Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 otsaila 2019 13:34

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 100 talde baino gehiagotako 900 ikasle inguru lehiatuko dira Europa jauregian Espainiako estatuko finalerako postu baten bila, gero Detroiten 98 herrialderen artean izango den nazioarteko finalerako atariko gisa
  • Sei hilabetez, 1.500 ikasle prestatu dira hezkuntza-programa berrian zientzia-proiektu bat aurkezteko, eta honen bidez, espazioan sortzen diren arazoak konpondu eta premiak asetzeko, robot bat programatzeko eta lehiaketa honen balioak integratzeko
  • FIRST LEGO League erreferentziazko programa da Euskadin, STEAM hezkuntzaren barruan Berrikuntzaren Euskal Agentziak martxan jarria, zientzia eta teknologia euskal gazteengana hurbiltzeko

 

Espazioan urtebetez bizitzea zer izango ote litzatekeen irudikatzea: erronka horri erantzun beharko diote ia 900 ikaslek datorren larunbatean, otsailaren 16an, FIRST Lego League Euskadiko Finalaren hamargarren edizioan; Gasteizko Europa biltzar jauregian izango da Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta.

FIRST LEGO League Euskadik 10 urte betetzen ditu aurtengo edizioan, eta erreferentziazko programa da Euskadin STEAM (ingelesezko siglen arabera, Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) hezkuntzan. Bere helburua zientzia eta teknologia euskal gazteengana hurbiltzea da era dibertigarrian eta zirraragarrian.

Horrela aurkeztu dute hiriko ekitaldi hau Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia, Nerea Melgosak, eta Innobasqueko zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok. Berarekin izan dira Arabako Ekonomia Garapenerako foru-diputatua, Pilar García de Salazar; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendaria, Amaia Eskisabel; eta Legokide taldea, aurreko edizioa irabazi zuen Gasteizko Urkide ikastetxekoa.

Gaur aurkeztu den lehiaketaren hamargarren edizioan EAEko hiru lurraldeetako 44 ikastetxetako 100 talde baino gehiago izango dira eta ia 900 ikasle lehiatuko dira. Parte hartzen duten ikastetxeetako %64 Bizkaikoa da, %20 Arabakoa eta gainerako %16 Gipuzkoakoa.

Guztiek defendatuko dituzte irailetik garatu dituzten zientzia-proiektuak, edizio honetako erronka tematikoari aurre egiteko: INTO ORBIT. 102 taldeetako bakoitzak irudikatu du zer izango ote den espaziora joan eta han urtebetez bizitzea, eta irtenbide berritzaileak proposatu ditu han sortzen diren arazo eta premietarako: nola elikatu, zelan sasoian egon eta nola konpondu espazio-ontziaren arazo tekniko bat, edo zelan entretenitu, Lurrean geratu diren senitartekoekin komunikatu edo espazioan sorturiko zaborra birziklatu. Azken batean, kanpoko espazioan bizirik, osasuntsu eta zoriontsu mantentzen laguntzeko proposamenak egin behar dituzte.

Taldeek robotaren jokoan ere parte hartuko dute, eta LEGO MINDSTORMS robota, zenbait misio osatzeko diseinatu eta programatu dutena, aurkeztuko dute, eta FIRST LEGO League balioen alde egingo dute, proiektuak aurkikuntza, berrikuntza, inklusio eta talde-lan espirituarekin garatu dituztela erakutsiz.

Lehiaketan bi kategoria bereizten dira, parte-hartzaileen adinaren arabera: FIRST LEGO League, 10 eta 16 urte arteko ikasleak lehiatuko dira 58 taldetan; eta FIRST LEGO League Junior, 6 eta 9 urte arteko neska-mutikoentzat, hemen 44 taldek parte hartuko dutelarik.

Finala zabalik dago publiko guztientzat. Egun horretan edonor joan daiteke Europa Jauregira lehiaketa jarraitzeko, junior taldeen erakustaldiez gozatzeko eta doakoak izango diren zientzia- eta teknologia-tailerretan parte hartzeko.

Bertaratzen den jendeak OpenGUNEaz ere gozatu ahal izango du, jarduerak eginez drone eta auto elektrikoekin edo matematikako lehiaketan parte hartuz.

18 sari daude eta lau talde onenak martxoaren 23an eta 24an Tenerifen izango den Espainiako FIRST LEGO League finalerako sailkatuko dira.

Hezkuntza-lehiaketa 98 herrialdetan

FIRST LEGO League nazioarteko hezkuntza-programa bat da, zientzia eta teknologiarekiko gazteen interesa piztea bilatzen duena, baita mundu digitalean beraien gaitasunak garatzea eta balioak (besteak beste, aurkikuntza, berrikuntza, inklusioa eta talde-lana) sustatzea ere. Aurten mundu osoko 98 herrialdetan egingo da milioi-erdi ikasle baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta munduko finala apirilean izango da Estatu Batuetako Detroit hirian.

Hamar urte dira Berrikuntzaren Euskal Agentzia dela nazioarteko programa honen buru eta antolatzaile Euskadin STEAM Hezkuntza bultzatzeko euskal haurren eta gazteen artean. Ikasteko eredu berria da, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren, arteen eta matematikaren irakaskuntzan oinarritua, baina era integratuan eta ez ezagutza-arlo bereizietan, eta diziplinarteko ikuspegi praktikoarekin.

Aurretiko prestakuntza-programa

Innobasquek, Begoñako Andra Mari (BAM) irakasle-eskolarekin lankidetzan, lehiaketa osatu egin du Estatuan berdingabea den prestakuntza-programa bat antolatuta; irailean hasten da eta edizio bakoitzeko erronkaren sektoreari lotutako euskal enpresa- eta industria-sarera hurbiltzen ditu talde parte-hartzaileak. Aurten, ikasleek lehen eskutik ezagutu dituzte sektore aeroespaziala eta honi atxikitako lanbideak, enpresa, ikerketa-zentro eta unibertsitateetan egindako prestakuntza-ekinbideen bidez; hona hemen FIRST LEGO League Euskadiren hamargarren edizio honetan parte hartu dutenak: Aernnova, Athlon, Azti-Tecnalia, BCAM, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa, Mondragon Korporazioa, Neiker-Tecnalia eta Tecnalia; Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Aulaespazioa, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedra, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Farmazia, Medikuntza eta Psikologiako fakultateak, Osakidetza, Basurtoko Ospitalea, eta UPV/EHU.

Boluntarioak

Hamarkada bateko ibilaldiaren ondoren, FIRST LEGO League Euskadi gailendu da Espainiako estatuan egiten diren 31 lehiaketetako handiena izateagatik. Tamaina edo garrantzi honek boluntarioen figura Innobasquek sustaturiko FIRST LEGO League eredu propioaren funtsezko zutabeetako bat bihurtzen du; aurten 200 pertsona izango dira, epaile, arbitro edo taldeen laguntzaile gisa jardungo dutenak. Koordinatzeko Hezkide Eskolaren, Kiribil Sarearen eta Ede Fundazioaren laguntza dute.

Lehenengo Micro FIRST LEGO League

STEAM hezkuntza sustatzeko Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eta Mondragon Korporazioaren arteko hitzarmenaren emaitza gisa, joan zen urtarrilaren 19an lehen aldiz lehiaketa ez-sailkatzaile bat egin zen, microFLL deitua, Mondragon Unibertsitateak Arrasaten duen Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren egoitzan. Hitzorduak esperientziak trukatzeko eta FIRST LEGO League Euskadi finala baino hilabete lehenago entrenamendu bat egiteko aukera eskaini zien 20 talderi.

Laguntzaileak

FIRST LEGO League Euskadin, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean dabiltza Gasteizko Udala,  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta konpainia hauek: Azti-Tecnalia, Iberdrola, Euskaltel Konekta Fundazioa, Mondragon Korporazioa, Petronor Berrikuntza eta Sener.

+INFO: First Lego League azken edizioaren bideoa

Share