Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-02-27)

Prentsaurrekoa. Kaleko eskaletasun inguruko Es-kale-an programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Astelehena, otsailak 27

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, otsailak 25

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto tren geltokian izango da 13:00etan, Gasteizko Inauteriak direla-eta, Gasteizko Pintoreen etorrera ikusten.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Vitoria-Gasteizko Inauterietako lehen desfilean izango da; 18:30ean aterako da Lekutioko Atea kaletik.
  • Alkateorde Peio López de Munain Corazón sin Fronteras erakundeak antolatu duen Fútbol con Corazón lehen topaketaren sari banaketan izango da; 9:30ean hasiko da hori eta amaitutakoan sari banaketa egingo da.

 

Igandea, otsailak 26

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok Basque Ultra Trailaren sari banaketan parte hartuko du 12:00etan, Mendizabalan.

 

 

 

Share

TUVISA: Inauteriak oharra

TUVISAk informatzen du unauteriko desfilea dela eta otsailaren 25ean eta 26an hurrengo geltokiak zerbitzurik gabe geratuko direla:

 

L1: Portal Legutiano/C.C.Iparralde, Av. Santiago/Sanidad, Paz, Catedral, Micaela Portilla/Epaitegia

 

L3: Portal Legutiano 41, Portal Legutiano/C.C. Iparralde, Frantzia/San Anton, Frantzia 23, Paz eta  Manuel Iradier 76.

 

L4: San Ignacio, Frantzia/San Anton, Frantzia 23, Paz.

 

L5: Prado, Olaguibel 20 y Olaguibel/Anbulategia.
Plaza Zuberoa, Reyes Católicos 1 eta Basoa 2

 

L6: Av.Santiago/Sanidad, Paz, Katedrala eta Micaela Portilla/Epaitegiak.
Prado, Olaguibel 20 eta Olaguibel/Anbulategia.

 

L7: Prado, Olaguibel 20 y Olaguibel/Anbulategia.
Jesús Guridi, Catedral, Ramiro Maeztu 6 eta Ramiro Maeztu 20

 

L8: Reyes de Navarra/Telefónica

 

L9: Portal Legutiano 41, Portal Legutiano/C.C. Iparralde, Av.Santiago/Sanidad, Paz eta Manuel Iradier 76.

 

L10: Los Herran 4, Jesús Guridi, Katedrala eta Micaela Portilla/Epaitegiak.
Prado, Olaguibel 20 eta Paz

 

 

Share

Larreineko pasabidea bi aste barru irekiko da

Gaur instalatu da Salburuko alderdi horretako egitura, arrakastaz

Larreineko auzokoek bi aste barru estreinatuko dute Salburuko alderdi hori auzoko zerbitzu eta saltokiekin lotzen duen pasabidea. 21 Zabalgunearen aurreikuspenen arabera, martxoaren 9an (osteguna) irekiko da pasabide berria jendearentzat.

Gaur goizean jarri da egitura, arrakastaz, erantsitako bideoan ikus daitekeen bezala.

Datozen egunetan luminariak eta kableak jarriko dira, zoladuretan hormigoia botatzen bukatuko, eta ezpondak landatuko.

Pasabideak Antonio Amat kalea eta Salburua bulebarra lotzen ditu, hala eskatu baitzuten auzokoek oinarrizko zerbitzuak etxetik hurbilago izatearren. Metalezko egitura arina da, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako bideetan barrena igo ahal izango da bertara. Luis Manuel Quero Millán bide-ingeniariak diseinatu du, eta bera izan da obraren zuzendaria.

Share

Bide publikoan abandonatutako ibilgailuak –erabiltzeko moduan ez daudenak– bildu, garraiatu eta deskutsatzeko kontratuaren lehiaketara deituko du Udalak

Enpresa esleipendunak 177.000 eurotik gora ordaindu beharko lioke Udalari lau urtetan

Bide publikoan abandonatutako ibilgailuak –erabiltzeko moduan ez daudenak– bildu, garraiatu eta deskutsatzeko kontratuaren lehiaketara deituko du Gasteizko Udalak. Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat eman du prozedura hori, zeinak ez baitu inolako gasturik Udalarentzat. Kontratuak bi urteko iraupena izango du eta beste bi urtez luzatu ahalko da.

Esleipendunak erabiltzeko moduan ez dauden ibilgailu guztiak kendu beharko ditu udalerritik: turismoak, motozikletak, bizikletak, kamioiak eta autobusak. Eskainitako prezioez gain, beste alderdi hauek hartuko dira kontuan eskaintzak balioesteko: deskutsatzeko zentroaren instalazioak, eta kendutako elementuen berrerabilera eta birziklatzea. Esleipendunak Udalari ordainduko dizkion prezioetan gutxieneko batzuk ezarri dira: 200 euro turismoentzat, 650 euro kamioientzat, eta 15 euro motozikletentzat. Lau urtetan Udalak 177.160 euro irabaz litzakeela kalkulatu da.

Share

Ekintzaileek martxoaren 2ra arte aurkez ditzakete proiektuak Araba Ekinean ideia-lehiaketara


  • “Zure ideiak balio du” lehiaketaren hamahirugarren edizioak sari nagusien zenbatekoa 1.000 euroraino igo du, Vital fundazioaren laguntzari esker, eta proiektu iraunkorrenarentzako sari berria sortu du, Aclimaren babesarekin
  • Finalistek lehiaketaren jardunaldi nagusian azalduko dituzte proiektuak, martxoaren 28an, Europa jauregian

Azaroaren 2an (osteguna), 20.00etan. Horixe da epemuga  arabar ekintzaileek Araba Ekinean-ek antolatzen duen “Zure ideiak balio du” XIII. lehiaketara proiektuak aurkezteko. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Spri taldeak (BIC Araba-ren bitartez) antolatzen dute lehiaketa. Sarien zenbatekoa nabarmen hazi da aurten, eta ideia iraunkorrenarentzako sari berria sortu da Aclima-Euskal Herriko ingurumen arloko klusterraren babesarekin.

2017ko edizioko hautagaiek 1.000 euroraino irabaz dezakete aukera eta berrikuntza eta teknologia kategorietan, 300 euro garatu gabeko ideien kategorian, eta 400 euro proiektu iraunkorrenaren kategorian. Izan ere, sari nagusietan iazko zenbatekoa bikoiztu egin da, Vital fundazioaren laguntzari esker, gazte gehiagok parte har dezaten.

Lehiaketaren 13 edizioetan ehunka ideia aurkeztu dira, eta proiektu irabazleetako batzuek enpresa arrakasta lortu dute, nazioartean ere garatu baitira. Horixe da lehiaketaren helburuetako bat: lurraldeko ideia eta enpresa-proiektu berriak bistaratzea eta merkatura irteten laguntzea.

Araba Ekinean antolatzen duten erakundeetako zein erakunde laguntzaileetako ordezkariek osatzen dute epaimahaia, zeina martxoan bilduko baita kategoria bakoitzeko finalistak erabakitzeko. Horiek martxoaren 28an defendatu beharko dituzte publikoaren aurrean beren proiektuak, Araba Ekinean jardunaldi nagusian, Europa jauregian, azoka plazaren formatuan. Egun berean banatuko dira sariak, arratsaldeko saioan. Jardunaldian parte hartzea doakoa da, http://www.alavaemprende.com/market-place-alava-emprende-2017/ web-orrian izena aurretik emanda.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek www.alavaemprende.com web-orrian kontsultatu ditzakete oinarriak, eta ideiak epemuga bete aurretik bidali.

Ekintzaileentzako jarduera ugari martxoan

Araba Ekinean egitarauaren barruan hainbat jarduera antolatu dira ekintzailetza sustatzeko, eta martxoaren 28an izango da jardunaldi nagusia. Esate baterako, martxoaren 1ean ekonomia eta kirolari buruzko topaketa izango da Deportivo Alavés taldeak Dato kalean duen aretoan, zeinean Mendizorrotzerako proiektu berriaren maketa jarri baita ikusgai. 18.00etan hasiko da ekitaldia, eta kirolarekin zerikusia duten bi enpresa arabarrek hartuko dute parte: Baigene eta Fitness Digital.

Hurrengo ostiralean, martxoak 10ekintzailetza eta berrikuntzari buruzko lantegia egingo da Arabako Teknologia Parkean kokatutako CIC energiGUNE energia gordetzeari buruzko ikerketa zentroaren instalazioetan. Bertako zientzialariek beren proiektuetan berrikuntza nola aplikatu erakutsiko diete parte-hartzaileei. Sarrera librea eta doakoa izango da. http://www.alavaemprende.com/taller-innovacion-con-cic-energigune/

Martxoaren 15ean, berriz, Har Eman elkartearekin —adimen-desgaitasuna duten pertsonek gizarteari dakarkioten ongizatea aitortu dadin lortu nahi du horrek— lantegi berritzailea antolatu da, zeinean ekintzaileak adimen-desgaitasuna duten pertsonekin elkartuko baitira, bi taldeen arteko konexioak sortu eta horrek izan dezakeen potentzialaz ohartarazteko. Horretan ere doan eman ahalko da izena:  http://www.alavaemprende.com/taller-har-eman/

Azkenik, lehiaketaren hamalau edizioetan lehenengo aldiz, B2B topaketa egingo da, hau da, ekintzaileak eta haiei laguntza edo aholku ematen dieten erakundeak aurrez aurre topatzeko aukera. Ekintzaileen eta finantza-agenteen (Business Angels), coworking espazioen edo proiektua-azeleratzaileen arteko topaketak dira. Aukera paregabea proiektuak garatzeko laguntza lortzeko. B2B topaketa martxoaren 28an egingo da, eta interesdunek hemen eman behar dute izena: http://alavaemprende.labox.es/encuentro-b2b-alava-emprende/

Share

Herritartasunerako Eskolak gai hauei buruzko hiru ikastaro antolatu ditu: datuen babesa, gardentasuna eta gatazkaren kudeaketa


Lehenengo biak elkarte edo erakundeei zuzenduta daude, eta oraindik bada leku hutsik

HEI-Herritartasunerako Eskolak datorren astean ekingo dio berriro jardunari, herritarren partaidetzari buruzko hiru ikastaro eskainiko baititu; datuak babesteko legea, gardentasun legea eta informazio publikorako sarbidea eta gatazkaren kudeaketa positiboa (bigarren saioa) izango dira gaiak.

Datorren ostegunean, martxoak 2, “Datuak Babesteko Legeak nolako eragina duen herritar erakundeetan” informazio-hitzaldia izango da Simone de Beauvoir aretoan, 17:00etatik 19:00etara.

Herritar erakundei, elkarteei, fundazioei eta antzekoei zuzenduta dago, haien behar eta eskaerei dagokienez legeak zer dakarren azaltzeko. Informazio gehiago

Martxoaren 9an, leku eta ordu berean eta publiko berari zuzenduta, “Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legeak nolako  eragina duen” aztertuko da. Hona hemen argibide gehiago

Sarrera doakoa da, aldez aurretik izena emanda (oraindik bada lekurik). Web-orrian, 010 telefonoan (945 161 100 udalerririk kanpo egonez gero) edo herritarrei laguntzeko bulegoetan eman daiteke izena.

Gatazkaren kudeaketa positiboa

Bestetik, otsailaren 27 eta 28an, “Gatazkaren kudeaketa positiboa” ikastaroaren bigarren zatia egingo da (lehena aste honetan izan da).

Share

Udalak 218.217,23 euro inbertituko ditu bi urtez Eraztun Berdeko landaredia kontserbatzeko

Datozen bi urteetan, Gasteizko Udalak 218.217,23 euro inbertituko ditu Eraztun Berdeko landaredia onik zaintzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak hiriaren inguruko parkeak mantentzeaz arduratuko den enpresa kontratatzeko baldintza-agiriak onetsi ditu gaur goizean.

Enpresa esleipendunak lan hauek egin beharko ditu:

Belar multzoak, soropilak eta zelaiak onik zaintzea:

  • Soropilak eta zelaiak segatzea.
  • Larre eta belardietako sastrakak garbitzea.
  • Goi uretako ibilguetako eta aintziretako sastrakak garbitzea.
  • Oihanpeetako sastrakak garbitzea.

Zidor eta bideetako bazterrak onik zaintzea:

  • Ezpondetako  sastrakak garbitzea.
  • Perimetroetako eta suebakietako sastrakak garbitzea.
  • Ibilbideen gaineko adarrak inausi eta ebakitzea.

Landaketak onik zaintzea:

  • Ur defizita dagoenean zuhaitz eta zuhaixkak ureztatzea.
  • Txorkoak aitzurtzea, zuhaitzak berritu eta ongarritzea.
  • Zuhaitz eta zuhaixka multzoetan lurra jorratzea, belar txarrak kentzeko.
  • Oinarrietako babesak, juteak, plastikozko estalkiak eta zurkaitzak berritu eta mantentzea.
  • Zuhaitz eta zuhaixken formazio eta mantentze inausketak.
  • Tratamendu fitosanitarioak izurri edo gaixotasunik izanez gero.

Baso tratamendua:

  • Saneatzeko eta adaburuak igotzeko inausketak.
  • Sastrakak eta basoak garbitzea.
  • Bakantzea.
  • Zuhaitz zahar eta arriskutsuak moztea.

Landare-hondakinak maneiatzea konpostatzeko:

  • Egur hondarrak birrintzea.
  • Sega hondarrak metatu, nahastu eta iraultzea.

Ereinaldiak eta landaketak:

  • Soropilak eta belardiak ereitea.
  • Taxu handiko zuhaitzak landatzea.
  • Taxu handiko zuhaitzak aldatzea.
  • Estalkiak eta plastikoak jartzea.
  • Heskaiak eta zuhaixka multzoak landatzea.
  • Basoberritzea.

 

 

Share

Asteburu honetan Gasteiz estatuko dantza garaikidearen erreferentzia bihurtuko da, Danzalavarekin

Asteburu honetan Gasteiz estatuko dantza garaikidearen erreferentzia bihurtuko da, Danzalava proiektua abian jarriko baita. Izan ere, 2017ko lehen seihilekorako dantza garaikideko profesionalei sostengua emateko aurreikusi diren lau topaketen arteko lehena egingo da: lantegiak egingo dira, koreografia erakustaldiak antolatuko dira, publikoari mugimenduaren lengoaia garaikidea ezagutarazteko, eta euskal koreografo gazteei laguntzeko koreografia asistentzien bidez sorkuntza sustatuko da.

Guillermo Weickert dantza interprete eta sortzaileak emango dio hasiera programari, José Uruñuela udal dantza kontserbatorioan emango duen “Dantza interpretea entrenatzen” ikastaroarekin.

Adierazteko tresna ez ezik, harentzat gorputza ezagutzeko bidea ere bada. Haren lanaren ardatza interpretearen bidaia da, eta bereziki “muga ekologikotzat” jotako lankidetza artistikoa interesatzen zaio.

Asteburuko lantegian dantzariaren kontzientzia zabaltzen lagundu nahi du, dantzaren praktikatik jarduera profesional eta pertsonalaren beste alderdi batzuetara, haren ustez tresna erabilgarri eta ahaltsuak direnak landuz, bizkarrezurrak esnatu eta desblokeatzeko, energia berrorekatu eta sorkuntza aktibatzeko, hartara dantzariek desplazamenduaz goza dezaten, kontrolarekiko eta birtuosismoarekiko obsesiorik gabe, dantzaren ikuspegi integratzaile eta konplexuago batera hurbildu daitezen.

Weickertek bere lanaren erakustaldi irekia egingo du, jende orori zuzendua, mugimenduaren eta dantza garaikidearen lengoaia publiko berriei hurbiltzearren.

Hilaren 25an (larunbata) izango da, 20.00etan, Antzerki Eskolan (Errege-Erregina Katolikoen kalea). Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da, lekuak mugatuak baitira. Horretarako, altrastedanza@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da, edo Antzerki Eskolaren egoitzara joan.

Horretaz gain, Zuriñe Benavente dantzari gaztearen INSOSTENIBLE proiektuari laguntza koreografikoa emango zaio. Rosalía Zanón argentinarrarekin batera Eusko Jaurlaritzaren Dantzan Bilaka programan parte hartzen ari da, eta urrian estreinatuko dute aipatutako lana. Orain sorkuntzaren lehen fasean daude, GARAION Natur Artea espazioan egonaldi artistikoa egin baitute; animalien tratu txarrak eta genero-indarkeria lantzeko asmoa dute.

 

LANTEGIA

Dantza interpretea entrenatzen

2017ko otsailaren 25 eta 26a

Larunbatean, 10.00 – 13.00 eta 15.00 – 18.00

Igandean, 10.00 – 14.00

 

Prezioa: 50 €.

Izen-ematea: altrastedanza@gmail.com

Lekua: Jose Uruñuela kontserbatorioa. Hiru Probintzien plaza, 8. Vitoria-Gasteiz

 

ERAKUSTALDIA

2017ko otsailaren 25a (larunbata)

Ordua: 20.00

GUILLERMO WEICKERT

LEKUA: TAE. Errege-Erregina Katolikoen kalea, 4. Vitoria Gasteiz

SARRERA DOAKOA, lekuak bete arte. Gonbit-txartelak TAEn edo altrastedanza@gmail.com helbidean.

 

ANTOLATZAILEA

PAS DE BASQUE guraso elkartea

BABESLEA

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila

LAGUNTZAILEAK

ALTRASTE DANZA

Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioa

Gasteizko TAE, Eszena Arte Tailerra

Kolectivo Monstrenko

Espacio Sinkro

Argibide gehiago:

altrastedanza@gmail.com

www.altrastedanza.com/danzalava

 

Share

Udalak 25.000 euro jarriko ditu gazteentzako proiektuetarako

 

 

 

 

 

 

 

 

Udal gobernuak Gasteizko gazteei zuzendutako proiektu edo zerbitzuak sortzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako 2017ko diru-laguntzen deialdia onetsi du

Udalak 25.000 euro jarriko ditu helburu hauetara bideratutako gazte ekimenei laguntzeko: “gazteen gizarteratze aktibo eta parte hartzailea ahalbidetzea; elkarteetako gazteen ekoizpen eta lanak jendeari ezagutzera ematea; haiek bistaratzea; gazteen prestakuntza, elkartegintza eta boluntariotza sustatzea; gazteen artean erantzunkidetasuna bultzatzea, eta abar”, azaldu du Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

Tokiko Gobernu Batzarrak laguntza ekonomiko horiek emateko deialdiaren oinarriak onetsi ditu, zeinetan batera lan egingo dutela erakusten duten elkarteen arteko proiektuak eta 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektuak lehenetsiko baitira.

30 egun naturalekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, deialdia ALHAOn argitaratzen den egunaren biharamunetik.

Deialdiari buruzko informazio eta dokumentazio guztia Gasteizko udalaren web-orrian egongo da eskuragarri (www.vitoria-gasteiz.org) bai eta Gasteizko Udaleko herritarrei laguntzeko bulegoetan ere, ordutegi ofizialetan. Gainera, Gazteria Zerbitzuak aholkularitza eta informazioa emango die interesa duten elkarteei, 945161616 telefonoan (3207 luzapena) edo posta elektroniko honetan: coordinati@vitoria-gasteiz.org

 

 

 

 

 

Share