Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-02-08)

Gasteiz On outlet merkealdi feriaren XX. edizioa inauguratzea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Eusko Jaurlaritzako merkataritza zuzendari Juan Andrade; Enpleguaren Sustapen eta Merkataritza foru zuzendari Felipe Garcia; eta Gasteiz On elkarteko presidente Marta Bengoechea

Eguna. Asteazkena, otsailak 8

Ordua. 10:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia (Olarizu aretoa)

———————-

Prentsaurrekoa. ‘Etxe Berdeak’ programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; eta Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu

Eguna. Asteazkena, otsailak 8

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————-

Prentsaurrekoa. Auzoeszena programa eta kultur proiektuetarako diru laguntzen oinarriak aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Asteazkena, otsailak 8

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Urtaranen gobernua Gasteizen udalaren energia-merkaturatzailea sortzea aztertzen ari da

Gaur goizean Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak azaldu duenez, Urtaranen gobernua udalaren energia-merkaturatzailea sortzea aztertzen ari da. Energiaren Udal Agentzia une honetan lantzen ari den jarduera-ildo nagusietako bat da, eta Udalak energiagatik ordaintzen duen fakturan aurrezteko bide emango luke. Hartara, esparru lokaletik klima-aldaketaren kontrako borrokan pausoak ematen jarraituko luke. “Aukera hori sakon aztertu behar dugu, ezin dugulako galdu udal kudeaketa hobetzeko neurri egokia bada”, azaldu du Iñaki Prusillak.

 

Udal teknikariak Estatuko zenbait hiritan ezarri edo ezartzekotan diren ereduak aztertzen ari dira, hala nola Iruñea, Avilés, Zaragoza, Bartzelona eta Valentziakoak. Ondoren, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak laguntza teknikoa kontratatuko luke, merkaturatzailea sortzeak dituen abantailak eta desabantailak sakon azter ditzan, bai eta Udalarentzat izango lituzkeen inplikazioak ere. Bitartean, IGI Gasteizko Udalaren energia-kontsumo finkoen diagnostikoa egiten ari da, datu objektiboak lortzearren eta etorkizunean erabakiak hartzerakoan ahalik eta informazio gehien izatearren.

 

Share

Bihartik aurrera, TUVISAk zerbitzua indartuko du Deportivo Alavesek Mendizorrotzean jokatzen dituen partiden ostean

Linea periferikoak ohi baino bi autobus gehiago izango ditu bi noranzkoetan

Bihartik aurrera, TUVISAk zerbitzua indartuko du Deportivo Alavesek Gasteizen jokatzen dituen partiden ostean. Zehazki, bi autobus urbano gehiago jarriko dira 2. linea periferikoaren bi noranzkoetan Alavesek Mendizorrotzean jokatzen duenean. Bestetik, partida TUVISAren ohiko ordutegitik kanpo bukatzen denean ere, bihar, esaterako, udalaren garraio enpresak bi autobus jarriko ditu zaleentzat. Zelaia betetzea aurreikusiz gero, gainera, Udalak beste autobus bat jar lezake. Alavesen eta Baskoniaren partidak batera jokatzen ez direnean jarriko da zerbitzu hori.

“TUVISA gasteiztarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzen ahalegintzen da. Izan ere, gure eraginkortasunari esker, gero eta pertsona gehiagok aukeratzen du garraio publikoa hiritik mugitzeko, ibilgailu pribatuaren ordez. Beraz, neurri berri honek mugikortasun iraunkorrari mesede egiten diola uste dugu, ingurumenari dagokionez onura handia dakarrela, eta Mendizorrotzera Alaves animatzera doazen zaleentzat itzulera erosoagoa bihurtzen duela. Arrakastatsua izatea espero dugu”, azaldu du TUVISAko lehendakari Itziar Gonzalok.

Share

Principal Antzokiaren Ganbera Zikloaren VI. edizioa otsailaren 9an hasiko da.

 

 

 

 

 

 

 

 

20170207 dossier Ciclo de cámara

Urval Ensemblek emango dio hasiera zikloari, otsailean, eta Carlos Mena eta Susana García de Salazarrek itxiko, urrian.

Iaz bezala, Principal Antzokiko Ganbera Zikloaren VI. edizioak zazpi kontzertu izango ditu, otsailetik urrira bitartean. Lehenengoa otsailaren 9an izango da.

Gaur aurkeztu dute zikloa, prentsaurrekoan, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok, Jesús Guridi kontserbatorioko zuzendari Carlos A. Secok eta Laboral Kutxako komunikazioko lurralde arduradun Kepa Ortiz de Urbinak.

2012an sortutako proiektu hau Gasteizko Udalaren – Principal antzokiaren bitartez– eta Jesús Guridi kontserbatorioaren arteko lankidetzaren emaitza da. Dagoen musika eskaintzaren osagarria da, eta proposamen berriak eskaintzen ditu hiriko kultur ehuna aberastu dadin. Cantok adierazi duenez, “ziklo honek publiko berriak bultzatzeko ere balio du; musika proposamenak hurbiltzen zaizkie gazteei eta musikariei balioa emateko balio du, bai ibilbide profesionala garatu dutenei zein ikasketak bukatu berri dituztenei.

Hauxe izango da programa:

  • Otsailak 9: Urval Ensemble
  • Martxoak 9: Carlos Parra, biolina – Jon Bolois, pianoa
  • Apirilak 6: Dzast Ahotsak
  • Maiatzak 4: David Jarquin, tronpeta – Aitor Olea, organoa
  • Ekainak 15: Carmen Martínez Guerra, flauta – Unai Insausti Eguia, gitarra
  • Urriak 5: Dúo Cassadó
  • Urriak 19: Carlos Mena, kontratenorra – Susana García de Salazar, pianoa

 

Share

Herritarrentzako Eskolaren hurrengo saioa otsailaren 21ean izango da “Gatazkaren kudeaketa positiboa” lantzeko

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Leku kopurua mugatua da, 25 leku, eta izena eman beharra dago

Otsailaren 21ean HEI-Herritartasunerako Eskola Irekiaren saio berri izango da Simone de Beauvoir aretoan, “Gatazkaren kudeaketa positiboa” gaiaren inguruan. Lekuak mugatuak direnez izena eman beharra dago.

Ikastaroaren xedea taldeen mehatxu nagusiei (ezadostasun eta gaztazkei) aurre egiteko benetako gaitasunak lantzea eta horietan trabatzea da. Emozioek lantaldeetan duten eraginaren identifikazioa eta ekintzarako mugimendua ere landuko dira. Horretaz gain, norberaren sormena baliatzea medio, gatazka positiboki kudeatzen ikasten ahaleginduko da.

Metodologia erabat parte-hartzailea eta praktikoa da.  Parte hartzaileek bizi izan dituzten gatazka eta zailtasunen benetako egoerekin lan egitea proposatuko da. Talde dinamikak eta norberaren hausnarketa eta konpromisorako ariketak egingo dira, baita bizipen-ariketak ere, programaren kontzeptu eta gaitasunak sentikortasunez bizitzea ahalbidetzeko.

Ikastaroa herritar orori zuzenduta dago. Emma Ortiz Barredo coach eta psikologoak emango du, datorren otsailaren 21ean, 16:00etatik 20:00etara. 25 lagunentzako lekua dago eta izena eman behar da herritarrei laguntzeko bulegoetan, 010 telefonoan (945 161 100 Gasteiztik kanpo izanez gero) edo udalaren web orrian.

 

Share

Dibertsitate funtzionala, arrazakeria, indarkeria matxista, euskal gatazka eta bizikidetzan heztea izango dira gai nagusiak “Elkarrekin bizitzen ikasi” programan

 

 

 

 

 

 

 

 

Besteak beste, Santiago Alba Rico, Jon Mirena Landa, Bernardo Atxaga, Chelo Álvarez-Stehle, Lourdes Oñaderra eta Antonio Altarriba arituko dira Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuaren programazioan

Janeren ibilaldiak, Irantzu Lekueren parte hartzeko proposamenak eta Zanguango Teatro taldearen umorea izango ditugu berriro

Aste honetan hasiko da udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak antolatutako “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren denboraldi berria, zeinaren helburua baita “hirian elkartzeko eta elkarrekin bizitzeko guneak sortzea, herritarrak kritikoagoak eta konstruktiboagoak izan daitezen, hiriko kontuetan parte aktiboa hartzeko”, gogoratu du Nerea Melgosa zinegotziak. Herritarrei zabaldutako hainbat jarduera antolatuz, “elkarren artean trukatzeko eta ikasteko zein komunikatzeko guneak eraiki nahi dira, oraingo denboraz haratago doan bizikidetza-eredua eraikitzeko erronkari erantzun ahal izateko“, azpimarratu du zerbitzuaren ardura duen zinegotziak datozen hilabeteetarako programazioa aurkeztean, Juan Ibarrondorekin batera.

Dibertsitate funtzionala, arrazakeria, indarkeria matxista, euskal gatazka eta bizikidetzan heztea izango dira gai nagusiak “Elkarrekin bizitzen ikasi” programazio berrian. Hain zuzen ere, ostegunean, otsailak 9, ekingo dio jarduerari berriro, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendari Jon Mirena Landak emango duen “Arrazismoaren aurkako borroka penala” hitzaldiarekin. San Martineko udal bulegoen eraikineko ekitaldi aretoan izango da, 19:00etan, jende ororentzat.

Jon Mirena Landak modu ulergarrian eta teknizismorik gabe aztertuko du zein tresna penal dagoen arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko, tresna horiek egokiak eta eraginkorrak ote diren, eta horien benetako aplikazioa.  Halaber, EAEan eta Estatuan errealitate horren inguruko datuak zertan diren sakonduko du.

Hurrengo ostiralean, otsailak 17, “Arenas de silencio” metraje luzeko film dokumentala emango da, eta ondoren solasaldia izango da Chelo Álvarez-Stehle zuzendariarekin; sari asko jasotzen ari da nazioarteko zenbait zinemalditan, besteak beste, Malagan eta Malibun, eta Bartzelonako FADA 2017 Saria ere jaso du.  Artium museoaren entzunaretoan izango da, 19:00etan.

Zinemagilea Logroñokoa da, baina gaur egun Kalifornian bizi da, eta harreman estua dauka Euskadirekin. Filmean,  sexu trafikotik bizirik ateratako bi emakumeren eraldaketa dokumentatzen ari dela gertaera horrek inspiraturik, egileak ere bere bizitzan pairatutako sexu jazarpenaren inguruko isiltasuna urratu du. Filmaren ardatza emakumeen salerosketa da, eta bortizkeria matxistaren baitan kokatzen da gaia, gure gizarteko gaitz handienetakoa baita.

Irantzu Lekue arte plastikoak, bere aldetik, instalazio artistiko batean parte hartzera gonbidatuko ditu berriro gasteiztarrak: “Sentitu” izenburua du, eta dibertsitate funtzionala du gaitzat. Martxoaren 11n (larunbata) izango da, 11:00etatik 13:00etara. Horretarako hariz, globoz eta soinuz osatutako ibilbide batzuk sortuko ditu, eta bertara parte hartzeko asmoz hurbiltzen direnei horietan barrena ibiltzeko gonbitea egingo zaie, ikusmenik gabeko esperientzia batean sakontzeko, entzumenaren bidez, soinuaren dardara somatuz, eta ukimena eta usainaren bidezko pertzepzioaz.

Apirilean, RELATOS (KONTAKIZUNAK) izeneko hitzaldi-solasaldia izango da “Elkarrekin bizitzen ikasi”  programaren barruko jarduera nagusia: Bernardo Atxaga, Lourdes Oñaderrra eta Antonio Altarriba idazleek euskal gatazkaren inguruko oroimen ariketa egingo dute, adierazpen literarioaren ikuspuntutik. Hizlari bakoitzak, bere ikuspegi sortzaile, pertsonal eta politiko propiotik, euskal gatazkarekin nolabaiteko lotura duen pasarte bat irakurriko du, idatzi zen mementoaren testuinguruan kokatuko du, eta testua eragin zuten emozio eta motibazioen inguruan jardungo du.  Azkenik, publikoarekiko solasaldia egingo da.

Aurrekoan Janeren ibilaldiak Zabalgana auzoan izandako arrakastaren ondoren, maiatzaren 13an (larunbata) esperientzia errepikatuko da Errota Zaharra auzoan. Erdialdeko auzoa da, kultura askok osatua, eta elkartegintzan historia interesgarria izan duena. Janeren ibilaldien funtsa hirian zehar ibiltzea da, eta aldi berean begiratzea, hiriak eskaintzen digun errealitatetik ikasten saiatuz, gure inguruan zer dabilen ondo eta zer gaizki begiratuz.

Jane Jacobsek sutsuki defendatzen zuen auzoan bertan bizi direnak direla hobekien dakitenak auzoek nola funtzionatzen duten, zein diren hango arazoak, eta zein diren konponbiderik onenak. Aldabeko gizarte etxetik abiatuko da ibilaldia, eta 11:00etatik 13:00etara iraungo du.

Maiatzaren 27an  (larunbata) Irantzu Lekuek hirugarren arte-instalazioa aurkeztuko du: Eraiki. Bakearen eta giza eskubideen inguruko proposamen parte-hartzailea da, giza eskubideen mapa elkarrekin eraiki dezagun.

Ekainaren 2an (ostirala), Zanguango Teatro taldeak aniztasunaren alfonbra gorria zabalduko du Salburuan. Arabako hiriburuko erdialdean arrakasta handiz estreinatu zuten FLUX lana, zeinean egoera iragankorrak eta halabeharrezko ibiltariak irudikatzen baitituzte, gizakien arteko portaera eta harremanen inguruko gogoetak ahalbidetzen dizkiguten irudiak, jolasetik, umoretik eta absurdotik jorratuak.

Ekainaren 17an  (larunbata) Janeren ibilaldien beste saio bat egingo da, dibertsitate funtzionalaren alorreko elkarteen eskutik, aniztasun funtzionala duten pertsonek eguneroko bizitzan topatzen dituzten trabak egiaztatu ditzagun “elkarren menpeko ibilbidea” eginez. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, 11:00etan.

“Elkarrekin bizitzen ikasi” zikloa amaitzeko, Santiago Alba Rico filosofoak “Islamofobia. Gu geu, besteak, beldurra” hitzaldi-eztabaida gidatuko du. Santiago Alba Rico Espainiar Estatuko pentsalari handienetakotzat jotzen dute, mundu arabiar eta musulmaneko aditu jantzia, eta Tunezeko Unibertsitateko etika irakaslea. Bere jardunean islamofobiaren inguruko gogoeta egingo du, zenbait arlotan: politika, hedabideak, gizartea, kultura; publikoarekiko solasaldian partekatuko ditu bere hausnarketak.

 

 

 

 

 

Share

Gizarte Politiken Sailak prestazio ekonomikoen programa bat landu du, mendekotasun-arriskuan dauden adinekoentzat eta udal zerbitzuetan lekurik ez duten 1. graduko mendekoentzat

Ostatu eta eguneko arretako baliabide pribatuetako egonaldia ordaintzen lagunduko du

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak zerbitzuekin lotutako prestazio ekonomikoen programa bat landu du. Udalaren ostatu eta eguneko arretako zerbitzu batean sartzeko itxarote-zerrendan dauden pertsonei baliabide pribatu batean egonaldia ordaintzeko laguntzak dira.

“Udalaren eguneko arretako zerbitzuetan edo zainpeko apartamentu zein etxebizitza komunitarioetan leku bat lortzeko zain dauden pertsonek sare pribatura jotzerik izan dezaten nahi dugu, leku bat esleitzen zaien arte”, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

65 urtetik gorako pertsonek dute izaera finalista duten prestazio horiek jasotzeko eskubidea, betekizun hauek betetzen badituzte:

  1. Mendekotasun-arriskuan egotea edo I. graduko mendekotasuna aitortua izatea.
  2. Gasteizen erroldatuta egotea eta bertan benetan bizitzea prestazio ekonomikoa tramitatzen ari den unean.
  3. Banakako arretako programa izatea.
  4. Arabako Foru Aldundiak baimendutako eta Gasteizen kokatutako zerbitzu edo zentro batean lekua eskuragarri duela egiaztatzea.

Laguntzak egoera ekonomikoaren eta sartu nahi den baliabidearen araberakoak izango dira, eta gehienezko kopuruak 300 eurotik 805 eurorainokoak izan ahalko dira.

Eguneko arreta zerbitzuetarako —mendekotasun-arriskuan dauden eta 1. graduko mendekotasuna duten adinekoentzat— oinarrizko babes-mailak hilean gehienez 300 euroko prestazioa ezartzen du; babes-maila osagarriak, berriz, hilean gehienez 508 euroko prestazioa ezartzen du, baina maila horretaz baliatzeko mendekotasuna aitortzeko lehen eskabidea egin aurreko 3 urteetan segidan udalerrian erroldatuta egotea eta benetan bertan bizi izana eskatuko da.

Zainpeko apartamentu eta etxebizitza komunitarioetarako —1. graduko mendekotasuna duten adinekoentzat— oinarrizko babes-mailak hilean gehienez 426 euroko prestazioa ezartzen du, eta babes-maila osagarriak, 805 eurokoa.

Norbanakoek jaso dezaketen laguntza zehazteko, gehienezko zenbateko horiei portzentaje bat ezarriko zaie, eskatzailearen ahalmen ekonomikoaren araberakoa.

Salbuespenak

Salbuespenez, egoerak eskatzen duenean eta txosten teknikoek hala erabaki eta justifikatzen badute, aurreikusitako prestazioez gain zenbateko osagarriak eman ahalko dira. Esate baterako, etxebizitzak gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituenean.

Orobat, udal sarekoak ez diren arnasa hartzeko baliabideetan sartzeko prestazioa eman ahalko zaie “mendekotasuna duten adinekoak zaindu ohi dituzten pertsonei, baldin eta egun batzuk behar badituzte atseden hartzeko, etxebizitzan konponketak egiteko, edo ospitaleratu behar dituztelako, edo antzeko egoerei aurre egiteko“, azaldu du López de Munainek.  Prestazio ekonomiko hori gehienez 45 egunerako izango da.

 Laguntza horiek arloko batzordean aztertuko dira aurretik. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan tramitatuko dira, eta bertan emango da behar den informazioa. Eskabidea eta behar diren agiriak ere bertan jaso ahalko dira, eta ondoren Adinekoen Zerbitzura bidaliko, hark ebatz dezan.

Share