Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-07-06)

OUT OF THE LOOP erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; UPV-EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirika;  eta erakusketako komisarioak: Iker Fidalgo, Irati Irulegi eta Laura Díez

Eguna. Osteguna, uztailak 6

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea – Ortuño aretoa

———————-

Harrera ekitaldia ‘Oporrak bakean’ programa dela-eta udara Gasteizen pasatuko duten Saharako umeei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Arabako diputatu nagusiorde Pilar Garcia de Salazar

Eguna. Osteguna, uztailak 6

Ordua. 12:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

———————–

Hazia 23 proiektuaren diplomak banatzea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu

Eguna. Osteguna, uztailak 6

Ordua. 18:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Berrogeita hamar udaltzainek berdintasunari buruzko berariazko prestakuntza jasoko dute, jokabide homofoboei eta gorroto delituei aurre egiteko

2017an zehar, berrogeita hamar udaltzainek berdintasunari buruzko berariazko prestakuntza jasoko dute aurten, jokabide homofoboei eta gorroto delituekin lotutakoei era egokian aurre egiteko. Datorren astetik aurrera, udal agenteek eta buruek prestakuntza saioak jasoko dituzte Gasteizko Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren eta Emakunderen Gizonduz ekimenaren barruan.

Lehenengo ikastaroa uztailaren 11n hasiko da, eta 16 ordu iraungo du. Polizia buruei zuzendutako lantegi anti-sexista da, “gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruz dauden estereotipo negatiboak, topikoak eta zurrumurru faltsuak gezurtatzeko” helburuarekin. “Zurrumurru faltsuak geldiarazteko ezagutza-oinarri sendoa eman nahi die”, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok azaldu duenez.

Urrian, 8 orduko ikastaro bat emango da maskulinitateei eta arriskuei buruz, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak zergatik gertatzen diren ohartzeko eta ideia, pentsamendu, jarrera eta portaera ezegokien alternatibak proposatzeko.

Azaroan, azkenik, 8 orduko beste ikastaro bat emango da indarkeria matxistak eta horiek gizartean dituzten eraginak aztertu eta ezagutzeko. Indarkeriaren hainbat adierazpen aztertuko dira: emakumeen kontrakoa, homofobikoa, transfobikoa, indarkeria sinbolikoa… eta horiek legitimatzen eta errepikatzen dituen eraikuntza soziala azalduko da.

Udaltzaingoko 50 agente eta buruez gain, Su Itzaltze Zerbitzuko 38 langilek eta Mantentze Zerbitzuko beste 37k hartuko dute parte bigarren ikastaroan.

Azken bost urteetan Udaltzaingoko langileak izan dira berdintasunaren alorreko prestakuntza jaso duen talde bakarra Udalean. Guztira 239 agentek jaso dute prestakuntza: 195 gizonek eta 44 emakumek.

Share

Hiri adimentsuak aztertu eta ezagutarazteko “Mi ciudad inteligente” ekimena Gasteizera iritsi da

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak “Mi ciudad inteligente 2017” ekimenaren arduradunak hartu ditu gaur goizean; Espainiako Hiri Adimentsuen Sarearekiko lankidetzan garatutako programa da, hiri horiek zer diren eta zein lan-ildo jorratzen duten ezagutu eta jakinarazteko. Orotara estatuko 82 hiritara joango dira, % 100ean elektrikoa den ibilgailu bat baliatuz, 30.000 kilometro emisio kutsatzailerik sortu gabe egiteko asmoz. Valladoliden hasi zuten ibilbidea, eta Gasteiz bosgarren etapa da, Palentzia, Logroño eta Iruñetik igaro ondoren.

“Gasteizek urteak daramatza hiri adimentsuekin lotutako oro sustatzeko eta zabaltzeko plataformetan lanean, bereziki iraunkortasunaren arloan eta pertsonengandik hurbilen dauden teknologia berrien aplikazioan. Guretzat, hiri berde eta adimentsu baterantz aurrerapausoak ematea herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, enplegu aukerak handitzeko eta ingurumenarekiko begirunean gehiago inplikatzeko modua da”, adierazi du Nerea Melgosak.

“Mi ciudad inteligente 2017” ekimenaren arduradun Eduardo Bustillok, bestetik, beren helburuak azaldu ditu. “Hiri adimentsua da zientziak eskura jartzen dizkigun hobekuntza teknologikoak egunerokotasunean baliatzen dituena, herritarren bizitza errazteko. Proiektu honen helburuetako bat “smart city” kontzeptua herritarren artean zabaltzea da, hiri adimentsuak definitzen dituzten proiektu guztiak nabarmenduz: berrikuntza soziala, irisgarritasuna, mugikortasun iraunkorra, energia- eta ingurumen-eraginkortasuna, azpiegituren kudeaketa, etab. Hiri bakoitzean egiten ari dena mapan kokatzea, bai eta teknologiaren eta gizarte-digitalizazioaren arloko proiektu berriak ere”, adierazi du.

Gasteizen, “Mi ciudad inteligente 2017” ekimenaren arduradunek hiri adimentsuen lan-ildoetako batean Udala garatzen ari denaren bi adibide ezagutuko dituzte: energia-eraginkortasuna eta baliabideen aurrezpena. Zehazki, zuzenean ezagutuko dituzte Europa biltzar jauregia eraberritzean egindako hobekuntza guztiak, eta Koroatzearen auzoa eraberritu eta biziberritzeko SmartEnCity proiektua zein ureztatzeko Irrigestlife programa adimentsua aurkeztuko zaizkie.

Share

Aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietan ez da beirarik izango, baina bai musika gehiago Foru plazan, su artifizial eslovakiarrak, eta ikusle ororentzako 350 ekitaldi

 

2017ko Gasteizko Jaiak web orrian

Jaietako programa

Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi  Estíbaliz Cantok 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietako programazioa aurkeztu dute gaur: aurten ez da beirarik izango, baina bai kontzertu gehiago Foru plazan, eta su artifizialen erakustaldiak nazioartekotsuna berreskuratuko du.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu du jaiak hasteko 30 egun falta direlarik Udala prestaketak azkentzen ari dela, eta hasiera ofizialaren aurreko egunetan ekitaldi garrantzitsuak izango direla berriro.

Gainera, berritasun gisa, abuztuaren 4an eta 9an, hots, Zeledonen jaitsieran eta igoeran, Udalak ez du Andre Maria Zuriaren plazara beira sartzen utziko. “Segurtasunaren eta iraunkortasuna zaintzen duten alternatibak erabiltzearen aldeko apustua egin dugu, une hunkigarri horietaz berdin gozatzen jarraitu ahal izateko, baina beharrik gabeko arriskurik hartu gabe”, erantsi du.

2017ko Andre Maria Zuriaren jaietako sei egunetan jarduerak izango ditugu etenik gabe, abuztuaren 4an Zeledon Andre Maria Zuriaren plazara jaisten denetik 10eko gauean San Migeleko dorrera itzultzen den arte.

Orotara 350 ekintza antolatu dira, gehi jaien atariko jarduerak: uztailaren 30ean, Erraldoien eta Buruhandien konpartsaren mendeurrena ospatuko da, eta Euskal Herriko hainbat lekutatik berrogeita hamar erraldoi etorriko dira; abuztuaren 1etik 3ra arte, musika banden zikloa izango da, eta abuztuaren 2an,  Ainhoa Santamaría aktore gasteiztarrak —aurten antzerkiko Max saria irabazi du— ohiko pregoia emango du,  Gasteiz Big Bandak eta Sole Giménez kantariak lagunduta.

Abuztuaren 4tik aurrera, Gasteizko kaleek jai-programa zabal eta anitza hartuko dute, zeinean euskal taldeen aldeko apustua egiten jarraitzen baita, euskarari arreta berezia ematen, eta adin orotakoentzeko jarduera irisgarri eta iraunkorrak eskaintzen.

“Programak bertako taldeak babesten ditu, eta askotariko aukerak eskaintzen dizkie helduei zein umeei. Milaka pertsonek gozatuko dute jaiez, eta jende asko Gasteiz bisitatzera etorri eta hiria ezagutzeko aitzakia izango dira”, esan du Estíbaliz Cantok.

Espazio batzuetan, Aihotz plazan, esaterako, programazioa guztiz euskaraz izango da, eta Foru plazan bi euskal taldek joko dute: Zea Mais eta ETS. Agertoki horretan aurreko urteetan baino emanaldi bat gehiago entzun ahalko da, abuztuaren 9an MClan taldeak kontzertua emango baitu gaueko hamaiketan, gero Zeledonen igoerara joateko astia izateko. Leku berean izango da aurten irrika handienaz itxaroten den taldea,  Morat talde kolonbiarra, hain zuzen, hilaren 8an. Horietaz gain, La Raíz (abuztuaren 4an) eta El Drogas (abuztuaren 7an) arituko dira.

Aihotz plazak, berriz, euskal musikako izen handiak hartuko ditu, hala nola Mikel Urdangarín eta Maider Zabalegi, bai eta talde gailenak ere: Huntza gipuzkoarrak eta Hesian nafarrak.

Hilaren 5ean, Joaquín Sabinaren omenezko 500 Noches taldeak joko  du Probintzia plazan, eta katedraleko lorategietan Agustín Jiménez, Kike San Francisco eta Humberto gasteiztarraren umoreaz gozatu ahalko da, besteak beste.

2017ko Andre Maria Zuriaren jaiek dakarten beste berrikuntza bat da su artifizialen erakustaldiaren hamabosgarren edizioak nazioartekotasuna berreskuratuko duela, duela 5 urte galdu baitzuen. Izan ere, Pivatex Piro piroteknia eslovakiarrak hartuko du parte, Castellóko hiru enpresarekin batera.

Iradier Arenan jai-jarduera berriak antolatu dira, eta haurrentzako ikuskizunak Prado parkean zein Peñafloridako Kondearen plazan; orobat, Loma Jeneralaren plazan gastronomia eta artisautza azoka jarriko da, eta Santa Maria katedraleko ganbera kontzertuak ere ez dira faltako. Bestetik, Mendizabaleko feria-lekua uztailaren 20an irekiko da.

Horiei erlijio ekitaldi tradizionalak —Farolen prozesioa eta Egunsentiko Arrosarioa— gehitu behar zaizkie, bai eta Nesken eta Blusen Batzordeak eta Txosnen Batzordeak antolatutako egitaraua ere.

Gorka Urtaran alkateak dibertitzeko eta une oro errespetua eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna zaintzeko eskatu du. “Gizon eta emakumeen arteko harremanek errespetuan oinarritu behar dute, bereziki jaietan. Udalak ahaleginak egingo ditu gertaera ezatseginik eta indarkeriazkorik izan ez dadin, eta Berdintasun Zerbitzuak eraso sexisten aurreko protokoloa jarriko du abian”, azaldu du.

Era berean, Estíbaliz zinegotziak espero du jaietan “emakumeak iraindu edo haiei eraso egiten dien gertaerarik ez izatea. Gasteizek eredu eman behar du, eta ekintzekin erakutsi hemen bizitza errespetatzen dela, pertsonak errespetatzen direla eta emakumeak errespetatzen direla, nork bere burua errespetatzeko besteak errespetatu behar baititu lehenengo”.

 

 

 

 

Share

Udalak eta Aldundiak 5.730 metro landa-bide hobetuko dituzte Ariniz, Eztarroa, Foronda, Legarda, Martioda eta Zuhatzun

Datozen hilabeteetan, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak udalerriko zenbait landa-bide mantendu, egokitu eta hobetzeko lanak egingo dituzte elkarrekin. Lanetarako aurrekontua 200.000 euro da, aipatutako bi erakundeek eta administrazio batzarrek jarriko dutena; zehazki, Ariniz, Eztarroa, Foronda, Legarda, Martioda eta Zuhatzun egingo dira lanak. Lanak gauzatzeko epea hiru hilabetekoa da.

Lursail-zatiketako bideen sarea onik zaintzea funtsezkoa da Udalaren Nekazaritza Eremuaren Zerbitzurako, bide horiek nekazaritzarako garrantzia izateaz gain, aisialdirako eta kirolerako erabiltzen baitira“, nabarmendu du Udaleko nekazaritza-eremuko zinegotzi Iñaki Prusillak. Nekazaritzako foru diputatu Eduardo Aguinacok azaldu duenez, “landa-bideen sare egokiak nekazarien lana errazten du, eta lursailetara makineria modernoena sartzea ahalbidetzen”.

Gasteizko udalerri osoan 250 kilometro landa-bide dago. Oraingoan, orotara 5.730 metrotan egingo dira lanak. Araba osoan, berriz, 3.250 kilometro landa-bide dago, eta horrek argi adierazten du zenbateko garrantzia eta pisua duen nekazaritza eremuak lurraldean. Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenean kontzejuek eta ACOVIk ere hartzen dute parte, eta erakundeen arteko koordinazioaren adibidea da.

Erakunde horietako zerbitzu teknikoek landu dute lehentasunezko ekintzen plana, ACOVI-Gasteizko Kontzeju Elkartearen laguntzarekin. Geroko lehentasunak ere zehaztu dira, bai eta hurrengo urteetarako etapak ere. Lanek gutxienez 60 nekazariren jarduna erraztuko dute. Zehazki, lan hauek egingo dira: ezpondak garbitu eta profilatzea, bideak egokitu eta materiala gehitzea, ubide berriak eraikitzea urek jarraitutasuna izan dezaten, eta asfaltatze lan puntualak Eztarroatik Mendozara eta Lopidatik Eztarroara doazen bideetan.

 

Share

Uztailaren 9an, Turismo Bulegoak Goiuri jauregian emango ditu bere zerbitzuak

Jendaurreko ordutegia hau izango da: 10:00etatik 20:00etara.

Datorren igandean, uztailak 9, Turismo Bulegoak Goiuri jauregian emango ditu informazio eta erreserba zerbitzuak. Jendaurreko ordutegia hau izango da: 10:00etatik 20:00etara.

Izan ere, igandean Gasteizko Triatloiaren antolatzaileek Plaza Berria erabili behar dute bertan landa-ospitalea jartzeko.

Share