Prentsa Oharren banner

Larreineko pasabidea errealitatea izango da martxoan

Eraiki ondoren, datorren ostiralean (Otsailaren 24an)  instalatuko da

Larreineko pasabidea errealitatea izango da martxoan. Proiektu horri esker, Larreineko auzokoek oinarrizko zerbitzuak (saltokiak, osasun zentroa, autobus geltokia) etxetik “hurbilago” izango dituzte, eskatu bezala. Antonio Amat kalea eta Salburua bulebarra lotuko ditu pasabideak, Errekaleor errekaren ondoko ibilbidetik Isaac Puente Amestoy kaleko izkinara.

Eraiki ondoren, datorren ostiralean (Otsailaren 24an)  instalatuko da.

Auzotarrek eskatutako moldaketa aintzat hartu du Udalak, eta hasiera batean egitekoa zena baino pixka bat ekialderago egingo da zubia. Metalezko egitura arina  da, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako bideetan barrena igo ahal izango da bertara. Luis Manuel Quero Millán bide-ingeniariak diseinatu du, eta bera izango da obraren zuzendaria.

Share

Gobernuak batzorde politiko-teknikoa sortuko du ikastetxeetako ilara bikoitzen arazoaren konponbidea bilatzeko

Udal gobernuak batzorde politiko-teknikoa sortuko du ikastetxeetako ilara bikoitzen arazoa aztertzeko, “talde politiko guztien laguntzarekin konponbidea bilatzearren“. Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Carlos Zapaterok aurreratu duenez, Sailak egoeraren analisia aurkeztuko du, hori oinarritzat hartuta lanean hasteko.

Bien bitartean, Udaltzaingoak oraingo protokoloari jarraituko dio, zeinak ezartzen baitu eskola-eremu jakin batzuetan presentzia handiagoa izango dela trafikoan eta bide-segurtasunean sortzen diren arazoen arabera. “Helburu nagusia ikasleen segurtasuna bermatzea da, eta bereziki, trafiko-istripuak eragoztea. Aparkatzea kontrolatzen dugu, zirkulazioa arinagoa izan dadin eta bide publikoaren erabiltzaileei ahalik eta kalte gutxien egin diezaien”, azaldu du Carlos Zapaterok.

2016an, Udaltzaingoak lan-talde bat sortu zuen hiriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bakoitzean zein beste zentro batzuetan (haurtzaindegiak, institutuak, adinekoen zentroak…) trafikoarekin eta bide-segurtasunarekin lotuta zeuden arazoak aztertzeko. Herritarren Segurtasunaren zinegotziak esan duenez, “kokapena, ikasle kopurua, gertuko bideak, trafikoaren dentsitatea, garraio publikoaren geltokiak eta beste hartu ziren kontuan azterketan“.

Ondoren, Udaltzaingoak jarduera-prozedura bat landu zuen, eta horri jarraituz, presentzia handiagoa du ilara bikoitzen arazoa handiagoa den ikastetxeetan (Korazonistak, Sagrado Corazón, Niño Jesús, Marianistak…). Lehentasunezko bigarren maila batean, beste 16 ikastetxetan astean behin zaintzen du trafikoa Udaltzaingoak (Urkide, San Viator, San Ignacio, Adurtza ikastola, Samaniego…); azkenik, hirugarren mailan daude arazo gutxiago sortzen duten beste 16 ikastetxe (San Martin, Ibaiondo, Lakuabizkarra…).

Batzorde politiko-teknikoa sortuta eta talde politikoen ekarpenekin, “arazoa konpontzea espero dugu, ados jartzea zaila bada ere. Herrita batzuek isun gehiago jartzeko eskatzen dute; beste batzuek, berriz, polizia kritikatzen dute zigortzeagatik. Horregatik, garrantzitsua da nola jokatu behar den adostea”, amaitu du Carlos Zapaterok.

Share

Prentsa-deialdiak (2017-02-23)

Prentsaurrekoa. Lan Orientazio eta Trebakuntza Plana aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Osteguna, otsailak 23

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 26. edizioa Zabalganean egingo da, ekainaren 4an

EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imazek, Arabako Denon Eskola federazioko presidente Lurdes Errastik, eta Aldaialde eskolako aita Unai Diaz de Mendibilek aurkeztu zuten atzo prentsaren aurrean ekainaren 4ean Gasteizen ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaia.

Euskal Eskola Publikoa hezkuntza-sistemaren oinarrizko ardatz egituratzailea izan behar dela jai giroan aldarrikatzea da 1994tik guraso elkarteek antolatzen duten Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburu nagusia.

Helburu nagusi horretaz gain, gizarte kohesionatua eta integratua lortzeko eskola publikoak duen zeregina azpimarratu nahi da aurten. Publikotasunetik soilik lortu daiteke hezkuntza sistema inklusibo eta ekitatiboa.

“Zabalganeko eskola publikoak horren adibide ona dira, aniztasuna aprobetxatuz eskola euskaldun, publiko, inklusibo eta anitza lortu dutelako”, azpimarratu zuten antolatzaileek.

“Josi ta josi” da Euskal Eskola Publikoaren 26. Jaiaren leloa. Lelo horren bidez hauxe transmititu nahi dute: aniztasunak eskaintzen duen aberastasunetik abiatuta, Euskal Eskola Publikoak elkarbizitzan oinarritutako gizarte kohesionatua eraikitzen duela, eta errespetuaren eta tolerantziaren baloreetan hezten dituela etorkizuneko belaunaldiak.

Gogoan izan behar da Gasteizko ikasleen gehiengoa ikastetxe publikoetan dagoela eskolarizatua (40 ikastetxe, 19.000 ikasletik gora), beraz, ospakizuna Gasteizen egiteak “badu zentzurik, Hiri Hezitzailea den aldetik antolatzaileen eta Euskal Eskola Publikoaren beraren helburuak partekatzen baititu”, Sailaren hitzetan. Hain zuzen ere, horietako lau Zabalgana auzoan daude, eta 1390 ikasle dituzte guztira: Mariturri, Zabalgana eta Aldaialde lehen hezkuntzako ikastetxeak eta Zabalgana institutoa.

Informazio gehiago http://www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus/

 

Share

Fernando Buesa eta Jorge Díaz gogoratzeko lore-eskaintza egin da, ETAk hil eta 17 urte geroago

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Udal talde politiko guztiek hartu dute parte gaur eguerdian Fernando Buesa Blanco eta Jorge Díez Elorza gogoratzeko lore-eskaintzan, bai eta tokiko eta erkidegoko alderdi politikoen eta erakundeen ordezkariek ere, ETAk duela 17 urte hil baitzituen; bi familietako kideak ere izan dira.

Haien oroimenez Askatasunaren lorategietan (Arabako unibertsitate-campusean) altxatutako monolitoan jarri dira loreak, 2000ko otsailaren 22an ETA talde terroristak bonba-furgoneta batek eztandarazi zuen lekutik gertu, zeinaren ondorioz buruzagi sozialista eta haren eskolta zen ertzaina hil baitziren.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Inauterietako sardina ikusgai izango da Turismo Bulegoan

 Inauterietako sardina, jaiei amaiera emateko hilaren 28an erretzen dena, Espainia plazako Turismo Bulegoan izango da ikusgai, gasteiztarrek eta hirira datozen bisitariek ikusterik izan dezaten.

 Era berean, inauterietako kartel ofiziala aukeratzeko lehiaketara aurkeztu ziren kartelak Ibaiondoko eta Salburuko gizarte-etxeetan izango dira ikusgai hilaren 28ra arte.

 Atzo arratsaldean eman zitzaien hasiera aurtengo inauteriei, desfilean parte hartuko duten 24 konpartsak aurkezteko ekitaldiarekin. Ia 6.500 pertsonak hartuko dute parte, hau da, errekor historikoa izango da, azken 10 urteotako historikoan ikus dezakegunez.

CONPARTSAK – Bilakaera

Share

Enpresa berritzaileek beren aurrerapenak erakutsiko dituzte, “Vitoria-Gasteiz, Laborategi Hiria” programaren bosgarren urteurrena dela eta

Datorren asteazkenean, martxoak 1, “Vitoria-Gasteiz, Laborategi Hiria”  programaren bosgarren urteurrenari eskainitako jardunaldia egingo da Europa biltzar jauregian. Programaren bidez, Udalak produktu eta zerbitzu teknologiko berritzaileak dituzten enpresen esku jartzen du hiria, haien jarduera ingurune errealean probatzeko interesa badute. “Laborategi Hiria, 5 urte enpresa berrikuntzari laguntzen” izenburuaren pean, programan parte hartu duten zazpi proiekturen emaitzak aurkeztuko dira. Orobat, Laborategi Hiria programaren jatorria, ibilbidea eta lorpen nagusiak laburtuko dira, bai eta etorkizunerako itxaropenak ere, eta berrikuntzaren alorrean enpresa eta ekintzaileei eskaintzen zaizkien laguntza ekonomikoak eta sustapen politikak azalduko dira.

Proiektu hauek ezagutzeko aukera izango da: behe tentsioko aerosortzaile bat, autokontsumorako pentsatua; % 100ean eguzki energia baliatzen duen farola; kontsumoa murrizten duen argiztapen sistema; droneetan oinarritutako ingurumen-zaintzarako sistema; ingurumenari buruzko informazio-sistema, informatika aplikazio batean oinarritutakoa; pertsonen fluxuak neurtzeko sistema, eta bizikleten aparkaleku adimentsua, duela gutxi Postetxearen atzealdean jarri zena.

“Bost urte hauetan, Laborategi Hiria programak erakutsi du zein aukera handiak eskaintzen duen enpresa berritzaileekiko elkarlanak, kalean beren produktuak probatu ditzaten ahalbidetuz. Gasteiz hiri industrial eta modernoa da, beraz, ehun ekonomiko aurreratuena garatzen lagundu behar du, talentuari eutsi eta enplegu kualifikatua sortzeko modurik onena baita, eta horren adibide dira aipatutako jardunaldian aurkeztuko diren proiektuak”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziNerea Melgosak.

Jardunaldia doakoa da, baina online eman behar da izena, leku kopurua mugatua baita. “Laborategi Hiria, 5 urte enpresa berrikuntzari laguntzen” jardunaldia 09:30etik 13:15era izango da, eta bertako enpresei, enpresa elkarteei, elkargo profesionalei eta  Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideei zuzentzen zaie.

Informazio gehiago: “Laborategi Hiria, 5 urte enpresa berrikuntzari laguntzen”

Share

Urtaranen gobernuak San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberrituko du, espaloiak zabaldu, bidegorria egin eta trafiko pilaketa minimizatzeko

 

 

 

 

 

 

DOSSIER REFORMA SAN IGNACIO_2

Urtaranen gobernuak San Ignazio Loiolakoaren kalea eraberrituko du, espaloiak zabaldu eta oinezkoen zirkulazioa hobetzeko, bidegorria egiteko eta puntako orduetan trafiko pilaketa minimizatzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak ostiralean egingo duen bileran onetsiko da ziur aski lan horietarako dosierra, zeinaren aurrekontua 1.454.672,37 euro izango baita (AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea berritzeko 851.345,47 euro barne). Lanak gauzatzeko epea 6 hilabete izango da, esleitzen direnetik kontatzen hasita.

“Aurrekontua onetsi delarik, Espazio Publikoaren Sailean prest genituen zenbait lan aurrera atera ahal izan ditugu. Dagoeneko San Anton plazaren ingurunea eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea eraberritzeko lehiaketak onetsi ditugu, eta gauza bera egingo dugu San Ignazio Loiolakoaren kalearekin.  Udal gobernuaren asmoa da espazioa modernizatzea, atseginagoa bihurtzea eta oinezkoen zirkulazioa hobetzea. Izan ere, kaleko espaloiak oso estuak dira, eta autobusak gelditzen direnean kaosa eta segurtasunik eza sortzen dira. Espaloiak zabalduz oinez eta bizikletaz doazen pertsonek leku handiagoa izango dute. Inguruan bi ikastetxe izatea ere garrantzitsutzat jotzen dugu”, esan du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Kale horrek —gutxi gorabehera 230 metro luze da— irisgarritasun arazo handiak ditu, eta oso itxura zaharkitua du. Espaloiak oso estuak dira, eta bertatik bi ikastetxetako erabiltzaile ugarik igaro behar izaten dute. Bestetik, trafikorako bide garrantzitsua da, Erdi Aroko hirigunearen iparraldeko mugatik baitoa, eta leku nahiko mugatuan autoek eta autobusek zirkulatzen dute. Gainera, gero eta bizikleta gehiago ibiltzen da kale horretatik, Arriagako atearen eta Legutianoko atearen arteko lotura baita.

San Ignazio Loiolakoaren kaleko zoladura ere egoera txarrean dago, txaplatak, bigunguneak eta arrakalak baititu. Espaloiak 2,50 metro zabal dira, eta bi aldeetan dauden zuhaitzek mugatu egiten dute zati erabilgarria. Kaleak ibilgailuentzako bi errei ditu, zirkulazioaren noranzko bakarrean. Aparkatzeko bi lerro ere baditu. Nabarmendu beharra dago kalean autobus geltoki bat dagoela, eta horrek kaosa sorrarazten duela puntako orduetan eta autobusek aparkatzeko maniobrak egiten ari diren ibilgailu pribatuak topatzen dituztenean.

Inguruko auzokoek planteatutako esku-hartzearen bidez, Udalak espazioak birbanatuko ditu. Batetik, aparkalekuak kenduko dira galtzadaren bi alboetan, zamalanetarako lekuak izan ezik. Mugikortasun murriztuko pertsonentzat bi aparkaleku utziko dira, eta 15 minutuz aparkatzeko zenbait geraleku. Udala auzokoentzako aparkatzeko alternatibak aztertzen ari da.

Bi zuhaitz lerrokadura ere kenduko dira, fatxadetatik oso hurbil baitaude, eta Iparraldeko parkeko parterrearen zati bat atzeratu egingo da, leku gehiago izatearren. Lan horiek espaloiak lau metrora zabaltzea ahalbidetuko dute. Horietako batean bidegorri bat jarriko da.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako proiektuak zoladura eta galtzada aldatzea eta drainatze sarea, hustubideak eta saretak berritzea aurreikusten du. Bide batez, Udalak bilketa pneumatikorako sareak berrituko ditu: iparraldeko espaloian dauden ahoak hegoaldera aldatuko dira, bizitzetatik gertuago baitago, beste aldean bidegorria egin ahal izateko. AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere osorik berrituko da, eta bidenabar, telekomunikazio-sarearen airetiko lineak lurperatuko dira. Argiteriari dagokionez, hobekuntza puntualak egingo dira, duela gutxi luminaria arrunten ordez led teknologiakoak instalatu baitira.

 

 

 

Share