Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 otsaila 2019 11:53

25 urteko txirrindulari bat zaurituta geratu zen atzo, auto baten aurka aurrez aurre talka egin ostean, Kexaako Gazteluaren kaleko bidegorri batean. Bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten gaztea eta, gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak atzo beste 19 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 35 urteko auto-gidari bat ikertzen ari dira Zaramaga kaletik alkoholaren eraginpean eta gida-baimenik gabe gidatzeagatik. Pertsona hori semaforo bat gorrian igarotzen eta ezohiko moduan gidatzen ikusi zuen Ertzaintzaren patruila batek atzo gauerdian.

Udaltzaingoak egindako alkoholemia-probetan positibo eman zuen eta, nortasun-agiria eta ibilgailuaren dokumentazioa eskatu zizkiotenean, udaltzainek ikusi ahal izan zuten ez zuela gida-baimenik, inoiz ez zuelako horrelakorik izan. Gertaera horiek kontuan izanda, izapide batzuk abiarazi zaizkio, Guardiako Epaitegira bideratu daitezen.

Udaltzainek atzo 32 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten.

Ibilgailu batek su hartu du

Arriagako Kofradiaren kalean ibilgailu baten motorrean piztutako sutea itzaltzeko esku hartu zuten atzo suhiltzaileek.

Uribeguela kaleko etxebizitza batean ere esku hartu zuten, eta hala, zartagin batek eragindako sua itzali behar izan zuten, kalte larriak eragin baitzituen sukaldean, nahiz eta etxearen gainerako geletan ez zuten kalterik izan.

Azkenik, Ehari herrira joan behar izan zuten, etxebizitza bateko tximiniak ere su hartu baitzuen. Antza denez, suaren jatorria bertan metatutako kedarra izan zen.

 

Share