Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 otsaila 2019 11:49

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Udalak 1,2 miloi euro inbertituko ditu Tornay Medikuaren kalea oinezkoentzat uzteko eta plaza irisgarri eta erakargarriagoa bihurtzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak dagoeneko onetsi du lan horiek egiteko kontratazio-dosierra; lanak gauzatzeko 8 hilabeteko epea emango da, esleitzen direnetik. Udalak 983.612,58 euro jarriko ditu, eta AMVISAk, 299.147,53 euro. “Esku-hartze honen bidez ‘super-etxadiak’ garatzen jarraitu nahi dugu, orain berraztertzen ari den Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planak markatutakoaren ildotik. Izan ere, Tornay Medikuaren kalea Olagibel kaleak, Judimendi hiribideak, Done Jakue hiribideak eta Jose Mardones kaleak mugatutako ‘super-etxadiaren’ erdigunean dago, eta esku-hartzearen ondoren kalitateko espazioa izango da jendearentzat. Orain oso hondatuta dago kale hori. Hemendik gutxira, aldiz, oinezkoentzako plaza modernoa izango da, bizi-bizia”, nabarmendu du alkateak.

Gaur egun, espazioa oso hondatuta dago; zoladura, zaharkitua, eta altzariak, egoera txarrean. Gainera, ibilgailu motordunei emandako lekua neurriz kanpokoa da, espazio gehiena hartzen baitute; ondorioz, espaloiak estuak dira, eta oinezkoentzako ibilbideak bihurgunetsuak eta asmatzen zailak. Bestetik, inguruko lokal asko itxita daude.

Egoera iraultzeko, Urtaranen gobernuak eraberritze integrala proiektatu du, 5.500 metro koadro barne hartuko dituena, eta hainbat hobekuntza egingo ditu. Judimendi hiribidearen eta Cola y Goiti eta Benito Ginea kaleen arteko zatia oinezkoentzat bihurtuko da, eta sortzen den espazioak “inguruaren kalitatea hobetzeko eta auzoa dinamizatzeko balio izatea espero da”. Horretaz gain, oinezkoentzako pasabide goratuak jarriko dira Benito Ginea eta Cola y Goiti kaleekiko bidegurutzeetan, irisgarritasuna hobetzeko. Done Jakue hiribidean ere beste zebra-bide bat eraikiko da.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak bi barne plazatxo diseinatu ditu, zeinek galtzada-harri zeramikozko zoladura izango baitute, gainerako lekuetan erabilitako zoladurarekin kontraste egin dezan.  Miranda de Ebro kaleak eta Trebiñoko Konderriaren kaleak, berriz, ibilgailuentzat izaten jarraituko dute, Done Jakue hiribidetik sartu eta irteten delarik. Tornay Medikuaren kaleko zatian, ordea, galtzada espaloien mailan geratuko da, oinezkoei lehentasuna emanez; asfalto leunduzko zoladura jarriko da hor. Orobat, Saez de Quejana kaleko parterreak kenduko dira, eta Trebiñoko Konderriaren kaleko haurrentzako jolasgunea eraberritu eta handituko. Kolpeak moteltzeko kautxuzko zoladura jarriko da inguru horretan.

Aldi berean, argiteria publikoaren sarea eta saneamendu-sarea egokitu eta modernizatuko dira, azken horrek 70 urte baititu. Hiri-altzariak ere eguneratuko dira, eta eserleku berriak, paperontziak, bizikleta aparkatzekoak, piboteak eta bi iturri ipiniko dira. Auzokoek estatutakoari jarraituz, zuhaitz batzuk ere kenduko dira, gaixo daudelako edo fatxadetatik oso hurbil. Horien ordez beste batzuk landatuko dira. Zehazki, masustondoak landatuko dira txorkoetan, eta tamaina handiko Celtis australis (almez) bat.

Horren guztiaren osagarri, TUVISAren Judimendi/San Juan geltokia lekuz aldatuko da, oinezkoentzako pasabidetik urrunago dagoen leku batera, segurtasun-arrazoiak direla eta. Gainera, lurperatu egingo dira proiektuaren eremuaren barruko telefoniako airetiko kableak, Estibaliz hiribidean, eta Eduardo Velasco, José Lejarreta eta Federico Baraibar kaleetan. Azkenik, desagertzen diren aparkaleku-plazak konpentsatzeko, Udalak beste leku batzuk egokituko ditu Jose Mardones kalean eta Judimendi hiribidean.

MEDICO TORNAY KALEKO DOSIERRA

Share