Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2017-02-03)

– Alkatearen prentsaurrekoa.

Alkateak prentsaurrekoa emango du, Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaien eta Udalarekin lotutako beste gai batzuen berri emateko.

Parte-hartzaileak: alkatea, Gorka Urtaran.

Eguna: otsailaren 3a, ostirala.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

——————————————————————————

– XXI. Mendeko Flamenkoa zikloaren aurkezpena.

Zikloaren hurrengo edizioa eta Carmen de la Jara kantariaren ikuskizuna aurkezteko prentsaurrekoa.

Parte-hartzaileak: Carmen de la Jara, kantaria; Antonio Benamargo, Flamenco de Hoy-ren zuzendaria, eta Marta Monfort, Udalaren Antzoki Sarearen arduraduna.

Eguna: otsailaren 3a, ostirala.

Ordua: 12.00.

Lekua: Principal antzokia.

Share

Astelehenean irekiko da epea Gasteizko FotoArte lehiaketaren XIII. ediziorako lanak aurkezteko

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok FotoArte argazki-lehiaketaren XIII. edizioa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Herritarrak argazkilaritzara hurbilaraztea eta alor horretan sorkuntza sustatzea da helburua, eta irudien bidez jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusten laguntzea haren adierazpen guztietan, gai orokor gisa.

Nahi duen orok parte hartu ahalko du. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu, gehienez. Originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak izan behar dute.

Aurkezteko epea otsailaren 6tik 38ra izango da. Internetez aurkeztu ahalko dira, www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte web-orrian.

Epaimahaiak 30 argazki hautatuko ditu lehenengo, eta horiek gizarte etxeetako erakusketa-aretoetan jarriko dira ikusgai. Horien artetik aukeratuko ditu epaimahaiak irabazleak; sariak 1.000, 700 eta 400 euro izango dira, eta bi akzesit ere emango dira, bakoitza 150 eurokoa.

Ibaiondoko gizarte etxean banatuko dira sariak, maiatzaren 18an.  Ondoren berriro ikusi ahalko dira lanak, erakusketa ibiltari batean.

Beste edizio batzuetako datuak

2016an 246 pertsonak hartu zuten parte, eta guztira 406 argazki aurkeztu ziren. Beraz, 2015ean baino 104 pertsona gehiagok hartu zuten parte; orduan 142 pertsona izan ziren, eta 250 lan aurkeztu ziren.

Lanen % 54 bertako egileenak ziren. Oro har hartuta, egileen % 73 Euskadikoak ziren eta % 25,4 beste autonomia-erkidego batzuetakoak. Aipatzekoa da, halaber, lanen % 1,6 atzerritik iritsi zela (Norvegia, Argentina, Belgika eta Brasil).

Lanen % 45 emakumeek egindakoak izan ziren. Adinei dagokienez, 13 eta 71 urte bitarteko egileek aurkeztu zituzten lanak iazko edizioan. Egileen % 30ek, berriz, 30 urte baino gutxiago zuten.

FotoArte 2017

Share

Gasteizek bat egiten du Hezeguneen Mundu Egunarekin, eta ekitaldi-programa zabala antolatu du, Gorbeiako parke naturalean dagoen Arkaraiko hezegunera bisita, besteak beste

Gaur, otsailak 2, 46 urte betetzen dira Iraneko Ramsar hirian hezeguneak babesteko nazioarteko hitzarmena izenpetu zenetik.  Nazioarteko hitzarmen honek (Ramsarreko Hitzarmena izenez ezagunagoa) bitxikeria bat du, izan ere ekosistema partikular bat babesten duen munduko bakarra da: hezeguneak, habitat bakar horiek babesten ditu. Hala eta guztiz, Europa da azken 40 urteetan hezegune gehien galdu duen kontinentea.

Ramsarreko Hitzarmeneko batzorde iraunkorrak gai hau onetsi zuen Hezeguneen Mundu Eguneko 2017ko edizio honetarako: “Hondamendien kaltea murrizteko hezeguneak”. Lelo horren bidez gaiarekiko sentsibilizazioa areagotu nahi da eta, halaber, agerian utzi hezeguneek muturreko gertaeren (uholde eta lehorteak, besteak beste) eragina eta horiek herritarrengan duten eragina murrizteko duten funtzio garrantzitsua. “Duela 20 urte, Gasteizko Udalak bazuen prozesu meteorologiko txarrak —uholdeak, kasu— Salburuko baltsak berreskuratuta arintzeko asmoa. Beraz, horrek argi uzten du hiri hau aitzindaria izan dela arazoei ingurumenarekiko iraunkorrak diren konponbideak ematen” adierazi du Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusillak.

Urteurren honen haritik, Gasteizko Udalak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hainbat jarduera antolatu dituzte herritarrak gune hauek babestearen alde sentsibilizatu eta kontzientzia har dezaten.

Antolatutako ekitaldien artetik aipagarria da Arkaraiko hezegunera egingo den bisita, Gorbeiako Parke Naturalean dagoen istingara. Habitat hori onuragarria da ekologiari eta paisaiari dagokienez, eta gainera, garrantzi sinbolikoa du, natur ondarea zaintzearekin konprometitu dauden herritarren identitate-loturak estutzen laguntzen duelako. Bisita hau Euskadin hezeguneen alorreko erreferentziazko beste bi zentroekin batera antolatu da (Txingudi eta Madariagako dorrea). Udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera horrelako ekimen bat antolatzen duen lehen aldia da. Ekimenak gure lurraldeko hezegune txikien garrantzia ezagutaraztea du xede, zehazki, zohikaztegiek eta esfagnalek duten balioa.

Hirian antolatutako ekitaldiei dagokienez, IGIk ATARIAko ateak irekitzeko jardunaldia antolatu du gaurko 19:00etarako. Bertan, HASI fundazioko teknikari José María García jaunak uretako hegaztien arloko “bioadierazle” kontzeptuari eta Euskal Autonomia Erkidegoko uretako hegaztien jarraipen programari buruzko hitzaldia emango du. Programa horrek 1970eko hamarkadatik jaso ditu erroldak, eta ezinbesteko tresna da populazioaren kontserbazio egoera eta habitaten osasuna ezagutzeko.

Ostiral gauean, herritarrak Salburuko hezegunearen barrenean sartu ahal izango dira, baso-igel jauzkariaren bila, horixe baita parkeko espezierik nabarmenetakoa. Astebururako ere antolatu da ekimenik. Larunbatean, ekosistema horiei buruz sentsibilizatzeko eta kontserbatzeko alderdiei lotutako jarduera ludikoan parte hartzeko aukera izango dute gazteenek,  “HEZEGUNEEN MUNDU EGUNA OSPATZEKO JARDUERA” izeneko ekimena tarteko. Igandean, berriz, haurrentzako “ur planeta” ipuin-kontaketa izango da.

Share

‘Gasteizen Bai merkataritzari, ostalaritzari, euskarari’ kanpaina izango da protagonista merkataritzaren eta euskararen astean

Euskararen erabilera sustatuko du Udalak sektore horretan, otsailaren 4tik 12ra bitartean, hainbat ekintzaren bitartez: hitzaldiak, antzerkia eta merkataritza-establezimenduen goresmena

 Merkataritzaren eta euskararen astea aurkeztu du gaur goizean Gasteizko Udalak. Merkataritzaren eta euskararen astea aurkeztu du gaur goizean Gasteizko Udalak. Otsailaren 4tik 12ra bitartean gauzatuko da ekimen hori, eta helburu nagusia du “euskararen erabilera eta presentzia bultzatzea gure kaleetan egunez egun, funtsezko sektore horretan zentratuz, merkataritza eta ostalaritzarenean. Negozio horietako profesionalak herritar guztiengana iristen dira beren jarduerarekin, eta pisu espezifiko handia dute hizkuntza-paisaian”, Iñaki Prusilla euskara-zinegotziak azaldu duenez. “Zerbitzu ona eskaintzea eta bezeroa ongi tratatzea funtsezko kontuak dira horrelako establezimenduetan, eta, horregatik, zerbitzu hobea emateko gehigarri bat da euskara haientzat”, nabarmendu du, bere aldetik, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Sektore horretan euskararen alde urratsak emateko lan egin duten, egiten duten eta egingo duten profesionalak goresteko ere baliatu nahi da kanpaina. Leloa mezu positibo bat da, ‘Gasteizen Bai merkataritzari, ostalaritzari, euskarari’.  Udalak orobat diseinatu du programa zabal bat —gasteizenbai.eus webgunean kontsulta daiteke—, zeinek hainbat ekitaldi biltzen baititu, hala nola argazki erraldoia, Kike Amonarrizen hitzaldi bat, kaleko antzerkia, parte hartzen duten establezimenduen goresmena, ipuin-kontalariak, eta grafitiak diseinatzeko jardunaldi bat.

Gainera, lehiaketa bat jarri da abian, instagramen bitartez, 50 euroko hainbat bono emateko saritan. Nahikoa da argazki bat egitea, ‘Bai’ keinua egiten, kanpainaren leloarekin, eta instagramera igotzea, #gasteizenbai etiketa jarrita.

Udalak aurkeztutako programazioaz gain, lurraldean zehar ere merkataritzak eta euskarak lotura izango dute. Igone Martínez de Lunak, Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak, azaldu duenez,www.euskaraba.eus webgunearen bitartez kanpaina eta programazioaren berri emango du Arabako Foru Aldundiak. Honen bidez lurraldeko Merkatari, ostalari eta nekazal ekoizle eta ardandegiei hainbat produktu, zerbitzu eta hizkuntza-aholkularitza eskaintzen zaizkie. Besteak beste, doako itzulpen zerbitzua eskaintzen da bezeroei zuzendutako mezuak euskaraz ere jarri ahal izateko, atean eta mahaietan jartzeko kartelak, ostalaritza, upategi eta turismo hiztegia, azoka hiztegia, Arabako produktuen fitxak, eta hainbat zerbitzu gehiago.

Programazioa eransten da

 

Share

Asteburuan, biñeta erraldoiek eta komikiak trukatzeko azokak kalera aterako dute Angulemarekiko senidetzearen ospakizuna

Gasteiz Angulemarekin senidetu izanaren 50. urteurrena oroitzeko antolatu diren jardueren barruan, larunbatean, otsailak 4, kalera eta gasteiztarrengana hurbilduko da ospakizuna. Aihotz plazan, 11:00etan hasita, komiki eta liburuen truke azoka egingo da, Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdiaren omenez, eta lau biñeta erraldoiz osatutako istorioa sortuko da.

“Senidetzearen ospakizunak alderdi ludiko, parte-hartzaile eta sortzailea izatea nahi dugu, kultura kutsua utziko duena. Horretarako, komikia protagonista duten bi jarduera antolatu ditugu Aihotz plazan, Angulemarekin dugun lotura handiena baita”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Biñeta erraldoiak

Aihotz plaza marrazketa lantegia bihurtuko da, senidetzearen 50. urteurrenari buruzko istorio bat sortzeko, lau biñeta erraldoi osatuz.

Alexandre Fernández ilustratzaile gasteiztarrak marraztuko ditu, zeina berriki Angulemako Komiki Jaialdian izan baita ikastetxeetako umeei eta Bande Desinée zentroaren instalazioetan ikastaroak ematen; Pili Aguado ilustratzaileak lagunduko dio. Lanean parte hartu nahi duten boluntarioek, helduek zein umeek, margotuko dituzte biñetak.

Biñetekin tamaina handiko kubo bat osatuko da, herritarren partaidetzaren eta Angulema hiriarekin 50 urtez izandako harremanen lekukotasun grafikoa, bai eta gurekin senidetutako hiriaren ezaugarrietako batena ere: komikia.

Komikiak/liburuak trukatzeko azoka

Aldi berean, komikiak eta liburuak trukatzeko -azoka txikia egingo da, Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdiaren omenez eta komikiak ikustarazi eta horien irakurketa sustatzeko. Ohikoa denez, antolatzaileak arduratuko dira komikiak eta liburuak sailkatzeaz, balioaren arabera (txikia, ertaina edo handia) kolore desberdineko eranskailua jarriz. Komikiak uzten dituztenek kolore bereko txartel bat jasoko dute trukerako, eta ikusteko moduan jarri beharko dute, liburua eskuratzeko interesa dutenekiko harremana errazteko.

Angulemarekiko senidetzearen berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko programak otsailaren erdialdean jarraituko du: ilustratzaileen truke-programaren barruan Camilo Vieco artista bisuala etorriko da Gasteizera.

Share

Araba ekinean programaren barruko Enpresa Feriak partaidetza errekorra lortu du, ikasleek landutako 36 ekimen aurkeztu baitira

 

 

 

  • Enpresen Feriak amaiera jarri dio Ikasenpresa hezkuntza-programari, zeinean lurralde osoko Lanbide Heziketako ikasleek hartu baitute parte
  • Hasieran, Araba ekinean-en lehen kantua aurkeztu da, Sophie artista arabarrak sortutakoa

Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusiorde Pilar García de Salazarrek, Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendari eta  BIC Arabako lehendakari Aitor Urzelaik Araba ekinean programaren barruko Enpresa Feria aurkeztu dute gaur. LHko ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan garatu dituzten enpresa-proiektuen erakusleihoa izatea da helburua.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan jarritako 36 erakustokietan aurkeztu dira enpresa-proiektu horiek. Azken urteetako partaidetza ugariena izan da, eta nabarmen gainditu du iazko kopurua, 9 proiektu aurkeztu baitziren. Herritarrek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte proposamenak, eta batzuetan, bai eta erosi ere.

Zehazki, ikastetxe hauetako ikasleen proiektuak jarri dira jendaurrean: Gamarrako ostalaritza eskola, Mendizabala, Egibide eta Instituto Ciudad Jardín.  Besteak beste, argizko apaingarriak, airearen analisia, kartoizko altzariak, patata zuritzeko elektrikoak, xaboi eta kosmetika ekologikoak, etxerako janari-zerbitzuak, lineako laguntza informatikoa edo IATaren aurreko ibilgailuen konponketa aurkeztu dituzte. Araba osoko Lanbide Heziketako ikasleen sormena islatzen dute lan horiek.

Izan ere, Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi  eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Logotipoetatik  edo marketin planetik hasita estrategiaraino garatzen dute ikasturtean zehar. Enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea da helburua, ikasleek ekiteko duten ahalmena sustatuz. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Enpresen Feriak garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere.

Araba ekinean-en lehen soinu banda

Bestetik, antolatzaileek —Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta  BIC Araba— Araba ekinean-en lehen soinu banda aurkezteko baliatu dute Enpresen Feria: Sophie artista arabarraren “Meteoritos” abestia. Hemendik aurrera aurtengo edizioaren barruko jarduera guztietan entzun ahalko da melodia hori. Egileak berak datorren astean EHUren Enpresa Fakultatean egitekoa den hitzaldi batean hartuko du parte; Gastheiz garagardoa eta Air Estudio enpresa aurkeztuko dira hitzaldian.

Urtarrilaren 25etik martxan da www.alavaemprende.com web-orria, eta bertan ikus daiteke programa osoa. Martxoaren 28an amaituko da aurtengo edizioa, azoka plaza batekin. Datorren astean, EHUren Arabako campuseko ekitaldiaz gain, BIC Araba antolatutako Startup Europe Week ekitaldia egingo da Europa jauregian, otsailaren 7an (asteartea). Dagoeneko 100 pertsona erregistratu dira ekitaldi horretan, eta besteak beste, “Cámbiame emprendedor” saioa aurkeztuko da, zeinean hiru entrenatzailek aholkularitza emango baitiete ekintzaile arabarrei.

Share