Prentsa-deialdiak (2022-07-01)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa 

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak: Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

  • Eguna: Ostirala, uztailak 1
  • Ordua: 11:00
  • Tokia: Udaletxeko prentsa aretoa

Prentsaurrekoa: Gasteizko II. Duatloia aurkeztea

Parte hartzaileak: Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Vital Fundazioetako zuzendari exekutibo Axier Urresti; Kirol foru zuzendari Ana Rosa López de Uralde; eta La Blanca Atletismo klubeko presidente Mikel García

  • Eguna: Ostirala, uztailak 1
  • Ordua: 12:00
  • Tokia: Vital Fundazioetako prentsa aretoa (Dendarabako 1. solairua)

 


Prentsaurrekoa: Arabako Futbol Entrenatzaileen lehen Biltzarra  inauguratzea

Parte hartzaileak: Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López

  • Eguna: Ostirala, uztailak 1
  • Ordua: 18:00
  • Tokia: Europa Biltzar Jauregia
Share

EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal taldeen adierazpena, Melillan gertatutakoari buruz

Joan den ekainaren 25ean,  Espainiako Estatuko hegoaldeko mugaren historiako hondamendi humanitario larrienetako bat bizi izan zen. Gutxienez 37 pertsona hil dira, GKEen arabera, eta dozenaka zauritu Melillara iristen saiatzean, indarkeria-irudi basatiekin, beroan itzulketekin eta migrazio-agintarien aldetik Giza Eskubideen urraketa larriekin.

Testuinguru horretan, Espainiako presidenteak adierazpen onartezinak egin zituen egindako jarduerak ulertu eta babestuz, eta Espainiako eta Marokoko segurtasun-kidegoek egoera ondo konpondu zutela adierazi zuen.

Horiek horrela, gaur agertutako taldeek honako hau aurkezten dugu

ADIERAZPENA:

  1. Gure atsekabea eta salaketa irmoa adierazten dugu joan den ekainaren 25ean Melillako mugan gertatutakoengatik, eta elkartasun osoa adierazten diegu poliziaren jardun basatiaren ondorioz hildako edo zauritutako Saharaz hegoaldeko pertsonen familiei.
  2. Ikerketa berehalakoa eta independentea eskatzen dugu, gertakariak argitzeko, erantzukizunak garbitu eta biktimen erreparaziorako neurriak ezartzeko.
  3. Hildakoen gorpuak berreskuratzea, identifikatzea eta jatorrizko herrialdeetara aberriratzea eskatzen dugu, familien nahiak errespetatuz.
  4. Adierazi nahi dugu, halaber, erabat gaitzesten ditugula migrazioaren eta asiloaren arloa Europak eta Espainiak gaur egun dituzten politikak, mugak militarizatzeari eta kanpora ateratzeari buruzkoak.
  5. Eskatzen dugu legezko bide seguruak ezartzea, migratzaile guztien duintasuna eta giza eskubideekiko errespetua bermatzeko.
  6. Gure ustez, Europar Batasunak migrazio-politika koherente eta bateratua ezarri behar du, eta asilo- eta babes-politika giza eskubideen errespetuan oinarritua.
  7. Mugetara iristen diren migratzaileen erantzukizunak eta kudeaketak EBko kideen artean komuna, arduratsua eta solidarioa izan behar duela uste dugu.
  8. Azkenik, agertutako taldeok berretsi egiten dugu giza eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak bultzatzea, eskuin muturreko ideologiek bultzatutako diskurtso xenofoboen eta praktika autoritarioen aurrean.
Share

Gasteizek gizonezkoen esku pilota profesionaleko 7 jaialdi izango ditu

  • Udalak eta EPELek lankidetza-protokolo orokorra sinatu dute antolatzeko
  • Hiru Andre Maria Zuriaren Torneoan eta gainerakoak 1. mailako txapelketaren batean, guztiak Ogeta pilotalekuan

 

Esku Pilota Enpresen Ligak (LEP.M-EPEL) eta Gasteizko Udalak lankidetza-protokolo orokorra sinatu dute Ogeta pilotalekuan gutxienez zazpi jaialdi antolatzeko urtebetez. Horietako hiru Andre Maria Zuriaren Torneoan, eta gainerakoak 1. mailako txapelketaren batean, finalerdi bat barne.

Lankidetza-protokolo orokorra honen aurkezpenean Gorka Urtaran Gasteizko alkateak hiru helburu dituela nabarmendu du: “Lehenik, gure hirian kirol-ekitaldiak sustatzea, eta are gehiago Gasteizko kulturaren eta kirolaren parte den euskal pilota denean. Bigarrena, berriz ere Ogeta pilotalekua pilotaren planoan jartzea da, kirol modalitate honen erreferente izan baita. Azkenik, protokolo honen helburua da lehen mailako pilotariak gure hirira ekartzea Andre Maria Zuriaren jaietan”.

Bestalde, Borja Osések, LEP.M-EPELeko kontseilari ahaldunak, honako hau adierazi du: “Gasteiz bezalako batek, historikoki pilota-ekitaldi handien egoitza izan denak, pilotaren zirkuituan edo egoitza-zerrendan egon behar du. Eta bertan pilota-sustatzaileek interes handiko lehiaketak antolatzeko aukera izan behar dute”.

Helburu gisa hiru ildo nagusi dituen lankidetza-protokolo orokorra da. Lehenengoa, gizonezkoen esku pilota profesionaleko jaialdien programa egonkor eta erregularra sustatzea Gasteizen, alde batetik, hirian euskal pilota oro har sustatzeko, eta, bestetik, Gasteizko herritarrentzako kirol-ekitaldien eta, beraz, aisialdiko ekitaldien eskaintza hobetu eta indartzeko.

Bigarrena, Ogeta pilotalekua sustatzea eta berreskuratzea gizonezkoen esku pilotako txapelketa eta torneo garrantzitsuenen zirkuitu profesionalean, urteetan programazio irregularra eta murriztua izan ondoren, hainbat arrazoirengatik.

Azkenik, jai herrikoien udal programazioa Euskal Pilotarekin osatzea, balio handia baitu gure kulturaren adierazle gisa.

Andre Maria Zuriaren Torneoko jaialdietarako sarrerak gaurtik aurrera erosi ahal izango dira entradasfronton web orrian.

Share

Gasteizek NBEko Munduko Hiri Foroan azaldu du GJHen programa eta klimaren erronkak hiriaren plangintza estrategikoan sartzeko estrategia

  • Ana Oregi alkateordeak eskerrak eman ditu Euskadiko hiriburua Nazio Batuen programa honetako hiri pilotua izateagatik

 

Gasteiz protagonista da aste honetan NBE Poloniako Katowice hirian egiten ari den Munduko Hiri Foroan, Nazio Batuen Hiri Asentamenduen (UN Habitat) programako hiri pilotua baita hiriko plangintzan Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) txertatzeko estrategiarengatik.

Ana Oregi alkateordeak goi mailako nazioarteko ordezkari eta teknikariekin izan dituen hainbat topaketetan Gasteizek ezarritako estrategiak azaldu ditu, hala nola Hiri Agenda 2030, GJHen arabera hiri-eredua zehazteko prozesu parte-hartzaile betean dagoena, edo Klimaren eta Energiaren Plana, hiriak klima aldaketaren aurka borroka egiteko zehaztu dituen ekintzak jasotzen dituena. Plan horri esker hautatu dute Gasteiz Europako lehenengo hiri adimendunen eta klimatikoki neutralen misioa osatzeko.

“Oso harro gaude UNHabitateko GJHen programako hiri pilotua izateagatik. Gure lehentasuna Garapen Jasangarrirako Helburuak eta klimaren erronkak gure plangintza estrategikoan txertatzea da. Udalek proiektuentzako agertokia jartzen dugu eta eremu horrek herritarren beharretara egokitutako lantaldea eta arreta behar ditu, koordinazio gehigarriko ahaleginekin”, azaldu du Ana Oregik.

Munduko Hiri Foroa NBEak bi urtean behin antolatzen duen topaketa da eta hirigintzako gaiak aztertzen ditu, batez ere, hirien eta giza asentamenduen eragina eta ekonomiaren, politikaren eta ingurumenaren arloan duten hazkundea.

 

Share

Gasteizek dozenaka esperientzia gastronomiko antolatuko ditu udan Green Capitalen urteurrenaren harira

 

  • Dastatzeak, tailerrak, pintxo ‘jasangarriak’ eta oroitzapenezko txokolate-tableta izango dira egitarauaren parte
  • Maider Etxebarria: «Gure hiriak berezko zaporea eta primerako tokiko produktuak ditu»
  • Udako bisita gidatuen programan naturatik oinez eta bizikletaz egiteko ibilbide berriak estreinatuko dira

 

Gasteizko Udalak gaikako blokeetan banatutako turismo-jardueren urteroko programarekin jarraitzen du, Arabako hiriburua European Green Capital izan zenetik hamar urte igaro direla oroitzeko. Kanpaina udaberrian hasi zen naturarekin loturiko bisita gidatuen programa berezi batekin, eta udan dozenaka esperientzia enogastronomiko izango dira gustu guztietarako. Besteak beste, dastatzeak, sukaldaritza tailerrak, 30 ostalaritza-lokaletan dastatzeko pintxo ‘jasangarriak’ eta kasu honetarako egindako txokolate-tableta izango dira. Maider Etxebarria alkateorde eta Ekonomia Sustapen eta Turismo zinegotziak programaren aurkezpenean adierazi du “konbinazio perfektua” dugula: sasoiko produktuak, pintxoak, mundu osoan ospea duten ardoak eta gozogileen tradizio bikaina. Horregatik, taberna, jatetxe, enoteka eta gourmet eremuen hainbat proposamen bildu ditugu Gasteizek berezko zaporea duela ospatzeko”.

Etxeberriak udako programa aletu du Abastos Merkatuaren teilatu zabalean, sektoreko ordezkariekin batera. Alkateordeak hiru bloketan banatu ditu proposamenak. Lehenik, Arabako Errioxa, Arabako txakolina eta Idiazabal gazta dastatzeko hamalau dastatze izango dira, bai Abastos Merkatuan bertan (beheko solairuko Eguren Ugarte enotekan eta goiko sukaldaritza gelan), bai Gorostarzun (Jose María Iparagirre kalean). Programazioan pintxo hotz eta beroen tailerra ere izango da, Arabako artisau garagardoarekin eta Arabako Errioxako ardoekin batera dastatzeko (Gastrogunea, Hedegile kalea). Esperientzia guztiek 10 euroko prezioa izango dute pertsonako dastatzeen kasuan eta 35 eurokoa sukaldaritza-tailerraren kasuan. Lehenengo dastatzeak asteburu honetan hasiko dira eta batzuk hilabete amaieraraino egongo dira.

Gasteiz On barneko ostalaritza-lokalek ere bat egin dute efemeridearen ospakizunarekin eta plater, pintxo eta produktu ‘jasangarriak’ eskainiko dituzte, programaren bigarren blokearen baitan. Sustapenerako gida-plano batean jasota egongo dira 30 proposamenak eta parte hartzen duten establezimenduetan, Turismo Bulegoan eta beste interes-leku batzuetan egongo dira eskuragarri, Patricia García merkataritza-plataformako gerenteak azaldu duenez. Proposamen guztien “nortasunaren ezaugarria jasangarritasuna” izango da eta hauetako ildoren bat izango dute oinarri: tokiko produktuak edo 0 Km, barazkiekin egindako proposamenak, begetarianoak edo beganoak eta produktu ekologikoak.

Hirugarren blokearen barruan kafe-dastatzea izango da La Brasileñan (Independentzia kalea), Arabako patatarekin egindako vodkaren dastatzea Basque Moonshiners destilategian (Düsseldorf kalea) eta Arabako Gozogile eta Gozogin Artisauen Elkarteak egindako oroitzapenezko txokolate-tableta. Luis López de Sosoaga gozoginak azaldu du tableta dagoeneko salgai dagoela Goya, Nalda, La Peña Dulce, Los Artesanos, Dantzari, Txistu eta Sosoaga dendetan eta Turismo Bulegoan.

 

Bisitaldi gidatuak

Gainera, Etxebarriak aurreratu du Turismo Zerbitzuak antolatzen dituen bisitaldi gidatuen udako egitarauak aurten Gasteizko hainbat gozo-dendetatik igarotzen den ‘Ibilbide gozoa’ arrakastatsua izango duela berriz. Halaber, bisitaldiek “naturako jarduerak eta alde Zaharra nabarmenduko dituzte bereziki”. Jarduera berri nagusiak Eraztun Berdean oinez eta bizikletaz egiteko ibilbideak izango dira. Gainera, familian egiteko bisita bereziak egongo dira Erdi Aroko kanoietara, Villa Suso eta Montehermoso errenazimenduko jauregietara eta Santa Isabel hilerrira, besteak beste.

Informazioa eta erreserbak:

Turismo Bulegoa, Espainia plaza, 1.

Telefonoa: 945161598

www.vitoria-gasteiz.org/turismo

Plater, pintxo eta produktu ‘jasangarrien’ programan parte hartuko duten establezimenduak. Perretxiko (San Antonio, 3), Camilo Jatetxea (Larrugile kalea, 7), Virgen Blanca (Andra Mari Zuriaren plaza, 2), Sagartoki (Prado 18), Erkiaga (Errementari kalea 38), Txakoli Pintxo (Abastos merkatua), Waska (Jesusen Zerbitzarien kalea, 17), La Pepita (Ama Vedruna, 10), Bar Idoia (Aiztogile kalea, 25), Bar Toloño (San Frantzisko, 3), Berenjenal (San Prudentzio, 11), La Escotilla (San Prudentzio, 5), El Bosque de Abastos (Abastos Merkatua), Ohana (Domingo Beltran, 26), Pizzería Dolomiti (Ramón y Cajal, 1), Arkupe (Mateo Moraza, 13), Dólar Jatetxea (Florida, 26), Wasabi (Alaba Jeneralaren kalea, 6), A Fuego Grill Restaurant (Abendaño, 31), Apolo (San Frantzisko, 6), El Tabanko (Hedegile kalea, 46), Botanic (Zapatari kalea, 84), Dreamers (Domingo Beltran, 26), Kaskagorri (Aihotz Plaza, 6), Etxabe Harategia (Hebillas Merkatua), El Talo-Adiós Azúcar (herrandarren kalea, 33), Eguren Ugarte Enoteka (Abastos Merkatua), Guereñu (Loma jeneralaren kalea, 5 eta Aiztogile kalea, 41), Sukaldea Abastos (Abastos Merkatua) eta Toloño Selección (Hedegile kalea, 36).

liburuxka_gastronomia_eus

 

 

Share

Andre Mari Zuriaren Plazako sarbidea kontrolatuta egongo da aurten ere abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsieran beirarik ez sartzeko

  • Udaltzaingoa eta Ertzaintza udalarekin bildu dira jaietako plan berezia koordinatzeko 
  • Prebentziozko zaintzak egingo dituzte sexu-askatasunaren aurkako delituak ekiditeko

 

Andre Mari Zuriaren Plaza itxi egingo dute berriro ere datorren abuztuaren 4an, Zeledonen Jaitsieran beirarik ez sartzeko. Ekitaldi horrek ematen die hasiera Gasteizko zaindariaren jaiei.

Neurria Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egun horietarako elkarlanean diseinatu duten segurtasun-planaren parte da, eta horren berri eman dute gaur goizean udalean,  Gorka Urtaran alkateak eta Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak zuzendutako Koordinazio Batzordean. Halaber, bileran izan dira udalaren partetik Marian Gutiérrez Herritarren Segurtasun zinegotzia, Susana Alfonso Herritarren Segurtasun saileko zuzendaria eta Roberto García Tobalina Udaltzain komisarioa; eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Victoria Landa Ertzaintzako zuzendaria eta  Karmelo Martínez Sarobe Arabako Ertzaintzaren Lurralde arduraduna.

Pandemiak eragindako bi urteko hutsunearen ostean, Zeledon Andre Mari Zuriaren Plazara itzuliko da datorren abuztuaren 4an, milaka herritarren aurrera. Aurreko urteetan bezala, herritarrek ezingo dute beirarik sartu, 2017tik indarrean baitago debekua, hautsitako botilek eta ontziek eragin ditzaketen zauriak eta ebakiak ekiditeko.

Horretarako, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak plaza itxiko dute eta 10 sarbide-kontroletatik soilik sartu ahal izango da barrura: Hedegile kaletik, Zapatari kaletik, Errementari kaletik, Aldunditik, Prado kaletik, Dato kaletik, Posta kaletik, Olagibel kaletik, San Frantzisko aldapatik eta Loma Jeneralaren plazatik. 2019an ezarri zen plan bera da, jaiak eten aurretik.

Neurri horrez gain, bi polizia-taldeak elkarlanean arituko dira Arabako hiriburuko jaietan zehar herritarren segurtasuna bermatzeko. Kaleko lana areagotuko dute, bai eta airekoa ere Ertzaintzaren dronen sailarekin, betiere delituak ekiditeko, batez ere, sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren, ondarearen eta pertsonen aurkakoak.

 

Sexu-askatasunaren aurkako delituak 

Alde horretatik, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak modu berezian jardungo dute sexu-askatasunaren aurkako delituak prebenitzeko. Jende gehien pilatzen den tokiak, parkeak -bai hiri erdialdekoak, bai kanpoaldekoak- eta trenbidearen azpian dauden oinezkoentzako pasabideak zainduko dituzte. Talde horrek zaintza bereziak egingo ditu etxera itzultzeko orduetan.

Bestalde, bi poliziek salaketen bulegoa partekatuko dute aurten ere Olagibel kalean (Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoa) eta irekita egongo da uneoro abuztuaren 4ko 7:30etik abuztuaren 10eko 21:30era. Panticosa eraikineko bulego horietan herritarrek salaketak jarri ahal izango dituzte dagokion poliziaren aurrean, egoeraren eta koordinazio-protokoloak ezarritakoaren arabera.

Ekintza horiek eta beste batzuk koordinatzeko, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak komunikaziorako bide komuna erabiliko dute eta bi polizia-taldeetako arduradunek osatutako aginte-postua izango dute.

Share

(Eguneratuta) Prentsa-deialdiak (2022-06-30)

Prentsaurrekoa: Gasteiz Green Capital izendatu zuteneko 10. urteurrena ospatzeko udako esperientzia turistikoak aurkeztea

Parte hartzaileak: Ekonomia Sustapen eta Turismo zinegotzi eta lehen alkateorde Maider Etxebarria; Gasteiz On eta Gozogileen elkarteetako ordezkariak

  • Eguna: Osteguna, ekainak 30
  • Ordua: 11:00
  • Tokia: Azoka plazako teilatu laua. Jesus Guridi kalea, 1

 

Prentsaurrekoa: Gasteizko Udalaren eta Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren arteko lankidetza-protokolo orokorra sinatzea

Parte hartzaileak: Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren kontseilari ahaldun Borja Oses; Baiko Pilota enpresako merkataritza arduradun Unai Iglesias; eta Aspe Pelota enpresako merkataritza arduradun Iñaxio Errandonea

  • Eguna: Osteguna, ekainak 30
  • Ordua: 11:15
  • Tokia: Udaletxeko harrera aretoa

Sahararen egoerari buruzko mural parte-hartzailearen inaugurazioa

Parte hartzaileak: Gasteizko alkate Gorka Urtaran, orain arte Fronte Polisarioaren Euskadirako ordezkari Mohamed Limam y oraindik aurrera Fronte Polisarioaren Euskadirako ordezkari Jadiyetu El Mohtar.

  • Eguna: Osteguna, ekainak 30
  • Ordua: 12:00
  • Tokia: Mendoza kalea, 17
Share