
Berretsi egin du talde politiko guztiekin adosten jarraitzeko duen borondatea, salbuespenik gabe.
Udal politikari buruzko udalbatzako bigarren saioaren esparruan, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek oposizioari itun hirukoitza eskaini dio Gasteizen alde, datorren hamarkadako lehia garrantzitsuei bermeekin aurre egin ahal izateko. Alkateak berretsi egin du talde politiko guztiekin adosten jarraitzeko duen borondatea, salbuespenik gabe.
Itunak, lehenengo eta behin, alderdi soziala du, eta horren helburua da gizartea zahartzeak eta aniztasunak dakartzaten lehiak aintzat hartzea, eta ezberdina denaren pobrezia eta bazterketaren aurka egitea. “Ahalegin handiak egin behar ditugu pertsonekin eta haiek dituzten beharrizanekin”, azaldu du Gorka Urtaranek. Alderdi ekonomikoak, berriz, herritarrei zerbitzu publikoak bermatzea du helburu, familien, enpresen eta oro har zergadunen egoera oso kontuan hartuta. “Udal honek ez du sortzen gastu eta beharrezko inbertsioei aurre egiteko beste aurrezpena. Akordio serio eta zorrotza izan behar dugu datozen urteetan diru-sarreretan gastuetan baino hazkunde handiagoa izan dezagun”, gehitu du alkateak. Hirugarren alderdia etorkizunekoa da. “Gasteizek prestatuta egon beharra dauka 2025erako, gure hirian aldaketa eta azken hamarkadetan inoiz ez bezalako iraultza datorrelako, neurri batean trenaren korridorea lurperatzeak eraginda. Gasteizen etorkizuna dagoeneko martxan da”, zehaztu du alkateak.
Bestalde, oposizioko taldeei erantzuna emateko txandan, PPren eta Bilduren kritikei erantzun die. “Eskuinak ezkerraren esparru erradikalaren eskuetan gaudela dio, eta ezkerrak, berriz, kontrakoa. Ba, seguruenez, ez bata eta ez bestea izango da. Udal gobernuak ez dio alderdi bati edo beste bati begiratzen, Gasteizi baizik, bertan bizi garen pertsona guztiei, salbuespenik egin gabe”.
Gorka Urtaranek gogorazi duenez, urte bi hauetan askotan luzatu die eskua gainerako alderdi politikoei. “Politikan denak ez du balio eta gobernu honek akordioak lortu nahi ditu talde guztiekin, salbuespenik gabe. Akordiorako aukerak daude Masterplan Centron, mugikortasunean, etab.”, zenbatu du alkateak, eta era batera, Podemos eta Irabazi taldeei eskertu egin die laguntza, Gasteizek 2017ko aurrekontua edukitzeko aukera eskaintzeagatik.