Prentsa Oharren banner

Alkateak iragarri tranbia hegoalderantz luzatzeko lanak apirilean edo maiatzean lizitatuko direla

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri du litekeena dela tranbia hegoalderantz luzatzeko lanak apirilean edo maiatzean lizitatzea, beraz, tren azkarra agintaldi honen bukaeran edo hurrengoaren hasieran irits liteke unibertsitateetara. “Mugikortasun iraunkor eta osasungarriko eredu berria bultzatu nahi dugu, garraio publikoa sustatuz, bereziki elektrikoa. Hirian garraio-sistema eraginkorrak, publikoak, elektrikoak, emisio gutxikoak eta gure hiri-ereduarekiko koherenteak ezartzearen alde gaude. Esaterako, tranbia eta autobus azkarra”, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Joan den astelehenean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian tranbia hegoalderantz luzatzeko azterlanaren behin betiko onespena. Udalak laster jasoko du eraikuntza-proiektuaren komunikazio ofiziala, eta hilabete izango du erantzuteko. Nolanahi ere, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saila eta Eusko Trenbide Sarea koordinatuta aritu dira proiektua lantzen. Baliteke lanak apirilean edo maiatzean lizitatzea, eta lanak gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izanik, Gasteizek agintaldi honen bukaeran edo hurrengoaren hasieran izango luke hegoalderanzko tranbia. “Oso proiektu garrantzitsua da, egunero milaka pertsonari emango baitie zerbitzu, eta iparralde-hegoalde konexioa tranbiaren bidez osatzeko balioko baitu. Oso albiste ona da hiriarentzat”, nabarmendu du alkateak.

 

Ahobatekotasuna autobus azkarrarentzat

Gainera, alkateak oso positibotzat jo du autobus azkarraren proiektuaren berrazterketa, eta finantzaketa % 100ean publiko izatearen aldeko apustua argia. Gorka Urtaranek espero du proiektuan egindako aldaketek Udalean aurrera ateratzeko behar den adostasuna lortzea ahalbidetuko dutela. “Aldaketa horiei esker, zeuden zalantzak uxatuko ditugu. Uste dut, beraz, aurrerapauso garrantzitsua dela. Izan ere, proiektua berraztertuta adostasun handiagoa izango dugu, eta hurbilago egongo gara autobus azkarra gauzatzetik. Udalean ahobatekotasuna lortuko dugulako konfiantza dut edo, gutxienez, gehiengo handia, Gasteizen BRT ezarri ahal izateko. Azkenean alderdi guztiek proiektuarekin bat egitea espero dut”, esan du.

Share

AMVISAko lehendakari Jaione Aguirrek “oso positibotzat” jo du ur-konpainian lan-hitzarmen berria sinatzeko enpresa-batzordearekin lortutako akordioa

Oraingo hitzarmena duela hamar urte baino gehiago sinatu zen

 

AMVISAko kontseiluak udalaren ur-enpresaren hitzarmen kolektibo berria onetsi du gaur goizean, zeina 2019ko abenduaren 31ra arte egongo baita indarrean. “AMVISAko lehendakari naizen aldetik adierazi nahi dut oso positibotzat jotzen dudala enpresa-batzordearekin lortutako akordioa, hartara AMVISAko langileek lan-hitzarmen berria edukiko baitute. Izan ere, oraingo hitzarmena duela hamar urte baino gehiago sinatu zen. Berria zenbait hilabetez negoziatu ondoren lortutako akordio orekatu baten emaitza da, bi alderdien prestutasunari esker, eta hobekuntzak ekarriko dizkie udalaren ur-enpresako langileei”, azaldu du AMVISAko lehendakari Jaione Aguirrek.

Bi alderdien helburuetako bat hitzarmena eguneratzea zen. Eta horren bidez, AMVISAko baldintzak Gasteizko Udalean indarrean daudenekin berdintzea. Esaterako, lanaldiak, ordutegiak, malgutasuna, soldatak, egutegiak, baldintza sozialak, kontziliazio baldintzak eta beste.

 

Lanak Lakua-Arriagan

Orobat, AMVISAren kontseiluak Lakua-Arriagako eta Abetxukuko hornikuntza eta saneamenduko hodiak berritzeko lanak onetsi ditu, bai eta Gorbeiako presen  gainezkabideak eta Elorriagako saneamendu-sarea eraberritzeko lanak ere.

Lakua-Arriagari dagokionez, hornikuntza sarean 7.300 metro hodi (50 eta 400 milimetro artekoak) eraberritzeko lanen lehiaketarako baldintza-agiriak onetsi dira.  Abetxukun ere 1.250 diametroko 60 metro hodi berrituko dira, Gasteizko hornikuntza sare orokorrari dagozkionak. Saneamenduan, 2.135 metro hoditan tutu malgua instalatuko da. Lan horien aurrekontua 2.766.160,74 euro da, eta gauzatzeko epea, 14 hilabete.

Elorriagan, berriz, ponpatzeko instalazioa egingo da, bertako isurketak Salburuko saneamendu-sarera eramateko, eta sarea handituko da, isurketak hartu ahal izateko. Lanen aurrekontua 1,3 milioi da. Azkenik, Gorbeiako presen gainezkabideak eraberritu nahi dira, dauden isuriak gutxitzeko. Lan horien aurrekontua 400.000 euro da, eta gauzatzeko epea, 4 hilabete.

 

 

 

Share

Udalak Salburuko ikastetxe berria eraikitzea desblokeatzen zuen lizentzia eman du

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Urtaran alkateak gurasoen “pazientzia, inplikazioa eta konfiantza” eskertu ditu, eta aurreko agintalditik geldi zegoen proiektua aktibatzeko udal teknikariek egin duten lana

Hirigintza Sailak dagoeneko sinatu duen lizentziari esker, Eusko Jaurlaritzak Errekabarri ikastetxe berria eraiki ahalko du Salburuan, auzoko gurasoek eskatzen zuten bezala, aurreko agintalditik geldi baitzegoen. Hartara, Urtaranen gobernuak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe berria gauzatzeko falta zen azken urratsa desblokeatu du.

Iliada ibilbidearen eta Salburua bulebarraren arteko orube batean eraikiko da ikastetxea. Lursaila Salburua eta Zabalgana birpartzelatzeko proiektuarekin lotuta dago; proiektu konplexua da, hainbat agentek hartzen baitute esku, eta Udalak agintaldi honetan aktibatzea lortu du.  Hain zuzen ere, udal gobernuak hiriko bi alderdietako lursailen jabeekin lortutako akordioari esker desblokeatu zen iaz Salburuko ikastetxe berrirako lursaila erabili ahal izateko aukera, bai eta Zabalganean egitekoa den Aldaialde ikastetxea eraikitzeko beste bat.

Gorka Urtaran  alkateak oso positibotzat jo du“Udalak duela zenbait urte auzoan beren seme-alabentzako ikastetxea eskatzen zuten familiei erantzun ahal izatea. Gure esku zegoen guztia egin dugu, lehenengo birpartzelatzeko behar zen adostasuna landuz, gakoa baitzen prozesuan. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egin dugu prozesu osoa azkartzeko, legezko izapideek ahalbidetzen zuten neurrian. Oso albiste ona da hiriarentzat, eta Salburuko familientzat”.

Alkateak berariaz eskertu ditu “guraso elkarteak eta gurasoek prozesu osoan izandako konfiantza, inplikazioa eta pazientzia”; Udala une oro egon da haiekin harremanetan.

Lizentzia eskuratu ondoren, Eusko Jaurlaritzak proiektuaren lehiaketa-prozesuari ekin beharko dio orain; horrek 6-8 hilabete iraungo du, beraz, lanak urte bukaeran hasiko direla aurreikusten da. Lanak 2019ko lehen seihilekorako bukatzea espero denez, 2019-2020 ikasturterako ireki liteke ikastetxea.

 

 

 

Share

Inauterietako desfilea zuzenean ikusi ahalko da udalaren webgunean

Gaur bertan hasiko dira Inauteriak, Ostegun Gizena baita, eta bihar Inauterietako entzunaldi solidarioa egingo dute Udal Musika Eskolan

Larunbateko Inauterietako desfilea udalaren web-orrian emango da lehen aldiz, Kultura Sailak Baicast-ekin lortutako akordioari esker.

Komunikazio enpresak zuzenean emango du karrozen desfilea Bake kaletik, bi kamera jarriko baititu kalean bertan; gainera, kazetari bat kablerik gabeko kamerarekin ibiliko da karrozen barruan, jendearekin solasean.

Bost metroko garabi-kamera ere erabiliko dute, desfilearen ikuspegi osoa emateko. Telebista platotik beste kazetari batek gidatuko du saioa, konexioak koordinatuz eta elkarrizketak eginez.

Garbi dago Inauterietako desfilea urteko erronketako bat dela Kultura Sailarentzat, parte-hartzaile kopurua (ia 6.500) zein ikusle kopurua kontuan izanik. “Hori dela eta, ezin genuen udalaren web-orrian emateko aukera galdu, hurbiltzerik ez dutenentzat”.

Esteka honetatik ikusi ahalko da emanaldia

Gaur bertan hasiko da programazioa

Inauterietako programazioa gaur hasiko da, lurralde osoan antzinakoa den tradizio batez: Ostegun Gizenaren ospakizuna. 17:30ean hasiko da abesbatzen ibilbidea hiriko kaleetan barrena. Udal Folklore Akademiako abesbatzek, dantzariek eta musikariek hartuko dute parte, eta eskolania eta aurre-eskolania hauek: Veracruz, Samaniego, Marianistak eta Olabide.  19:30ean Espainia plazan elkartuko dira, zenbait kanta tradizional eta “Jueves de Lardero” abesteko. Amaieran txorizoz betetako ogiak banatuko dira.

Ostiralean, 19:15ean, Inauterietako entzunaldia egingo da Luis Aranburu Musika Eskolako entzunaretoan. Ekitaldi solidarioa denez, sarreran janariak bilduko dira. Prentsa-oharrari erantsita doa programa.  21:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan, Indarra kultur elkarteak “Indarteriak” ikuskizuna eszenaratuko du.  PROGRAMA-EGITARAUA

Share

Udalak zabaldu eta dibertsifikatu egin ditu enplegua bilatzeko orientazio eta gaitze ikastaroak

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak 2017ko Enplegua Bilatzeko Orientazio eta Gaitze Plan Integrala aurkeztu du. Aurten lan aktibazioko lantegi gehiago eskainiko dira, eta lantegi mota berriak, hala nola lantegi laburrak eta enplegua bilatzeko coaching saioak.

Plan integral honek lana bilatzerakoan banakako sostengu eta akonpainamendua eskainiko die langabe orori, haien adina edo prestakuntza edozein delarik, eta hori garrantzitsua da. Horretarako, profil profesional bakoitzaren indarguneak detektatzen dira, eta hori sustatzeko tresna egokienak baliatzen; ondoren, kasu bakoitzerako prestakuntza egokiena bilatzen da eta, azken batean, pertsona ahalduntzen da enplegua bilatzeko ibilbidean, askotan zaila baita”,  adierazi du Nerea Melgosak.

Enplegua Bilatzeko Orientazio eta Gaitze Plan Integrala eta Enplegurako prestakuntza eskaintza —joan den astean aurkeztutakoa— osagarriak dira, enplegu-eskatzaileei sostengua emateko lanaren zati bat prestakuntza baliabideetara —udalarenak izan ala ez— bideratzea baita, profil profesionala eguneratu edo hobetzearren.

Plan integralaren barruko alderdi nabarmengarrienetako bat lan aktibazioko lantegien eskaintza handitu izana da; martxotik abendura bitartean emango dira horiek. Zehazki, 9 saio izan beharrean hiru orduko 13 saio eskainiko dira, bakoitza enplegu bilaketarekin lotutako alderdi bati buruzkoa. Elkarren osagarri diren hiru saiotan, enplegua bilatzeko tresna berriak ezagutaraziko dira: Linkedin bezalako plataformetan oinarritutakoak, eta denbora kudeatzeko zein sormena baliatzeko baliabide informatikoak.

Horretaz gain, lan aktibazioko lantegietan hainbat gai landuko dira: lan-merkatu berriaren ezagutza, enplegua bilatzeko estrategia definitzea, enpresek gehien eskatutako trebetasunak, marka pertsonala eraikitzea, harreman sozialen garrantzia, enplegua bilatzeko web nagusiak, curriculumaren lanketa, hautaketa-elkarrizketa nola prestatu, hautagaitza defendatzean zein estrategia baliatu, eta lan bilaketa nola planifikatu.

Beste berritasun bat enplegua bilatzeko coachinga erabiltzea da. Lan merkatuan txertatzeko arazoak dituzten 45  urtetik gorako edo 30 urtetik beherako pertsonek coach profesionalek zuzendutako programa batean parte hartu ahalko dute, zeinean talde-dinamika eta banakako elkarrizketen bidez haien enplegagarritasuna erraztuko duten gaitasun pertsonalak identifikatu eta garatuko baitira. Lantegi horiek 23 ordu iraungo dute; goizez eskainiko dira, martxoan, ekainean, irailean, urrian eta azaroan.

Beste lantegi mota bat lantegi laburrak dira: hiru orduko saio batean enplegua bilatzeko tresna eta baliabide zehatzak emango dira. Hilero lantegi desberdinak eskainiko dira, lan orientazio eta gaitzearekin lotutako oinarrizko alderdiei buruz: curriculuma lantzea, ABLEetan izena ematea…

Hiru lantegi mota horietaz gain, orientazio taldeak banakako arreta eskaintzen die enplegu-eskatzaileei, lanpostuaren bilaketa eraginkorragoa izan dadin. Lanbideren zentro laguntzailea denez, lan-eskaera inskribatu eta eguneratzeko izapideak egin daitezke. Orientazio taldearengana jotzeko nahikoa da hitzordua eskatzea CETICen edo 945 16 12 24 telefonora deituz.

CETICeko Enplegu Zentroko instalazioetan, berriz, ordenagailu gela erabil daiteke internetez enplegua bilatzeko, langile adituen laguntzarekin.

Orientazio taldearen lanaren berme dira kopuru hauek: urtean 1.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete arreta, eta banakako 2.000 elkarrizketatik gora egiten dituzte. Orobat, zerbitzu horrek taldeentzako orientazio-lantegiak kudeatzen ditu, zeinetan 300 pertsonak baino gehiagok hartzen baitute parte urtean, eta Sailak berak egiten dituen enplegurako prestakuntza-programetan ere esku hartzen du.

Informazio gehiago: 2017ko Lan Orientazio eta Gaitze Plana

 

 

 

 

Share

Presazko deialdia (2017-02-23)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, otsailak 23

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share