Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-02-10)

Prentsaurrekoa. ‘Escuadra hacia la muerte’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort; eta Unax Ugalde aktorea

Eguna. Ostirala, otsailak 10

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————

Atxikimendua, Erresilientzia eta Gurasotasun Positiboari buruzko II. Jardunaldiak aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 10

Ordua. 17:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia (Francisco de Vitoria aretoa)

Share

Enpresak Sendotzeko Programaren edizio berrian enpresa-kudeaketarako tresna erabilgarriei buruzko lau lantegi eskainiko dira

Martxoan Enpresak Sendotzeko Programaren edizio berria egingo da Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan, jarduera sendotzeko, hedatu eta merkatu berriak bilatzeko edo lehiakortasuna hobetzeko beharra duten enpresentzat. Enpresa-kudeaketarako arlo gakoei buruzko lau lantegi antolatu dira: estrategia, marketina, finantzak, eta antolakuntza eta pertsonak.

Prestakuntza zati batek (4 ordu) eta banakako aholkularitzak osatzen dute lantegi bakoitza. Hartara, parte hartzen duten enpresek merkatu-aukerak detektatu ahalko dituzte, hobekuntza-plana garatu eta kudeaketa-tresna egokiak erabili, aholkulari espezializatu baten laguntza pertsonalizatuarekin.

“Enpresa sortzen duten pertsonek gero eta prestakuntza handiagoa dute aurretik, baina prestakuntzarako laguntza behar izaten dute enpresa dagoeneko abian denean. Sortzen diren zalantzak arin konpondu ditzakegu oso alderdi zehatzei buruzko lantegien bidez, eta parte-hartzaileen beharrei  egokitzen zaien aholkularitzaren bidez. Horixe da Enpresak Sendotzeko Programaren helburua“, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Lehen lantegia estrategiari buruzkoa izango da, martxoaren 6an; antolakuntza alderdiak jorratuko dira, Canvas eredua, esaterako. Martxoaren 13an marketina landuko da: bezeroen analisia eta komunikazioa. Martxoaren 20an finantzen txanda izango da, kostuak hobeto interpretatzen, prezioak zehazten eta diruzaintza kontrolatzen laguntzeko. Martxoaren 27an, azkenik, antolakuntza eta pertsonei buruzko lantegia izango da, eta lidergoarekin eta plantillarekiko harremanekin lotutako alderdiak aztertuko dira, besteak beste.

Doan eman daiteke izena Enpresak Sendotzeko Programan, on-line. Lekuak mugatuta daude.

Informazio gehiago: Enpresak Sendotzeko Programa

Share

Edurne Herránen “Geroaldi perfektua” erakusketa, Montehermoson ikusgai apirilaren 9ra arte

Proiektu artistikoen 2016ko deialdiaren barruan denboraldi honetarako hautatutako hiru lanen arteko bigarrena da

Proiektu artistikoen 2016ko deialdiaren barruan denboraldi honetarako hautatutako hiru lanen arteko bigarrena, Edurne Herránen “Geroaldi perfektua” erakusketa, otsailaren 10etik apirilaren 9ra arte egongo da ikusgai, Montehermoson.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta egileak berak aurkeztu dute gaur prentsaren aurrean. Cantok esan duenez, proiektu artistikoen deialdiari “maitasun berezia diogu, tokiko artisten lanak ezagutarazteko balio baitu, proiektuen produkzioa eta zabalkundea bultzatuz”.

Bere proiektuan, Edurne Herránek identitatearen gaiari heldu dio, etengabe lantzen ari den prozesutzat hartuta, aurreko “ni-en” batuketa baita, hartzen dugun erabaki bakoitzak edo egiten dugun gauza bakoitzak etengabe eraldatzen duena. Azken bi urteetan, artistak bere identitatearen beste identitate paralelo batzuk eraiki ditu, eta benetan jarri ditu praktikan, bere estetika eta izaera eraldatuz gizartearen aurrean.

Geroaldi perfektua” erakusketarekin batera hiru jarduera osagarri antolatu dira. Lehena, bisita gidatua egilearekin, otsailaren 11n, 19etan. Bigarrena, “Mi otro yo: Dr. Lan eta Mr. Jai” lantegia, bisita gidatua eta erakusketa aretoan otsailaren 18an egitekoa den lantegia barne hartzen dituena.  Hirugarrena, “Irudizko bikiak” zinema-zikloa: egileak aukeratutako lau film emango dira, jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin, otsailaren 28tik martxoaren 28ra bitarteko astearteetan (martxoaren 14an izan ezik). Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

2017ko deialdia

Azkenik, zinegotziak proiektu artistikoen 2017ko deialdiaren berritasun bat aurreratu nahi izan du: “aukeratutako lanei laugarren bat gehituko zaie, berariaz ikus-entzunezko proiektu batekin zerikusia duena. Aukera hori aurrekontua izatearekin lotuta dago, jakina, eta zirriborroan apustu hori hartu dugu kontuan, deialdia handitzeko ez ezik, Montehermoson ikus-entzunezkoen alde egiteko ere”.

Dossier Futuro Perfecto

Share

Gasteiz prest da Saskibaloiko Errege Kopa hartzeko, turista zein gasteiztarrentzako ekintza bereziak antolatuta

Turismo Zerbitzuak irudi kanpaina berria ateratzeko, gidak banatzeko eta bisita zein ibilbide gidatuen eskaintza indartzeko baliatuko du zaleen etorrera

 Tuvisak zerbitzu bereziak eskainiko ditu, Europa jauregitik eta Bake kaletik aterata

 Europa jauregia izango da ekitaldiaren gune beroetako bat, bertan Fan Zone bat izango baita 

 Udalak 5 abonamendu bikoitz zozketatuko ditu bihar, gasteiztarrek Kopaz gozatzerik izan dezaten

Saskibaloiko Errege Kopa hartzeko bezperetan, Gasteiz prest da milaka bisitari erakarriko dituen ekitaldirako; Buesa Arena, Europa biltzar jauregia eta hiriko zenbait txoko zale, turista eta herritarrez gainezka izatea espero da.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Saileko zuzendari Juncal Ibeasek aurkeztu dituzte egun horietarako aurreikusitako ekintzak, eta Turismo Zerbitzuak hemendik aurrera promozio kanpainetan erabiliko duen irudi berria.

ACB, Eusko Jaurlaritza (Basquetour), Arabako Foru Aldundia, Baskonia eta Gasteizko Udala duela hilabete batzuk hasi ziren lanean Saskibaloiko Errege Koparen mailako ekitaldi bat hirian hartzeko. Horretarako, zenbait arlo hartu dira kontuan: FITUR azokako turismo promozioa, kirol espazioen prestakuntza,  taldeen beharrak, eta ekitaldiaren berri ematera etorriko diren hedabideenak. Taldeen milaka jarraitzailerentzako arreta ere oso kontuan izan da.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak koordinatu ditu Udalari dagozkion zereginak, udal barruko zerbitzuekin zein beste erakunde batzuekin. Gainera, saila hiriko merkataritza, ostalaritza eta turismo alorretako agenteekin koordinatu da, hain ekitaldi garrantzitsu batek ematen duen aukeraren aurrean indarrak batzeko.

Irudi berria

Estatuko hainbat lekutatik zale ugari etortzekoa dela baliatuz, Turismo Zerbitzuak irudi kanpaina berria zabalduko du euskarri desberdinetan, ACBren aldizkari ofizialean, besteak beste.

Un pequeño destino con propuestas gigantes/Sekulako proposamenak dituen helmuga txikia” lema du kanpainak eta Gulliverren bidaiak ditu ardatz.  “Hiria kontzeptualki txikia izan arren, jardueren agenda zabala eta nabarmengarria kudeatzen du, eta horrek inguruko beste helmuga batzuetatik bereizten du. Gure Erdi Aroko hirigune harrigarria, gure gastronomia, ingurune naturala eta berdeguneak, jaialdiak, jaiak eta kirol eta kultur ekitaldiak… horiek denek eskaintza indartsua osatzen dute, oso aproposa familientzat, edo ihesaldi erromantikoetarako eta, oro har, adin eta kezka desberdinetako bidaiarientzat”, azaldu du Nerea Melgosak.

Bisita gidatuen eskaintza handiagoa

Egun hauetarako arreta berezia prestatu da, eta Turismo Zerbitzuak eta hiriko gidari enpresek hainbat bisitaldi antolatu dituzte ohiko eskaintzaz gain: hiriko leku nabarmengarrienak ezagutzeko bisita gidatuak, “Janari kontuak” izeneko ibilbide gastronomiko gidatua, “Kondairazko Gasteiz” gaueko bisita, turismo iraunkorreko hiru ibilbide, muralen ibilbidea eta Montehermosoko bisita.

Errege Kopa bisita turistikoak

Gida eta liburuxka bereziak

Orobat, hiriari buruzko gidak eta liburuxkak argitaratu dira, turistei Euskadiko hiriburuko egonaldia errazteko. Gasteiz On-ek gastronomia, aisialdi eta erosketa eskaintza osoa biltzen duen liburuxka landu du. Turismo Bulegoan eta turismoari buruzko web-orrian banatuko da. Bestetik, Udalak eta Aldundiak “Territorio Basket” deritzon argitalpen berezia atera dute, Gasteiz  eta Araba ezagutzeko proposamenak eskaintzen dituena.

LIBURUXKA

Autobus linea bereziak

TUVISAk zerbitzu berezia eskainiko du Buesa Arenara joateko, bi linearen bidez: horietako bat Bake kaletik, Santiago ospitalearen aurretik, irtengo da, eta zuzenean joango da kiroldegiraino, geldialdi bakarra eginez, Legutianoko ateko 50.ean.

Bestea Gasteiz hiribidetik, Europa biltzar jauregiaren aurretik, irtengo da, eta zuzenean joango da kiroldegiraino; bereziki zale eremuari (Fan Zone) emango dio zerbitzu.

ERREGE KOPARAKO AURREIKUSI DIREN ZERBITZU BEREZIAK (2017ko otsailaren 16tik 19ra)

TUVISA-Errege Kopa

Fan zone, hirian

Zaleentzako eremua Kopako jarduera-programaren atal nagusietako bat da. Europa biltzar jauregia izango da egoitza, eta datorren astean aurkeztuko da programa osoa. ACBko 17 taldeek, babesleek eta erakundeek kirol eta aisialdi jarduera ugari eskainiko dute.

Jolas gunea

RENFErekiko hitzarmena deskontu-bonurako

Renferekiko lankidetzaren barruan, Turismo Zerbitzuak % 35eko deskontu-bonoa du edozein jatorritatik hirira trenez (garraio iraunkorra baita) datozen pertsonentzat. Web-orri honetan aurki daiteke informazioa
Abonamenduen zozketa

ACBren Kopa dela eta, Udalak 5 abonamendu bikoitz zozketatuko ditu bihar.

Izena emateko epea asteazkenean amaitu zen, eta 1.945 gasteiztarrek egin dute eskaera.

Bihar, ostirala, egingo da zozketa, 09:00etan. Udalaren web-orrian argitaratuko da irabazleen NAN zenbakia, eta Udaletik ostiralean bertan jarriko dira harremanetan haiekin.

Eskaintza osoa, turismoari buruzko web-orrian

Turismoari buruzko web-orrian jasotzen da informazio guztia, non egun hauetan Kopara bideratu baitira ahalegin guztiak, bai eta sare sozialetan ere, herritarrak web-orrian sartzera eta ACBren Koparen karietara hiria ezagutzera animatzearren.

Share

Luis Aranburu eskolak kudeaketa publiko aurreratuaren eredua ezarriko du

Jose Uruñuela kontserbatorioak, berriz, bi urtean behingo jaialdirako sarreren prezioa bere horretan uztea erabaki du

Gaur goizean, Luis Aranburu musika eskolako zein Jose Uruñuela dantza kontserbatorioko zuzendaritza-kontseiluek ohiko bilera egin dute, Estíbaliz Canto zinegotzia buru zela.

Musika eskolako zuzendaritza-kontseiluak langileentzako prestakuntza-prozesua onetsi du, kudeaketa publiko aurreratuaren ereduari atxikitzeari begira, Udala progresiboki ezartzen ari baita administrazioan.

Kudeaketa publiko aurreratuaren eredua ezartzearen helburu nagusia da herritarren behar eta itxaropenei erantzuten dieten zerbitzu publikoak eskaintzea eta gero eta kalitate handiagokoak izatea, horixe eskatzen baitute herritarrek.

Era berean, gizarteari balio erantsia ematen dion kudeaketa egitea eta arlo publikoaren kudeaketa gidatu behar duten printzipio etikoak eraginkortasunez betetzea lortu nahi du ereduak. Balio eta helburu horiek bat datoz eskolak jorratu nahi duen bidearekin.

Enpresa kudeaketaren arloko Soprecs aholkularitzaren laguntzarekin aholkularitza teknikoa eskainiko die langileei, aurrez aurreko saioetan ezagutza teorikoak jaso eta gero praktikan jarri ahal izateko.

Bestalde, zuzendaritza-kontseiluak erabaki du informazio eta kontrol agente baten lanaldia % 50etik % 75era handitzea, beraz, pertsona batek lanaldi osoa izango du, orain arte bezala, eta besteak lanaldiaren hiru laurden.

Martxoko jarduerak ere erabaki dira (prentsa-ohar honi erantsita doaz). Martxoaren 10etik 31ra arte hamalau entzunaldi egingo dira.

 

Dantza kontserbatorioa

Dantza kontserbatorioko kontseiluak erabaki du bi urtean behin Principal antzokian antolatzen duen jaialdirako sarreren prezioa bere horretan uztea. Ikastetxeko ikasle guztiek hartzen dute parte jaialdian, dantza aurreko mailatik hasita; aurten maiatzaren 28an (igandea) egingo dute, 18:00etan. Beraz, hauek izango dira prezioak: besaulkia, 10 euro; 1. anfiteatroa, 7 euro; 2. anfiteatroa, 4 euro.

Gainera, fisioterapia zerbitzua González de San Pedro, Pablo – Hara Centro de Masaje enpresari kontratatzea erabaki da, 3.390 euroan, hamar hilabetez (otsailetik ekainera eta irailetik 2018ko urtarrilaren 31ra arte).

Azkenik, martxoko jarduerak erabaki dira (prentsa-ohar honi erantsita doaz). Horien barruan sartzen dira otsailaren 14 eta 15eko kontzertu pedagogikoak, eta Dresden Frankfurt Dance Company-rekiko koprodukzioa Arriaga antzokian, otsailaren 25ean.

Share