Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2017-07-27)

– Zeledon, Zeledon Txiki eta Neska Txikiren irudiak ikusgai jartzea kazetari grafikoentzat

Eguna: uztailak 27, osteguna.

Ordua: 10.00etatik 14.00etara.

Lekua: Goiuri jauregia.

—————————————————————

– Adinekoentzako zentro soziokulturaletako jardueren egitaraua aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Peio López de Munain, Gizarte Politiken zinegotzia.

Eguna: uztailak 27, osteguna
Ordua: 11.00
Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

—————————————————————————

– XTUMIRADA erakusketa aurkeztu eta inauguratzea

Parte-hartzaileak: Maria Antonia Abadanes, Correos-eko Nazioarteko Harremanetarako zuzendaria; Peio López de Munain, Gasteizko Udaleko lehen alkateordea; Marian Olabarrieta, Gizarte Zerbitzuetako foru diputatua; Emilio Sola, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria; Iosu Izuskitza, Down Araba-Isabel Orbe elkarteko lehendakaria, eta Aitor Cuesta, Down sindromea duen gaztea.

Eguna: uztailak 27, osteguna.

Ordua: 12.30.

Lekua: Posta bulego nagusia (Urrezko Zeledonen plaza)

Share

Andre Maria Zuriaren jaietako aisialdi eta jai guneetan modu sanoan ligatzea sustatzen duen komiki baten 5.000 ale banatuko ditu Udalak

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak, Berdintasun Zerbitzuarekiko lankidetzan, ‘Y tú, ¿cómo te lo montas? – Eta zu, nola moldatzen zara?’ komikia argitaratu du, Andre Maria Zuriaren jaietako aisialdi eta jai guneetan modu sanoan ligatzea sustatzeko asmoz. Jaietan girotutako sei eszena agertzen dira komikian, nola ez den jokatu behar eta jokabide egokiak zein diren azaltzeko. Biñetetan bi ikuspuntuak kontrajartzen dira. “Era grafikoan islatu nahi izan ditugu onartu behar ez ditugun egoerak, eta Gasteizko gazteei adierazi Andre Maria Zuriaren jaietan dibertitu, ondo pasatu eta ligatu ahal dutela, baina inori errespetua galdu gabe, eta emakumeen, gizonen eta LGTBI kolektiboko kideen eskubideak beti errespetatu behar direla kontuan hartuz”, azaldu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak.

Komikia euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da, eta ‘Zure esku ere badago-también está en tu mano’ (www.vitoria-gasteiz.org/entumano) bildumako 9.a da. Horren bidez, Gazteria Zerbitzuak hainbat gai landu ditu 2014az geroztik: harreman erotiko konpartituak eta emakumeen plazera; edertasun ereduak eta norberaren gorputzaren onarpena; bitarteko birtualetan hartu beharreko oinarrizko babes neurriak; bikote idealaren osagaiak; inguruan dauden baliabideak eta lehen harreman sexualak ahalik eta positiboenak izan daitezen laguntzen duten faktoreak; elkarrekin komunikatzeko hainbat modu; aurreiritziak alde batean, aniztasunak dakarren aberastasuna bestean, eta maskulinitate-ereduak, jazarpena sexu edo generoagatik. Komikiak Gasteizen girotuta daude, hainbat gai jorratzen dituzte eta amaiera irekia uzten dute, “pentsamendu kritikoa eta hausnarketa sustatzeko” galderak eginez, azaldu du Iñaki Prusillak.

Argitalpena Interneten eskuratu daiteke, eta Whatsappez partekatzeko aukera ere izango da. Berritasun gisa, papereko edizioa ere argitaratu da, Andre Maria Zuriaren jaietan Gasteizko aisialdi eta jai guneetan banatzeko. Zehazki, 5.000 ale banatuko dira doan. Aurreko zortzi komikiak formatu elektronikoan baino ez ziren argitaratu, ikasgelan edo aisialdian gazteekin lantzeko gida didaktiko batez lagunduta.

Udalaren webgunean deskargatu daitezke guztiak. Whatsapperako bertsioa planjoven@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoan eskatu daiteke. Hurrengo ikasturtean Udalak komiki eta egoera gehiago landuko ditu, Gasteizko gazteen artean sexualitate-bizipen osasuntsua, askea, begirunetsua eta arduratsua lantzeko xedez.

Comic zure esku dago-

Share

Udalak eta Aldundiak indarrak bildu dituzte Gasteizko eta Arabako erakarmenen zabalkundea egiteko Tenerifen

Tenerifeko Kabildoarekin turismoa sustatzeko akordio baten bidez

Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hiriburuaren eta Tenerifeko lurraldearen erakarmenen zabalkundea egingo dute, tenerifetarrek eta uhartean bizi diren atzerritarrek aireko konexioa erabil dezaten bi helmugen artean, Araba ezagutu eta Arabaz gozatzeko. Ekintza hori kokatzen da bi erakundeen eta Tenerifeko Kabildoaren arteko turismo sustapen gurutzatuko akordio baten baitan.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatu Cristina Gonzalezek, Enplegu eta Ekonomia Garapen Jasangarriaren zinegotzi Nerea Melgosak eta Tenerifeko Kabildoko Turismo, Nazioartekotze eta Kanpo Harremanetako kontseilari Alberto Bernabek gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan erabaki hori, eta adierazi dute euren arteko lankidetza “indartu” nahi dutela, turismoaren sektorea bultzatzeko.

Erabakiaren abiapuntua da publizitate guneak trukatzea, eta horrez gain, Gasteiz eta Araba sustatzeko bideoak jarriko dira Tenerifeko Kabildoak antolaturiko ekitaldietan, eta alderantziz. Halaber, Tenerifeko kazetariek hiriburua eta lurraldea bisitatuko dute, ondoren erakusteko haien turismo baliabide nagusiak uhartean, haien komunikabideen bitartez.

“Gure xedea da tenerifetarrek eta urtearen zatirik handienean uhartean bizi diren eta Espainiatik eta Europatik zehar bidaiatzen diren atzerritarrek –Tenerifen 17.000 alemaniar eta 15.000 britainiar bizi dira– Arabako erakarmen turistikoak ezagutu ditzatela; baita hango ondarea, natura, gastronomia eta abar ere. Eta, jakina, animatu daitezela haiek in situ ezagutu eta haietaz gozatzera”, azaldu du Cristina Gonzalezek.

Helmuga osagarriak

Foru diputatuak esan duenez bi helmugak “bikain osatu eta konbinatzen dira”, eta azpimarratu du ezen, haien artean dagoen distantzia geografikoa gorabehera, “oso hurbil” daudela elkarrengandik joan den martxoaz gero, Gasteiz eta hegoaldeko Tenerifeko aireportuen artean airetik dagoen zuzeneko konexioari esker. Halaber, eskerrak eman nahi izan dizkio Tenerifeko Kabildoari, “lankidetza hau gauzatzeko” izan duen prestasunagatik eta egin duen lanagatik.

Aldundiak, Udalak eta Kabildoak gaur goizean bilera bat izan dute aldundiaren jauregian, aurreikusitako ekintzaren nondik norakoak aztertzeko, eta ikusteko ea aukerarik dagoen besteren bat egiteko etorkizunean. Besteak beste, urtea bukatu baino lehen, foru aldundiaren eta Gasteizko Udalaren ordezkaritza bat joango da bisitan Tenerifera, Arabako erakarmen eta baliabideak aurkezteko toki eragile turistikoei.

Nerea Melgosa zinegotziak adierazi duenez, lan hori “indartu” egingo da, gainera, datozen hilabeteetan, aldundiaren eta udalaren baterako proiektu batekin, berariaz iristeko urtearen zatirik handienean Tenerifen bizi diren alemaniar eta britainiarren kolonietara. “Kolonia horiek erosteko ahalmen handia izateaz gain, aisialdiaz gozatzeko eta bidaiatzeko aukera handiak dauzkate; baita beren foroak eta komunikabideak ere” esan du.

Bestalde, Tenerifeko kontseilari Alberto Bernabek nabarmendu duenez, “arabarrek eta euskaldunek, oro har, aukera izango dute uhartea ezagutzeko ibilbide berri honen bidez”. Kontseilariak erantsi duenez “Tenerife lehen mailako helmuga bat da, non udaberriko klima baitago urteko 365 egunetan, bai eta aukera asko jarduerak egiteko itsasoan, munduko onenetariko aisialdi parkeak eta Europa osoko onenetariko lau eta bost izarretako hotelak ere. Horrek guztiak eta beste gauza askok helmuga ezin hobe bihurtzen dute oporretarako”.

 

 

Share

Magialdiak berriro ere Magiaren Europar Hiriburua bihurtuko du Gasteiz, XXIX. edizioan

Irailaren 10etik 17ra, programazioko 80 ordutik gora, 75 ikuskizun, 25 agertoki, eta 12 herrialdetatik etorritako 35 artista izango dira

Gasteizko Magialdiaren XXIX. edizioak asmo handiko programa eskainiko du irailaren 10etik 17ra. Programazioak irauten duen hamazortzi egunetan ohiko jarduerak eskainiko dira, eta 12 herrialdetatik etorritako 35 artista baino gehiago bilduko dira:  Korea, Frantzia, Suitza, AEB, Italia, Errusia, Argentina, Finlandia, Venezuela, Panama, Portugal eta Espainia. Orotara 25 agertoki, 75 ikuskizun eta 80 ordutik  gora. 20.000 ikusle inguruk gozatu ahalko dute magiaz Gasteizen.

Horretaz gain,  350 mago profesional eta amateurrek baino gehiagok Europa biltzar etxeko lan jardunaldi espezializatuetan hartuko dute parte, haientzat ekitaldi esklusiboak antolatzen baitira, magiari buruzko liburuen aurkezpenak, besteak beste. Orobat, mago onenetako batzuek azken ekoizpenak aurkeztuko dizkiete beren kideei.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok eta Magialdiaren lehendakari  José Ángel Suarezek aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Programaren baitan badira nazioarteko galak, eta une honetako saiorik onenak ikusteko aukera izango da Principal antzokian eta Europa biltzar etxean. Erdialdeko zortzi erakusleihotan zein Espainia plazan ere ikusi ahalko dira magia emanaldiak, bai eta ikastetxeetan, Txagorritxu ospitalean, Dendaraban eta  tranbia geltokietan ere.

Beste edizio batzuetan bezala, Magialdiak abangoardiako ikuskizunak aurkeztearen aldeko apustua egin du, kalitate handikoak eta gure hirian inoiz ikusi gabeak; horietako batzuk Espainian lehenengo aldiz ikusiko dira, eta batzuk beren herrialdetik ateratzen diren lehenengo aldia da.

2011n sortutako magia ibilaldiek, berriz, magia hurbiletik ikusteko aukera ematen dute, kamerarik gabe eta oso jende gutxirekin. Ohiko bihurtu diren agertokietan izango dira: Sokaren Etxea, Bibat museoa, Montehermoso eta Santa Maria Katedrala fundazioa.

Duela urte batzuk, bestalde, Magialdia gala solidario bat antolatzen hasi zen. Aurten Nahia García Gerbolés  8 urteko ume gasteiztarraren alde izango da, hitz egitea eragozten dion sindrome epileptikoa  baitu.

Gala Vital Kutxa Fundazioaren aretoan egingo da, Dendaraba merkataritza gunean, irailaren 16an (larunbata);  Mag Marín mago kataluniarrak “Artimaña” ikuskizuna eskainiko du. Sarreren salmentatik lortutako diru guztia aipatutako helburura bideratuko da.

Ignacio Aldecoa kultura etxean ere izango da Magialdiaren barruko ikuskizunik.

Bestetik, irailaren 9an (larunbata) familia osoarentzako magia ikuskizuna izango da Uraren Ezkutuko Lorategian.

Fournier Karta Museoan, magia ibilbide eta lantegiez gain, mago eta prestidigitadoreei buruzko XVIII. mendetik XX. mendera arteko jatorrizko ilustrazioen erakusketa antolatu da. Erakusketako lanen jabe Camilo Vázquez magoak hitzaldia emango du horren osagarri.

Museoko patioan ere kaleko ikuskizunak eskainiko dira.

2013an, orobat, “OFF FESTIBAL” formatua sortu zen, eta aurten ere mantenduko da, arrakastatsua baita. Hiriko ostalaritza establezimenduetan egiten dira magia ikuskizunak, agertokirik gabe, bezeroen ondo-ondoan.

Beste jarduera batzuk ere izango dira:

  • Umeentzako magia lantegiak, euskaraz, BIBAT museoan.
  • “Asma ezazu karta bat”: umeek beren kartak marraztu ahalko dituzte, BIBAT museoan.
  • Ikasleentzako magia, Lakuako gizarte etxeko Federico García Lorca antzokian.

IGIrekiko lankidetzan birziklatze eta ekologiari buruzko magia emanaldia antolatu da Atarian: Ekomagia.

Azpimarratu beharra dago aurtengo edizioan euskarak izango duen presentzia. Izan ere, lau jarduera egingo dira euskaraz:

  • magia lantegiak,
  • Uraren Ezkutuko Lorategiko familientzako gala,
  • ikasleentzako magia, eta Asier Kidam mago gasteiztarraren ikuskizuna.
Share