Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-02-17)

Prentsaurrekoa. Teatro Paraisoren ‘Lunnaticus’ nazioarteko jira aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto eta Pilar López, Teatro Paraíso

Eguna. Ostirala, otsailak 17

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————–

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 17

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————

Komunikabide grafikoentzako deialdia. Ibilera Saskibaloiko Errege Kopako erakusleihoetan zehar

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Turismo, Merkataritza eta Enpleguaren Sustapen foru diputatu Cristina González; eta Gasteiz On elkarteko presidente Marta Bengoechea

Eguna. Ostirala, otsailak 17

Ordua. 11:30

Tokia. By Nerea Garmendia. Prado, 11; ondoren Mikku, Prado 8; The Soul Of The Clothes, San Prudencio 5; eta  Kirolak, Florida, 2

Share

Saskibaloiko Errege Kopa hasteko seinalea

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak Saskibaloiko Errege Koparen Fan zone gunearen inaugurazioan izan da gaur, Europa biltzar jauregian. Ahaldun nagusi Ramiro González, ACBren lehendakari Francisco Roca, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendari Jon Redondo eta babesleen ordezkariekin batera, txapelketaren 80 edizioak jasotzen dituen argazki-erakusketa ikusi du, eta  aisialdiko jardueretan zein jolas interaktiboetan hartu du parte; nahi duen orok gozatu ahalko ditu doako jarduera horiek, familiartean edo lagunekin. Espazio horretan Minikopako partidak ere jokatuko dira, eta lantegiak, solasaldiak eta taldeen denda ofizialak izango dira bertan. ACB Koparen izarrek gaur eta bihar bisitatuko dute gunea

 

 

 

 

 

 

“Gasteiztarrek eta kanpoko bisitariek jarduera benetan dibertigarriez gozatu dezakete, Minikopako partidez eta erakusketa bikainaz. Fan zone bisitatzea aukera paregabea da oso une atsegina igarotzeko“, esan du alkateak.

Gorka Urtaranek egun hauetan hirian dagoen giroa aipatu du. “Jendea gogotsu dabil, hotelak beteta daude eta giro on-ona dago. Gainera, Errege Kopak aukera paregabea ematen digu gure hiri zoragarria ezagutarazteko”, azpimarratu du. Gaurtik igandera arte 8.000 pertsona etortzea espero da, Madril, Bartzelona, Valentzia, Andorra, Andaluzia eta Kanarietatik.

Gaur goizean saskibaloiaren magia hasteko seinalea eman delarik, partidak gaur arratsaldetik aurrera jokatuko dira Buesa Arenan, igandeko finalera arte.

 

 

 

 

 

 

 

Share

Bihar emakumeen salerosketari eta indarkeria matxistari buruzko “Arenas de silencio” dokumentala ikusi ahalko da Gasteizen, “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren barruan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Artium museoan proiektatuko da film luzea, eta solasaldia ere izango da, Chelo Álvarez-Stehle zuzendaria bertara joango baita

Udalaren Bizikitza eta Aniztasun Zerbitzuak antolatzen duen “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren barruan, bihar, ostirala, “Arenas de silencio” dokumentala ikusi ahalko da Artium museoan, eta horri buruzko solasaldia izango da.  Chelo Álvarez-Stehle zuzendariak ere parte hartuko du ekitaldian; sari asko jasotzen ari da nazioarteko zenbait zinemalditan, besteak beste, Malagan eta Malibun, eta Bartzelonako FADA 2017 Saria ere jaso du.  Artium museoaren entzunaretoan eskainiko da, 19:00etan.

 

Zinemagilea Logroñokoa da, baina gaur egun Kalifornian bizi da, eta harreman estua dauka Euskadirekin. Filmean,  sexu trafikotik bizirik ateratako bi emakumeren eraldaketa dokumentatzen ari dela gertaera horrek inspiraturik, egileak ere bere bizitzan pairatutako sexu jazarpenaren inguruko isiltasuna urratu du. Filmaren ardatza emakumeen salerosketa da, eta bortizkeria matxistaren baitan kokatzen da gaia, gure gizarteko gaitz handienetakoa baita. Berdintasun Zerbitzuarekin batera antolatu da jarduera.

ARGIBIDE GEHIAGO Arenas de Silencio_Sands of Silence Dossier Prensa Enero 2016 (1)

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gizarte Politiken Sailak udalaren laguntzak kontrolatu eta kudeatzeko abian jarritako neurri berriei esker laurehun mila eurotik gora egiten duten iruzurrak hauteman ahal izan dira

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek agintaldi honetan udalaren laguntzak kontrolatu eta kudeatzeko abian jarritako neurri berrien balantzea egin du gaur. Orain arte, iruzurrezko jarduerei zegozkien 400.000 euro baino zertxobait gehiago erreklamatu edo berreskuratu ahal izan ditu Udalak neurri horiei esker.

2014ko eta 2015eko ekitaldiei dagokie zenbateko hori, zeina Udalak ematen dituen laguntzen gainean daraman kontrolari esker hauteman baita, bai eta “prestazioak ukatu edo kentzera eraman dezaketen egoera irregularrak antzemateko” neurri berriak ezartzeari esker ere.  “Laguntzak benetako beharra duten pertsonei iristea nahi dugu. Horregatik, kontrolaz arduratzen diren teknikariei lana errazteko tresnak eman dizkiegu, eta beste erakunde batzuekiko lankidetza-protokoloak landu ditugu”, azaldu du López de Munainek.

Azken urtean neurri eta ekintza hauek jarri dira martxan:

  • Laguntzak eskatzeko dosierrak izapidetzeko behar diren  datuak (Gizarte Segurantzari, Ogasunari eta abarri dagozkionak) eskuratzeko aplikazio informatikoa lantzea.
  • Teknikariei betearazte-bidean dauden ordainagiriak eskuratzeko aukera  ematea, Ogasun Sailak eskatzen baitu zorra ordaintzeko.
  • Beste administrazio publiko batzuek utzitako datuak eskuratzeko aukera  ematea.
  • Etxebizitzaren alokairua banku-helbideratzearen bidez edo ordainagiriak aurkeztuz egiaztatzeko eskatzea.
  • Lanbiderekin koordinatzea, Udalari atzerapenak ordain diezazkion DBE edo EPOen aurrerapenak direla eta.
  • Gurutze Gorriarekin koordinatzea, erakunde horrek pobrezia energetikoa arintzeko ematen dituen laguntzak nork jasotzen dituen jakiteko.
  • Optikoen Elkargoarekin lankidetzan aritzeko prozedurak ezartzea, begi-protesiengatiko laguntzen zenbatekoak doitzeko.

Neurri horiek gehi diruzko prestazio sozialetan izaten diren iruzurren kontrako borrokarako udal protokoloan lehendik jasotakoak aplikatuz, Udalak 365.936 euro egiten duen iruzurra antzeman du 2014ko ekitaldian; zehazki, prestazioen titular edo eskatzaile ziren 97 familiak egin zuten iruzurren bat, hots, denen arteko % 2,3k.

2015ean, irregulartasunen bat egin zutenen ehunekoa % 1,8ra jaitsi zen (77 eskatzaile), guztira 4.435 eskatzaile izan baitziren. Ekitaldi horri 36.773 euroko iruzur-poltsa dagokio, eta horri betearazpen-bidetik berreskuratzen dena gehituko zaio. 2018ra arte ez dago jakiterik zenbat izango den, bide horri dagokion prozedurak bi urte irauten baitu.

Peio López de Munainen arabera, “datu horiek erakusten digute iruzur-portzentajea txikia dela. Ez da batzuek ikusarazi nahi diguten bezain handia, eta gainera, bada laguntzen kontrolik”.

Horren haritik, Gizarte Politiken zinegotziak PPren diskurtsoa ukatu du. “Laguntzak ez dira neurriz ateratzen ari. PPk ezkutatzen du langabezian dauden gasteiztarren % 44k bakarrik jasotzen dituztela langabezia-prestazioak, eta gure hiriko 9.600 langabek ez dutela kontzeptu horri dagokion laguntzarik jasotzen. Normala da laguntza eskatzea bizi ahal izateko”.

López de Munainek iragarri du bere sailak kontrol-neurri berriak aztertzen eta ezartzen jarraituko duela, eta eskerrak eman dizkie udal teknikariei, “egiten ari diren lan eta ekarpen handiagatik, laguntzak benetan behar dituztenengan irits daitezen ahalbidetzen baitute”.

Share

Azaroan Gasteizek Kulturaren Plan Estrategikoa izango du

 

 

 

 

 

 

 

 

20170216 Dossier Elaboración Plan Estrategico Cultura

Prozesua lau fasetan garatuko da, eta datorren astelehenean bertan hasiko dira diagnostiko faseko sektorekako eta gaikako saioak

Hori landu ondoren, Kulturaren Tokiko Kontseilua eratzea da asmoa, datozen urteetan hiriko kultur ehuna planifikatu, egituratu eta artikulatzeaz arduratuko dena

Astelehenean, hilak 20, Gasteizen kulturaren egoera zein den aztertzeko diagnostiko faseko sektorekako eta gaikako saioak hasiko dira, Kulturaren Plan Estrategikoa lantzeko partaidetza-prozesu irekiaren barruan, zeina azarorako prest egotea aurreikusi baita.

Gaur aurkeztu dute prozesua Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Saileko zuzendari Nora Igartuak prentsaren aurrean. Cantok esan duenez, “kultur eragileak dira prozesu horren subjektua, benetako protagonistak, eta hiriaren plana eta hiriko kulturarako plana izatea da helburua, lehenengo, saileko kultura baino askoz gehiago besarkatu behar duelako, eta bigarren, kronologikoki agintaldi bat baino askoz gehiago iraun behar duelako; beraz, ahalik eta partaidetza eta adostasun handiena beharko du”.

Plana lau fasetan landuko da, eta EMUN aholkularitza arduratuko da dinamizatzeaz. Gasteizko behin betiko Kulturaren Plan Estrategikoa azaroan aurkeztea da asmoa. “Aurkeztu ondoren —aurreratu du Kulturako zinegotziak—, Kulturaren Tokiko Kontseilua eratzea espero dugu, hau da, planaren ezarpena jarraitzeaz arduratuko den talde independentea, datozen urteetan hiriko kultur ehuna planifikatu, egituratu eta artikulatzeaz arduratuko dena”.

Lehenengo fasean diagnostiko parte-hartzailea egingo da. Bi hilabetez, hiriko kultur egoera aztertuko da kultur eragileekin, sektoreka edo gaika. Sektore hauen araberako bilerak egingo dira: literatura, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak, eta musika; horietaz gain, gaikako bi bilera egingo dira.

Bigarren fasea maiatzean eta ekainean egingo da: hiru bilera ireki izango dira, zeinetan backcasting metodoa baliatuko baita, hau da, 2030eko Gasteiz irudikatuko da, eta hortik hasierako datara atzera itzuli. Emaitza idatziz jasoko da, eta online ere egin ahalko dira ekarpenak.

Hirugarren fasea irailean eta urrian garatuko da: emaitzak jasotzen dituen dokumentu bat landu eta azken ekarpenak egin ahalko dira; ondoren, agenteek adostu beharko dute.

Azkenik, Kulturaren Plan Estrategikoa baliozkotu eta zabaltzeko fasea iritsiko da, azaroan, 2018ko urtarrilean abian jartzeko.

Fase guztiak herritarrentzako irekiak izango dira, eta guztietan izango dira ahalduntzeko eta talde-lanean aritzeko uneak; orobat, aktibazio sozialerako aukerak emango dira.

 

Eragileen Taldea

Plan estrategikoarekin lotuta Eragileen Taldea deritzona osatu da, prozesu osoaren jarraipenaz arduratu dadin. Sektore desberdinetako kultur eragileek osatzen dute, eta saioetan parte hartzen dutenen iritziak eta proposamenak azken emaitzan islatuta geratzeaz arduratuko dira. Urtarrileko azken astean bildu ziren lehenengoz.

 

Sare sozialak eta lankidetza online

Plana garatzeko www.vitoria-gasteiz.org/plankultura web-orria aktibatu da, eta Twitterren ere traola finkoa izango da: #VGplankultura. Orobat, ekarpenak egin ahalko dira etengabe plankultura@vitoria-gasteiz.org helbidean.

Gainera, planaren garapena baliatuz, Sailaren Twitterreko erabiltzailea ere sortu da: @VG_Kultura.

Prozesu osoan planari buruzko informazioa zabalduko da web-orrian, sare sozialetan eta gizarte etxeetako pantailetan.

Share