Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 otsaila 2019 17:00

‘El estado educativo de Vitoria-Gasteiz. Sistema Municipal de Indicadores Educativos’ azterlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta azterlanaren egileak eta UPV-EHUko irakasleak: Luís Lizasoain Hernández, Jose Francisco Lukas Mujica eta Pello Aramendi

Eguna. Osteguna, otsailak 7

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia (José Miguel de Barandiaran aretoa)

————————————

Kartoi eta paperaren bilketa selektiboaren bikaintasunari buruzko 2019 Pajaritas Azules sariak banatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Ribera; eta ASPAPELeko presidente Jordi Mercader

Eguna. Osteguna, otsailak 7

Ordua. 12:00

Tokia. Rafael del Pino auditorioa (Rafael Calvo, 39-A kalea) Madril

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:16

Martxoaren 1etik 3ra egingo da, Ibaiondoko eta Mendizorrotzako kiroldegietan, eta 150 jokalari inguruk hartuko dute parte

 

 

 

Haur-kategoriako hamahiru taldek, emakumezkoen saskibaloi Dia Ligan parte hartzen duten klubetako harrobietan integratuak, Txiki Koparen beste edizio bati ekingo diote, martxoaren 1etik 3ra bitartean. Ibaiondoko gizarte etxea izango da helburu nagusi emakumezkoen kirola bultzatzea duen lehiaketaren epizentroa. Igandean, Mendizorrotzako kiroldegian jokatuko den final handia izango da amaierako jaialdi nagusia. Partidu guztietarako sarrerak izango dira dohainik.

Aurkezpenean honako hauek hartu dute parte, Txiki Koparen erakunde sustatzaile nagusia den Vital Fundazioaren presidenteak, Jon Urrestik; Germán Mongek, Saskibaloi Euskal Federazioaren presidenteak eta Araski klubaren presidentea den Livia Lópezek, eta eurekin batera izan dira Estíbaliz Cantok, Vitoria-Gasteizko Udalaren Kultura, Hezkuntza eta Kirola zinegotzia, Igone Martínez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol arloko foru diputatua; eta Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritza zuzendaria.

Vitoria-Gasteiz emakumezkoen saskibaloiaren hiriburu bilakatuko da martxoaren lehenengo egunetan. Izan ere, Erreginaren Kopa bertan jokatuko da eta hitzordu garrantzitsuenetako bat da emakumezkoen kirolari dagokionez. Gainera, aldi berean, kirol horren etorkizuna bilduko duen beste lehiaketa bat ere jokatuko da. Txiki Kopa da, Arabako hiriburuan, hamahiru taldetan banatuta, haur-kategoriako 150 jokalari inguru bilduko dituen torneoa.

Lehiaketa

Martxoaren 1ean, ostirala, goizeko 9:00etan, aldi berean jaurtiko da baloia airera Ibaiondoko gizarte etxeko hiru zelaietan. Une horretatik aurrera 23 partidu jokatuko dira kirol-eremu horretan, eta martxoaren 3an, igandea, amaituko da ekitaldia, Mendizorrotzako kiroldegian, Erreginaren Kopako egoitzan, jokatuko den final handiarekin.

Beste alde batetik, joko garbia ere izango da protagonista lehiaketan. Parte hartzen duten talde guztiak atxiki behar zaizkio jokorako eremuetan kirolaren aurkako edozein portaera errotik ateratzearen aldeko konpromisoari, bai jokalariak, bai talde teknikoko kideak, bai bertaratzen diren zaleak ere.

Igandean, behin torneoa amaituta, sariak banatuko dira Mendizorrotzako kiroldegian. Kirol garaikurrez gain (lehiaketa irabazten duen taldeari, jokalari onenari, boskote onenari edo hiru puntuko saskiratze lehiaketa irabazi duen jokalariari), beste bat emango zaio ‘fair play’ taldeari, joko garbiaren eta kirol-legearen baloreak ondoen ordezkatu dituen taldearen lana azpimarratzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

Abonamenduak hilaren 11an jarriko dira salgai eta edizio honetan “emakume konposatzaileen ahots isilduari” eskainitako kontzertu bat egingo da, martxoan.

PROGRAMA

 

 

Gaur aurkeztu da Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak eta Jesús Guridi kontserbatorioak elkarlanean antolatzen duten Principal Antzokiaren Ganbera Zikloaren VIII. edizioa.  Aurkezpen horretan izan dira kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Kontserbatorioko zuzendari Puy Asurmendi eta programaren zuzendari Carlos Seco.

Zazpi dira otsailetik urrira bitarteko aldian egingo diren kontzertuak, eta horien artean azpimarratzekoa da “XIX-XX. mendeetako emakume konposatzaileen ahots isildua” gogoan hartuta María Eugenia Boix (sopranoa), Estitxu Oraá (biolontxeloa), Susana García de Salazar (pianoa) eta Carmen San Estebanek (aktorea) emango dutena. Gainera, sinbolismoz beteriko hila hautatu dute horretarako: martxoa.

Kontzertu guztiak 19.30ean izango dira eta abonamenduak otsailaren 11an jarriko dira salgai, Kontserbatorioan. Kontzertu bakarrerako sarrera, 6 €. 30 urtetik beherakoak eta langabeak, doan.

Egitaraua:

  • Otsailak 14 Partitas. Ignacio Prego, klabezina.
  • Martxoak 21: Inéditas: “XIX-XX. mendeetako emakume konposatzaileen ahots isildua”  María Eugenia Boix (sopranoa), Estitxu Oraá (biolontxeloa), Susana García de Salazar (pianoa) eta Carmen San Esteban (aktorea).
  • Maiatzak 2: Caterina Coma (biolina) Garazi Goñi (pianoa)
  • Maiatzak 16: Hirukote kontzertanteak. Paula Huber eta Pablo Dávila (klarinete), Iker Amuriza (pianoa).
  • Ekainak 20: Klarinete eta hari boskoteak. Iñigo Alonso, Víctor Parra, Maddi Arana, Carlos Seco, François Monciero.
  • Irailak 12: Magna Boskotea. Nicolás Zubía, Iker Urreta, Asier Urreta, Iñigo Sarasola, Joaquín Díaz López.
  • Urriak 10: Francisco Ibáñez Irribarria, koru-izaerako lana. Nurat Gazte eta Samaniego Abesbatza. Nagore Alangua.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:49

 

 

  • Orotara 273 lanpostu eskainiko dituzte, erdia baino gehiago erdi edo goi mailako kualifikazioa dutenak
  • Orientazioaren alorrean dihardutenen gaitasun profesionalak hobetzeko jardunaldi teknikoa ere egingo da
  • Horretaz gain, hautaketa-elkarrizketek, enplegua bilatzen laguntzeko baliabideek eta enpresa eta erakunde publikoen standek osatzen dute 2018-2019ko Empleo Guneren bigarren jardunaldiaren programa

Otsailaren 14an egingo da Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako Campusak elkarrekin sustatzen duten Empleo Gune foroaren bederatzigarren edizioaren bigarren jardunaldia. Oraingoan lurraldeko enpresek hartuko dute protagonismoa: dituzten langile beharrak azalduko dituzte, eta gaitasun profesionalak hobetzeaz ere arituko dira. Izena emateko epea itxi gabe dagoelarik, oraingoz 32 enpresak hartuko dute parte, eta horietako 21k standa jarriko dute. Orotara 273 lanpostu eskainiko dituzte, erdia baino gehiago erdi edo goi mailako kualifikazioa dutenak. Jardunaldia Europa biltzar jauregian egingo da, eta Empleo Gune Gasteizen enpleguarekin zerikusia duten eragileen topagune nagusi gisa sendotzeko bide emango du.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartuak aurkeztu dute 2018-2019ko Empleo Guneren bigarren jardunaldia, zeinak helburu hauek baititu: lurraldeko administrazio publikoetan hurrengo hilabeteetan sortuko diren enplegu-aukerak aurkeztea eta enplegu publikoa eskuratzeko moduaz informatzea, eta gure hiriko enpresek eta hedatzeko bidean dauden sektore ekonomikoek eskatzen dituzten profilak zein haien lan-eskaintzak ezagutaraztea. Orobat, enplegu-bilaketa aktiboan dihardutenen trebetasunak hobetzera eta informazioa zabaltzera zuzendutako jarduerak eskainiko dira.

Erakunde eta enpresen aurkezpenez eta informazio guneez gain, orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa nabarmentzen da, Gasteizko Udalak sustatzen duen GPS proiektuarekin lotuta dagoena. “Orientazio ona da enplegu bilaketa arrakastatsuaren oinarria. Askotan, orientatzaileen figura gakoa da lan-merkatuaren eta irakaskuntzaren arteko zubiak eraikitzeko. Ikuspegi aldaketa soil batez edo galdera egokiak eginez lor dezakete lan bila dabilenak nora jo dezakeen eta bere profil profesionalari etekina nola atera diezaiokeen jakitea. Horrexegatik da garrantzitsua orientazioaren alorrean dihardutenen gaitasunak hobetzea“, adierazi du Nerea Melgosa zinegotziak.

Nabarmendu beharrekoa da, halaber, Mikel Belascoain artista eta zine zuzendariak emango duen hitzaldia, ‘Perfiles y Competencias Transversales para el Siglo XXI’ izenburua duena; proiektu eta prozesuen gizarteak behar dituen gaitasun berriez hitz egingo du, eta bereziki, aldaketen ezarpena azkartuko eta berrikuntza gidatuko duten profil berriez.

 Arabako Campuseko erretoreorde Iván Igartuak azpimarratu duenez, “enplegu-bilaketara bideratutako baliabide informatikoei buruzko lantegia ere izango da, eta enpresek 270 lanpostu baino gehiago eskainiko dituzte sarean. Hautagaiek curriculuma bidali ahalko dute eskaintzan agertzen den posta elektronikora, eta enpresek elkarrizketa batera deitu ahalko dituzte foroa egiten den bitartean, Europa jauregian”. “Empleo Gune foroa —erantsi du— EHUk unibertsitateko ikasleen eta ikasle ohien enplegagarritasuna eta laneratzea sustatzeko duen estrategiaren barruan sartzen da, horrela lurraldea garatzen laguntzeko”.

 Azken batean, Empleo Gune foroaren helburua da elkargunea izatea gure inguruneko enpresetako giza baliabideen alorreko profesionalentzat, enplegu-bilaketa aktiboan diharduten pertsonentzat, azken prestakuntza-zikloetako ikasleentzat, laneratze eta gizarteratzearen alorrean lan egiten duten profesionalentzat, eta lurraldearen barruan enplegua sortzen ari diren entitate publikoentzat.

Internetez eman daiteke izena Empleo Guneren jardueretan; informazio guztia http://empleo-gune.org web-orrian dago eskuragarri.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

Koroatzeak bat egin du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak sustatutako “Piztu zure auzoa” programarekin, zeinak hainbat jarduera eta ekintza barne hartzen baititu auzoak abegikorrago eta irisgarriago izan daitezen adinekoentzat.

“Auzokide eta denda guztiak inplikatu nahi ditugu, eguneroko jardueretan adinekoei lagun diezaieten: erosketak egiten, beste batzuekin erlazionatzen, edo auzoko kale eta plazetan ibiltzen. Garrantzitsua da eguneroko zereginetan laguntza izatea, are gehiago egoera zailetan. Azken batean, hobeto bizi daitezen eta autonomia handiagoa izan dezaten nahi dugu”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Horretarako, ibilbide seguru bat diseinatu da —hiriko hirugarrena, aurretik Pilarren eta Landazurin sortu baitziren— adinekoak errazago ibil daitezen auzoan barrena. Ibilbide horrek leku garrantzitsuenak lotzen ditu, argiztapena, trazatua, zoladura eta ingurunea kontuan izanik adeitsuentzat jotzen diren kaleetatik.

Horretaz gain, Koroatzearen auzoko hamabost entitate eta saltokik adinekoen ezaugarri eta premietara egokitutako kalitateko arreta eskaintzeko konpromisoa hartu dute.

Euskadi Lagunkoiak lagunkoitasunarekin lotutako alderdiei buruz emandako prestakuntza-prozesua bete dute horiek, eta aurrerantzean zigilua erakutsiko dute aretoaren atean, auzoak gizatiarrago eta lagunkoiago bihurtuz auzokoen egunerokoa errazten konprometituta daudela adierazteko.

“Berez, harreman pertsonalen sarea sustatzen ari gara, auzoko adinekoak eta une jakin batean beharrezko izan ditzaketen baliabideak kontaktuan jarriz. Hori lagungarria gertatuko zaie eta, aldi berean, auzoa ere nabarmen hobetuko da“, esan du López de Munainek.

Koroatzeko ibilbide segurua martxoaren 14an inauguratuko da. Egun batzuk lehenago zenbait jarduera egingo dira, besteak beste, world kafe bat, adinekoen bakardadeaz hitz egiteko.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:22

Udaltzaingoa izapidetzen ari den argiketa batean 20 urteko gazte bat ikertzen ari dira, Korazonisten kaletik gida-baimenik gabe gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin duelako.

Gidari horrek araudiak dioenaren aurka aparkatu zuen eta, bere dokumentazioa eta ibilgailuarena eskatu ziotenean, udaltzainek egiaztatu zuten ez zuela gida-baimenik, Gasteizko Epaitegi batek emandako indarreko agindu baten arabera aldi baterako esekita zuelako; eta horren ondorioz, izapide egokiak bete zituzten Guardiako Epaitegira bidera zezaten.

Udaltzainek 16 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu; 22 salaketa izapidetu zituzten eta Polizia Judizialaren 12 jarduera burutu zituzten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:23

 

 

 

 

 

 

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Gasteiz On-en  Outlet-Beherapenen Feria irekitzeko ekitaldian izan da; Europa biltzar jauregian egingo da azoka, gaurtik larunbatera arte. Hiriko hogei saltokik hartzen dute parte ekimenean, eta % 70erainoko deskontuak eskainiko dituzte beren produktuetan: ehungintza, moda, oinetakoak, osagarriak, jostailuak, kirolak, etxeko gauzak eta liburuak, besteak beste.

Kafetegia eta gozotegia jarriko dira, baita umeentzako eremua ere, doako puzgarri batez hornitua. Azoka 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik.

Outlet-Beherapenen Feria Gasteizko Udalak tokiko merkataritza dinamizatzeko sustatzen duen jardueretako bat da, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren barruan, eta beherapen kanpainaren zutabeetako bat da. Lehenengo hilabetean emaitza onak izan ditu kanpainak inkestatutako establezimenduen % 27rentzat, eta % 32k uste dute itxaropenak bete dituztela; ehuneko horiek iazkoak baino handiagoak dira.

Share