Prentsa Oharren banner

‘Gasteizen bai merkataritzari, ostalaritzari, euskarari’ kanpainaren argazki lehiaketa hasi da, sari bezala 50 euroko erosketa bonoekin

‘Gasteizen bai merkataritzari, ostalaritzari, euskarari’ kanpaina aurrera doa. Gaur goizean, 14.00etan, San Francisco aldapan kanpainaren argazki erraldoia antolatu du Udalak. Bertara gerturatu dira euskaltzale ugari, merkatari eta ostalari ugari, baita Goian elkartea, Gasteiz Kantuz ekimena eta hainbat ikastetxetako gaztetxoak.

Ekimen honekin Instagram lehiaketa abierazi dute. ‘Zure keinuak hiria aberasten du’. Gasteiztarrei beren argazkiak Instagramera igotzera gonbitea egin zaie, ‘bai’ keinua eginez eta #gasteizenbai traolarekin. 50 euroko erosketa bonoak zozketatuko dira.

Goiz polita igaro dute gerturatu direnek, almendraren azokarekin bat egin duelako ekimenak.  Merkataritzaren eta euskararen astea Gasteizko Udalaren ekimena da. Otsailaren 4tik 12ra bitartean gauzatzen ari da da ekimen hau, eta helburu nagusia du “euskararen erabilera eta presentzia bultzatzea gure kaleetan egunez egun, funtsezko sektore horretan zentratuz, merkataritza eta ostalaritzarenean. Negozio horietako profesionalak herritar guztiengana iristen dira beren jarduerarekin, eta pisu espezifiko handia dute hizkuntza-paisaian”, Iñaki Prusilla euskara-zinegotziak azaldu duenez. “Zerbitzu ona eskaintzea eta bezeroa ongi tratatzea funtsezko kontuak dira horrelako establezimenduetan, eta, horregatik, zerbitzu hobea emateko gehigarri bat da euskara haientzat”, nabarmendu du, bere aldetik, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Sektore horretan euskararen alde urratsak emateko lan egin duten, egiten duten eta egingo duten profesionalak goresteko ere baliatu nahi da kanpaina. Leloa mezu positibo bat da, ‘Gasteizen Bai merkataritzari, ostalaritzari, euskarari’.  Udalak orobat diseinatu du programa zabal bat —gasteizenbai.eus webgunean kontsulta daiteke—, zeinek hainbat ekitaldi biltzen baititu, hala nola gaur goizeko argazki erraldoia, Kike Amonarrizen hitzaldi bat, kaleko antzerkia, parte hartzen duten establezimenduen goresmena, ipuin-kontalariak, eta grafitiak diseinatzeko jardunaldi bat.

Gainera, lehiaketa bat jarri da abian, instagramen bitartez, 50 euroko hainbat bono emateko saritan. Nahikoa da argazki bat egitea, ‘Bai’ keinua egiten, kanpainaren leloarekin, eta instagramera igotzea, #gasteizenbai etiketa jarrita.

Share