hainbat sailetan presente dagoela baliatuz.

Proiektuen artean “Y en cada lenteja, un Dios” dokumentala nabarmendu daiteke, Kinoskopik ekoiztetxe arabarrarena, Berlinaleko Culinary sailean estreinatuko baita.

Horretaz gain, Gasteiz filmen agertoki bikaina dela ezagutaraziko da “Localizaciones de Cine en España” erakusketan, Espainiak Berlinen duen enbaxadan.

Enbaxadak Berlinaleren karietara estatuko ikus-entzunezkoen sektoreari egiten dion harrera-ekitaldian inauguratuko da erakusketa, eta jaialdiak irauten duen bitartean egongo da ikusgai. Zehazki, Gasteizen Erdi Aroko hirigunean Handia lana filmatzean hartutako irudi bat erakutsiko da, ondoan egungo irudi bat duelarik, eszena hori testuinguruan jarri ahal izateko.

 

 

 

 

Share