Prentsa Oharren banner

Gasteiz Big Bandek eta Udal Txistulari Bandak “Zeledon” kalejiraren bertsio berria jo dute

Gasteiz Big Bandek, Udal Txistulari Bandaren laguntzarekin, Mariano San Miguel musikariaren “Zeledon” kalejira ezagunaren bertsio berria aurkeztu du gaur arratsaldean.

Uraren Lorategian interpretatu da pieza berria; ez da jatorrizkoaren ordezkoa, moldaketa baizik, jai kutsu alaia galdu gabe modernoagoa gerta dadin.

“Gaur bai esan dezakegula Zeledonen etxe berria egin duela. Eta ziur denon gustukoa dela, betiko Zeledon delako, eta Gasteiz Big Banden eta Udal Folklore Akademiaren lanak Mariano San Miguelen kantua are gehiago nabarmentzeko balioko duelako” , azaldu du Estíbaliz Canto zinegotziak.

Zeledonen abestia

Share

Urrezko Zeledonek José Antonio Zabalza omenduko dute, 70 urtez euskal dantzei egindako ekarpenagatik

Urrezko Zeledonen elkarteak José Antonio Zabalza omenduko du, 70 urtez hiriko eta Euskal Herriko kulturari egindako ekarpenagatik, euskal dantzetan pertsonalki eta profesionalki buru-belarri aritu baitzen.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Vital fundazioaren zuzendari Josune Albizuk, Urrezko Zeledonen elkartearen lehendakari José María Velez de Mendizabalek eta omenduak berak, José Antonio Zabalzak, aurkeztu dute ospakizuna. Abuztuaren 3an egingo da, 20:00etan, Espainia plazan, eta hauek hartuko dute parte: Ezberdinak fanfarrea,  Txirinbileko txistulariak, Algara eta Mulixka dantza-taldeak, Udal Folklore Akademia eta Udal Txistulari Banda.

Cantok nabarmendu duenez, “José Antonio Zabalza euskal kulturaren sustatzaile eta Andre Maria Zuriaren jaietako elementu aktiboa zen, eta, beraz, gizarte orok bere historia eta kultura gorde, zaindu eta zabaltzeko behar duen pertsona mota”.

Zabalza Txirinbil taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta Adurtzan, Korazonistetan eta Excursionista Manuel Iradier elkartean ere sustatu zituen taldeak. Gainera, Udalak Udal Dantza Akademia sortzeko agindu zion duela 50 urte, eta bertan zuzendari aritu zen bi hamarkada baino luzaroago; 5.000 ikasleri baino gehiagori kutsatu zien dantzarekiko maitasuna

Share

Zinelekuk bere kultur agenda iragarri du

Uztailaren 23a eta abuztuaren 3a bitartean, Gasteizek harrera egingo die Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroa eta Iparraldeko 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako ikus-entzunezkoen arloko proiektuari

Igandean hasiko da Zinelekuren bigarren aldia, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiaren Gazteriaren Foru Erakundeak eta KalakaLab elkarteak sustatutako ikus-entzunezkoen arloko prestakuntza programa. Gaur aurkeztu du Zinelekuk jendearentzako kultur agenda irekia. Uztailaren 23a eta abuztuaren 3a bitartean, Gasteizek harrera egingo die Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako ikus-entzunezkoen arloko proiektuari. Bertan izango dira tokiko bertako eta nazioarteko artistak, hala nola Adriana Vila, Luis Macías, Maider Oleaga, Anaïs Desrieux, Marcos Flórez edo Asier Altuna. Hogei parte hartzailek parte hartuko dute prestakuntza esperientzia bakan honetan, zinemaren definizioa zabaldu nahirik lantegi, hitzaldi eta proiekzioen bidez. Euskal Herria, Galizia, Italia, Venezuela, Mexiko, Katalunia eta Frantziako irakasleak izango dira hirian, beren esperientzia konpartituz parte hartzaileekin, praktikatik abiatuta, eta jendearentzat irekita egongo den agendan erakutsiko diote beren lana jendeari.

Agenda irekia jendearentzat.- Nabarmentzekoa da ZINELEKUk antolatu duen agenda jendearentzat doakoa eta irekia, arratsaldero eta gauero uztailaren 23tik abuztuaren 2ra, Gasteizen. Gure kulturan bereziak eta ospedunak diren gonbidatuak izango dira gure artean, hala nola Aitor Merino aktore eta zuzendaria, Maider Fernández Las chicas de Pasaik-eko zuzendari eta kidea, edo Iara Solano eszena eta ikusizko arteetako artista.

Proiekzioak kanpoan – Gauero-gauero, uztailaren 24an eta abuztuaren 1ean izan ezik, filmen proiekzioak izango dira kanpoan, Zinelekuren egoitza batean eta bestean. Hautatutako filmen artean, nabarmentzekoak dira zenbait klasiko, hala nola PLAYTIME Jaques Tatirena, EL ÚLTIMO VERANO, Leire Apellanizen lehenbiziko filma, LA VIDA DE CALABACÍN, ikusle guztientzako animaziozko filma, ALAMAR, hainbat sari jaso dituena, Pedro González Rubio mexikar errealizatzailearena, edo A HARD DAY’S NIGHT, Beatlesen klasikoa.

Egoitza laguntzaileak.- ZINELEKUk, lantegiez eta jendearentzat irekia den agenda doakoaz gain, bere asmoen artekoa du komunitate sare trinkoak sortzea, eta, horretarako, badu laguntzaile sare zabal bat proiektuan laguntzeko, kultura eta arteak ulertzeko modua bat bera dutela. Laguntzaileen artean, nabarmentzekoak dira Oihaneder Euskararen Etxea, ZAS Kultur, Baratza Aretoa, Artium Zentro Museoa, Luz Roja, Monstrenka aretoa edo Goian elkartea; hain zuzen, Goian elkartearekin ekitaldi oso berezia ari da prestatzen uztailaren 30erako, kulturartekotasunaren inguruko elkarbizitza eta jarduerak eskainiko direlarik guztientzat.

JENDEARENTZAKO AGENDA IREKIA

Uztailaren 23an

20:00 ARTIUM museoaren aurreko zabalgunean

Proiekzioa: PLAYTIME.

Zuz.: Jacques Tati. 1967. Francia&Italia. 115min.

Monsieur Hulot ikusminez dabil hara eta hona, goi mailako teknologiazko Paris batean zehar, eta, bera bezala, Estatu Batuetako turista talde bat.

Uztailaren 25a

19:00 Baratza Aretoa

Hitzaldia: ZINEMA PRODUKZIOAZ JAKIN BEHAR DUZUN GUZTIA ORDUBETEAN.

Leire, duela 8 urtetik hona, Donostiako zinema jaialdiko sail teknikoaren arduraduna da, eta Sr&Sra. ekoiztetxe independenteko sortzaile-kidea da. Berarekin batera, bidaia labur baina zirraragarri bat egingo dugu produkzioaren munduan zehar.

22:00 Baratza Aretoa

Proiekzioa: EL ÚLTIMO VERANO. Leire Apellaniz. 2016. Espainia. 93min.

Zinema analogikoaren erakustaldien amaiera kontatzen duen dokumentala.

Uztailaren 26a

22:00 Falerina.

Proiekzioa: EAT THAT QUESTION: FRANK ZAPPA IN HIS OWN WORDS. 2016. Frantzia, Alemania, 93. min.

Behako sakon bat Frank Zappa abangoardiako musikariaren bizitza eta lanari.

Uztailaren 27a

19:00 ZAS Kultur

Hitzaldia: KULTUR ESPAZIO ALTERNATIBOEN KUDEAKETA ALTERNATIBOA.

Foro bat, kultur espazio alternatibo batzuk elkartzeko, mintzatzeko eta kudeaketa esperientzia on eta ez hain onen berri emateko. Elkarren iritziak ezagutzeko eta, batez ere, egiteko dauden bideak elkarrekin egiteko.

*Gonbidatuak: Crater Lab (Barcelona), Baratza Aretoa aretoa (Vitoria-Gasteiz), ZAS kultur (Vitoria-Gasteiz).

22:00 Falerina

Proiekzioa: JANIS. 2015. AEB. 103 min.

Dokumental honek Janis Joplinen eboluzioa kontatzen du, hark izar ezaguna bihurtu arte egindako bidea, urteetan zehar familiakoei eta adiskideei idatzitako gutunak hartuta abiapuntutzat.

Uztailaren 28a

21:30 Artium museoko ekialdeko goiko aretoa

VENDAVAL

Super 8 hedatuaren lantegiko ikasleen film performance kolektiboa. ​

Lasaitasun geldoa ekaitz batek suntsituko du.

*Luz Roja-rekin batera aurkeztua.

22:00 Artium museoko ekialdeko goiko aretoa

INCLUSO EL SILENCIO ES CAUSA DE TORMENTA

Zuz: Adriana Vila eta Luis Macias.

Incluso el silencio es causa de tormenta da Luis Macíasen eta Adriana Vilaren azken film performancea edo zinema hedatuko pieza. 35 mm-ko argazkietatik abiatuta, 16 mm-ko frame to frame filmaketa baliatuz eta Bartzelonako Crater-Lab laborategian eskuzko esperimentazio fotokimikoa erabiliz. Pertzeptziozko esperientzia itzel, hipnotiko, bortitz eta sotil bat.

Uztailaren 29a

19:00 Baratza Aretoa

Solasaldia: HISTORIA MINIMOAK, FILM FANTASGARRIAK.

Pedro González Rubio

Pedro zinemagile bat da, ezohiko gauzekiko bere eguneroko elkarbizitzaren erretratua egiten duena. Zinema egiteko modu berezia du, kameraren agintea eta zuzendaritza bere gain hartuta, aukera duelarik hartara ikusleari gonbidapena egiten dioten intimitateak eraikitzeko.

22:00 Baratza Aretoa

Proiekzioa: SRA POLAROISKA. Sabotajeak eta koreografiak.

Polaroiska andrearen saio bat, ekintza artea, zinema esperimentala, agertokian jartzea eta sormen koreografikoa elkartzen direnekoa.

Uztailaren 30a

19:30 Santa Maria Plaza

FILM-MOKADU-LAN KOLEKTIBOA

Gonbidapen irekia, hango eta hemengo kulturetan parte hartzeko eta ikasteko, musika, herri afaria, zinema eta beste zenbait jarduera izango direlarik guztientzat.

*GOIAN Elkarteak, Cocina de Guerrillak, Monstrenkak eta FIMAZPIT-ek elkarrekin aurkeztua.

22:00 Santa Maria Plaza

Proiekzioa: LA VIDA DE CALABACÍN. 2016. Suitza, Frantzia, 66 min.

Ama galdu ondoren, haur bat umezurztegira eramango dute, eta han ikasiko du konfiantzaren eta maitasunaren esanahia lagun berrien artean.

+Film labur hau estreinatuko da: “La Venganza Estudiantil”. Zuz: Ramón Bajo eskolako ikasleak 7 min.

Uztailaren 31a

19:00 Baratza Aretoa

Solasaldia: TEKNIKA ETA MEDIOAK GAI BATEN MENPE.

Aitor Merino

“Gai on” bat izan daiteke gure etsairik handiena. Urratsez urrats analizatuko dute zergatik eta nola hautatu zuten adiskidetasuna gai hain zail bati ekiteko ikuspegi gisa (Asier ETA biok kasuan bezala)

22:00 ARTIUM museoaren aurreko zabalgunean

Proiekzioa: ALAMAR. 2009. Mexiko. 73min.

Zuz: Pedro González Rubio.

Elkarri agur egin behar diotelarik berehala, Jorge eta Natan aita-semeek egonaldi bat egingo dute elkarrekin bizitzen Banco Chinchorro koralezko arrezifean.

*Zuzendaria bera izango da.

Abuztuaren 1a

12:30 ZAS

Solasaldia: ZINEMA JAIALDI BAT XEHE-XEHE EBAKIZ, HAREN ERRAIETAN AZTERKA.

Anaïs Desrieux (Frantzia), programatzailea , ikerlaria eta kultur kudeatzeailea; Zinema Du Reel bezalako zinema jaialdietan edo Paris DOC antolatzen izandako esperientziaz hitz egingo digu. Disekzio bat egingo du, organismo horiek nola jarduten diren eta zinema nola ulertzen duten azaltzeko.

Abuztuaren 2a

22:00 Santa Maria Plaza

Kalejira eta kontzertua: Castigators brass band

Proiekzioa: A HARD DAY´S NIGHT. 1964. Erresuma Batua 87min.

Egun “tipiko” bat Beatles-en bizitzan, haien lehenbiziko etapako abesti famatuetako askorekin.

+ ZINELEKUn egindako lanen proiekzioa

 

Share

Udalak mural berriak margotzeko lehiaketara deitu du, “hiriko auzoetako hiri paisaia edertu eta gizatiartzeko”

Partaidetza  eta Gizarte Etxeen Sailak 2017 eta 2018an hiriko auzoetan muralak margotzeko proiektuak aurkezteko epea ireki du.

Lehiaketa publikoak 90.000 euroko aurrekontua du, eraikinetan muralak margotuz “hiriko auzoetako hiri paisaia edertu eta gizatiartzeko zein turismoa erakartzeko, bai eta kultura ondarea sortu eta herritarren partaidetza-prozesua abiatzeko ere, haiek arduratuko baitira fatxadak aukeratzeaz eta horma-irudiak diseinatu eta margotzeaz”, azaldu du Partaidetza  eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek.

Lehiaketa udal gobernuak eta Podemosek lortutako aurrekontu-akordioaren emaitza da. “Muralismo komunitarioa sendotuta dago Alde Zaharrean, eta Zaramagara ere zabaldu da zenbait esperientziaren bidez, baina haratago joan behar zelakoan geunden, bertako eta kanpoko artistei irekitako epe luzerako estrategia batekin. Gasteizko fatxadek ematen duten aukera baliatu nahi dugu, hiriak bereizgarri eskusibo bat izan dezan, sarbideetatik erdiguneraino koloretako korridoreak sortuz. Aldi berean, hainbat onura lortuko dugu arlo askotan: hirigintza, gizartea, kultura, prestakuntza eta enpleguaren sustapena”, azaldu du Juan Cerezuela zinegotziak.

Inguru hauetan egingo dira muralak:

  • Aldabe-Pilar-Iparralde ingurua (Erdi Aroko hirigunea, Koroatzea, Zabalgunea, Lovaina, Gazalbide, Txagorritxu, San Martin, Pilar, Aranbizkarra, Zaramaga).
  • Ibaiondo-Lakua-Zabalgana (Ibaiondo, Lakuabizkarra, Abetxuku, Ehari-Gobeu, Sansomendi, Lakua 05, Lakua-Arriaga, Zabalgana).
  • Judimendi-Hegoalde-Salburua ingurua (Santiago, Arana, Arantzabela, Anglo, Judimendi, Santa Luzia, Babesgabeak, Adurtza, Errekaleor, San Kristobal, Aretxabaleta, Mendizorrotza, Ariznabarra, Salburua).

Interesa duten enpresek alderdi bat, bi edo hirutarako proiektuak aurkeztu ahalko dituzte, 30.000 euroko muga gainditu gabe.

Proposamenak aurkezteko epea abuztuaren 14ko 13:00etan amaituko da. Gasteizko Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztuko dira, San Martineko bulegoetan.

 

 

Share

80 ekoizlek hartuko dute parte datorren asteko baratxuri azokan

Datorren asteartean, uztailak 25, Errege atea, San Frantzisko kalea eta San Frantzisko aldapa baratxuri saltokiz beteko dira berriro, Santiago eguneko ohiko azoka dela eta. Aurten 80 ekoizle etorriko dira, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Zaragoza, Zamora, Kantabria eta Palentziatik. Lizentzia gehienak Nafarroa eta Zaragozakoei eman zaizkie. 2017ko deialdiaren arabera gehienez 107 lizentzia eman zitekeen, beraz, eskatzaile guztiek eskuratu dute baimena.

Azoka 07:00etatik 24:00etara egongo  da zabalik. Saltokiak (4×2 metro) aldez aurretik markatu dira zoruan. Jaieguna izanik hiriko trafikoan ahalik eta traba gutxien egin dezaten, Gasteizko Udaltzainek Fernando Buesa Arena pabilioira bideratuko dituzte saltzaileen ibilgailuak. Uztailaren 25eko goizeko 6:00etarako egon beharko dute bertan.

Goizeko 6:00etatik 7:00etara, Gasteizko Udaltzaingoak gidaturik, ibilgailuak  Errege atera, San Frantzisko kalera eta San Frantzisko aldapara sartu ahalko dira, zamalanak egitera, 7:00etatik 10:00etara.

Azoka bukatutakoan (24:00etan), ibilgailuak berriro sartu ahalko dira esparrura, eta uztailaren 26ko 12:00ak arte egin ahalko dituzte zamalanak. Ondoren, garbiketa zerbitzua arduratuko da kaleak txukuntzeaz.

Baratxuri azoka egiteko udalaren zenbait sailek hartu behar dute parte:

  • Enpleguaren  eta Garapen Ekonomiko Iraunkorarren Saila, Merkataritza Zerbitzuaren bitartez.
  • Osasun Publikoa.
  • Bide Publikoa.
  • Udaltzaingoa.
  • Hiri Mantentzea.
  • Ogasuna.
  • Herritarrentzako Arreta.

 

 

Share