Prentsa Oharren banner

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen araudia aztertzeko ardura duen Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren lantaldean egongo da Udala

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak sortu duen lantaldean parte hartuko du Gasteizko Udalak, eta han izango dira baita Madril eta Bartzelona bezalako beste udal batzuk ere, eta guztiek aztertuko dute mugikortasun pertsonaleko ibilgailu izenekoek agertzen dituzten arazoak: patinete elektrikoak, segway, motor elektrikoa duten aulkiak, etab.

Gaur egun ez dago araudi berezirik halako ibilgailu elektrikoetarako, horiek ezin baitira oinezko gisa sailkatu, ezta ibilgailu motordun gisa ere. Orain arte ez dute bide publikoan espazio propiorik izan, eta hiriko espazioa gainerako erabiltzaileekin partekatzen dute, eta horrek arrisku egoerak sor ditzake, beraz, aztertu beharra daukagu”, Carlos Zapatero Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azaldu duenez.

Halako egoera zehaztugabearen aurrean, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak lantaldea osatzeko deialdia egin du, eta irailaren 7an izango dute lehen bilera, bertan Zapatero izango dela. “Hasierako urrats garrantzitsua izango da araudi juridikoa lantzeko eta beharrezko diren beste beste alderdi teknikoak aztertzeko, gure hirietan halako ibilgailuen zirkulazioa kontrolatzen laguntzeko.

Lehenengo bilera horretan Bartzelonak alor horretan duen esperientzia ezagutu ahal izango da. Izan ere, Kataluniako hiriburuak araudi aitzindari batekin ekin dio ibilgailu berri horien ordenamenduari, zirkulazioaren baldintza eta arloak zehazteko, eta hori guztia espazio publikoan elkarbizitza arazoak konpondu ahal izateko eta mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzeko.

Share

Erakunde adierazpena El Salvadorren, hainbat kasutan -neskatila eta emakumeen bortxaketa, amaren bizitza edo osasunaren arriskua eta umekiak umetokitik kanpo bizi ezina- abortua zigorgabetzearen alde

Munduan bost herrialdek zigortzen dute abortua edozein kasutan; horietako bat da El Salvador. Nazioarteko hainbat erakundek legedia aldatzeko eskaerak egin dizkiote Salvadorreko estatuari, artara emakumeen eskubideak bermatu daitezen, lurralde bezala berretsi dituen nazioarteko beste zenbait erabakitan onartu duen bezala. Eskaera horietako adibide dira Nazio Batuen Erakundeak 2015eko urtarrilaren 29an eta Emakumeen aurkako bazterkeria mota guztiak deuseztatzeko Nazio Batuen komiteak (CEDAW, ingelesez) 2017ko otsailean egindakoa, zeinek berriz eskatu baitzion Genevan El Salvadorreko estatuari.

 

Nabarmentzekoa da zein testuingurutan gertatzen den edozein kasutan abortatzeagatiko zigorra: 2015eko haurdunaldien % 30 hamar eta hemeretzi urte bitarteko neskatila eta nerabeena izan zen, eta horietatik 1.444 haurdunaldi 10 eta 14 urte bitarteko neskatilena. Era berean, Polizia Nazional Zibilak sexu indarkeriako bost kasu erregistratu zituen, batez beste, eta horietako % 80 senideek edo ezagunek bortxatutako neska eta nerabeen kasuak dira. MINSAL-Osasun Ministerioak adierazten duenez, suizidioa da neskatila eta nerabeen heriotzaren bigarren eragilea, eta 2011ko azterlan baten arabera, bere buruaz beste egindako neskatilen erdia haurdun zegoen.

 

El Salvadorren haurdunaldiaren borondatezko etetea salbuespenik gabe zigortzeak dakarren beste ondorioetako bat ehunka emakume auzipetzea da. Hala erakusten du “DEL HOSPITAL A LA CÁRCEL Consecuencias para las mujeres por la penalización sin excepciones, de la interrupción del embarazo en El Salvador”, azterketak. Horren arabera, 2000-2014 aldian, 147 emakume auzipetu zituzten abortatzeagatik edo hilketa larriagatik (azken hau baldin eta umekia haurdunaldiaren azken hilabeteetan hil bazuten). Egun, 24 emakume daude arrazoi horregatik kartzelan, 30 urtera bitarteko zigorrekin.

 

Bestetik, egungo legearen pean, osasunaren arloko profesionalek kartzelara joateko arriskua dute bere jarduna esperientzia eta ezagutza zientifiko eguneratuen haritik zehatz betez gero, ez dutelako kasu eta egoera bakoitza kontuan izanda irizpen medikuaren aldetik neurri egokiena hartzerik.

 

2016ko urriaren 11n, diputatu talde batek Zigor Kodeko 133 artikulua aldatzeko proposamena aurkeztu zuten batzar legegilean, hainbat kasutan haurdunaldia eteteko baimena izatea xede: neskatila eta emakumeen bortxaketa bada, amaren bizitza edo osasuna arriskuan bada, eta umekiak umetokitik kanpo bizitzerik ez badu.

 

Arestian aipatutako erakundeak bat gatoz legea aldatu eta El Salvadorren eztabaidatzen ari diren lau kasuetan abortua zigorgabetzeko proposamen horrekin. Horretaz gain, honako konpromisoak hartzen ditugu “Alianza por la salud y la vida de las mujeres” – emakumeen osasunaren eta bizitzaren aldeko aliantzarekin: batetik, nazioartekotzea emakumeek haurdunaldiaren ezohiko etetea gertatzen denean –bortxaketa, amaren bizitza edo osasunarentzako arriskua edo umekiak bizitzea eragotziko dioten malformazioak tarteko– El Salvadorren pairatzen duten babes-gabezia; bestetik, lau osasun arrazoi horietan oinarrituta, legearen aldaketa babesten duten euskal erakunde eta instituzioen laguntzak lortzea.

 

 

Gai honen inguruan alderdi etiko, moral eta erlijiosoak daudela jakitun, El Salvadorreko gobernuak aurre egin behar dio egoera honi, izan ere haurdunaldiaren borondatezko etetea modu absolutuan kriminalizatuta, urratu egiten baititu El Salvadorreko estatuak emakumeen bizitza-eskubidea babestu eta errespetatzeko hartutako nazioarteko betebeharrak. El Salvadorreko Auzitegi Konstituzionalak berak egungo konstituzioan dauden kontraesanak zuzentzeko eskatu dio batzar- legegileari, izan ere, zenbait kasutan bi eskubidek talka egiten baitute, batetik emakumeen eskubideak eta, bestetik, jaiogabearen eskubideak.

 

Zigor Kodea aldatzeko proposamenaren ondoren eztabaida garrantzitsua piztu da lurraldean. 2017ko otsailaren 27an, esaterako, proposatutako lege-aldaketa egiteaz arduratzen den batzordeak entzunaldia eskaini zien bai lege aldaketaren aldeko erakundeei bai zigorrak mantentzearen edo handitzearen aldekoak direnei, bi aldeetan ematen diren argudioetan sakontzen jarraitzeko.

 

 

El Salvadorren zein nazioartean abortua zigorgabetzearen alde dagoen gizarte talde handiak egingarri bihurtzen du legearen aldaketa, baina, horretarako, ezinbestekoa da hainbat esparrutatik aldaketa horren beharra aldarrikatzea, zeinek emakumeen oinarrizko eskubideak defendatzea du xede bakar.

 

 

 

KONPROMISOA:

 

– Gasteizko Udalak onartutako erakunde adierazpen hau El Salvadorreko enbaxadoreari, Lege-Asanbladako presidenteari eta Kanpoko Harremanetarako Ministerioari helarazteko konpromisoa hartzen du, zein El Salvadorren neskatila eta emakumeen bortxaketa, amaren bizitza edo osasunaren arriskua eta umetokitik kanpo bizitzeko umekiaren ezintasun kasuetan abortua zigorgabetzeko baita, izan ere hori bidezkoa eta giza eskubideen aldarrikapena da, bereziki El Salvadorreko emakumeen osasun eta bizitzaren eskubideena.

Share

Gasteizek Forondako aireportua bultzatzearen alde egingo du 60.000 euro jarrita

Udal gobernuak gaur erabaki du 60.000 euroko transferentzia egitea VIA Promoción del aeropuerto de Vitoria-Gasteiz sozietateari, erakunde horretako partaide baita Udala, beste hauekin batera, zati berdinetan: Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera. Halako ekarpen ekonomikoaren helburua da instalazio aeronautikoa bultzatzen laguntzea, bai bidaiariei baita salgaiei ere dagokienez.

Share

Udalak SEADen Lagunen Elkartearentzako 320.000 euroko ekarpena onetsi du

Tokiko Gobernu Batzarrak SEADen Lagunen Elkarteari 320.000 euroko ekarpena egitea onetsi du. Talde honekiko lankidetza hitzarmenaren XX. eranskina da, 2017ko plan eragileari dagokiona.

Udalak elkarte honekin lotzen duen hitzarmena 1995ekoa da, eta urtero ezarri behar da urteko lankidetza-programa. Garapenean Laguntzeko Udal  Zerbitzuak aurkeztutako txostenean egungo egoera eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuen testuingurua zehazten dira. Bertan aurreko programen gauzatzea eta 2017rako proiektuak zehazten dira. Mantendu egin dira aurreko urteetan abian jarritako hainbat proiektu, esaterako erizaintza eskolarako eta kanpamenduetako zerbitzu publikoak mantentzeko laguntzak. Era berean,  jaso egin da elikadura-segurtasunari buruzko proiektua, eta gazteekin abiarazitako lan ildoak mantendu.

Gasteizko Udalak Gasteizko profesionalek hainbat proiektutan eskainitako borondatezko lankidetza nabarmendu du.

Share

Gasteizek Seme Kutun izendatu du Alberto Zerain Berasategi, “gizakiaren balio eta ezaugarri onenak biltzeagatik”

 

 

 

 

 

Hori aitortzeko diploma eta intsignia azaroan emango dira, eta Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak omenaldia egingo diote

Gasteizko Udaleko Udalbatzak aho batez onetsi du Alberto Zerain Berasategi mendigoizale gasteiztarra zendu ostean Seme Kutun izendatzea, “gizakiaren balio eta ezaugarri onenak biltzeagatik”. Gaurko ekitaldian omenduaren ama, alarguna, arrebak eta lagunak izan dira; azaroan, berriz, diploma eta intsignia emango dira. Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak omenaldia egingo diote ekitaldi horretan.

Alkateak  Alberto Zerainen bizitzaren laburpena egin du. Espeleologian hasi ondoren, lehen harremana izan zuen eskaladarekin, 17 urte zituela. 1993an ekin zion hamalau zortzi milakoak lortzeko bideari. Joan den ekainaren 24ko gauean, zoritxarrez, harekiko eta Mariano Galvánekiko komunikazioa behin betiko galdu zen Karakorum mendilerroan Nanga Parbat (8.125 m) mendira igotzen ari zirela elur-jausia gertatu zenean.

Espedizioko lagunek beti nabarmendu dute haren indar fisikoa, baina bereziki haren giza balioak. Mendiaren, pertsonen eta bizitzaren zale amorratutzat definitzen dute. Erronka eta kultura berriak aurkitzeko eta lagun berriak ezagutzeko beharrak bizirik iraun zuen Alberto Zerainen baitan, zeinak mendizaletasuna eta garraiolari lanbidea bateratu baitzituen.

Alberto Zerainek —adierazi  du alkateak— gizakiaren balio eta ezaugarri onenak biltzen zituen. Haren elkartasuna, xalotasuna, ontasuna eta sakrifizio ahalmena biderkatu egiten ziren esponentzialki muturreko egoeretan, goi mendietan gertatzen den bezala”. Orobat nabarmendu ditu Gorka Urtaranek Alberto Zerainek Gasteizi zion maitasuna eta haren euskaltzaletasuna, bere kabuz ikasi baitzuen euskaraz. Gaur Udalak onetsi duen adierazpenak dioenez, Alberto Zerainen balioen aitorpenak kirol arloa gainditu eta giza arlora hedatzen da.

Kirolariaren arreba Ana Zerainek hitz  egin du familiaren izenean, eta hau esan du: “Albertok beti zeraman bidaietan sustraiekiko harrotasuna. Benetan eskertzen dugu gizaki eta profesional gisa aitorpen merezi hau egitea. Jasotzea harrotzeko modukoa da, eta laguntza moral handia ematen digu”. Udalbatzak txaloka hartu ditu hitz horiek.

José Luis Isasi eta Eduardo Madinaveitia izan ziren Gasteizen Seme Kutun izendatutako azkenak, 2008an eta 2010ean, hurrenez hurren.

 

 

Share

Egin da ehun gonbit-txartelen zozketa Zeledonen jaitsiera bitartean San Migeleko balkoira sartzeko. 1.533 lagunek eman dute izena

Goizeko 8:45ean, egin da 50 pase bikoitzen zozketa, datorren abuztuaren 4an San Migeleko balkoitik Zeledonen jaitsiera eta Andre Maria Zuriaren jaien hasiera ikusteko. Sarituak uztailaren 28tik 31ra jaso ahalko dituzte txartelak, Plaza Berriko Turismo Bulegoan, 10:00etatik 20:00etara; NANa aurkeztu beharko dute. Paseak jasotzeko epea bukatu ondoren jaso gabeko txartelik geratuko balitz, zozketan ordezko gisa atera diren hamar pertsonei deituko litzaieke, ordenan. Zozketa San Martineko bulegoetan egin da, zenbakiak ausaz aukeratzea ahalbidetzen duen tresna informatiko baten bidez.

1.533 pertsonek egin dute zozketan parte hartzeko eskabidea. Ezarritako hiru baldintzak –pertsona bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztea, adinduna izatea eta Herritarren Udal Txartela edukitzea– betetzen zituzten egiaztatu ondoren, kopurua 1.197ra jaitsi da, eta horiek sartu dira azkenean zozketan. Saridun gazteenak 23 urte ditu;  zaharrena, berriz, 80 urteko emakume bat da.

Interesdunek udalaren web orriko helbide honetan kontsultatu dezakete hautatu dituzten ala ez, edo 110 nahiz 945161100 telefonoetara deitu Sarrerak besterenezinak dira eta zozketan izena eman duenarentzat eta lagun batentzat (adinduna nahi adingabea) izango dira.

Share

Udalak SOS Vitoria animaliak babesteko elkartearekiko lankidetza hitzarmena berritu du

Udalak lankidetza hitzarmena berritu du APASOS-SOS Vitoria animaliak babesteko elkartearekin, animalien adopzioa sustatu eta horiek abandonatzea eragozteko ekintzak garatzen jarraitzerik izan dezan.

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi duenaren arabera, 2017an 15.000 euroko udal-finantzaketa izango du hitzarmenak.

Armentiako Animaliak Babesteko Zentroan sartzen diren animaliei egin beharreko ebakuntzen gastuei aurre egitea da hitzarmenaren helburua: antzutzeak, tumoreen tratamendua, etab. Abandonatzearen eraginak (desnutrizioa, larru-arazoak, etab.) gainditzeko eta sasoia berreskuratzeko behar den bestelako albaitaritza-arreta ere ematen zaie.

Jarduera hauek egingo dira helburuak lortzeko:

  • APASOSeko boluntario-taldearen lana ABZn bertan eta kanpoan, udal langileekiko lankidetzan.
  • Animaliak fisikoki osatzeko albaitaritza-arreta.
  • Harrera Etxeak programa garatzea, osasun arrazoiak direla eta zainketa bereziak behar dituzten animaliak aldi baterako hartzeko, adoptatzeko moduan egon arte.
  • Alemaniarako bidaiak, Gasteizen familiarik topatzen ez duten ABZko animaliak han adoptatu ditzaten.
  • Sentsibilizazio jarduerak.
Share

Bizikleta-gordelekuen eraikuntza arautzeko ordenantza onetsi da

Gasteizko Udalak eraikinetako bizikleta-gordelekuen eraikuntza eta funtzionamendua arautzeko ordenantza onetsi du gaur goizean. Urtaranen gobernuak sustatu du Arabako hiriburuan bizikletentzako lonjak sortzea ahalbidetuko duen araudia, eta aho batez onetsi du Udalbatzak. Helburua da “aparkalekuen eskaintza handitzea, hirian gero eta gehiago erabiltzen baita bizikleta. Jakitun gara hiriko bizikleta-aparkalekuak gainezka daudela, eta uste dugu ordenantzak aukera emango duela erabiltzen ez diren lokalak baliatzeko eta bizikleta aparkatuak espazio publikotik ateratzeko”, azaldu du alkateorde eta Hirigintzako zinegotzi Itziar Gonzalok.

Lokal horiek bete behar dituzten baldintzak zehazten ditu ordenantzak. Orain arte ez zegoen horrelako aretorik instalatzerik. Hainbat alorrekin lotutako irizpide teknikoak ezarri dira: neurriak, erabilerak, itxiturak, egokitzapen akustikoak, akaberak, lekuen neurriak eta beste. Bestetik, araudiaren xedea da irisgarritasuna bermatzea eta bizikidetza kontuan hartzea.

Share

Udalak 122.000 euro emango dizkie hiriko elkarte eta entitateei sei gizarte-proiektu garatzeko

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 121.978 euro bideratuko ditu tokiko sei elkarteren gizarte-proiektuak finantzatzera. Gobernu Batzarrak proiektuak garatzeko hitzarmenak formalizatzea onetsi du gaur; gehienek haur eta nerabeen eskubideak babestea dute helburutzat.

Kopuru handiena Gao Lacho Drom elkartearekiko hitzarmenari dagokio: 59.858 euro jasoko ditu ijito komunitateko pertsona, familia eta taldeak gizarteratzeko prozesuetan lagundu eta jarraipena egiteko programa burutzeko.

Proiektuak lehentasuna emango die emakumeen ahalduntzeko jarduerei, trebetasun pertsonal  eta sozialak eta laneratu aurrekoak lantzeko prestakuntza baliabideak eskainiz.

Bestetik, AMAPASE-Banandutako Gurasoen Arabako Elkarteak 15.000 euroko diru-laguntza jasoko du gurasotasun positiboari eta doluari buruzko programa garatzeko.

Beste lau talde eta entitateei dagokienez, bakoitzak 11.780 euroko udal-finantzaketa izango du, haur eta nerabeen eskubideak aldeztu eta horiei buruzko zabalkunde eta sentsibilizazio ekintzak egiteko. Hauek dira onuradunak: UNICEF, Intolerantziaren kontrako Mugimendua” elkartea, Tratu Txarrak Pairatu dituzten Haurrei Laguntzeko Euskal Elkartea i(AVAIM) eta Garenok elkartea.

Share

Udal gobernuak Blusa eta Nesken Batzordeari 55.000 euroko diru-laguntza ematea onetsi du

Tokiko Gobernu Batzarrak Udalaren eta Gasteizko Blusa Mutil eta Nesken Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaurko bileran.

Hitzarmenaren helburua da taldeei Blusen Egunean eta Andre Maria Zuriaren jaietan jarduerak antolatzen laguntzea: musika, kalejirak, kirol eta gastronomia ekitaldiak, etab.

Zehazki, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak 55.000 euroko diru-laguntza emango dio Blusa Mutil eta Nesken Elkarteari jai-egitarauaren barruko jarduera horiek antolatu eta gauzatzeko.

 

Share