Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-02-02)

Prentsaurrekoa. ‘Gasteizen bai’ Euskaren Astea Merkataritzan kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla; Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Igone Martínez de Luna.

Eguna. Osteguna, otsailak 2

Ordua. 10:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea. Montehermoso Jauregia.

——————–

Araba Ekinean ekimenak antolatutako Eskola Enpresen Azoka inauguratzea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; diputatu nagusiorde eta Garapen Ekonomiko eta Lurralde Oreka diputatu Pilar García de Salazar; eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendari Aitor Urzelai

Eguna. Osteguna, otsailak 2

Ordua. 10:30

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

* Parte hartze handiena izango du aurten, 36 parte hartuko dute. Inaugurazio ekitaldian Araba Ekinean ekimenarentzat propio egindako kanta aurkeztuko dute. Sophie kantariak zuzenean kantatuko du.

————————

 

Prentsaurrekoa. FotoArte aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Osteguna, otsailak 2

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Edurne Herrán artistak Montehermoson emango duen “Mi otro Yo: Dr. Lan eta Mr. Jai” lantegian izena emateko epea ireki da

 

 

 

 

Otsailaren 11n eta 18an izango da, “Geroaldi perfektua” erakusketaren osagarri

Montehermoso kulturuneak “Mi otro Yo: Dr. Lan eta Mr. Jai” lantegia antolatu du. Edurne Herránek emango du, “Geroaldi perfektua” erakusketaren karietara;  Proiektu Artistikoen 2016ko deialdiaren barruan aukeratu zuten proiektua, eta otsailaren 10ean inauguratuko da.

Artistak bere identitatearen beste identitate paralelo batzuk eraiki ditu, eta benetan jarri ditu praktikan, bere estetika eta izaera eraldatuz gizartearen aurrean. Egunaren arabera, kode ezberdinekin jokatu eta pertsonaia desberdinak irudikatzen ditu.

Lantegian, nork bere alter egoa sortzeko ariketak proposatuko dizkie artistak parte-hartzaileei, rock izarra, super-heroia edo beste pertsonaiaren bat bihurtu daitezen, era ludikoan.

Lantegia egiteko egunak (bi saio):

Otsailaren 11n, larunbata, 19etatik 21etara: “Geroaldi perfektua” erakusketaren bisi gidatua, Edurne Herránekin batera, eta bigarren saiorako jarraibideak.

Otsailaren 18an, larunbata, 17etatik 21etara: lantegia, artistarekin, erakusketa aretoan (lehen solairua).

16 urtetik gorakoek har dezakete parte. Doako jarduera da, baina lekuak mugatuak dira, beraz, izena eman beharko da, 945 161 830 telefonoan edo info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org helbidean.

Informazio gehiago: www.pinkblood-globulosrosas.blogspot.com

 

Share

Urtaranen gobernuak iruzur fiskalaren kontrako borrokarako prebentzio plana aurkeztu du, 2019ra arte 89 ekintza aurreikusten dituena

 

 

  • 2016an hartutako kontrol-neurriei esker 2 milioi eurotik gora berreskuratu zen

Ogasun eta Aurrekontu Arloko zinegotzi Itziar Gonzalok Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Plana (2017-2019) aurkeztu du; orotara 89 ekintza aurreikusten dira, alderdi hauetan oinarrituz: zerga betebeharren kontrola, dirua biltzeko sistemen hobekuntza, administrazioen arteko lankidetza, udal sailen arteko koordinazioa eta zergadunari arreta emateko zerbitzuen hobekuntza. Plana indarrean dagoen hiru urteetan 10 milioi euro inguru berreskuratzea aurreikusi du gobernu-taldeak.

“Planaren bi zutabeak kontrola eta eraginkortasuna dira. Kontrola, hartzekoak diren neurri guztien  % 40 zerga betebeharrak betetzen diren zaintzera bideratuko direlako. Eraginkortasuna, beste horrenbeste neurri diru-bilketaren kudeaketa-sistemak hobetzera bideratuko izango direlako, berrikuntza teknologikoez hornituz eta kalitatea sustatuz, arinagoak izan daitezen”, nabarmendu du Itziar Gonzalok.

Kontrol eta eraginkortasun handiagoaz gain, Ogasuneko zinegotziak adierazi du zorroztasuna izango dela 2017-2019ko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren beste zutabeetako bat. “Planak adierazle objektiboak izango ditu, hala biltzea aurreikusten dena kalkulatzeko nola emaitzak neurtzeko. Ez du zentzurik miloi askoko itxaropenak egitea kalkulu errealistetan eta aurreikuspenetan oinarritu gabe”, erantsi du Gonzalok.

Lehen jarduera-ildoa zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzearekin lotutakoa da. Horren barruan 36 neurri aurreikusi dira, hiri multzotan banatuta: batetik, zerga-egitateak (OHZ, EJZ, gainbalioa, eta eraikuntza eta obren gaineko zerga) egiaztatzeko eta likidatzeko neurriak hartuko dira; bestetik, zorren kobrantza bermatzeko mekanismoak areagotuko dira; azkenik, Zergak Ikuskatzeko Plana garatuko da, zeinak iaz EJZ berrikusteko abiarazitako jarduerez gain beste batzuk aurreikusten baititu 2017-2019 eperako.

Bigarren jarduera-ildoa zerga-bilketarako prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna sustatzearekin lotuta dago, eta beste 36 neurri barne hartzen ditu. Lau jarduera-eremutan garatuko da: ordainagirien kobrantza, finantza-erakundeekiko lankidetza hobetuz; egoitza elektronikoa hobetzea, bereziki dosier zigortzaileei dagokienez; betearazte-bideko diru-bilketa, eta udaleko sailen arteko koordinazio handiagoa diru-sarreren jarraipena egiteko.

Hirugarren ildoa beste administrazio eta entitate batzuekiko lankidetza da, bi hitzarmenen bidez: batetik, Arabako Foru Aldundiarekin, zergei buruzko informazioa trukatzeko; bestetik, finantza-erakunde laguntzaileekin, diru-bilketarako sistemak hobetzeko.

Laugarren ildoa, azkenik, zergadunari arreta emateko zerbitzuak hobetzearekin lotutakoa da. Horretarako 11 neurri aurreikusi dira, besteak beste, informazioa hobetzea, internetez egin daitezkeen izapide kopurua handitzea eta komunikazio elektronikoak arintzea. “Gure azken helburua zerga betebeharrak borondatez betetzea erraztea da. Kontua ez da inor susmopean jartzea, baizik eta herritarren eta ogasunaren arteko harremana hobetzea zerga-betebeharrak betetzeari dagozkionetan”, azpimarratu du Itziar Gonzalok.

Ildo horretatik,  zergak ordaintzeko tarifa laua ezartzea dugu zergadunentzako zerbitzua hobetzeko neurrien arteko nabarmengarriena; sistema horren bidez, zerga eta tasa ohikoenen ordainketa sinplifikatu eta aldian aldikoa egin ahalko da, eta ordainagiriak zatikatzeko dauden aukerak hobetuko.

 

2016ko emaitzak

Orobat, iruzur fiskalaren prebentzioan eta haren kontrako borrokan iaz hartutako neurrien balantzea egin du Urtaranen gobernuak. Kopuru handiei dagokienez, azpimarratu beharra dago 2.022.710 euro berreskuratu zirela zenbait neurriri esker: ikuskaritza, errolden konparazioa, itzulitako ordainagirien jarraipena, etab.

Kopuru horren zatirik handiena (865.047 euro) gainbalioaren gaineko zergarekin lotutako ikuskapenei dagokie. Orobat, 290.111 euro berreskuratu ziren iaz ekonomi jardueren gaineko zerga berrikusteko abiarazi zen plan bereziari esker.

Hona hemen zergadunentzako zerbitzuak hobetzearekin lotutako beste kopuru adierazgarri batzuk: 187.608 gutun bidali ziren, 2016ko OHZri buruzko informazio praktikoa emateko; ibilgailuen zergaren 2.553 zerga-helbide eguneratu ziren, eta  Zergak Ikuskatzeko Planetik 1.148 dosier eratorri ziren.

 

 

 

 

Share

Otsaileko jardunaldi teknologikoetan “web scraping” zertan den azalduko dute, eta diseinu grafikorako eta aurkezpenak lantzeko tresnak aurkeztuko

CETICen egin ohi diren jardunaldi teknologikoen barruan, otsailean arlo hauek landuko dira: web scraping izeneko teknika, web-orrietatik datuak ateratzeko; Canva  diseinu grafikoko plataforma diseinatzaile ez direnentzat, eta Prezi, jendaurrean aurkezpenak egiteko tresna. Saioak otsailaren 7an, 12an eta 21ean izango dira,  langabezian dauden pertsonei eta IKTen arloko profesionalei zuzenduta.

Datorren asteartean, hilak 7, “web scraping” zertan den azalduko da: web-orrietatik datuak ateratzeko hainbat teknika azalduko dira, informazio hori beste datu-iturri batzuekin konbinatzeko, gehitzeko eta aberasteko: open data, barneko iturriak…Teknika horretan oinarritutako kasu praktikoak erakutsiko dira, besteak beste, prezioen jarraipena, merkatuen bilaketa, estatistikak sortzea edo datu-kazetaritza.

Otsailaren 14an Canvas aurkeztuko da, diseinu grafikoko ezaguera aurreraturik ez duten erabiltzaileei zuzendutako plataforma. Horren bidez edozein diseinu mota sor daiteke webgunerako edo inprimatzeko, besteak beste, kartelak, liburuxkak, aurkezpenak, flyer-ak, banner-ak eta abar; tresna baliagarria da diseinatzaile ez direnentzat, komunikazio eta publizitate proiektu txikiak garatzeko bide ematen baitu.

Otsailaren 21eko jardunaldian, azkenik, Prezi aurkeztuko da: doako tresna da hori, jendaurreko aurkezpenak era bisual eta dinamikoan egiteko balio duena, PowerPoint eta antzeko programen ohiko eskematik aldenduz.

Azken bi saioak Daniel Arriluceak emango ditu; 15 urte baino gehiago daramatza teknologia berriekin lotutako prestakuntza ematen. “Web scraping” teknikari buruzko saioa Juan Riazak emango du, software garatzailea  eta horretan espezialista baita.

“Hilabete honetan  tresna baliagarriak aurkeztuko ditugu jardunaldi teknologikoetan, hala sektorean lan bila ari direnen enplegagarritasuna handitzeko nola dagoeneko lanean ari direnei baliabide gehiago eskaintzeko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Jardunaldi teknologikoak CETICen egingo dira (Castro Urdiales kalea, 10), 18:00etatik 20:30era. Doakoak dira, eta leku kopurua, mugatua; beraz, izena eman beharra dago.

Informazio gehiago: 2017ko otsaileko jardunaldi teknologikoak

Share