Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 otsaila 2019 11:45

Urtaranen gobernuak gaur goizean onetsi duenez, 500.000 euroko aurrekontua bideratuko du Euskara Zerbitzuak antolaturik hiriko gizarte etxeetan ematen diren euskara-ikastaroak kontratatzeko. Aspaldi sortutako ekimena hiriko hainbat talderi zuzentzen zaie: eskola adinean dauden seme-alabak dituzten gurasoak, 55 urtetik gorako pertsonak, merkataritzako eta ostalaritzako langileak, atzerritarrak, udal langileak, eta Euskara Biziberritzeko Ekintza Plana garatzeko estrategikotzat edo lehentasunezkotzat jotzen diren beste batzuk. Izan ere, helduen euskalduntzea da Udalaren ildo estrategikoetako bat hizkuntzaren arloan.

Enpresa esleipendunak behar diren mailaketa-probak egingo dizkie antolatzen diren ikastaroetan matrikulatu nahi duten pertsonei, HABEren homologazioa izan beharko du, eta klaseak aurrez aurre eman. Kontratuaren iraupena 2019ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era bitartekoa izango da, eta beste bi alditan (12 hilabetekoa bakoitza) luzatu ahalko da. Gizarte etxeetan, udalaren beste eraikin batzuetan eta hiriko zenbait ikastetxetan emango dira ikastaroak.

Ikastaroen ezaugarriak: gurasoentzako ikastaroak 140 ordu izango du, ikasturtean zehar banatuta; astean hiru saio emango dira, ordu eta erdikoak. Ostalaritza eta merkataritzako langileentzako ikastaroak hastapenekoak izango dira; 60 ordu iraungo dute, eta astean ordu eta erdiko hiru saio emango dira. 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak ere oinarrizko mailakoak dira; 90 ordu iraungo dute, astean ordu eta erdiko bi saiotan banatuta.  Atzerritarrentzako ikastaroek 60 ordu iraungo dute, astean bi orduko hiru saiotan banatuta. Udal langileek, berriz, astean 60 minutuko klasea izango dute.

“Ikastaro horietan parte hartzen duten pertsonei esker da Gasteiz gero eta euskaldunagoa, bai eta irakasle eta euskaltegiei esker ere. Inplikatutako guztiok ari gara lanean euskaraz bizitzeko helburua lortzeko”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Share