Prentsa Oharren banner

Santa Barbara plaza berriak inguruko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzen lagunduko du, 8 miloiko inbertsioa eginda

 

 

 

 

 

 

 Alkateak nabarmendu du “herritarrek dagoeneko bere egin” dutela “espazioa”

Fruta eta barazki azoka pergolaren azpian egin da lehenengoz

Casto Solanok ‘Oreka’ eskultura-multzoak Salburuko hezeguneekin duen harremana azpimarratu du

 Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko alkate Gorka Urtaran buru zela egin da erakundeen bisita gaur goizean Santa Barbara plaza eta inguru eraberrituetara. Lanek 6,7 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta horretaz gain milioi eta erdi euro erabili da aparkalekuaren egiturazko arazoak konpontzeko. “Kaleak eta auzoak hobetzearren ari gara lanean, atseginago, modernoago eta erakargarriago izan daitezen. Santa Barbara plazaren kasuan, herritarren eskaerei erantzun diegu berriro ere. Lanak bukatu direlarik, bizitzaz beteriko lekua dugu, herritarrek dagoeneko bere egin duten espazioa, eta inguruko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzen lagunduko duena“, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Casto Solano artistak ere hartu du parte erakundeen bisitan, ‘Oreka’ eskultura-multzoa ezagutarazteko; orobat izan dira bertan udal teknikariak, inguruko merkatari eta ostalarien ordezkariak, eta eraikuntza egin duen ABEE osatu duten Ferrovial, Agroman eta Onandia enpresen arduradunak. Gainera, frutak eta barazkien azokako ekoizleek kokaleku berria estreinatu dute, 80 metro luze den pergolaren azpian.

Santa Barbara plaza eraberritzeko lanak 2017ko urrian hasi ziren, eta aurreikusitako epeak beteta bukatu dira. Esku-hartzearen diseinua lantzeko prozesua luzea izan zen; udal gobernuak, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak hainbat bilera egin zituzten inplikatutako talde eta eragileekin —auzokoak, merkatariak, Gasteiz On, ostegun eta larunbatetako azokako ekoizleak, Azoka plaza—, proiektua zehazteko.

 

 

 

 

 

Urtaranen gobernuaren helburu nagusia espazio publiko bat, Santa Barbara plaza, hiriarentzat berreskuratzea izan da, zati batean oinezkoentzat izango den super-etxadi moderno, funtzional eta atseginagoa sortuz. Gainera, inguruan trafikoa hobetzeko neurriak hartu dira, eta alderdi osoa biziberritu da, ekonomia- eta merkataritza-berpizteari bultzada ematearren, alkateak iragarritako ‘erdialdeko masterplana’ ekimeneko esku-hartze guztien ildo beretik. Santa Barbara plazaren irudi berriaren alderdi deigarrienetako bat Posta kaleko aldean jarritako pergola da: 80 metro luze den egitura funtzionala, 36 saltoki jartzeko lekuarekin; hain zuzen ere, gaur erabili dira horiek estrainekoz.

Lehengo plazak labirinto itxura zuen, espazio txiki ugari eta oso zatikatuak baitzituen, parterreak zirela eta. Horretaz gain, ingurunetik isolatuta zegoen, eta irisgarritasun zailekoa zen, diseinuaren eraginez. Hori zela eta, espazioa duintzea bilatu zen, oinezkoen igarobidea errazteko, parterreak kenduz eta oraingoa baino espazio zabalagoa sortuz, eta aldi berean, landare gehienak utzita.

 

 

 

 

 

 

 

 

Oinezkoentzako ibilbideak

Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean pasabide goratua eraiki da, Posta kaletik Leizaola plazaraino doan oinezkoentzako ardatz luzeari jarraipena emanez eta Gasteizko Zabalguneko bost plaza lotuz: Andre Maria Zuriaren plaza, Espainia plaza, Foru plaza, Santa Barbara plaza eta Leizaola plaza. Bestetik, nabarmen zabaldu dira Urriaren Hamabiaren kaleko espaloiak, eta Azoka plazako zamalanetarako ibilgailuak baino ezin dira bertatik igaro.

Leizaola Lehendakariaren plazan altzariak berritu dira, eta kendu egin da Santa Barbaratik hurbilen zegoen parterrea, pertsonen joan-etorria eragozten baitzuen. Horretaz gain, txorkoak handitu egin dira, eta argiztapena berritu.

 

 

 

 

 

 

Hiru pieza berde handi

Udalak hiru multzo handitara murriztu ditu parterreak, labirinto itxurako trazatuaren barruko korridoreak kenduta. Mendebaldean, El Corte Inglésetik hurbilen dagoen aldean,  landare mediterraneoen zerrendak dituen berdegune bat sortu da;  lehendik zeuden altzifre ikusgarriak eta balio handiko araukaria bat utzi dira bertan. Zurezko eserleku luze bat ere jarri da, ur-zurrustez hornitutako urmael baten inguruan.

Ekialdean ere eserleku luzea duen beste berdegune bat osatu da, eta haurrentzako jolasgune handia jarri da, kautxuzko zoru baten gainean. Hirugarren berdegunea, berriz, Azoka plazatik gertueneko eremuan jarri da; arteak eta balio handia duen hagina daude bertan.

 

Pergola eta azokak

Plazaren iparraldean, Posta kalearen ondoan, pergola handi bat jarri da, 10 metro zabal eta 80 metro luze dena. Egitura horrek ostegun eta larunbatetako azokak hartuko ditu; eremu estali hori haurrentzako jolasgunearen osagarria izango da, halaber.

Azoka plazaren aldean, Santa Barbara plazara ematen duen irteera berria egokitu da, eskailerez eta arrapalaz osatua: horrek mahaitxoak jartzeko aukera emango die gastrotabernei, eta Santa Barbaratik Azoka plazara sartzea erraztuko.

 

Aparkalekua, argiztapena eta saneamendua

Udalak osorik eraberritu du lurpeko aparkalekua, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren betekizunei egokitzearren, eta airea kanporatzeko sistemak berritu eta suteen kontrako segurtasuna hobetu dira. Aparkalekuaren irisgarritasuna ere hobetu da. Erabiltzaileentzako sarbideak bikoiztu egin dira,  bitik laura (horietako bitan igogailua dago). Aparkalekura sartu eta bertatik irteteko “etxolek”, bestalde, aireztatzeko eta airea kanporatzeko balio dute.

Gasteizen egiten ari diren beste obra garrantzitsuetan bezala, Udalak inguruneko argiztapena hobetzeko baliatu du aukera, oraingo argien ordez led teknologia instalatuz, eta AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere berritu ditu.

Argazki +

Bisitako argazkiak

Laneko timelapsea

Share