Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-02-09)

Prentsaurrekoa. ‘Comedia multimedia’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort; eta aktore Inma Cuevas eta Jacinto Bobo

Eguna. Osteguna, otsailak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

————————–

Vitoria-Gasteizko irudia eta jarduerak aurkeztea, saski baloiko Errege Kopa dela eta

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zuzendari Juncal Ibeas.

Eguna. Osteguna, otsailak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————

Prentsaurrekoa. 2016ko Proiektu Artistikoak aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; eta ‘Etorkizun perfektua’ erakusketako artista Edurne Herrán

Eguna. Osteguna, otsailak 9

Ordua. 11:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea (Ortuño aretoa)

Share

Alkateak CSN delakoaren erabakia salatu du, eta Espainiako gobernuari zentrala berehala eraisteko galdatu dio

EUSGorkaUrtaranGaroña

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Santa María de Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzea baimentzeko hartu duen erabakia salatu du, eta Espainiako gobernuari galdatu dio zentrala berehala eta behin betiko eraisteko, azken hitza harena baita. “Instalazio zaharra, arriskutsua eta baliogabea da, eta Gasteizko, Arabako eta Euskadiko herritarrek behin eta berriro eskatu dute ixteko”, azaldu du Gasteizko alkateak. Udalak eta gizarteak oro har askotan arbuiatu dute zentrala martxan izatea eta berriro irekitzea, erakunde akordioen zein herri mobilizazioen bidez. Erabaki horrek, beraz, “ez du herritarren borondatea aintzat hartzen eta beren osasuna arriskuan jartzen du“.

Garoñak aspaldian gainditu zuen bizitza erabilgarriaren iraungitze-data; horrenbestez, luzatzea “gure gain hartu behar ez dugun arriskua da”, alkatearen hitzetan. Orobat, Javier Maroto eta Alfonso Alonso Alderdi Popularreko agintari arabarren jarrera kritikatu du. “Zuzenduta dauden txosten teknikoen atzean ezin dute bere burua izkutatu. Interes ekonomikoen aurrean makurtzen dira, eta PPren doktrinari men egiten. Asko hitz egiten dute Gasteiz eta Arabaren interesa defendatzeaz, baina behar denean ez dute hitza betetzen. Non daude orain? Ezin dute ixilik geratu eta bere alderdiko kideei Garoñaren berehalako itxiera eta eraistea exijitu behar diete”, erantsi du.

Share

Auzo Eszenak 18 proposamen eszeniko ekarriko ditu, 2016an baino bat gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

Lehenengo hamarrak otsailaren 19tik maiatzaren 28ra bitarteko igandeetan estreinatuko dira

Auzo Eszena programak Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez-profesionalei beren proposamenak jendaurrean erakusteko aukera ematen die, eta 2017an 18 lan estreinatuko dira.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaren aurrean.

Orotara 18 lan izango dira, eta lehenengo hamarrak otsailaren 19tik maiatzaren 28ra bitarteko igandeetan estreinatuko dira; Aldabe, Arana, Arriaga, Ariznabarra eta Salburuko ekitaldi-aretoetan izango dira emanaldiak, 19:00etan hasita.

Talde eta banako hauek hartuko dute parte: Abarka Taldea, Express Your Clown, Pánico Escénico, Entelekia, Teatro Lua, Mejora@s, Juanjo Monago, Arteko, Tranpola eta Extremadurako Etxea.

Gaur jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan. Prezioak 3 € eta 5 € artekoak izango dira, taldeen arabera.

 

2016ko datuak

2016an 17 ikuskizun eskaini ziren, eta 1986 ikusle zenbatu ziren. Zazpi lanetan leku guztiak bete ziren; hirutan, lekuen % 80 baino gehiago bete zen; lautan lekuen % 50 eta % 80 artean bete zen, eta bakarrik hirutan izan zen % 50etik beherako asistentzia. “Datu horiek erakusten dute konpainia amateurrei jendaurrean aritzeko aukera emateko programaren arrakasta kualitatiboari publikoaren arrakastak ere laguntzen diola”, nabarmendu du Kulturako arduradunak.

Folleto Auzo Eszena primavera 2017

Share

Turismo Bulegoa bi egun itxita egongo da, hobetzeko lanak direla eta

Bulegoa datorren asteko astelehen eta asteartean itxiko da, bisitariei arreta emateko mostradorea aldatzeko

 Bitartean Goiuri jauregian eskainiko da informazioa

Arreta hobetzearren, Turismo Bulegoan (udaletxeko beheko solairua) lan txiki batzuk egingo dira, orain dagoen mostradorearen ordez funtzionalago bat jartzeko. Hori dela eta, bulegoa itxita egongo da astelehenean eta asteartean (hilak 13 eta 14).

Bi egun horietan Goiuri jauregian eskainiko zaie hiriko baliabideei buruzko informazioa turista eta interesdunei.  Ordutegi 10:00etatik 15:00etara izango da.

Otsailaren 15ean irekiko ditu ateak berriro Plaza Berriko bulegoak, ohiko ordutegian.

Share

Kultur proiektuak egiteko diru-laguntzen deialdiak iaz baino 50.000 euro gehiago banatu ahalko ditu

Principal antzokia “Antzerkigintzak Berriak” izeneko dramaturgia eta sorkuntza laborategiaren bigarren edizioari atxikiko zaio, DSS2016rekiko lankidetzan

Tokiko Gobernu Batzarrak ostiralean onetsiko ditu proiektu kulturaletarako Gasteizko Udalaren 2017ko diru-laguntzen deialdia arautuko duten berariazko oinarriak; iaz baino 50.000 euro gehiago izango ditu, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok prentsaurrekoan iragarri duenez.

“Udalak kultur arloko agenteekin hartutako konpromisoetako bat da laguntza ematea esperientzia berriak lantzeko, edo lehendik dauden eta funtzionatzen duten programei jarraipena emateko, zerbitzuaren jardueraren osagari gisa, edozein arlotan: prestakuntza, sormena, zabalkundea, ikerketa… Diru-laguntzen bidezko proiektuen arteko lehiaketaren sistema onena dela uste dugu, horregatik aurten % 50 gehiago jarriko dugu, partida ongi hornituta egon dadin” adierazi du Cantok.

150.000 euroko partidaren helburua da gasteiztarrei zuzendutako ekimen irekiei laguntzea, kulturaren arloko sustapena, sorkuntza, prestakuntza eta zabalkundea xede dutelarik udal jarduera osatzen badute.

Bi ataletan banatuko da: bi heren (100.000 €) kulturaren edozein esparru —arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste— sustatzeko programetarako izango dira; beste herena (50.000 €), dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasunaren sustapenera, bizitza kulturala bultzatzera eta antzekoetara zuzendutako programetarako.

Antzerkigintza Berriak

Kultura zinegotziak aurreratu duenez, Tokiko Gobernu Batzarrak Principal antzokia “Antzerkigintzak Berriak” izeneko dramaturgia eta sorkuntza garaikideko laborategiaren bigarren edizioari atxikitzea onetsiko du ostiralean; DSS2016ren barruko jarduera da, eta Victoria Eugenia eta Arriaga antzokiekin batera garatuko da.

Lehen edizioaren emaitza, hain zuzen, apirilaren 5ean aurkeztuko da Principalen: “Miss Karaoke” , Oier Guillánena. “Gure helburua ez da Donostia edo Bilborekin konparatzea, baizik eta kultura propioa izatea, eta hiruren artean euskal kultura garaikide indartsu, dinamiko, heterogeneo, ireki eta integratzailea eraikitzen laguntzea, eta honelako lankidetzek helmuga horretara hurbiltzen gaituzte”, adierazi du Cantok.

Deialdiaren bidez gehienez ere zortzi egile hautatuko dira antzezlan bat sor dezaten, lau hilabetez arte eszenikoen profesionalen gidaritzapean egingo den prozesuan; parte hartzen duten hiru antzokietan laborategiak egingo dira horretarako.

Hautatuek 3.300 euroko diru-laguntza izango dute, proiektuari eskainitako dedikazioa zein laborategietako dietak konpentsatzeko. Udalak 15.000 euro jarriko ditu, beste antzokiek bezala, eta espazioak, azpiegitura, langileak eta material teknikoa lagako dituzte antzezlana erakusteko.

Share

Gaur hasiko da Gasteiz On-en Beherapenen Feria, Europa jauregian

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Gasteiz On-en  Beherapenen Feriaren 20. edizioaren inaugurazioan parte hartu du; Europa biltzar jauregiko Olarizu aretoan egingo da, gaurtik otsailaren 11ra arte. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Juan Andrade, Enplegu eta Merkataritza Sustapeneko foru zuzendari Felipe García, eta Gasteiz On-eko lehendakari Marta Bengoechea izan dira ekitaldian. Hiriko 29 saltokik 36 stand jarri dituzte, eta % 70erainoko deskontuak eskainiko dituzte hainbat alorretan: moda, oinetakoak, osagarriak, liburuak, paper-gauzak, dekorazioa, optika eta beste.

 “Beherapenen Feria amaiera egokia da bertako merkataritzaren kanpaina garrantzitsuenetako baterako, eta ezin hobeto txertatzen da Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren bidez sustatzen dugun dinamizazio egutegian. Gainera, parte hartzen duten saltokiei sinergiak sortzeko bide ematen die, eta ikusgarritasuna. Asistentzia eta jarduera aldetik arrakastatsua izatea espero dugu”, esan du Nerea Melgosak. Feriari ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, Gasteizko Udalak doan uzten ditu Europa jauregiko instalazioak.

Gasteiz On-en Beherapenen Feria 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik  20.30era irekiko da. Umeentzako doako lantegiak eta kafetegia ere izango dira.

Share

Ostegunean ateak irekitzeko jardunaldia egingo du erorketen prebentziorako udal programak, zeinean 2.600 adinekok hartu baitute parte 2011tik

65 urtetik gorako pertsonen heren bat urtean behin erortzen da gutxienez. Estatistika horren arabera, ia 16.800 pertsona lirateke Gasteizen. Istripu horiei aurrea hartzeko, Udalak erorketen prebentziorako programa sortu zuen 2011n, zeinean 2.600 pertsonak baino gehiagok hartu baitute parte ordudanik, sasoia hobetzeko lantegien bidez edo adinekoentzako zentro soziokulturaletan, gizarte etxeetan, parrokietan, elkarteetan eta abarretan emandako hitzaldien bidez.

Programaren berri emateko, Adinekoen Zerbitzuak ateak irekitzeko jardunaldia antolatu du bihar, osteguna, Simon Bolibar aretoan —izen bereko plazan kokatua—. Hain zuzen ere, udal instalazio horretan eta Txagorritxuko adinekoentzako zentroan garatzen da prebentzio-programa horren zati bat, indarra, oreka eta malgutasuna landuz, “erorikoak eragozteko laguntza handia baitira“, Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek azaldu duenez.

“Erortzeko beldurrak berak oinez ibiltzeko zailtasunak bezainbeste ezgaitu dezake pertsona bat. Horrek eragin ikaragarria du haien bizi-kalitatean eta autokontrolaz duten pertzepzioan. Hori dela eta, oso garrantzitsua da sasoi fisikoa lantzea, etxebizitzaren baldintzak hobetzea, etxe barruan erorikorik ez izateko, eta horrelako egoerak eragozten laguntzen duten aholkuak eta estrategiak kontuan hartzea“, aipatu du López de Munainek.

Programan parte hartu nahi dutenen gaitasun funtzionala, ibiltzeko gaitasuna eta oreka aztertzen da aurretik. Ondoren, teknikariek entrenamendu plan bat diseinatzen dute, sasoi fisikoa hobetzeko: ordu eta laurdeneko 30 saio dira, astean bitan; Simon Bolivar aretoan edo Txagorritxuko adinekoentzako zentro soziokulturalean egin daitezke.

Entrenamendua amaitu ondoren, etxean ariketekin jarraitzeko aholkatzen zaie. Etxebizitzaren baldintzak hobetzeko balioespena eta aholkularitza ere eskaintzen zaie, beharrezkoa izanez gero.

Informazio hitzaldiak

2011tik, 614 pertsonak hartu dute parte jarduera horietan, eta 2.000 pertsonatik gora joan dira hiriko zenbait zentro eta elkartetan eman diren hitzaldietara, erorketak eragozteko estrategiez eta horien garrantziaz informatu eta kontzientziatzeko.

Gasteizko Udalak hamarkadak daramatza herritarren zahartze aktiboa sustatzen dituzten baldintzak hobetzearen aldeko apustu sendoa egiten honelako ekimenen bitartez, oso baliabide baliotsua baita jendeak etxean jarraitzerik izan dezan, arriskuak murrizten eta egoera fisikoa hobetzen laguntzen baitu“, esan du Gizarte Politiken zinegotziak.

Erorketen prebentziorako programa ezagutzeko ateak irekitzeko jardunaldia ostegunean, otsailak 9, izango da, 10etatik 14etara, Simon Bolibar aretoan. Adinekoen Zerbitzuak programaren helburuak eta edukiak ezagutarazi nahi dizkie herritarrei, garatzen duten profesionalak eta egiten duten lana aurkeztu, eta parte hartzeko baldintzak azaldu.

ATEAK IREKITZEKO EGUNEKO PROGRAMA

2017ko otsailaren 9a, osteguna

Simon Bolibar aretoa

Simon Bolibar plaza 6, behea

10.00-11.00    Erorketen prebentziorako lantegi praktikoa

11.00-11.30    Hidratazioa!

11.30-13.00    Hitzaldia: Beneficios del ejercicio físico para prevenir la fragilidad y las caídas en personas mayores (Mikel Izquierdo, Unibertsitateko katedraduna eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Departamentuko zuzendaria).

13.00-14.00    Programaren helburuak, profesionalak eta parte hartzeko baldintzak aurkeztea.

Share

50 familiak hartuko dute parte ‘Hogares Verdes-Etxe Berdeak’ programaren hirugarren edizioan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

-Beren etxebizitzek ingurumenean duten eraginaz kezkatuta dauden familiek otsailaren 28ra arte eman ahalko dute izena hezkuntza-programa horretan

– Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute ia urtebetez

– Vital fundazioaren batera egiten da ekimena eta Gasteizko Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin

Gasteizko Udalak ‘Hogares Verdes-Etxe Berdeak’ programaren hirugarren edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen du programa, Vital fundazioarekin batera eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin. Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. “Ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzen dugu, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen dugu“, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Keinu txikien bidez, hala nola kontsumo txikiko eta led teknologiako bonbillak instalatuz, ‘stand by’ posizioan dauden etxetresna elektrikoak itzaliz, etxeko tenperatura jaitsiz edo arropa- eta ontzi-garbigailuak egoki erabiliz, Gasteiz hobetzen lagundu dezakegu, eta European Green Capital gisa sendatzen jarraitu”, nabarmendu du zinegotziak.

Iñaki Prusillak zehaztu duenez, 2017an 50 familiak parte hartu ahalko dute programan, hau da, 2016an beste, baina lehen edizioan baino 25 gehiago. “Helburu nagusia ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzea da, aurrezteko neurriak eta jokabideak txertatzea, ingurumen arazoekiko erantzukizun kolektiboa indartzea, eta, azken batean, Gasteizen izaera “berdea” areagotzea“, azaldu du. ‘Hogares Verdes – Etxe Berdeak’ programa 2015ean sortu zen, eta urte hartan 25 familiak hartu zuten parte.

Vital fundazioaren zuzendari Josune Albizuk, berriz, erakunde horrek ekimenarekin hartutako konpromisoa azpimarratu du, eta “azken hamabost urteetan IGIrekin izandako harreman estuari” eustearen aldeko apustua egin du. Lankidetza horren adibide dira “bi erakundeen artean antolatutako erakusketak, hitzaldiak, mendi-ibilerak, landaketa programak edo adinekoentzako jarduerak“, erantsi du. Jarrera ekologikoak sustatzeko, Vital fundazioak iazko edizioan parte hartu zuten hainbat familia saritu zituen; sariak hauek izan ziren: ingurumen-hezkuntzako landetxeak ezagutzeko bisitak eta menu ekologikoa eta iraunkorra duen jatetxe batean bazkaria.

Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez; gainera, gaikako sei lantegi (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaie. Ikasitakoa praktikatzeko aukera emango dieten tresna eta osagaien sorta ekologikoa ere jasoko dute. Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren web-orrian eman dezakete izena, doan (www.vitoria-gasteiz.org/hogaresverdes). Posta elektronikoz  (cea@vitoria-gasteiz.org)  edo telefonoz ere (945 161616, 4950 luzapena) lortu daiteke informazio gehiago. Bihar, otsailak 9, aurkezpen jardunaldi irekia egingo da, Europa jauregian, 19.00etan.

 

 

 

Share

Eraikinen birgaikuntza iraunkorraren alorreko azken teknikak aurkeztuko dira zabalkunde jardunaldi baten bidez

Gasteizko Udalak zabalkunde jardunaldi batzuk antolatu ditu eraikuntza eta birgaikuntzaren sektoreko langabeei eta profesionalei zuzenduta, eraikinen birgaikuntza iraunkorraren alorreko azken eraikuntza teknikak aurkezteko. “Ez da nahikoa eraginkortasunez birgaitzea… adimenez birgaitzen hasi behar da” izenburua darama jardunaldiak, eta otsailaren 14an egingo da, 09:30ean hasita, CETICen. Eraikinen birgaikuntza energetikoaren alorreko irtenbide teknologikoak aurkeztuko dira, horiek gizartean, ekonomian eta ingurumenean duten eragina zehaztuz.   Energiaren kontsumoa denbora errealean kontrolatzearekin lotutako egiazko esperientziak ere azalduko dira, eta kontsumitzaileari kostuak ezagutzeko eta erabakitzeko ahalmen handiagoa izateko ematen dioten aukera.

 “Jardunaldi honen bidez eraikinen birgaikuntza energetikoaren alorrean lan egiteko aukera berriak erakutsi nahi ditugu, enplegu nitxo horrek krisi ekonomikoaren eraginez lan merkatutik kanpo geratu ziren eraikuntza-langileen eskaintza bereganatu ahal baitu. Gainera, birgaikuntza energetikoaren sustapenak gero eta pisu handiagoa izan behar du garapen iraunkorreko politiketan. Izenburuak ongi dioen bezala, dagoeneko  ez da nahikoa etxebizitzak eraberritzea energia aurreztu dezaten. Ikuspuntu adimentsu batetik egin behar da, aurrezpen hori neurtzeko bide ematen duten soluzioekin, ekar ditzakeen abantaila eta aukera guztiak baliatuz”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. Orobat azpimarratu du birgaikuntza iraunkorrak pobrezia energetikoari aurre egiteko duen balioa.

 Luis Mª Sánchez García izango da hizlaria; energiaren kudeaketan, teknologian eta bizitegietan ematen diren portaera energetikoei buruzko datu masiboetan aditua da.

Ingurubide hiri-iraunkortasunerako baliabideen zentroarekin batera antolatutako jardunaldiak Gasteizko Udalak birgaikuntza eta eraikuntza iraunkorraren alorrean duen prestakuntza-eskaintza osatzen du. Azken seihilekoan hamar ikastaro antolatu dira, eta horietako lauk profesionaltasun ziurtagiria dute.

 Informazio gehiago: Eraikuntza iraunkorrari eta energia berriztagarriei buruzko jardunaldia

Share

Gorka Urtaran alkateak Koroatzearen auzoko SmartEnCity proiektua eta Gasteizen egitekoak diren beste jarduera batzuk aztertu ditu Iñaki Arriola sailburuarekin

Gasteizko alkate Gorka Urtaran Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolarekin bildu da gaur arratsaldean. Bi erakundeen artean garatzen ari diren proiektuak zertan diren aztertu dute.

Elkarrekin izan duten lehen bilera horretan, Koroatzearen auzoko proiektua aztertu dute bereziki. Izan ere, aipatutako auzoa eraberritzeko irizpidetzat energia-eraginkortasuna eta mugikortasun iraunkorra baliatuko dira, CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko SmartEnCity europar proiektuaren barruko hiru jarduera pilotuetako baten bidez.  Zehazki, 1.313 etxebizitza energetikoki birgaituko dira, isolatzeko neurriak eta erregai berriztagarriak erabiltzen dituen berokuntza-sistema zentralizatu bat ezarriz, sare adimentsuek monitorizatuta; orobat, kaleak eta plazak berrituko dira, mugikortasun iraunkorreko irizpideak baliatuz.

Visesak —aipatutako Sailaren mendeko enpresa publikoa— koordinatzen du proiektua, baina Gasteizko Udalak funtsezko zeregina du, auzorako plan berezia, lizentziak, urbanizazioa eta mugikortasuna haren ardurakoak baitira. Programa 2016an jarri zen martxan, eta lanek 2019ko otsailerako bukatuta egon behar dute, beraz, alkateak eta sailburuak ahalik eta diligentzia handienaz jokatzeko eta bultzada sendoa emateko konpromisoa hartu dute, Koroatzeko esperientzia arrakastatsua izan dadin.

Alderdi horretarako Birgaitze Integraturako Plan Berezia landu delarik, auzokoekin lanean jarraituko da. Udalak 2 milioi euro jarriko ditu espazio publikoa hobetzeko lanetarako, eta datozen asteetan jakinaraziko zaie auzokoei zertan erabiliko den dirua. Orobat, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak dagokion hitzarmena sinatuko dute aurreikusitako planak garatzeko.

Gorka Urtaran alkatearekin batera Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile nagusi Álvaro Iturritxa izan da; Iñaki Arriolaren aldetik, berriz, Ingurumen sailburuorde Elena Moreno, Etxebizitza sailburuorde Pedro Jáuregui, Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós, eta URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredo izan dira.

Bilerak bi ordu iraun du, eta bi erakundeen intereseko beste jarduera batzuk ere aztertu dira. Sailburuak zein alkateak elkarri laguntzeko asmo sendoa adierazi dute, martxan dauden proiektuak egoki garatu daitezen. Horiek sustatzeko bilera teknikoak egitekotan geratu dira, halaber.

 

Share