Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-02-28)

Gaixotasun Arraroen Munduko Eguneko erakunde-adierazpena irakurtzea

Otsailaren 28a Gaixotasun Arraroen Munduko Eguna dela-eta, udal talde politikoek ‘Gaixotasun Arraroen Munduko Eguna’ erakunde-adierazpena irakurriko dute, Vitoria-Gasteizko Udalak bat egin baitu horrekin

Eguna. Asteartea, otsailak 28

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

—————————

Prentsaurrekoa. 2017ko Zineleku aurkeztea

Parte hartzaileak. Euskera, Kultura eta Kirol zinegotzi Igone Martínez de Luna; Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla; eta Zinelekuko zuzendari Garbiñe Ortega

Eguna. Asteartea, otsailak 28

Ordua. 12:00

Tokia. Foru Aldundiaren jauregiko prentsa aretoa

————————–

Prentsaurrekoa. ‘Saskiratu Esklerosi Anizkoitzagatik’ ekimenaren 12. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. AEMAR erakundeko presidente Gorka Villar; la Caixako gizarte-laneko ordezkari Amaia Ibeas eta Miguel Septién; 5+11 Fundazioko gerente Jesús Vázquez; Gizarte Zerbitzuetako foru diputatu Marian Olabarrieta; eta Bizkidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteartea, otsailak 28

Ordua. 12:30

Tokia. Foru Aldundiaren jauregiko prentsa aretoa

Share

Gizarte Politiken Sailak “Es-Kale-an” programa sortu du, kalean limosna eske ari diren pertsonen egoera ezagutu eta alternatiba bat eskaintzearren

Gizarte Inklusiorako udal Zerbitzuak “Es-Kale-an” programa sortu du, Gasteizen eta beste hiri askotan dugun errealitate bat aztertu eta bistaratzeko: kaleko eskaleak. Gizarte Politiken Sailak limosna eskatzen dutenen arrazoiak aztertu nahi ditu, eta haien egoera sozial eta ekonomikoa ezagutu.

Gasteizen egoera horretan daudenak 50 edo 60 pertsona inguru direla uste da, hau da, supermerkatu, parroki, merkataritza-gune eta abarren ateetan eskean aritzen diren helduak. “Badakigu gehienek ez dutela nahi dutelako egiten, bizitzeko premiak beteta ez dituztelako baizik; beraz, gure gizartean bada aldatu eta hobetu beharra duenik. Gu egiteko prest gaude; horregatik, haien egoera aztertu nahi dugu, eta kalearen ordezko alternatiba eskaini”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Horretarako, datozen hilabeteetan gizarte hezitzaile bat hiriko hamahiru zonatan ibiliko da pertsona horiekin hitz egin eta hainbat datu jasotzeko: nongoak diren, non bizi diren, haien lan egoera eta egoera ekonomikoa zein den, diru-sarrerarik edo laguntzarik duten, zenbat denbora daramaten eskea, beste norbaitekin ari diren, etab.

“Badakigu zaila izango dela informazio hori guztia biltzea, pertsona horiek batzuetan beldurra izaten baitute.  Zaila egiten zaie beren benetako egoera zein den azaltzea, eta askotan paperak behar bezala ez dituztelako isiltzen dira”, ohartarazi du Gizarte Politiken zinegotziak.

Datuak aztertu ondoren lortzen den argazkian oinarrituz, Gizarte Politiken Sailak ondorioak eta jarduteko proposamenak landuko ditu; lan hori uda aurretik burutzea espero dute. “Pertsona horiei kalearen ordezko alternatiba bat eskaini nahi diegu, udalaren gizarte baliabideak ezagutarazi, eta gizarteratzeko baliabide eta programetan integratu, egoera horretatik irteten laguntzeko”.

Bestetik, kalean eskatzen duten pertsonen sare antolatuak —halakorik bada— antzemateko eta desagerrarazten laguntzeko balioko du programak.

“Es-Kale-an” proiektua Hurbil taldeko kaleko hezitzaileen behaketa lanaz baliatuko da, eta parrokien, merkataritza-azaleren eta errealitate hori ezagutzen duten beste gizarte-eragile batzuen laguntza izango du —esaterako, hirugarren sektoreko elkarteena, zeinei asteazkenean aurkeztuko baitzaie proiektua—.

 

Share

Gizarte Kontseiluak kide berririk sartzen den aztertuko du bihar

Udalerriko Gizarte Kontseilua bihar, otsailak 28, bilduko da, 18:00etan, udaletxean, eta besteak beste, kide berririk sartzen den aztertuko du, esaterako, sindikoa edo Merkataritza eta Ostalaritza Mahaiko kide bat.

Gizarte Kontseiluak egindako irizpenari gobernu-taldeak emandako erantzuna ere aztertuko dute, eta Kontseiluak aurrekontuei buruzko eztabaidan egindako agerraldiaren berri emango da.

Era berean, gerora eman beharreko irizpenetan proposamenak lantzeko lan-talde bat sortzeaz hitz egingo dute.

 

Lakuako auzogunea, bi saiotan

Lakuako auzogunearen hurrengo bilera bi saiotan banatuko da: lehena ostegunean, martxoak 2, izango da, 18:30ean, auzoko gizarte etxean; bigarrena, hilaren 6an (astelehena), ordu eta leku beretan.

Lehenengo saioan EIRA proiektua eta nekazaritzako elikagaien estrategiaren plana aurkeztuko dira. Orobat, lantegi batek sortzen dituen usainak izango dira hizpide, eta SECOTen hitzaldiak aurkeztuko dira.

Hilaren 6ko saioan Telefónica inguruko aparkalekua eta AUOko pasabidearen egoera aztertuko dira.

Share